Sabino Aranaren itzala bere heriotzaren mendeurrenean

  • Ehun urte beteko dira datorren azaroaren 25ean Sabino Arana Goiri hil zela. Espainiako historiografiak gogor kritikatua, euskal nazionalismotik ere ez omen du merezitako errekonozimendua jaso. Arana bere testuinguru historikoan kokatuta aztertu nahi izan dugu mahai-inguru honetan, bere garaiko gizon gisa, hainbestetan egotzi dizkioten muturreko jarrera arrazista edo integristen atzean zer dagoen aztertu nahian. Berak Euskal Herriarentzat amestutako planteamenduaz ere jardun dugu, helburu horiek lortzeko bideaz, eta bere azken urteetako ustezko eboluzio espainolistaz. Heriotz goiztiarraren ondoren, berak zabaldutako bideak izan zuen jarraipena ere izan dugu hizpide.
Toki egokia topatu dugu Sabino Aranari buruz hitz egiteko: bera jaio zen etxea, egun EAJko Bilboko egoitza den Sabin Etxea berritua. Aranatarren etxe zaharretik balkoi bat eta harri batzuk baino ez dira geratzen. Bere pentsamendutik zer geratu den ikusiko dugu ondoren.
Zein iturritatik elikatu zen Sabino Arana bere ikuspegi nazionalista osatzeko? Europako korronte nazionalistak nola eragin zuen? Eta Euskal Herri barruan, Augustin Xaho, Arturo Campion... ezagutzen al zituen? Gerra Karlistek edo industrializazioak zein eragin izan zuten?
JOKIN APALATEGI. Sabino Arana 1865. urtean jaio zen eta XIX. mendea aldaketa garrantzitsuen garaia izan zen Euskal Herrian. Euskal kolektibitatea beti existitu da. Arazoa ez dago berezko euskal kolektibitate bat identifikatzean, arazoa kolektibitate horri dagokion instituzionalizazioan dago, etorkizunean garatzen jarrai dezan gainerako nazioen kontzertuan. Sarritan hitz egiten digute Vasconiako dukerriaz edo Nafarroako Erresumaz, estatu bat izan dugula esanez. Baina Sabinok nazionalismoa planteatzen duelarik, lehena da ekarpen hori egiten: nazio eraikuntzan oinarritutako euskal instituzionalizazioa proposatzen, alegia. Lehena da horri hausnarketa, baliabideak, planteamendua, alderdi bat... ematen. Eraikuntza nazionalean pentsatzen dugunok ideia hori Sabinori ez beste inori zor diogu. Nik Xaho, Campion, Larramendi ikasi ditut eta horietako batzuek nazio terminoa erabili dute edo gerturatu egin dira, baina horietako inork ez zuen nazio eraikuntza eredurik. Sabino Arana egun euskal nazionalismoa deitzen dugun horren guztiaren oinarria da, beren burua nazionalistatzat duten guztientzat abiapuntua. Eta desberdintasuna berak euskal bizitza kolektiboa instituzio berri baten bidez instituzionalizatu nahi zuela da, aurreko instituzioek ez zigutelako balio. Nafarroako Erresumak ez zuen proiektu nazionalik, Erdi Aroan proiektu nazionalak ez zirelako existitzen.
Baina nondik abiatzen da bera planteamendu horretara iristeko? Sabino, lehenik eta behin, familia karlista bateko seme da. Bere aita oso inplikatua zegoen egoera politikoan. Ordezkari militarrak bere etxean gorde zituen eta horregatik ezkutatu behar izan zuen; bere poltsikotik armak erosi zituen karlistentzat eta horregatik familia guztiak mugaz gaindi ihes egin zuen. Sabinok berak dio karlismo guztiak ez direla berdinak eta euren karlismoa jainkoa eta foruak defendatzera mugatzen da. Karlismoak foralismora garamatza eta hori oso erreferentzia garrantzitsua da euskal historian. Baionan edo Donibane Lohizunen bere irakasleetako batzuk karlistak ziren. Beraz, hori guztia bizi izan zuen Aranak gaztaroan.
Augustin Xahoren idatziak ezagutzen zituen, berak eta bere anaia Luisek onartzen dute euren planteamenduetara iritsi aurretik asko irakurri zutela eta irakurketa horien artean Xaho zegoen. Baina Sabinok ezin zuen asko sinpatizatu Xahorekin, zuberotarra errepublikarra, laikoa, liberala... zelako eta Sabino ideia horietatik oso urrun zegoelako. Sabino kontserbadoreagoa da, «Jaungoikoa eta Foruak» horretan itxiagoa. Arturo Campion ere ezagutu zuen baina korronte hartatik ere urrun dago Arana; hizkuntza eta ohitura zaharrak gordetzeko beharrean bat egiten dute, baina Arturorentzat nazionalismoa foralismo jator eta lehenbizikoaren ordezkaketa besterik ez litzateke. Gainera beste kultura politiko bat du. Beraz, bere nazio eraikuntzaren proposamena ez dator hainbeste hortik, herriaren historiaren ezagutza sakonetik eta garaian Europan ematen ari diren nazioari buruzko gogoeten ezagutzatik baizik. Bi anaiek lantzen duten dokumentazio propioa dago hor.
IÑAKI ANASAGASTI. Hemen osmosi afera bat dago. Sabino bere garaiko gizona da eta gainera familia karlista batean jaio zen, karlista izateagatik arazoak izan zituen familia batean. Beste eraginik badu, noski, baina funtsezko eragina II. Gerra Karlista galdu izana da. Hura hondamendia izan zen Euskal Herriarentzat; tristezia, noraeza eta hemen ezer egiterik ez zegoenaren ideia nagusitu ziren. Sabinoren bertute nagusia Euskal Herrian zegoen berreraikuntza planteamendu familiar hori mugimendu dinamiko bilakatzea izan zen. Intsinuatua zegoen gauza bat hartu eta lehenik liburu bihurtu zuen: Bizkaya por su independencia. Gero politikoki Larrazabalgo afarian adierazi zuen (euskaldunok gauzak nola egiten ditugun ikusteko adibide garbia da). Ederki ezagutzen zuen euskal gizartea: euskaldunari biltzea gustatzen zaio. Horregatik hurrengo pausoa Euzkeldun Batzokija sortzea izan zen, belaunaldi ezberdinek bat egiten zuten tokia, arazoa ez baitzen belaunaldi batena, herriarena baizik. Eta azkenik tresna sortu zuen, alderdia, 1895an.
«Euzkotarren aberria Euzkadi da». Esaldi honetan laburbiltzen da Sabino Aranaren planteamendu guztia. Hori da Aranaren ekarpen handiena, foralismoarekin hautsi, iraganarekin hautsi eta planteamendu berri bati ekitea.
LUIS DE GUEZALA. Badirudi beraz, Sabinoren lana eta ideologia egoera politikoaren erantzuna dela gehiago, aurrekarietan oinarritutako lanketa teorikoa baino. Xahok, Campionek ez dute bat egiten bere ideario nagusiarekin. Hori Euskal Herri zatitu baten erakusle da. Errealitate komun bat egon arren eta II. Gerra Karlistaren galeran ere bat egin arren, euren bide historikoan Iparraldeak eta Nafarroak errealitate ezberdinak zituzten.
Balore tradizionalek Sabino Aranarengan duten garrantzia kontuan izanda ere, ez da ahaztu behar nazionalismoa Bizkaian sortu zela, gainerako euskal lurraldeetan ematen ez den modernizazioa ematen den lurraldean. Eta Aranak sistema politiko modernoa mahaigaineratuko du. II. Gerra Karlistaren galerari, herriaren identitatearen galera prozesua gehitu behar zaio, aldaketa ekonomikoak, sozialak eta prozesu inmigratorio indartsuak eraginda. Bilbok, 10 urtetan, bere populazioa bikoiztu egin zuen, Barakaldok bost aldiz biderkatu zuen eta Sestaok 10 aldiz. Euskal Herria desagertzea doala sentiarazten du horrek, Europa Ekialdeko herri txiki asko une horretan desagertzear zeuden bezala, herri zeltak bereziki. Eta guztia nazioarteko testuinguruan Darwinismo soziala nagusitzen ari denean. Espezieak euren gaitasunaren arabera agertu eta desagertzen diren bezala, espezie indartsuenek soilik jarraitzen duten bezala, nazio eta arraza nagusiak dira garatuko eta gailenduko direnak, eta Europako herri txikiak eta Europaz kanpoko gutxi garatutako herriak euren ezgaitasunaren eraginez desagertu egingo dira. Sabinok dio herri honek, txikia izanda ere, existitzen jarraitzeko eskubidea duela.
J. APALATEGI. Hain justu zuk adierazi duzun tesi hori agertzen du Herbert Spencer ingelesak 1877an «Principles of Sociology» bere liburuan. Pentsa nolako arrakasta izan zuen, estatubatuarrek gonbidapena luzatu eta estatu buru bati dagokion harrera egin ziotela unibertsitateko irakasle xume bati. Bere liburuan dioena oso ondo datorkie estatubatuarrei, besteak beste, Europan indarra hartzen ari den marxismoari aurre egiteko. Aglomerazio handien eta herri txikien desagerpenaren garaia da.

Sabino Arana bere garaiko gizona bezala irudikatu duzue. Euskal arraza bere pentsamenduaren oinarrietako bat izanik, arrazistatzat jo izan da sarritan. Arrazista al zen?
I. ANASAGASTI. Egunerokotasun handia duen gai polemikoa da. Gainera orain Iñaki Ezkerraren liburu bat dugu, bereziki nazkagarria, non egileak Sabino Arana bere testuinguru historikotik ateratzen duen. Ezin da Sabino Aranak 1895 edo 1898an esan zuena aztertu 2003ko begiekin. Guk, EAJtik, garaiko iritzi liderrek esaten zutena aztertu nahi izan genuen, Sabino Arana «rara avis» bat, arrazista arriskutsu eta deitoragarri bat ote zen ala gehiengoak esaten zuena esaten zuen pertsona ote zen ikusteko. Txomin Castrillo hasi zen lan horretan, baina amaitu gabe geratu zen eta pena da. Castrillorekin izan nuen solasaldi batean esan zizkidan, esaterako, Espainiako errestaurazioko presidente Canovas del Castillok Kubako mambiseei buruz botatakoak. Jaun honekin alderatuta Sabino karitateko alabatxoa zen.
Koldo Mitxelenak zioen Sabino ez zela arrazista, muturreko xenofoboa baizik. Eta ez da gauza bera. Mitxelenaren argumentazioa Luisek azaldu berri duena da. Euskal gizartea gizarte nagusiki errurala izatetik gizarte industrializatua izatera pasatzen da eta etorkinak datoz masiboki, bereziki Gaztelatik eta prestakuntza txikiarekin. Herri hau bere izatearen kontzientzia galtzen ari zen eta berak etniaren ezaugarriak muturrera eraman zituen.
Baina gai delikatua da, edonola ere. Bartzelonan kanpaina bat dago Errepublika garaitik Sabino Arana izena daraman kaleari izena aldatzeko. Kanpaina horrek Sabinoren hainbat esaldi du oinarri. Eta egia da esaldi horiek oso gogorrak direla, baina testuingurutik aterata daude. Manu Eguileor, Jagi-Jagiko sabinozale batek, Aranaren esaldi ofentsiboenak «De su alma y de su pluma» izeneko liburuxka batean bildu zituen, Sabinori mesede handia egiten ziola pentsatuz. Eta etsai politikoek, «La Razon», «Abc», «El Mundo» eta egunkari horiek guztiek, behin eta berriro erabili dute, gu guztiok arrazista baten oinordeko garela adierazi nahian.
Sabino Aranak arrazismoa XX. mendean labe krematorioetara iritsi zela ikusi izan balu, gizon inteligentea izaki, esan zituen astakeria guztiak ez zituela esango pentsatzen dut. Horregatik planteamendu manipulatzailea eta munduan bueltaka dabiltzan Iñaki Ezkerrentzat ekonomikoki errentagarria iruditzen zait Sabino Aranaren okerrena aireratzea, finean, nazionalismo guztia kutsatzeko.
L. DE GUEZALA. Sabino Arana ez zen inoiz arrazista izan, inoiz ez zuelako bere arrazaren nagusitasuna aldarrikatu. Bere obra guztian (3 liburuki mardul dira) ez duzu euskal arrazaren nagusitasunaren aldeko esaldirik topatuko, indarkeriaren erabileraren aldeko esaldirik topatuko ez duzun bezalaxe. Sabinok gizon guztiak berdinak direla idatzi zuen, munduko herri guztiak existitzeko eskubidea dutela. Idatzi zuenaren arabera, oso zaila da arrazista zela ondorioztatzea. Ados nago xenofoboa izan zitekeela esatean, edo zehatzago esanda, hispanofoboa. Baina Espainiako nazioak erasotua sentitzen den testuinguruan, Espainiako nazioaren erruz bere herria desagertzear dagoela pentsatzen duen testuinguruan. Eta Iñakik aipaturiko idatzi horiek, benetan mingarriak direnak, ehun urte beranduago ezin dira testuinguru horretatik atera. Eta idatzi horiek ez daude hainbeste espainiarrak iraintzera zuzenduak, euskaldunen autoestima bultzatzera baizik. Unibertsitateko katedradun eta errektore prestigiotsuek euskaldunei esaten dietenean «mesedez, ez denbora galdu zuen hizkuntza hitz egiten eta hitz egizue gaztelera bezalako hizkuntza zibilizatuan», genozidio modurik libreena bultzatzen denean, herri bat fisikoki desagerrarazi ez baina herri bezala lotsarazten dutenean eta beste herri baten asimilatu arazten dutenean, une horretan dio Sabino Aranak bizkaitarrak gauza on asko dituela, ez duela zertan gutxiago sentitu, eta gauza asko espainiarrak baino hobeto egiten dituela. Pertsona batek AEBetan esaten duenean beltzak ez direla besteak baino inozoagoak, gauzak ondo egiten dituztela eta ez dutela zertan desagertu, Martin Luther Kingek esan zuen bezala, inork ez du jotzen arrazistatzat, alderantziz, anti arrazismoaren paradigma da.
Sabinok dio herri handi eta txikiak baldin badaude Jainkoak horrela nahi izan duelako dela, beraz, herri guztiek dute existitzen jarraitzeko eskubidea eta inor ez da besteak baino gehiago edo gutxiago
I. ANASAGASTI. Eta hor dira Hego Afrikako Boersen gerraren inguruan Aranak idatzitakoak. Ahulenaren alde dago hor Sabino.
L. DE GUEZALA. Orduan berak dio, «ingelesek ez dituztela boersak errespetatzen, hauek beltzak errespetatu ez dituzten bezala? Zergatik errespetatu behar ditugu, beren azaleko koloreagatik bakarrik?». XIX. mendeaz ari gara eta mende horretan azal zuria ez duten guztiak haurrak jaten dituzten basatiak dira europarrentzat. Testuinguru horretan egiten dio kritika Aranak kolonialismoari. Munduko arraza eta herri guztien existentziaren defendatzaile handia da.
J. APALATEGI. Arana arrazista ez zenaren froga garbiena EAJren eboluzioa da. EAJk arrazismoaren kontrako muturrean dagoela erakutsi du. 1936an Errepublikaren alde kokatzen dela ikustea besterik ez dago, eta II. Mundu Gerran Hitlerren alde edo antzeko beste korronte batzuen alde. Ez zuen tentazio hori izan inoiz. Horrek nahikoa izan beharko luke, Sabino arrazistatzat jotzen duen jende horrentzat.
Bestalde, giza zientzia oso bat dago arrazak oinarri dituena, arrazak existitzen direla, beren garrantzia dutela eta kontuan izan behar direla diona. Gobineau arrazismoaren aitatzat jotzen da. Gaur egun, Châtelet edo Duhamel bezalako frantses historialari garrantzitsuek diote Gobineauk kolektibitateez hitz egiten duela, ez gizabanakoez eta eskubide indibidualen defendatzaile sutsua dela. Arrazista bat inoiz ez da hori izan. Gobineau modu berri batean irakurri beharra dagoela badiote, zer ezin genezake esan Sabino Aranaren inguruan?
Arana oso kezkatua zegoen: euskal identitatea bazihoan eta errekuperatu egin behar zen, baita fisikoki ere. Luisek eman dituen datuak garbi erakusten dute nola aldatzen ari zen demografia, Bizkaian batez ere. Joan den astean Flandrian izan nintzen, Antwerpen inguruan eta egunotan ikusi dudana deigarria egin zait. Malinas-en, 80.000 bizilaguneko hirian, eskola adinean dauden haurren %38 etorkinen seme-alabak dira eta Antwerpen-en antzekoa omen da. Horren aurrean, flandriar nazionalistak tesi xenofoboetara hurbiltzen ari dira. Erreakzio sakona da hori, euren gizataldea desager daitekelako.
I. ANASAGASTI. Niri gauza bitxia gertatu zitzaidan hauteskunde kanpaina batean. Sestaora joan nintzen eta senar-emazte batzuek, telebistan ikusia nindutela eta, zera esan zidaten: «Usted es el vasco!». Bizkaiaren bihotzean nintzen eta hori esan zidaten! Niri hori gertatu bazitzaidan, zer ez zitzaion gertatuko Sabinori garai hartan?
Sabinoren aurkako kanpaina gogor horrek agian gure animoan ere eragina izan du, eta gure akats handienetakoa da Sabino ez dugula behar beste gogoan izan, orain errehabilitazio saiakeran bagabiltza ere. Ez dugu jakin izan kanpaina interesatu horri aurre egiten.
L. DE GUEZALA. Ez da oso inteligentea izan behar Sabino Arana arrazista ez zela ikusteko, kontuan hartuz gero bere gertueneko kolaboratzaileen artean Sota, Guiard edo Chalbaud abizena dutenak topatzen ditugula. Eta nik Iñakik diona azpimarratuko nuke: Aranaren ustezko arrazismoa politikoki interesatzen zaie; EAJko sortzailea, batzuentzat euskaldunon «asmatzailea» (batzuentzat euskaldunok ez gara existitzen, Aranaren asmakizun hutsa gara), ero bat, arrazista arriskutsu bat bada, batzuk «erokeria eta delirio separatista» deitzen dioten horrek guztiak ez du ez hanka ez bururik.
J. APALATEGI. Duela sei bat urte kongresu batean parte hartzeko dei egin zidaten Nikaraguatik, bertako autonomien 10. urteurrenean. Managuan harrapatu gintuen urriaren 12ak, «Arrazaren Eguna»k. Bada, desfileak zeuden, mundu guztia zebilen banderatxoa eskuan arraza espainiarraren eguna ospatzen. Sandinismo garai guztia pasata ere, oraindik horrek zutik dirau! Zein beste herri dago Europan Arrazaren Eguna ospatzen duena?

Zein sistema politiko nahi zuen Sabino Aranak Euskal Herriarentzako? Eta nola lortu nahi zuen berau? Hor dago ere bere azken urteetako «eboluzio espainolista» delakoa...
I. ANASAGASTI. Sabino Aranaz hitz egitean datu garrantzitsu bat hartu behar da kontuan. Sabino gizon gaztea da, 38 urterekin hilko da. Bere ekintza politikoa oso laburra dela, alegia, berehala eteten dela. 20 urte gehiago bizi izan balitz, ideia zehatzagoko Sabino bat izango genuke.
Dena den, herriaren irizpide konfederala zuen, herri hau ederki ezagutzen zuelako, eta hori da bere ekarpenik garrantzitsuenetakoa. Berak errealitatea begiratu egiten zuen, eta ez inposatu. Lehen esan dudan bezala, lehenik Larrazabalgo diskurtsoa dator, gero batzokia sortzen du eta hirugarrenik Bizkai Buru Batzarra. Boterea instituzioetan lantzen dela ikusten du eta orduan bere burua Bizkaiko Diputaziorako hautagai gisa aurkezten du. 5.000 boto lortzen ditu, diputatu bihurtzen da, baina bakarrik dago Bilboko oligarkiaren aurrean. Hala ere, gorren elkarrizketa horretan, apurka bere planteamendu politikoa bidea egiten hasten da. Ondoren, bere ekintza politikoa gainerako lurraldeetan zabaltzeko asmoa du, eta sentsibilizatutako jendearekin harremanetan hasten da, Gipuzkoan Engracio de Aranzadirekin, esaterako. Bere lehenengo ekintza politikoak Nafarroan egin zituen, bere jarduerak askoz garrantzia handiagoa izan zuen Nafarroan, esaterako, Araban baino. Iparraldea ere, noski, bere kontzeptu konfederalaren barruan sartzen zen, «Seiak Bat» edo «Zazpiak Bat» horretan.
Sabino bere garaiko gizona zen. Kontserbadorea zen eta, erlijioari dagokionez, integrista. Baina bere garaiko teknikak erabiltzen zekien gizona zen, publizitatea, adibidez. Berak ez zuen nazio bat ulertzen banderarik gabe, esaterako, edo himnorik gabe, edo izenik gabe.
«Eboluzio espainolista»ri dagokionez, borroka politikoa oso serioa dela konturatzen da. Pertsekuzioa jasan behar izan zuen, bi aldiz izan zen kartzelan, salaketak etengabeak ziren... oztopo ugarirekin egin zuen topo eta erresistentzia horiek guztiak gainditzeko eboluzio baten beharra ikusi zuen. Inoiz ez dugu jakingo «eboluzio espainolista» delakoak zer emango zukeen hain gazte hil izan ez balitz. Berak eboluzioa planteatu egin zuen, baina bere ordeko ez du eboluzio hori jarraituko duen pertsona bat ezartzen. Aingeru Zabala izendatzen du, gizon independentista, bere jatorri indartsuenaren jarraitzaile.
Arana hiltzean zera dio Engracio Aranzadi «Kizkitza» bere jarraitzaileak: «Sabinok ez du alderdi bat uzten, probokazio bat uzten du, bolborategi baten gainean jarritako tximistorratza bailitzan». Sabinok gorputza hartzen hasi den mugimendua uzten du, baina ez oso egituratua. Probokazio bat da uzten duena, Addisonen gaixotasunak, finean, jarduera politikoa eten ziolako.
L. DE GUEZALA. «Eboluzio espainolista» delakoan, estrategia politikoaren aldaketaren beharraz jabetzen da Arana, hain justu «Presidente Sarmiento» izeneko argentinar fragata Bilbora iristen denean. Bilboko Udaleko zinegotzi nazionalistak (11-12 inguru ziren orduan) ongietorri idatzi bat egin zuten. Testua kontserbatzen da eta gaur egun irakurriz gero ez da ezer berezirik ikusten. Baina orduko Gobernu ordezkariak zinegotzi hauek guztiak suspenditu egin zituen beren karguetan. Sabino Aranak orduan ondoko hausnarketa egingo du: «Horrenbeste kostatzen zaigu hauteskunde batzuetara aurkeztea, hauteskunde horiek antolatzea eta irabaztea eta gero kolpe batez deuseztatu egiten gaituzte. Hobe litzateke gurekin anarkistekin egiten dutena egingo balute, ez baligukete hauteskundeetara aurkezten utziko. Hau ez da bideragarria, EAJk ez du zentzurik». Gaur egun hain goretsia den orduko ustezko demokrazia espainiarrak ahalegin guztia bertan behera uzten zuela ikusita (urteak pasa dira baina gauza batzuk errepikatu egiten dira), eta Sabino gizon pragmatikoa izaki, ondorio honetara iritsi zen: «Goazen ahal duguna egitera, egin dezagun Espainiako Estatuaren batasuna onartzen duen alderdi bat, baina gutxienez horren barruan defenda ditzagun Euskal Herriaren oinarriak eta identitatea». Horrela ulertzen dut «eboluzio espainolista» estrategia politiko huts gisa, alderdi politiko baten bideragarritasuna zalantzan jartzen duen errepresioaren ondorioz. Gero, Iñakik esan duen bezala, Aranaren jarraitzaileak ez dute bide hau jarraitzeko asmorik izango eta eboluzio hau ez da mamituko.
Eta «eboluzio espainolista» horri nik «ustezko» hitza gehituko nioke. Sabino Aranaren jaiotzaren urteurrena iristean, 1965ean, frankismo bete betean, Areilza jaunak, modu okerrean Mutrikuko Konte ere deituak, eta indarrez Bilboko alkate izanak, esan zuen Sabino azkenean bere tontokeria eta erokeriez damutu egin zela, esandako guztia ukatu zuela eta espainiarra zenaz konturatu zela, eta beraz, nazionalista guztiek esaten dutenak ez duela batere zentzurik. Berriz ere, Sabino Arana interpretazio oker batek desitxuratua ageri zaigu.
J. APALATEGI. 1902an bigarrenez espetxeratua izan baino lehen, Sabinok dagoeneko adierazpen bat egin zion alderdikide bati eboluzio espainolista horren ideia azalduz eta aurrerago zabalduko zuela aurreikusiz. Eboluzioa espainolistaren proposamena publiko egiten denean, alderdikide honek gutun hori gogoan ez duela esango du. Bere anaia Luisi ere adieraziko dio eta Sabinok espero du Luisek ederki ulertuko duela horren atzean dagoena. Niretzat hor ez dago estrategia aldaketarik, mugimendu taktiko bat baino ez da. Berak aurrera egin nahi du, baina bideak itxita topatzen ditu. Nonbaitetik irten behar eta erantzuna «Liga de Vascos Españolista» izango litzateke. Horrekin, alde batetik, solidaritatea ere bilatzen du, galiziarren, katalanen, valentziarren edo aragoarren ulermena. Horrela euskaldunak ez lirateke bakarrik egongo, estatuan beste indar batzuk ere korronte berean sartuko lirateke.
I. ANASAGASTI. Bigarren eta azken aldiz espetxeratu zutenean, hain zuzen, Kubaren independentziagatik zorionduz Roosevelti bidali zion telegramarengatik izan zen. Botak jantzita hil zela, alegia. Ez zuen amore eman, baina ikusten zituen oztopo guztiek pragmatismora eraman zuten.
L. DE GUEZALA. Pragmatismo hori ulertzeko adibide garbia da Batzokien hedapena: ahal den tokian Batzokiak sortzen zituzten, baina nazionalismoak nahiko indar ez zuen tokietan Euskal Zentroak sortzen ziren, modu garbian nazionalistak izan gabe, euskaltzaleak ziren guneak. Honek ere «eboluzio espainolista» ulertzen laguntzen du, errepresio gogorreko une jakin batean emandako eboluzioa.
J. APALATEGI. Aranak euskaldunontzako nahi zuen sistemari dagokionez, Sabinoren ideia sakona Euskal Konfederazioa zen. Euskal historia ezagutzen duenean, euskal instituzionalizazioak mendeetan zehar izan duen garapenean sakontzen duenean, deigarria egin zaiona Euskal Konfederazioaren ideia hori da: Euskal Herria elizatez, errepublikaz eta abarrez osatutako herria da eta hori guztia sistema batean konfederatu behar da. Egun, esaterako, Aralarrekoak entzuten dituzu esanez kontuan izan behar dela Euskal Herrian administrazio ezberdinak daudela, bakoitzak bere erritmoa daramala eta abar. Bada, Sabinok hori guztia garbi esana zuen, Euskal Herria hautsita, banatuta ikusten zuen. Batasuna apurka lortzen joan behar zen eta zati bakoitzari bidea egiteko askatasun osoa eman behar zitzaiola pentsatzen zuen. Horren atzean ideia demokratiko sakona dago, euskal mundu asanblearioarekiko, jatorrizko foralismo horrekiko izugarrizko errespetua.

Eta nola pentsatzen zuen Sabino Aranak bere helburuak lortzea? Zer pentsatzen zuen insurrekzio armatu baten aukeraz? Edo zenbateraino izan zuen nazioarteko interbentzioaren itxaropena?
J. APALATEGI. Familian bizitako guztiaren ondoren, normala da Sabino Aranak batere gogorik ez izatea insurrekzio armaturako, gerrarako edo gerrilla borrokarako. Haren aita hain inplikatua egon zen, eta horren ondorioz hainbeste sufritu zuten... Gerra Karlistaren porrotaren ondoren, inor ez dago prest beste gerrilla bat antolatzeko (azken finean, Gerra Karlista gerrilla borroka izan zen). Bera estrategia politiko ireki eta demokratiko bat lantzen ari da eta kontzientziak eta ideiak irabazten egin nahi du aurrera.
Gai honen inguruan asko idatzi zuen berak, baina nik zati hau atera nahi dut Bizkaya por su independencia liburutik: «Eran hombres de una raza vigorosa. Esta raza que amaba la independencia más que la vida, que había de vender su libertad por su sangre y muy cara cada gota de ésta que hubiese de derramar; pueblos eran, en fin, que no temían al ataque de frente, noble y franco, que siempre les pudiese permitir la libertad de morir matando antes de verse esclavos». Berak badaki bizitza gogorra dela eta gerrak etorri egiten direla (EAJri 36an gerra etorri zitzaion eta inplikatu egin behar izan zuen, zer erremedio). Baina bere bidea ez da hori, bere planteamenduek ez dute zerikusirik borroka armatuarekin. Hori bai, Sabino Aranak askapenaren bidean dauden herriak zoriontzen dituenean, ez du inolako arazorik armak erabili dituztenei bere onespena agertzeko.
L. DE GUEZALA. Nazioarteko interbentzioari dagokionez, Aranaren bizitzaren amaieran, unerik ilunenetan, irtenbide politikorik ikusten ez duenean, ez du nahi euskaldunak desagertzerik, existitzen jarrai dezaten nahi du, eta nazioarteko interbentzioa aukera bat bezala ikusten du. Aukera bakarra horixe zela idaztera iritsi zen. Eta ez da harritzekoa. Bere heriotza baino 5 urte lehenago, 1898an, nazioarteko interbentzioari esker bere azken koloniak galdu zituen Espainiak. Berak Kubako independentzia ezagutu zuen 1901ean. Ez zen iritsi Filipinetako independentzia ikustera, baina bera hiltzerako, dagoeneko Espainiar Inperioarekiko lotura hautsia zuten filipinarrek. Berak garaiko potentzia handienetan du esperantza: Britainiar Inperioa eta AEBak. Horregatik bidali zion telegrama bat Roosevelt-i Kubako independentziagatik zorionduz. Eta horregatik bidali zion beste telegrama bat Ingalaterrako erreginari, Boersen Gerraren amaieragatik zorionduz eta euskal kasuan ere bere interbentzioa sujerituz. Baina hor erratu egin zen Arana. Izan ere, historiografia espainiar eta britaniarrak ez onartu arren, Espainiako Estatuaren sortzaile eta babesle nagusiena XIX. mende osoan eta Gera Zibileraino Britainiar Inperioa da. Eta, noski, interbentzioa ez da iritsiko, berak irtenbide bakarra zela uste bazuen ere.
I. ANASAGASTI. XIX. mendeko borroka armatuak espainiarren borroka dinastikoekin du lotura. Bi gerratan sartu ginen, 1839an eta 1878an, euskaldunontzat zoritxarrekoak biak: lehenean traizionatu egin gintuzten Bergarako Hitzarmen ezagunarekin eta 1878 foralitatearen azken arrastoak kendu zizkiguten. Berak borroka armatua testuinguru horretan ulertzen zuen eta horregatik baztertzen du. Bere ustez borroka politikoa egin behar zen, instituzioak konkistatuz. Azkenean «eboluzio espainolista» teoriko hori, borrokaren gogortasunaren konstatazioa besterik ez da. Berak dio ez duela merezi berriro gurekin zerikusirik ez duten borrokatan sartzea, espainiarren kontuetan inplikatzea. Gero, EAJk erabakitzen duenean Manuel de Irujo ministro gisa joan dadin Largo Caballeroren gobernu errepublikarrera, alderdian debate bat sortzen da eta batzuk diote hori espainiarren gerra dela eta guri ez zaigula bertan ezertxo ere galdu.

Sabino Arana oso gizon pragmatikoa zela aipatzen ari zarete, errealitateari oso lotua. Dena den, mitozalea izatea ere leporatu zaio, historia mitoen bidez faltsutzeaz, Hegoaldeko lau herrialdeak Erdi Aroan independenteak izan zirela eta halako gauzak esanez. Nola ezkontzen dira berarekiko aipatzen diren bi ikusmolde horiek?
I. ANASAGASTI. Guri Viriato eta El Cid Campeadorri buruzkoak kontatu dizkigutenek ez dute halako akusaziorik egiteko eskubiderik. Herri guztiek dituzte beren mitoak. Nola biziraun bestela? Sabino Arana oso propagandista azkarra zen eta egiazko gertakizunak mito bihurtu zituen herritarrek autoestima izan zezaten eta euskaldun izateaz harro senti zitezen. Ni Venezuelan jaio nintzen eta han eskolan erakusten ziguten Simon Bolivar El Libertador zela; eta Donostiako marianistetara etorri nintzenean, ordea, hara non Bolivar separatista arriskutsua zen. Bakoitzak bere erara kontatzen du historia.
L. DE GUEZALA. Herri guztiek dute handi eta zoragarria izan zen antzinako garaia eta haren gainean oinarritutako etorkizun proiektua, berreskuratu egin behar dena, hori herri horrentzat egokiena eta oparoena delako. Baina estatuek bakarrik ez, ideologiek eta erlijioek ere beste horrenbeste egiten dute. Sabino Aranak ere hori egin zuen. Bere lehen liburuan, Bizkaya por su independencia, lau gudu ahaltsuetan oinarrituta dago, lau gudu haiek beste askoren tankerakoak izan zirenean.
I. ANASAGASTI. Duela egun batzuk frantsesen kontrako Espainiako Independentzia gerrari buruzko lan bat irakurri nuen, hor zen Mostoleseko alkateak egindako aldarri ospetsu hura «Aberria arriskuan dago...» eta abar. Bada, orain gai horiek ikertzen dituen historiografiak dio hura ez zela Espainiako independentzia gerra bat, beste gai asko zirela jokoan. Gure batxilergoan, aldiz, Palafox, Espoz y Mina eta halakoak heroitzat jotzen zituzten. Sabino Aranarekiko, mitifikazioaren gai horri ez nioke hainbeste garrantzia emango, Aranaren arazo handiena gaur egun ahaztua dagoela baita.

Ahaztua dagoela dio EAJko burukide garrantzitsu batek.
I. ANASAGASTI. Bere heriotzaren mendeurrena dela eta Albiako plazan Sabino Aranaren estatua bat jarriko da orain, baina, hala ere, EAJk Sabino Aranaren pertsona utzi izan du. Begira, Sabino Arana Fundazioa sortu zenean ez zitzaiola izen hori jarri nahi, Ereintza (Kizkitzak idatzitako liburua) izena baizik. Josu Bergara eta biok bere izenaren aldeko borroka eraman behar izan genuen. Ez dugu egin izan pertsonaiaren behar bezalako defentsarik, neurri batean Arana arrazista zela eta halako akusazioen eragina jasan dugu. Jakina, bere testuinguruan ere ulertu egin behar da. Gure gurasoen belaunaldia Sabinoren jarraitzaileak izan zen, baina gero Bigarren Mundu Gerra etorri zen eta Hitler eta juduak labeetan sartzea... Horren ondoren Sabinoren aurkako arrazakeria kontuek zama handia utzi zuten. Hortik aurrera garai ilunak etorri dira Sabino Aranaren irudiarentzat. Jokinek esan du lehen, orain Aralarrek esaten duena Sabino Aranak esan zuen, Ibarretxe planak ere Sabino Arana plana izan beharko luke, orain esaten ari diren gauzak Aranak esanak zituen orduan.

Euskal Herriaren ikuspegi konfederala bultzatzen zuela aipatu da mahaian. Abertzaletasunaren zenbait sektoretatik, ordea, batez ere ezkerretik, bizkaitarrismoa eta baskongadismoa egotzi zaio Sabino Aranari, eta horrek Euskal Herriaren ikuspegi osoa ahuldu egin duela, batez ere ekialdearen aurka.
I. ANASAGASTI. Francoren heriotzaren ondoren Nafarroa askoz gertuago zegoen egun EAE den horretatik. Hor erratu egin gara eta ondo aztertu beharko da zergatik, baina ez dut uste hau denik hori egiteko unea. Sabino Aranak, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, nahiko erreferentzia zuen Euskal Herria zer zen ezagutzeko. Donibane Lohizunen bizi izan zen, aita karlistaren erbesteratzearen ondorioz. Nafarroa ere ezagutzen zuen eta bere mezua han ere erein zuen; garai hartatik esanguratsuena Gamazada zela eta Madrildik zetozen Nafarroako foru diputatuei Castejonen egindako ongi etorria izan zen. Sabino Arana Bilbon jaio zen eta ondoen hura eta Bizkaia ezagutzen zituen, jakina. Baina bere ikuspegia Euskal Herriarekiko konfederala zen. Horrez gain, kontuan hartu behar da oso gazte hil zela.
Pena ematen dit ikustea nola Euskadi hitza ez dugun behar bezala baliatzen, ongi da Euskal Herria, baina Euskadik indar handiagoa du; gainera nik beti erabiltzen dut Sabinok zioen bezala Euzkadi; neologismo bat eta nahi dena izango da, baina hitza berak asmatu bazuen, errespeta dadila berak asmatu moduan. Orain Euskadi hitza galtzen ari da, eta nagusiki sozialistek erabiltzen dute. Euskal Herria izena karlista zen eta Sabino Aranaren garaian erabiltzen zen, baina ez zuen Iparraldea hartzen; berak horrekin apurtzen du eta Euzkadi sortzen du, zazpi herrialdeak bilduz. Frankismoaren zentsoreek ere Euskal Herria erabiltzen uzten zuten, baina ez Euzkadi, haien esanetan honek erreprimitu beharreko kutsu politikoa zuelako. Kultura eza handia dugu gure iraganarekiko, aurrera begiratu behar dela eta ez atzera eta halako gezurrak esan dizkigute eta sinetsi ditugu. Jakina, batzuei ez zaie komeni atzera begiratzea, historia beti garaileak kontatzen duelako eta, zoritxarrez, garaituak sinetsi egiten duelako. ETAren lehenbiziko komunikatuetan, esate baterako, Sabino Arana jainkoa zen, berdin Jose Antonio Agirre, Eusko Jaurlaritza... geroago etorri zen beste ikusmolde baten garapena. Gaur egun, Sabino Arana ezezagun handi bat da herri honetan.

Beharbada kritika hori ez zaio berari bakarrik egin izan, agian gehiago egin zaio bera hil ondoren bere mezua zabaltzeko ardura izan zuen EAJri.
I. ANASAGASTI. Sabino Arana gazte hil zen, 1903an, eta hor utzi zuen bere probokazioa. EAJn beti egon da barne eztabaida jarraitu beharreko politikaz: batetik, Euskadin oinarritutako muturreko politika nazionalista, bestetik, Espainiako -eta bere neurrian Frantziako- errealitatea ere hor dagoela kontuan hartzen duen nazionalismo moderatuagoa. Hortik datoz euskalerriakoen borroka ospetsuak, 20. urteetako Aberri eta Comuniónen banaketa... Eta gaur egun ere bi joera horiek hor daude, EAJren bi arima bailiran, elkarbizitzan proiektu bera dutelako, baina batzuetan txakurra eta katua moduan ari direnak.
J. APALATEGI. Sabino Aranaren lanetan argi ikusten da bere proiektua Zazpiak bat zela. Gazte hil zen, eta berak, bere proiektua batez ere bere ingurunean garatu zuen. Geroago EAJri egingo zaio hiru probintzietan aritzearen akusazioa, batez ere 36ko gerraren ondorioz, eta kontuan hartu behar da orduan EAJ gerra egoera batean zegoela eta gero erbestean. Atzerritik aritu zenean, aliatuen aurrean bere lehengo egoera berreskuratu nahi zuen eta batez ere hiru probientziei begira aritu zen, Iparraldean adibidez, ez zuen lan politikorik egin, nahiz eta EAJko batzuek, Monzon lekuko, Iparraldeko errealitate desberdinetan lan handia egin zuten. Gaullismoarekin harremana zuen eta, beraz, EAJk ez zuen jardun politikorik nahi Iparraldean...
I. ANASAGASTI. Barkatu, kontatzen ari zarena oso interesgarria da, eta burura datorkit, esate baterako Eugène Goyhenetche, Bigarren Mundu Gerraren garaiko unibertsitate eta kultura munduko oso gizon esanguratsua. Bada, berak eta beste zenbaitzuek une batean izan zuten alemanekin itun bat egiteko saio edo tentaldia, hemen herri bat zegoelako eta egoera hori baliatu zitekeelako. Bigarren Mundu Gerra bukatu zen, alemanekin elkarlanean aritzea leporatu zioten eta ia fusilatu. Berak, kolaborazio eremu hartatik, bizitza asko salbatu zituen gainera. Orduan Iparraldeko jendeak zioen, hango lana Iparraldeko jendeak egin behar zuela, eta geroago hor etorri zen Labegerierekin-eta kultur mailako mugimendu esanguratsua.
J. APALATEGI. Jakina, hori ez zen ezerezetik etorri, aurretik nazionalistek lan handia egin zutelako baizik. Eugène gizon handia zen, nik oso ongi ezagutu nuen eta beti laguntza hitzak zeuzkan abertzale gazteekiko, beste askori bezala. Kontu horiek direla eta EAJ asko aldendu zen haiengandik.
L. DE GUEZALA. Euskal Herria oso anitza da, bi ardatz ageriko ditu, bata atlantikoa eta bestea mediterraneoa, eta horrez gain lurralde bakoitzak bere historia du, mendebaldeko hiru herrialdeen artekoa lokarri gehiagorekin eta Nafarroa bestetik eta gero Iparraldea. Eta Sabino Aranaren garaitik gaurdaino, seguruenik desberdintasun horiek areagotu egin dira. Sabino Arana garai hartan lurralde modernoena zen Bizkaian sortu zen, baina aurretik bazegoen nazionalismoaren halako aurrekari bat Nafarroan, Euskaroena, Campion eta abarrena, nahiz eta hau batez ere mugimendu kulturala zen eta ez nazionalista. Nazionalismoaren autokritika egiteko, bai esan daiteke, Bizkaian erabili ziren molde berdinak erabili nahi izan zirela gainerako lurraldeetan, eta horrek Bizkaiarako balio zuen baina ez besteetarako, errealitate desberdinak bizi zituztelako. Espainiako II. Errepublikan, adibidez, Bizkaitik Nafarroara joan eta Nafarroari begira kanpaina abertzalea egin zen borondaterik onenarekin, eta jakina, porrot egin zuen.
J. APALATEGI. Baina Luis, zuk diozun hori, ezker abertzaleak errepikatu du geroago, Nafarroan, Iparraldean... borondaterik onenarekin, baina porrot eginez. Eta berdin erantzun zaio: «Utz iezaguzue guri gauzak gure erara egiten». Sabino eta Luis Aranak ondo aztertu zuten Euskal Herriko garaiko egoera eta horregatik proposatu zuten konfederazio bat.
I. ANASAGASTI. EAJn hiriburuari buruz erabaki behar izan genuenean, behin-behinekoz Gasteiz erabaki genuen, eta gaur egun ere hala dugu, behin-behinekoz. Irujok esaten zidan, Nafarrek ezin zutela onartu erresuma izandako baten izena (Nafarroa) Sabinok sortutako Euzkadi entelekiarekin ordezkatzea. «Nafarroan zerbait egin nahi badugu, nik uste dut -zioen berak- Euzkadi kontzeptu horrek esan nahi duena pixkanaka Nafarroarekin ordezkatu beharko genukeela». Duela gutxi egon nintzen Nafarroako liburu azoka batean eta postu batean bazen nafar talde bat oso gogor ari zena nik Irujori entzundako gauza horiekin. Nafarroara bazoaz eta fenomeno hori politikoki ezagutzen ez baduzu, jai duzu. Abertzaleok Nafarroan zerbait egiteko mediora egokitu behar dugu, bestela jai dago.

Eta II. Errepublikatik aurrera EAJk testuinguru korapilatsuan zabaldu behar izan zuen bere mezua.
J. APALATEGI. II. Mundu Gerran gertatu zirenak erabakigarriak izan ziren euskal abertzaletasunaren garapenerako. Nazionalismo txiki askok baliatu nahi izan zuen nazien hedapena Europan beren lekua egiteko, eta horrek ez zuen esan nahi nazizaleak zirenik. Nazien porrotaren ondoren, nazionalismo horiek guztiak jazarriak izan ziren eta gorriak pasatu zituzten. Testuinguru horretan, euskaldunena salbuespena zen, Hitlerren aurka aritu baitziren. Nik pertsonalki hitz egin izan dut alemanekin onera egotea baloratu zutenekin, egoera horretatik agian onurarik ere etor zitekeelakoan. Baina, lehenago aipatu dugun iparraldeko salbuespen txiki horrez gain, euskal nazionalismoa erresistentziarekin zegoen eta, beraz, burua tente zuela atera zen nazioartera. Noski, euskal nazionalismoaren aurka zirenak, ondo baliatu ziren beste nazionalismo txiki horiek egin zutenaz, esateko nazionalismo txiki guztiek eramaten zutela nazismora eta halakoetara.
Beste kontu bat, zergatik sortzen da ETA? EAJ, ANV eta Francoren aurka ibili ziren guztien artean krisi ikaragarria zegoen; gazteen artean, aldiz, zerbait egin beharraren sentipen itzela. Eta testuinguruak ere asko lagundu zien, munduan eta inguruan hor zirelako armetan altxatuta kolonialismoaren aurkako hainbat eta hainbat mugimendu.
Baina, ordura arte, eta ANV eta beste salbuespen txiki batzuk kenduta, abertzaletasuna aranista izan zen, kristau, kontserbadore edo liberala... ETArekin hori guztia jartzen da zalantzan eta EAJri bere fundatzailearen helburuen alde ez egitea leporatzen zaio.
I. ANASAGASTI. «Euzkadi euzkotarren aberria da» esaldi ospetsura itzultzen ari gara abertzale guztiok gaur egun, inoiz baino gehiago Sabino Aranaren oinarrizko mezuetara, eta bere mezua inoiz baino biziago ikusten dut. Ibarretxe bera ere, Sabino Arana bezala, gizartea akuilatzen ari da, honek aurrera egin dezan.
J. APALATEGI. Nik uste dut bereizi behar direla lehenengo nazionalismoaren ideia eta ideologia guztiak. Argi ikusi da, ideologia guztiek aldarrikatu dezaketela euskal nazionalismoa, baina hori normala da, nazio guztiek era guztietako korronte ideologikoak dituztelako. Atzerrian nazionalismoari berehala begiratzen zaio kutsu atzerakoiaz, eta ea ni zer naizen galdetzen didatenean nik beti esaten dut «ni abertzalea, independentista eta internazionalista naiz».
I. ANASAGASTI. Bai, Europan nazionalismoaz hitz egitea Milosevic eta halakoen gainean hitz egitea da. Duela lau urteko EAJko Batzar Nazional batean izena aldatzeko proposamena egin zen eta Partido Nacionalista Vasco beharrean Partido Nacional Vasco izena proposatu zen. Nazionalismoaren etiketarekin ibiltzeko arazoak daude, Europan batez ere, nahiz eta haiek ere (frantsesak, espainiarrak...) inor baino nazionalistago diren.

Bukatzeko, argi dago Espainiako historiografiak Sabino Arana nola aztertu duen, eta hemen atera da ikuspegi hori. Eta euskal historiografiak? Eta abertzaletasunetik nola landu eta baloratu da Sabino Aranaren pertsona eta lana?
L. DE GUEZALA. Euskal historiografiari dagokionez, guk ez dugu euskal estaturik eta, beraz, ez historia akademiarik eta beste hainbat gauza, eta euskal nazionalismotik landu den historia ere oso urria da. Iñakik lehen aipatu duen moduan, lehenengo urteetan komunitate nazionalistak heroitzat hartu zuen Sabino Arana. Lehenbiziko urte haietan, erlijioaren eraginez eta, sakralizatu egin zuten «euskaldunen aberriaren aita». Nazionalismoa bitan zatitu zenean, ETAren sorrerarekin, Sabino Aranarekiko errespetua zegoen ezker abertzalearen joera berrien aldetik, baina jadanik ez zen erreferente nagusia. Espainiako historiografiaren aldetik eraso handiak egin dizkiote eta hemendik halako konplexu jarrera batekin gureganatu dugu Sabino Aranaren irudia.
I. ANASAGASTI. Bai, hala da. Azaroaren 25ean Sabino Aranaren jaiotzaren sorrera ospatzen da Sukarrietan. Gogoratzen al duzu, Luis, egun horretan hara joan den lehendakariren bat? Ez Garaikoetxea, ez Ardanza eta ez Ibarretxe ere. Lehengoak bai, ordea, Agirre eta Leizaola joaten ziren. Sabino Arana etxe honetan jaio zen 1865ean, eta garai batean, Genaro Riestra gobernadore zibilak bere etxea suntsitu zuen eta hondakinak itsasora bota zituen, horrela arazoarekin bukatuko balu moduan edo. Harrezkero, alderdiaren buruan izan da hemen alderdiaren egoitza egitea. Bere garaian, Sabinoren irudia goraipatzeko eta diru apur bat ateratzeko Oteizari estatua bat egiteko enkargua egin zitzaion. Oteizak bere estiloko lan bat egin zuen eta ez, jendea ez zen identifikatu irudi harekin. Jendeak ohiko Sabino Arana nahi zuen, bere bizarra, itxura... Orain jarriko den estatuak, aldiz, ohiko Sabino Arana hori islatuko du. Madrildik, bestalde, pertsonaia txikitu nahi dute, jendea harekin identifika ez dadin.
J. APALATEGI. Historiografiaz Luisek esan dituenarekin ados nago, eta neure azalean ere pairatzen dut hori, unibertsitateko zenbait gunetan, bai ni eta baita beste irakasle batzuk ere guztiz ukatuak izan gara eta, euskal historiaz abertzale ikuspegi batetik okupatu izan garelako. Sabino Aranari buruz askoz gehiago idatzi beharko litzateke, bere lan guztia berreskuratu beharko litzateke eta ondo aztertu, seriotasunez eta behar dituen kritikak eginez. Sabinoren duela ehun urteko mezua bizi bizirik dago gaur egun ere.
I. ANASAGASTI. Nire ustez Espainian gogaituta daude euskal nazionalismoaren aurka egiten dituzten era guztietako gehiegikeriekin. Nekatuta daude hemengo hainbeste gauzekin eta gehiena irakurketa berberarekin. Horregatik, gauzak ondo egiten baditugu, gure ordua dela esango nuke. Oraintsu aterako dugu Manuel Aznar eta Areilzari buruzko liburua. Manuel Aznar, Aznar Espainiako gobernuburuaren aitona, EAJkoa zen, alderik muturrekoenekoa gainera, «El jardín del Mayorazgo» liburua idatzi zuen eta Garzonek orain harrapatuko balu kartzelara eramango luke. Manuel Aznarrek seme bat izan zuen Bilbon, Jose Maria Aznarren aita, eta Sabino Arana batailatu zuten toki beren bataiatu nahi zuen, San Vicente elizan. Imanol izena jarri nahi izan zion eta ez ziotenez utzi Manuel (Imanol), parentesi eta guzti, jarri zion. Euskal kirol selekzioak proposatu zituen, berak bai, egungo Aznarren aitonak, ez HBk; eta Bilboko EAJko gazteriaren arduradun gisa, berak antolatzen zituen «aste sabiniarrak» deitzen zirenak. Hori guztia eta beste gauza asko gorde egin zaizkigu eta ordua da argia ikus dezaten.


"Aiten izar-multzoa"
Sabino Arana Goiri euskal abertzaletasunaren aitatzat ematen da, ongi merezita nik uste. Bere alde ditu ADNko froga nabariak: ikurriña, berak marraztua (nahiz Bizkaiarentzat asmatua), euskal alderdi zaharren eta indartsuena, E.A.J., berak sortua... Haatik jakin behar genuke beste iturririk ere izan duela gure abertzaletasunak, eta hor aipatu nahi ditut bereziki Aita Larramendi, Uztaritzeko Garat anaietako gazteena, Agosti Xaho zuberotarra, Arturo Campion Iruñearra...

Manuel Larramendi andoaindar jesuita (1690-1766), abertzaletasunaren jaiotzatik urrunegi geratzen zaigu, zuzenean horren sortzailetzat ikusteko. Baina horren aitasotzat har dezakegu, euskal Errepublika orokor baten ideia argi eta garbi formulatu zuena izan baitzen, eta xedea Sabinok berak ere zor dio agian. Hona zer dioskun Larramendik bere «Conferencias sobre los fueros de Guipuzcoa» delakoan, neuk gazteleratik itzulirik:

«Gaztelaren zuzengabeko utzikeriak ezarri gaitu gure bizibideari eta askatasunari begiratzeko egoeran; eta inori ez zaio bitxi idurituko horretaz balia gaitezen nahigabe handi baten emateko Gaztelari baita Frantziari, egin dizkiguten kalteen ordain. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko probintziak negarrez daude, podereak bidegabeko bortizkeriaz berriki lurperatu dizkien askatasunen, eskubideen eta antzinako jabetasunarengatik. Bizkaiko jaurerria ere hasperenez ari da guri bezala jartzen dioten uztarriaren pean. Batzuei eta besteei dei egin dezagun eta deituko gara Pirinioetako Probintzia Batuak... Gutiagorekin jaiki ziren Holanda eta Wesfrisia. Eta eginen dugu Errepublika bat guzia euskaldunez...»

Beste hiru arbasoak hurbilago ditugu denboran, baita iparraldekoek lurraldez ere, ekialdekoak baitira hiruak: lehena lapurtarra, bigarrena zuberotarra, hirugarrenba hegoaldeko nafarra.

Gainera ezkerreko gizonak ziren, eta bi arrazoi horiek esplika dezakete Sabinok baino arrakasta gutiago ukaitea praktikan. Baina historian eta teorian badute garrantziarik, eta balio du horien pixka bat ezagutzea.
Garat gazteena
Frantziako Iraultza hastean, Lapurdiko foruak alferrik babestu ondoren, euskal departamendu baten alde agertu ziren Uztaritzeko Garat bi anaiak. Haiekin ados zeuden gure beste hamar deputatuak, iparraldeko hiru lurraldeetatik bakoitzak lau ordezkari baitzituen Estatu Orokorretan: beraz denetara hamabi hautetsi. Zoritxarrez apostoluek bezala, saltzaile bat ukan zuten: Oloroneko apezpikua, Zuberoako apezeraren deputatua. Biarnoko jaunei bidea erraztu zien Euskal Herriaren irensteko.

Ez da hain ezaguna Garat gazteenaren beste xedea: euskal lurralde guzien batasuna Frantzia hedatu batean. Hitza bego Garat horri, 1809an Napoleoni aurkeztu zion txostenaren zati bat frantsesetik itzuliz:

«Inperioko bizpahiru departamendu berri osatu ditzatela elkarrekin Espainiako lau euskal lurraldeek eta Frantziako hiru euskal lurraldeek (...). Herrixka horien artean Frantziak eta Espainiak sartu ahal izan dituzten ezberdintasun guzien ezabatzeko segurkiago eta lasterrago, departamendu bakoitza osatu behar litzateke, tokiek onartzen duten bezainbat, elkarrekin nahasirik espainiar eta frantziar zati batzuez. Elkar ukitzen baitute Frantziako Baxenabarrek eta Espainiako Nafarroak, eta biak euskaldunak baitira, horretarako erraztasun asko eman lezakete; halaber Espainian dagoen Baztango ibarrak eta Frantzian dagoen Errobi ibarrak eta Lapurdi herriak».

Harrigarri benetan, baina zinez ederra gisa batez! Euskal Herri batuari buruzko egitasmo jakobino bakarra da momentuko: konfederazio modukoa da Sabinorena, federalistak dira beste xede guziak. Zer pentsa ematen digu duela bi mende Garatek idatzi zuen horrek. Gainera lau lurralde aipatzen dizkigu hegoaldean, eta hiru iparraldean: horretan ere lehena dugu, ez azkena ordea.

Agustin Xaho (1811-1858)
Sortzez atharraztarra, azkenera Baionakoa, oso gizon berezia izan zen, erromantiko hutsa, ezkerreko politikaria. Asko idatzi zuen liburu eta kazetatan, euskararen eta Euskal Herriaren alde, gehien bat frantsesez. Gorria izan arren, Zumalakarregi jeneralaren alde sartuko da buru eta belarri Liberalen aurka «Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1830-1835)» delako liburuan (1836).
Euskaldun karlistekin dago Xaho, haren ustez euskal nazioaren honetan ari direlako. Eta horretan basaburutarraren «patriotismo suharra» txalotzen du Antoine d’Abbadie jakintsunak. Hau alderantziz eskubikoa dugu, erregetiarra, katolikoa, zuria. Halere biek elkarrekin lan egin zuten euskararen alde, bereziki 1836an agerturiko gramatika lan batean. Eta liburua eskainiko dute, beren jatorrizko zubereran «ZAZPI USKAL HERRIETAKO USKALDUNER».

Hara beraz d’Abbadie eta Xahoren aberria: Garaten hura bera, haren bi zenbakiak gehituz orokortasun sakratu batean lehen aldiko sinbolizatua, esanahi unibertsala duen zazpi horretan bat egina! Eta horren alde, beren ideologia ezberdinen gainetik, bi gizonak elkarlanean. Etsenplu ederra guretzat, euskal lurraldeen artean ere hurbilketa baten bideratzeko. Ber denboran, Piarres Lafitte zenak idatzen zuen bezala, ezkerreko abertzaletasun baten aita dugu Xaho.

Arturo Campion: «Zazpiak Bat»
Nor zen Arturo Campion erran beharrik ez dut aldizkari hau irakurtzen duten gehienei, nik bezain ongi edo hobeki baitakite. Baina bizkitartean, ahantzirik egoten da maizegi abertzaletasunaren etorkia aipatzean. Alta bada zer ez zuen egin euskararen eta Euskal Herriaren alde! Eta lehenbizi ez ote diogu berari zor «Zazpiak Bat» esaldi eta lema sonatua?

1876an Campionek sortua zuen «Sociedad Euskara de Navarra» delakotik jaikiko zen laster oihu famatua, «Zazpiyak bat» idatzia, eta pentsatu dut Arturo bera izan zela horren aita, elkartearena izan zen bezala.

Idazle poligrafoa dugu Campion: kazetaria, historiagilea, literaturako kritikalaria, eleberri eta entsaio asmatzaile joria, gehien bat gaztelaniaz: idazle nagusien artean kokatzen du Villasantek, eta hegoaldeko lau diputazioek Euskaltzaindia sortu zutenean 1918an, lehenbiziko lau euskalzainetatik izan zen On Arturo.
Politikaria ere bazen Campion, beti Euskal Herriaren alde, nahiz ez zen behin ere alderdi politiko batean sartu. Abertzaletasunaren aita bat dugu, Sabinoren aitzinetik. Bizkaitarra baino gehiago zen nafarra kulturaz, baina politikako sen haboro bazuen antza denez Arana Goirik. Gainera oinarri guti aurkitu zuen bere garaiko afar gizartean Campionek, ez baitzen lurralde hori, Bizkaia bezala, mundu berrian sartzen hasia.

Euskara eta Nafarroa orokorraren historia ziren Campionentzat euskal nortasunaren eta naziotasunaren bi zutabe nagusiak. Zuzen zegoela uste dut, eta bi pundu nagusi horietan behar dugu haren ganik ikasi.

Mahaikideak
Iñaki Anasagasti
EAJko diputatua
Cumanan (Venezuela) jaio zen 1947an. Caracaseko Unibertsitate Katolikoan Gizarte Komunikazioan lizentziatu zen, ondoren Ekonomia eta Nazioarteko Ikasketak burutzeko. 1969tik 1971ra «Euzko Gaztedi» aldizkaria zuzendu zuen Venezuelan. 1975ean Bilbora etorri zen, Bizkai Buru Batzarreko kide izendatu zuten eta «Euzkadi» argitalpenaren zuzendari lanei ekin zien. Euskadi Buru Batzarreko kide da gaur egun eta Madrilgo Kongresuko EAJko Taldearen bozeramailea.

Luis de Guezala
Sabino Arana Fundazioko historialaria

Bilbon jaio zen 1962an. Historian doktore, Zamakoladaren inguruko tesia egin zuen. Sabino Arana Fundazioko agiritegian lan egiten du egun eta bi ikerketa lerrotan dihardu: Antzinako Erregimenaren krisia Bizkaian, bata, eta bestea nazionalismoari lotua. Juventud y Nacionalismo Vasco. Bilbao 1901-1937 eta Dindirri. Resistencia cultural durante el franquismo daude bere lanen artean. El pensamiento de Sabino Arana y Goiri a través de sus escritos antologiaren editorea da.

Jokin Apalategi
EHUko irakaslea
Ataunen (Gipuzkoa) sortua 1943an. Idazle, filosofo eta soziologoa, Psikologia Sozialeko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat liburu idatzi du eta horien artean daude: Los vascos de la nación al estado, Los vascos de la autonomía a la independencia, Sociología de una nación en movimiento edo La idea de la nación en los niños vascos. Udako Euskal Unibertsitateak argitaratzen duen «Uztaro» aldizkariko zuzendaria ere bada.

"Sabino Arana: elkartze eta kontraesan puntua"
Sabino Aranak jarrera kontraesankorrak eragiten dituela betiko leloa da. Gaitasun kontraesankor horren arrazoiak azaltzea, noski, konplikatuagoa da. Espainiarrentzat Arana planteamendu aberranteak eta izaera zitala dituen munstro bat da. Espainiako Estatuko proiektu inperialei aurre egin dietenekiko elite espainiarrek erakutsi ohi duten fobia dago Aranaren ikuspegi honen atzean. Sabino Arana, zentzu honetan, Batasun Espainiarraren haustura proiektuaren inspiratzaile gisa ageri da, Espainiako Inperioa dimentsio txikienera mugatuta (penintsulako lurraldeak eta zertxobait gehiago) geratzen den unean.

Euskal nazionalismoa deiturikoaren fundatzaileari beren idatziak eskaini dizkioten espainiarrek beti muturreko gogortasuna erabili dute berarekin , bere ideologia, bere izaera humanoa eta obra politiko teoriko eta praktikoa deskalifikatuz. Harrigarria da idatzi horietan Aranarekiko balorazio positibo txikiena ere ez topatzea maila humanoari edo gure gizonak jardun zuen testuinguru historikoaren ulermenari dagokionez. Eta gabezia hori harrigarria dela diot, normalean biografoak biografiatuaren bizitzaren inguruko zirkunstantzia bilduma ezagutzen saiatzen direlako. Bere bizitzako une erabakigarrietan honek duen errealitatearen pertzepzioa ulertzen ahalegintzen dira, bere jarrerei justifikazioa aurkitzen eta, inpartzialtasun ariketa bat eginez, balore humanoak bilatzen. Egia da Aranari buruz espainiarrek idatzitakoak ez direla biografiak, hitzaren zentzu osoa kontuan hartuta. Alderantzizko genero hagiografiko bati erantzuten diote gehiago, non biografiatutako pertsonaia diatriba objektu huts bihurtzen den.

Idatzi hauen lantze metodoen ezaugarria ikerketa falta da. Lan hauek Aranaren idatziak testuingurutik kanpo laburbiltzera jo ohi dute. Egungo mentalitatearekin bat ez datozen xehetasunak azpimarratzen dituzte, Sabinoren sentsibilitate garaikidearekin bat egin zezaketen xehetasunak. Eta gertaerak errepresentatzeko modua egilearen balorazio pertsonalarekin nahastu ohi dute. Egile hauek bereziki garratzak dira Aranaren bizitzako zirkunstantzia partikularrak azaltzean eta morbositatez azpimarratzen dituzte kanpoko ikuspuntutik ulertzen zailagoak diren bere pertsonalitatearen alderdiak; ezaugarri hauetaz ez da inor libratzen eta arrotzei ezkutatzeko joera dago. Frantsesek ederki dioten bezala «Inor ez da gizon handia bere ganbara laguntzailearentzat...».

Edonola ere, Sabino Aranari buruz ikuspuntu espainiarretik idazten dutenen arrazoi nagusia, honek erakusten duen antiespainolismo nabaria da, Espainiari Euskal Herria zapalduta izatearen eta bere desagerpenerako ahaleginak egitearen erantzukizuna egozten baitio. Honek guztiak gai honetaz idatzi duten egile espainiarren ekuanimitate gabezia ondorioztatzera garamatza eta, hala ere, horrek ez du esan nahi tarteka arrazoirik izan ez dezaketenik.

Baina beharrezkoa da Sabino bezalako pertsonaia errebindikatzea, Euskal Herriaren askatasunerako borroka planteamendu egokia eragozten zuten loturak hausteko erabakia hartu baitzuen, Espainiaren Euskal Herriarekiko zapalkuntza konpondu beharreko benetako arazotzat jo zuenean. Era berean, beharrezkoa da ideia hauek defendatzeagatik jasan zuen jazarpena aipatzea, baita Kuba bezalako herrien askatasuna edo marokoarrek Nazio bat izateko zuten eskubidea defendatzeagatik ere. Askatasunaren aldeko borroka honek bitan eraman zuen espetxera eta, zeharka, heriotza eragin zion. Bere garaiko Espainiako pertsonaia gehienak, eta, noski, defendatzeko aukerarik gabe iraintzen dutenak baino maila pertsonal eta humano handiagoa zuela onartzea merezi du Sabino Aranak.

Ikuspuntu abertzaletik Sabino Aranak beste alderdi positibo bat du. Euskal Estatu independente baten eraketa eskatzen duen lehen euskal ideologo garaikidea da. Inguruko beste edozein naziorengandik erabat ezberdintzen duen arraza eta hizkuntzaz osatutako euskal Nazioaren existentzian oinarritzen du helburu hau. Nazio honek historikoki Foruen bitartez adierazi zuen bere askatasun nahia, euskal lurralde ezberdinak bere baitan hartu zituzten Estatuekin -Espainia eta Frantziarekin- adostutako akordioen bitartez. Horregatik euskal Estatuek Espainia eta Frantziarengandik bereizi behar zuten eta euskal askatasuna bermatuko lukeen Estatu berri bat -Euzkadi- osatu.

Euskal Herria beti kanpoko dominaziotik aske egon dela eta arrazaren arloan garbia izan dela pentsatu nahi duen tradizioari erantzuten dio Aranaren ikuspegi honek. Arana ez da orijinala planteamendu hauen azalpenean; planteamendu hauek euskal ideologia tradizionalean dute oinarri eta, bestalde, hainbat kulturetako jakintsuen teoriak izan dituzte lagungarri. Euskal tradizioarentzat, jatorrizko askatasunak euskal lurralde bakoitzaren eta monarkiaren arteko berdintasunezko hitzarmena, bi aldeak behartzen zituen hitzarmena defendatzea zilegi egiten zuen. Foruak hitzarmen horren adierazpena ziren. Azken finean, euskal lurraldeak (bakoitza bere foruekin) konkistatuak izan zirela ez zen onartu nahi. Monarkien zuzenbide tradizionalean, konkistak subiranotasun osoa eta oinarri autoritarioko boterea eskaintzen zion konkistatzaileari konkistatutako lurraldearekiko eta bertako populazioarekiko inolako mugarik gabe. Foruek erregearen botere autoritario hori formula konstituzionalen bitartez mugatzea bilatzen zuten. Hortik dator konkista hitzarmen libre bihurtzen zuen fikzio historikoa sortzeko beharra. Arraza berezitasuna jatorrizko independentziaren froga eztabaidaezina zen askorentzat. Euskaldunak ez ziren beste arrazekin nahastu, inoiz ez zituelako herri arrotz batek menderatu, ez mairuek, ez juduek, ezta inolako sekta heretikok ere.

Arraza garbitasunak alderdi erlijiosoarekin bat egiten duela ikusten dugu eta puntu honetatik jatorrizko askatasunera iristen gara beti. Aranaren pentsamenduan ageri diren aurreiritzi hauen guztien bildumak, aurreko mendeetatik kultura europarrean, eta bereziki espainiarrean, nagusi ziren funtsezko baloreetan du jatorria. Espainiar kulturan arraza eta erlijio garbitasunaren inguruko balore ideologikoak dira nagusi. Eta euskal kultura politikoa balore horiei erantzuten saiatzen da, herriaren askatasunaren defentsan. Ezaugarri estereotipatu hauek Sabino Aranarengan ageri dira eta ideologia abertzale garaikidean pisu handia lortu dute. Modu horretan, sistema juridiko berezi baten sorrera posible egin zuen euskal Estatu baten existentzia historikoan sakondu zezaketen beste ikuspegi batzuk kaltetu ditu ikuspegi honek. Foruak kolektibitateak Estatua osatzeko eskubidea zuen oinarri nagusitzat, Europan nagusi zen eskubide monarkikoaren gainetik. Forua Nafarroako Erresuma independenteko euskal Estatuan egin zen posible. Espainiar konkistaren ondorioz Nafarroako Estatua hainbat lurralde zatitan banatuta geratu zen eta zati horien sistema instituzionalean Forua nafar Estatu horren hondar-osagai gisa mantendu zen. Nafarroako euskal Estatuaren suntsipenaren errudun Espainia eta Frantzia izan ziren. Nafar Estatuaren zatiketak eta subirano arrotzekiko loturak eragin zuten euskaldunek antzinako batasun politikoaren kontzientzia galtzea. Horrela ulertzen da Foruen jatorriaren inguruan eta gaur egun lurralde historiko deitzen direnen inguruan azalpenak sortzea, lurralde historiko hauek errealitate historikoarekin zerikusirik ez duten errealitate autonomo eta subiranoak bailiran. Planteamendu hauek Aro Garaikidera iritsi ziren eta, nolabait, Sabino horien oinordeko izan zen.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


Katalanismo eta euskaltzaletasun politikoen arteko begiradak (1876-1919)
Eusko-katalanismoaz Gregorio Balparda bilbotar politikariak Errores del nacionalismo vasco (1918) idatzi zuen, mugimendu politiko egituratua gorpuzturik zelakoan. Liburuko atal baten izenburua aski adierazgarria dugu: Del bizcaitarrismo fenicio al catalanista y judaico. Bere... [+]

Konstituzio Foraletik (1808) Autonomia Estatutura (1919): «Euskal Estatua, batua eta hirukoitza»
Izenburuan aipatzen den definizioa, ez da nik asmatua, XIX. mendean barrena pentsatua eta adierazia baizik: R. Ford bidaiari ingelesak 1830ean aipatu zuen lehendabizi, eta ondoren Becerro de Bengoa arabarrak, 1876an, foruen oinarrizko administrazio publikoaren aurkako legearen... [+]

Itzaleko kulturgileen historia
Kulturaren itsasoa zabala da, zabala eta anitza. Baina historia beti erabili izan da norbere intereserako, arma garrantzitsuegia da zientzia hau. Emakumeak kulturaren itsaso horretan izan duen partehartzea, interesatuen enbatak estali izan du. Oraingo historialarien zeregina da... [+]

Soldadutzari ez 1847ko Tafallan
Tafallako karriketan barna paseoan, jai nagusien osteko isiltasunaren babesean eta denboraren zurrunbiloan bidaiari, badirudi oraindik senti daitekeela Lau Izkinetan bilduriko hainbat gazteren haserrearen oihartzuna edo Errekoletak Komentuaren parean labana baten sastada,... [+]

Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda
Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako zerga-sistemaren aldaketak hautsak harrotu zituen Nafarroan 1893. urtean. Foruen aurkako neurria zela-eta, herritarrak zein erakundeak altxatu ziren. Gamazadaren (altxamenduaren) ondoren, foruen aldeko monumentua eraikitzen hasi... [+]

Pablo Antoñana: «Idazle izateko sekretu bakarra dago: asko idatzi, eta idatzitako dena erre»
Iruñean, San Frantzisko plazako etxean hartu gaitu Antoñanak. «Ordena eta txukunkeria irudimenik ez duen jendearen kontuak dira» esanda sartu gaitu bere liburutegian.Argazkien eran oroimenean geratu zaizkion gerrako irudiak erakutsi dizkigu. Sekretario... [+]

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


2017-08-11 | Markel Ormazabal
Turismoaren festak

Ez hain antzina, hiru mende atzera gehienera, kostako herri baten ur territorialak kanoi baten tiramenaren arabera zehazten ziren: jaurtigaia noraino heldu, lehorretik harainokoa izango zen ur territoriala. Lurraldearen zedarritzeko, ordea, kanoia baino hobea da festa, eta hain... [+]


Ekonomia bertokiratzetik zonbiak hiltzerainoko planak dituzte Amikuzen otsailean

Amikuzeko Zabalik elkartearen otsail ostegunetako zita klasiko bihurtzeko bidean da. Aurten zer antolatu duten iragarri dute eta, gaien ugaritasuna eta gaurkotasuna ikusirik, emango dute zeresan franko.


Gasteiz 1813
Europaren etorkizuna erabaki zuen borrokaldia

Gasteizen edonork identifikatu dezake Andra Mari Zuriaren plazan dagoen monumentua. Bonapartistek orain 200 urte galdutako bataila oroitzen du. Nahitaezko irudia gidaliburu turistikoetan. Kale-izendegian ere presentzia nabaria duen jazoera da eta, hala ere, gasteiztarrek ez... [+]


Eguneraketa berriak daude