ETAko kritiko literarioa

Iritzia libre da. Kritika ere bai. Horiek biak axioma dira niretzat, bizitzan bezala artean. Askatasuna behar du sortzaileak nahi duena nahi duen bezala adierazteko, baina irakurleak ere berea du maite ez duena baztertzeko eta are gaitzesteko eskubidea. Kritikarako eskubide hori perbertitu egiten da, ordea, kritikariak esku batean luma eta bestean pistola baldin badauzka.
Zertaz ari naizen? 2003ko ekaineko «Zutabe»n (103. zenbakia) Hasier Etxeberriaren prentsa-artikuluak gogor maiseatzen ditu norbaitek. Ez naiz hasiko hemen Etxeberriaren iritziak defenditzen edo kritikariaren argudioak arbuiatzen; gutxienekoa da hori, eta kontu honetaz ez nintzen arduratuko delako testua Lapurdiko ikasleen edo Bizkaiko kamioizaleen aldizkari batean atera balitz, baina «Zutabe» ETAren agerkaria da, eta horrek diferente egiten ditu gauzak.
Ez dut ETAri buruzko hamaika milagarren artikulua idatzi nahi ere, nahikoa aspertuta egongo zarete dagoeneko betiko leloei betiko leloak entzuten. Hortaz, eskari bat izan nahiko luke idazki honek, edo eskari bikoitza, hobeto esanda: inkisidoreen arkatz gorria horrenbeste maite duen kritiko horri, mesedez, aukera dezala hedabide apalago bat, iritzien arteko truke berdintasunezkoago bat posible izan dadin; «Zutabe»ren ardura dutenei, berriz, ez dezatela "fronte" berri bat zabaldu, arren.
Fronte berrien zabaltze etengabe hori da joan den 8-9 urteko dinamikaren ezaugarrietako bat: zinegotziak, kazetariak... Beste ezaugarri nabarmena, Espainiako gobernuak gero eta sektore zabalagoetara hedatzen duen kriminalizazioa: partiduen ilegalizazioa, komunikabideen ixtea, desobe- dientzia zibilarekikoak... Ez dut paralelismorik egin nahi, ezta zer zeren erantzun den ebatzi nahi ere, baina batere zerikusirik gabeko prozesuak direla uste duenak betaurrekoak baino zer edo zer gehiago behar du errealitatea behar bezala ikusteko.
Idazle jendea ez da bereziki ausarta: egolatriaren eta zalantzaren artean mugitu ohi da gehienbat; gainera, oro har ez du hortik ateratzen bizimodua, eta, beraz, erraza dauka hor borroka-lerro berria eratzen duenak arrakasta lortzea. Isilik geratzea erabakiko lukete askok, nazkaz edo beldurrez, eta txorien txorrotxioei buruz idaztea beste hainbatek (ehiztari elkarteren bat haserretzen ez zaigun bitartean). Leteren poetari buruzkoa gertatuko litzateke horiekin guztiekin: "...etxean geratu da, ateak itxita".
Kikiltzen ez denik ere badago, noski. Ezagutzen dugu bizkartzainarekin ibili beharra duen euskal idazlerik, bere aukera politikoa dela-eta; halakoak ugaritzea ez litzateke harritzekoa baina bai lotsatzekoa, gizatasun hutsez lehenik, baina baita euskaltasunez ere, nire ustez.
Kalteak ez dira hor amaitzen ordea; imajinatu gure herriaren askapenaren aldeko hautua egin duen idazlea: zer gogo izango du bere ideiak idazlanetan jartzeko, jakinik aukera horixe dela zilegi bakarra? Zer sinesgarritasun, bere buruaren eta irakurleen aurrean? Iraultzaren aldeko idazleak izan ziren emankor eta interesgarrienak XX. mende hasierako Errusian, baina antzutze bidean agortu ziren gero estalinismoa onartu zutenak.
Amaitzera noa. Etxeberriari, animoarekin batean, elkartasuna eta babesa bidali nahi dizkiot, eta sortzaile gehiago bere bekatu berean erortzea lagungarri izango zaiolakoan idatzi dut artikulu hau, besteak beste. Baina batez ere sinesten dudalako euskal kulturan, herri librea izango bagara pertsona libre gisa jardun behar dugula, eta ez dugula sekula galdu behar kritikarako gaitasuna. Zirikatzaileak nahiago, zikiratzaileak baino.
Xabier Mendiguren Elizegi


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


Eguneraketa berriak daude