Itxinako Supelegor koba: Lapurraren espiritua

  • Artzainek eta ikazkinek ezagutzen zuten ondoen Itxina, 1.100 metrotan dagoen eta hamabi kilometrotako perimetroa duen inguru karstikoa. Txondorrek eta ardiek apaintzen zituzten inguruko zelaiak. Bizkaian dagoen paraje bakarti eder honetara joan gara Supelegorreko koba ezagutu asmoz. Gainera, Zezengorriren arrastoak ikusteaz gain, pasabide den Atxularren begia edo atea ere igaroko dugu.

Urigoitiko elizatik gora abiatuko gara, garai bateko kontu zaharrak gogoan. Barandiaranek "Diccionario de la Mitología Vasca" bere liburuan dioenez, lurpeko jenioak askotan azaltzen dira zezen gorrien itxurarekin. Horrelako animaliak sarritan agertzen dira gure ipuin eta elezaharretan. Leku batean edo bestean izen ezberdina hartzen dute: Zezengorri, Txahalgorri, Zekorgorri, Behigorri, Ahatxegorri, Zezensuzko, Ahatxe... Ustez altxorrak dauden leizeak zaintzen dituzte. Zerbait txarra gertatuko dela adierazteko ere agertzen dira eta baita gaueko ibiltariak izutzeko ere.

Laugarren ataka pasa eta gero elorri sail batean sartu gara. Egarri pixka batekin goaz Ordeko iturrira eta Atxaseko monolitoen ingurura. Ordeko iturrian ura edan ondoren, gorantz jarraituko dugu pagadi zahar eta txikian. Auskalo zeren lekuko izan ziren inguru zahar hauek. Elorri zaharrak ere ugari dira inguru hauetan.
Pagadia igarota Atxularren begia markatzen duen punturaino iritsi gara. Ordeka honetara iritsita, eskuinera hartu dugu Atxularren atera iristeko aldapa baten ondoren. Atxularren atea igaro eta beherantz jo dugu. Zulogune bat eskuinetik igaroz bidegurutze batera iritsi gara. Bertan, eskuinaldera hartu behar da, beherantz, ezkerrekoa alde batera utzita. Ezkerrekoak Arruba ingurura eramango gintuzke Lexarditik barrena. Beherantz goazen heinean beste bidegurutze batera iritsi gara eta eskuinari heldu diogu Supelegorreko kobazulorantz. Hemendik aurrera cairn-ekin (harriekin osatutako piloekin) gidatuko gara. Eskuinerantz goaz, altuera galduz. Cairn-en seinaleak jarraituko ditugu. Supelegorreko haitzuloa begi-bistan daukagu. Barneko iluntasunean elezaharren zertzeladak gogoratu ditugu. Aspaldi lapur bat bizi omen zen Orozkon eta negozioa ez omen zihoakion batere gaizki. Egunero lapurtzen omen zuen zerbait eta balio handikoa gainera. Herriko aguazila eta herritarrak bere bila etengabe aritu arren, ez zuten inoiz harrapatzen.

Itxina mendiko leize batean zuen bere gordelekua eta han jasotzen zituen lapurtu ahala altxor guztiak: urrezko txanponak, kateak, eraztunak, uhalak, perlazko koilareak... Ali Babaren gordelekua zirudien gordeleku hark.

Batzuetan Orozkotik urruti joan behar izaten zuen "lanera", lurralde hartan oso ezaguna zelako eta mikeleteen arrastoa gertu izaten zuelako. Gauero egoten ziren zelatan, lapurrari eskua noiz botako. Horietako batean, etxetik urrun zebilela hil egin zen. Historiak ez digu argitzen nola zendu zen. Herio topatu zuten tokian lurperatu zuten, behintzat.

Orozkon horren berri izan zutenean talde bat osatu zuten Itxinara joateko, lapurraren altxorraren bila. Egunak eta egunak igaro zituzten leizearen bila, baina ez zuten aurkitu. Azkenean, etsita, etxera itzuli ziren bila joandakoak.

Handik denboraldi batera Bilboko jauntxo batzuk etorri ziren Orozkora. Mapa eta seinalizazio ugari zekartela. Itxina mendira joan eta ordu gutxitan topatu zuten Supelegorreko leizea. Albiste onak leizearen inguruak laster bete zituen begiluzez eta, sekulako zeremoniz eta espantuz, barrura sartzen hasi ziren.

Taldeko lehenengoak hanka leize barruan sartu orduko, ordea, hots izugarria entzun zuten; zezen basatiarena zirudien, baina askoz ere ozenagoa zen. Gizonak, odola hormaturik, berehala atera zuen hanka. Leizeko deabrua zela uste zuten batzuek, baina beste batek ezetz zioen, hots horiek haizeak egiten zituela zuloetatik sartzerakoan. Hori esan zuena aurretik bidali zuten.

Gizon ausart hura leizera sartzen hasi zen. Ez zuen aitaren egiteko ere betarik izan! Zezena azaldu zitzaion sudurretik kea zeriola. Zezen arruntak baino bi bider handiagoa zen. Animaliak behin eta berriro putz egin zuen eta lurra hankekin harrotzen hasi zen, han zeudenak erasotzeko asmo garbiarekin.

Gizonak mugitzeko ere gauza ez zirela zeuden ikaraz, baina hura ikusi zutenean, lasterka atera ziren leizetik. Orozkora itzuli eta hango jakintsuenei galdezka hasi ziren. Bakoitzak bere moduko azalpenak ematen zituen. Batzuentzat deabrua zen bere adar eta guzti, besteentzat, Mari zen. Baziren baserritik alde egindako zezen arrunta zela esaten zutenak ere. Azkenean, adinekoenak etxera itzuli zen lapurraren espiritua zela esan zuen eta atsedena hartzekotan bere hondarrak bertan behar zituela. Horrela bada, beste lagun talde bat osatu zuten lapurra hildako lekura joan eta haren hezurrak ekartzeko.

Handik egun batzuetara itzuli zirenean leizearen sarreran utzi zituzten. Berehala hauts bihurtu ziren. Berriro leizera sartzen ausartu zirenean, zezenik ez zela agertzen ikusi zuten, ezta inolako hatsik entzuten ere. Altxorra, berriz, han zegoen oso-osorik, distiratsu.

Altxorra herrira jaitsi zutenean eta ospakizunak egiten ari zirenean, hats artean, izugarrizko algara entzun zuten. Altxor guztia desagertu zen inolako arrastorik utzi gabe.

Haitzulotik atera eta kontakizuna birgogoratu ostean, Supelegorren behealdetik doan bidezidor bati jarraitu diogu, beti ere cairn-ei begirik kendu gabe. Eta poliki-poliki, bidean gora, Atxaraingo leporantz egingo dugu.

Atxaragungo lepoan, eskuinaldean, Aizkorrigaingo muturra dago. Bertara heldu eta ondoren, lepo honetatik beherantz egingo dugu. Pausoa harkaitzen gainean doala, bide zehatzik gabe iritsi gara tontorrera. Gorbeia atzean dugula bista ederrez goza dezakegu. Itzulera ere, arreta handiz egin dugu.

Kanaletik behera jaitsiko gara. Euria ez da bidelagunik jatorrena izango gain behera honetan. Beheraino jaitsi behar da kontuz-kontuz, garai bateko kanal batekin topo egin arte. Ubegiko iturburura iritsi ondoren, bertako putzuetan, lizarraren babesean freskatu bat hartu eta bagoaz abiapuntua izan den Urigoitira.

Ibilbidea

Urigoiti. Goialdean kotxeentzako tokia badago.
Hormigoizko bidea utzi eta ezkerreko bidezidorra hartu.
(0:05) Lehenengo ataka pasa eta hariztiaren ondotik segi.
(0:20) Bidegurutze bat. Pagadia ezkerrera utzi eta gorantz jarraitu.
Hirugarren langa. Pinudian zehar Itxinako harkaitzak gero eta gertuago daude.
(0:30) «Atxular ordubetera» kartela. Beste bidetik Zaloara 50 minutu.
Garbiune batera iristean Atxaseko kandelak hegoaldean. Gorantz jarraitu hesiaren ondotik.
(1:00) Ordeko iturria. Gora pagadi zaharretik.
(1:20) Atxularren begia markatzen duen puntua. Hego mendebaldeko norabidea hartu. Atxularren atea parez-pare duzu.
(1:30) Atxularko begia.
Bidegurutzean eskuinaldera.
(1:50) Supelegorreko haitzuloa.
Haitzuloaren behealdetik bidezidor bati jarraitu. Atxaraingo leporantz gorantz.
(2:30) Atxaragungo lepoa. Eskuinean Aizkorrigaingo muturra.
Kanaletik beheraino jaitsi ur kanal batekin topo egin arte. Ipar ekialderantz, eskuinerantz.
(3:40) Ubegiko iturburua.
(4:00) Urigoiti.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude