Zer gogoeta egiten duzu Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Legebiltzarrean egin zuen azken agerraldiaren ondoren?
Ibarretxek ez zuen deus berririk aurkeztu, bere planean ez da funtsezko aldaketarik izan. SA taldeak plana bere horretan dagoela ikusi du. Haatik, komeni da ondo bereiztea zerk bultzatu duen Ibarretxe horrelako plan bat mahai-gainean jartzera eta zer den benetan mahai-gainean jartzen duena. Proposatzen duena, berak esan bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeentzat estatutu berri bat da. Ahalmen berriak izango omen dituena, baina, betiere, Espainiako legalitatearen arabera osatua, «atxikimendu libre» delakoaren arabera. Guretzat, finean, Espainiako subiranotasunaren menpe dagoen plan bat da. Ez du soluziorik ekarriko eta SAk ez du gatazka konpontzeko plan egokitzat jotzen.
Ibarretxeren planak Legebiltzarrean bere bidea egingo du. Zein izanen da SA talde parlamentarioaren jarrera? Planarekin ados izan ez arren, planari bidea egiten uztearen alde al zarete?
Euskal Herriari ezin zaio 25 urte hauetan eskaini zaion irtenbide bera eskaini berriro ere. Hori ez da batere serioa. Euskal Herriak irtenbide globalak eta behin-betikoak behar ditu. Plana ez da konponbidea. Kontua da plana aurkeztea zerk motibatu duen argitzea.
Zerk motibatu du planaren aurkezpena?
1979an herri honi inposatu zitzaion tramankulu autonomikoa erori izanak, EAJk berak orain onartzen duena. Baina EAJk kontraesanetan murgilduta jarraitzen du. Bere interesak ditu -gordean noski- eta marko autonomiko berri bat eraikitzeko arazo izugarriak. Hona bere arazo bat, funtsezkoa: ezker abertzaleak jokaleku politiko berri bat sortu izana. Azken hamarkadan nazio kontzientzian urrats izugarriak eman dira ezker abertzaleari esker. EAJren arazoa orain, bere interesen araberako eskaintza bat gauzatzea da. Izan ere, herri mailan kontzientzia nazionalaren ikuspegitik egiten ari den eskaerari erantzun behar dio EAJk, Euskal Herri osoaren ikuspegitik egindako eskaerari. Paradoxa horrekin egin du topo EAJk.
Ez al da ere paradoxikoa, 25 urteren ondoren, ezker abertzalea ere hor egotea, Espainiako Konstituzioa sorburu duen Eusko Legebiltzarrean, alegia?
Bai. Baina guk Gasteizko Legebiltzarra ez dela herri honen etorkizunerako abiapuntua mantentzen dugu. Alegia, guk ez dugu Ibarretxeren plana onartzen. Gure ikuspuntutik, eta hau funtsezkoa da, hemen inork ez du pentsatzen Euskal Herriak bi estatuekin duen gatazka politikoa Ibarretxeren planak konpondu dezakeenik. Ibarretxek berak ez du sinesten bere planaren inguruan gatazka politikoa konponduko denik. Eta ez du sinesten badakielako Euskal Herriaren zati batek baiezkoa eta beste batek ezezkoa emango diola betiere. Baina, bien bitartean, guk kontsultaren puntuari garrantzi handia ematen diogu. Guretzat, etorkizunaren oinarria jartzeko mekanismoa hori delako. Ezker abertzaleak «Euskal Herriak du hitza eta erabakia» lemapean aurrera egin du gatazkaren konponbidean. Lema horrek sostengu handia du eta konponbidea hortxe dago. Horregatik, Legebiltzarrean, gure jarduera galdera honetan datza: nola galdetzen ahal zaio Euskal Herri osoari zein etorkizun nahi duen? Galdera honen inguruan aurki gaitezke.
Zein da ezker abertzalea gainontzeko abertzaleekin aurkitzeko zuek proposatzen duzuen bidea?
Guk bi printzipio argi daukagu. Lehena, Euskal Herri osoa subjektu bezala hartu behar dela, herri baten geroaz ari gara ez herri baten zati baten geroaz. Bigarrena, berriz, herri honetako herritarrek euren etorkizunaren erabakitzeko eskubidea onartu behar dela. Guretzat hain da sinplea!
Sinple dirudi, baina hori nola egiten da?
Ezker abertzaleak proposamen asko jarri du aipatutako bi printzipio horietan oinarrituta. KAS Alternatiban hasieran, Alternatiba Demokratikoan gero, Lizarra-Garaziko Akordioan egindako ekarpenetan, Batasunak egindako proposamenetan ere badaude printzipio horiek. Hala ere, ez da printzipio horiek mahai gainean jartzeko unerik aproposa, gu ez gaude horretan. Orain, printzipio horiek oinarri hartuta, hurbiltzeko eta hitz egiteko unea da. Ezker abertzalearen planteamenduek sortu dituzten galderei ea abertzale guztiok elkarrekin erantzuteko gauza garen aztertzeko unea da.
Nola bidera daiteke -printzipio bezala- Euskal Herri osoaren ezagutza onartuko duen prozesua, helmuga autodeterminazio eskubidea gauzatzea delarik?
Guk Euskal Herri osoak erabaki behar duela eta Euskal Herriaren etorkizunaren subjektua Euskal Herri osoa dela diogu. Eta zentzu honetan, lehenik, bi estatuek herri hau ezagutu behar dute bere osotasunean, herri bakarra dela onartu behar dute lehenik. Autodeterminazioaren eskubidea herri osoarentzat da. Euskaldun orok eskubidea du kontsultan parte hartzeko. Beste gauza bat da, Euskal Herria osoarentzat egitura politiko oso bat antolatzea. Gure ustez, Euskal Herria osatzen duten lurralde ezberdinek haien ahots propioa eta haien eskumenak izan beharko dituzte egitura politiko horretan. Lurralde bakoitzak egitura politiko horretan izan nahi duen lekua hautatu behar du, egoteko nahi duen era aukeratu behar du, eredu ezberdinak izan daitezkeelako. Alegia, Euskal Herriaren barne egituraz asko hitz egin behar da. Baina, Ibarretxek ez du hori azaltzen. Azken 25 urte hauetan bezala, ez ditu gauza horiek argitzen, aitzitik, gauzak nahasten ditu. Adibidez, non geratu da Gernikako Estatuaren bidez nafarrei egin dakiekeen kontsulta? Ibarretxeren plana oso larria da, honela diolako: «Oraingoz hiru herrialdeetan estatutu berri bat erabakiko dugu eta gero gainontzeko lurraldeei, hala nahiko balute, egitura politiko honetan parte hartzeko aukera emango diegu». Baina nor da Ibarretxe edo hiru lurralde hauetako inor beste lurraldeen erabakitasunaz ezer esateko? Ibarretxeren planak -ez apriorismo batetik egina delako, 25 urteko esperientzia politikoaren ondoren egina delako baizik-, ez du Euskal Herria osoa biltzen bere horretan.
Arnaldo Otegik "Prozesuan nola lagundu dezakeen gogoeta egiteko unea du ETAk» esan du «Berria»n. Bat al zatoz?
Ados nago. Guztioi iritsi zaigu gogoeta egiteko garaia. Benetan diotsut. Baina, Ibarretxe planak guztion arteko elkarrizketa lantzeko borondatea agertu behar du. Hau da, gatazka gainditzeko guztiok ahal dugun guztia egin dezagun ahalbidetu behar du. Baina denok! ETAri gogoeta egiteko garaia iritsi zaiola? Bai. Baina guztioi iritsi zaigu. Guk gure printzipioak eta borondatea agertu ditugu. Unea iritsi da gatazka konpondu nahi dugunon artean esertzeko. Espainiako eta Frantziako Estatuak eta beren gobernuak ez daude gatazka konpontzeko logika batean, ados, hala ere, ezin dezakegu onartu haiek ezinbestekoak direla herri honen oinarriak eraikitzeko.
Ezker abertzaleentzat EAJren jarrera da giltza, antza. Nola ikusten duzu EAJ, ziklo berri honetan?
EAJk iniziatiba politikoa hartu zuen 2001eko hauteskundeen ondoren. Olatu horren gainean aurkeztu zuen Ibarretxeren plana. Horrela ikusita, badirudi ziklo politiko hau orduan ireki zela. Baina hori ez da horrela, eta EAJk badaki hori. Beste gauza bat da burutzen ari den kudeaketa politikoa. Oraingoz ondo joan zaio. EAJk kartak gorde ditu planaren garapenean. Batetik, estatuari begira, Espainiako Gobernuaren alternantzia posible bati begira ari da, eta bestetik, ezker abertzaleari begira. EAJ ezker abertzaleari begira dago, baina ez borondate onarekin. EAJ bi estatuek ezker abertzalearen aurka daramaten errepresio politikoaren ondoren geratuko den ezker abertzalea aztertzen ari da, olatu errepresiboak utz diezazkiokeen emaitzen zain.
Itxaropen gutxi duzue, beraz?
EAJ ezker abertzalea hor dagoela jabetzea espero dugu, alternatiba politikoa eskaintzen duen ezker abertzalea badela, irtenbide bat bilatzeko borondatea eskaintzen duena. Artean, EAJk bere definizio arazoak gainditu behar ditu. Erdibideko aukerak agortu zaizkio. EAJk erabaki behar du. Nahiz eta Euskal Herriaren egoera zorionekoa ez izan, zorionez, EAJk ezin dio herri honi 1979an egin zion eskaintza bera egin. Hau da, Espainiarekiko eskaintza. Orain, Espainiarekiko eskaintza egin behar du edo Euskal Herri osoarekikoa. EAJ orain bigarren honen planoan dago, baina ertz batean.