Antonio Campos: «Ikastolen hurrengo erronketako bat gurasoak berriz partaide izatea da»

  • Bi urte dira jubilatu zenetik. Baina berandu da geldirik egoten ikasteko. Saltsa pixka bat behar eta aspaldiko «proiektutxo» batean sartu da buru-belarri: arraunerako pista olinpikoa egitea eta behin hasiz gero, Europako onena izan dadila.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Donostiako seminarioan ikasi zenuen bederatzi urtez. Nolako esperientzia izan zen?
Txikitatik esaten nuen seminariora joan nahi nuela, baina ez apaiz izateko, gotzaina izateko baizik! Orduko giroan nahiko logikoa zen "bokazio" hori sortzea. Hamaika urterekin joan nintzen, Donostiako seminarioa ireki zuten urtean. Inaugurazio ofiziala hurrengo udan egin zuten, eta halakoetan pertsonaia «ilustreren» bat behar izaten zenez, Franco izan zen pertsonaia hura. Han ginen gu, seminarioko abestiak kantatzen.
Asko zor diot garai hari. Jakina, ematen ziguten heziketa ulertzeko denbora hartan kokatu behar duzu. Oso gogorra zen. Han izaten nuen bezalako astelehenik, sekula ez dut handik kanpora sufritu. Eta pentsa, han igande bat zer izaten zen: zazpi eta erdietan meza, gosaldu eta berriro meza nagusia, bazkal aurretik ikasi, bazkaldu ostean bezperak eta gero ikasketak.
Seminarioko argazkilaria ere izan nintzen. Bi lagunek laborategi bat jarri genuen martxan. Telletxea historialaria Erromara joaten zen ikastera; "liburutegiko sagua" deitzen zioten Erroman. Hango eskuizkribuak argazkitan ateratzen zituen, eta guk errebelatu eta handitu egiten genizkion, gero transkripzioak egiteko.

23 urte zenituela sortu zen Orioko Arraun Elkartea, eta bertako lehendakari hautatu zintuzten. Elkartea ez zen arraun tradizionalari begira sortu, banku mugikorrerako baizik. Zergatik?
Ikusten genuen hemen bazegoela gaitasuna mundu mailan edozeinekin neurtzeko. Eta mundu mailan egiten zen modalitatea, arraun olinpikoa (edo banku mugikorra) zen.
Sorrerako taldetxo hartan zebilen Patxi Sarasua, eta hain justu bere aita, Inazio Sarasua patroi famatua, Gerra Zibilak harrapatu ez balu olinpiadetara joatekoa zen. Bere garaian famatuak ziren bateletako apustuetan oso ondo jarduten zuen Sarasuak, eta norbaitek hartu eta skiffean erakutsi zion, beste jendearekin proba zedin. Onenetakoa behar zuen frantses bati ere irabazi omen zion. Olinpiadetarako prestatzen ari zela, Bartzelonan harrapatu zuten. Harrezkero Orion ez zegoen halako esperientziarik mugikorrean, eta modalitate hori bultzatzea izan zen gure buruari jarri genion helburua.
Entrenatzaile alemaniar bat ekarri genuen, eta hark esan zigun gauzak nola egin, hemen mugikorrean zekien bakarra Patxi Sarasua baitzen. Zeharo ezberdina da mugikorra, eta ikasi egin behar zen.

1965ean sortu zen Arraun Elkartea eta 1968an jada nazioarteko estropadak egin zenituzten Oxford eta Cambridge-ko unibertsitateekin, arraun olinpikoan.
Irlatatik ateratzen ziren lehen aldia izan zuten estropada hura. Hemen ikaragarrizko arrakasta izan zuen estropadak. Hamar mila pertsona inguru etorri zen, sarrera ordainduta. Beste hamar urtetan errepikatu genituen estropada haiek. 1969an TVEk lehen aldiz erabili zituen helikopteroak estropada emititzeko eta urteko kirol ikuskizunik interesgarriena izendatu zuen. 1965ean arraun mota hori zer zen ez genekien, eta 1968an jada gonbidapenak jasotzen genituen Belgikatik, Holandatik, Parisetik...

Mugikorrean aritzen ziren mutilekin, 1970ean atera zenuten lehen aldiz trainerua, Kontxako estropadan. Zer esanik sortu zuen...
Arraun mailan iraultza bat izan zela iruditzen zait. Ordura arte arrauna lehia zen, kirola baino gehiago; Kontxa baino lehen koadrila osatu, hilabete batean entrenatu eta lehian jarduten zuten, baina ez ziren kirolariak. 1970etik aurrera kirolari izaten hasi ziren. Zergatik? Guk Kontxan bigarrenari minutu bat kendu geniolako. Prestakuntza fisiko ikaragarria zutela frogatu zuten gureek.
Garai hartan kirol medikuntzarik hemen ez zen ezagutzen, eta guk jada gure tripulazio osoa hartu eta Pariseko Kirol Medikuntzako Zentrora eramana genuen. Han errebisioak egin eta prestakuntzan laguntza bilatu genuen. Dena musu-truk, gainera. Entrenatzaile frantses baten bidez lortu genuen hori dena. Entrenatzaile hura Zarauzko Kirol Elkarteak ekarri zuen Maiz korrikalari aiarra entrenatzeko. Gero guk hartu genuen arraun talderako, eta hark sartu zigun prestakuntza fisikoaren eta kirol medikuntzaren kontzientzia.

Oria bailaran pista olinpiko bat egiteko proiektua omen duzu.
Aspaldiko proiektua da. Orain, lasaitasuna etorri zaidan garaian saltsa pixka bat behar nuenez, buru-belarri sartu naiz proiektuan, Patxi Sarasuarekin batera. Pista olinpikoa igerilekua da, 2.100 metro luzeran, 125 metro zabaleran eta sakonean lau metro dituena.
Euskal Herriak kirolen batean nor izaterik badu, hori arraunean da. Frogatuta dago gainera: banku mugikorra oso gutxi egin da hemen, eta hala ere urrezko dominak eta abarrak badauzkagu. Arraunean nor izaterik badaukagu, eta gainera beste inoren beharrik gabe. Futbolean Espainia edo Frantziako Ligan parte hartu beharra dugu. Arraunean, Baionatik hasi eta Zierbenara bitarte 40 klub inguru badaude, eta nahiko jende badago hemen bertan gure txapelketa antolatzeko. Gainera arrauna da mundu mailan gehien egiten den bigarren kirola. Alemanian, adibidez, 500.000 fitxatik gora daude.
Baina behar bezala entrenatzeko eta txapelketa ofizialak antolatzeko, nahitaez behar da pista olinpikoa. Pista olinpikoa edukiko bagenu, banku mugikorrean, adibidez, urtero-urtero 30 nazio garrantzitsuenekin estropada antolatzea posible litzateke. Kirol mailan eta baita kanpoko jendea Euskal Herrira erakartzeko ere, indar handia izan dezake horrek. Atzerrian oso fama txarra daukagu eta hori gainditzea oso zaila dugu, gure eskuetan ez dagoelako informazioa zabaltzea. Jendea erakartzeko halako traktore batzuk behar dira, eta kirola gizarteko sektore askotara iristen da.
Bestetik, guk ezagutzen ditugu Europan dauden pista olinpiko guztiak eta badakigu zer akats dituzten; horiek zainduta posible genuke Europako pistarik onena egitea, erreferente bihurtuko litzatekeena. Txapelketa garrantzitsuak daudenean jendea hona etorriko litzateke entrenamenduak egitera. Sekulako mugimendua sor daiteke. Sevillan, adibidez, arraunlariekin urtero 60.000 hotel plaza betetzen dira txapelketak alde batera utzita.

Ikastolek sorreratik gaur arte egin duten bide osoa bertatik jarraitu duzu. Zer da prozesu horretatik nabarmenduko zenukeena?
Ikastolen sorrera da adibide bat. Horrek erakusten du herri honetan dagoen nortasun berezia, indar berezia, edozeri txispak ateratzeko. Ikaragarria da. Zorionez norbaitzuk pentsatu zuten, euskara desagertuko ez bazen eskola irabazi behar zela. Eta beste norbaitzuk hori bultzatu zuten. Eta mentalitate hori kolpetik zabaldu egin zen ikaragarri. Harrigarria da, egoera guztiaren aurka hasitako zerbait izan zen. Gurasoak bere seme-alabari heziketa ona eman nahi dio, eta horretarako sartzen du euskarazko eskolan: ez dirurik, ez irakaslerik, ez libururik, eta ez ezer ziurtatua ez zegoen ikastolatan. Apustu oso gogorra izan zen, militantziatik asko behar zuena.
Urte gutxian, ezer ez edukitzetik gauza askotan puntakoak izatera pasa gara. Herri honetan edozertarako gaitasuna dago eta ikastolen dinamismo hori, irakasle profesional eta militanteei asko zor zaie. Zorionez, oraindik halako irakasleak asko dira. Ikastolek erreferente garrantzitsua izaten jarraitzen dute. Ikastolen Federazioan nintzela, esaterako, Italiatik etorri zitzaizkigun eskakizunak, hemengo irakasleak joan zitezen hango irakasleak prestatzera; hizkuntza minorizatuak nola indartu eta hirugarren hizkuntza nola landu kontatzea nahi zuten. Eleaniztasun proiektua ere (txikitatik hirugarren hizkuntza txertatzekoa) Gipuzkoako Federazioan sortu zen; Europako unibertsitateek (Monako, Belgika eta Italiakoek) ere parte hartu dute, eta horren gidaritza hemendik eraman da.

Orain ikastolak "normalizatu" direnean, zailagoa al da gurasoek parte hartzea?
Bai, etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako bat hori da. Gurasoak hasiera batean denean zeuden, dena egin beharra baitzegoen: irakasleak bilatu, ikastetxea eraiki, sistema guztia abian jarri... Egoera egonkortu denean, gurasoen partaidetza pixka bat helbururik gabe-edo gelditu da. Eta hor dago datozen urteetako erronka. Gurasoei berriro protagonismoa eman behar zaie.
Gainera orain irakaskuntzak gora egin beharrean, behera egin duela uste dut. Gaur dauden baliabideekin (prestakuntza aldetik, testuliburu aldetik, dauden irakasle pilarekin...), askoz egoera hobean egon behar genuke. Baina arazoak ere gero eta gehiago daude, nire ustez gurasoa aldendu egin delako, erretiratu egin delako proiektu horretatik, ardura guztia eskolari utziz. Eta heziketa integral bat inolaz ere ezin da egin eskolarekin bakarrik. Irakasleari gaur gertatzen zaiona da ezin duela diziplina jarri, errespetu falta ikaragarria dagoela. Errieta egin edo zigor bat jarriz gero, gurasoa kargu eske etortzen zaizu. Nahitaez lotura sendo batek egon behar du guraso eta ikastolaren artean. Lotura horretan berriz ere asmatzen denean, heziketak gorakada handia emango du.

Heziketan faktore ezberdinak daudela eta horien artean familia behintzat errekuperatu behar dela diozu. Zuen garaian beste faktore bat Eliza zen.
Gure garaian heziketan hiru faktore zeuden: familia, eskola eta eliza. Ez dut esaten Eliza errekuperatu behar denik, baina nolabait espiritualtasun hori ere errekuperatu egin behar da. Gose hori badagoela sumatzen dut. Kutxan lanean aritu nintzenean kultura arloko hitzaldiak-eta antolatzen, Dalai Lama moduko pertsonaiak ekartzen genituenean sekulako arrakasta izaten zuten jende gaztearengan. Horrek zerbait esan nahi du, hor zer edo zer faltan dugu. Gaur dauden Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere zerbait adierazten dute.

Ikastola batzuk sare publikoan sartzean eta besteek eremu kontzertatuan jarraitzean sortu ziren zauriak nola daude gaur egun?
Gauzak ez dira konpondu, eta eztabaida horretan, «publiko» eta «pribatuaren» kontzeptuak biziatu egin dira. «Publikoak», gaur egun, jabea estatua den eskolak dira, administrazioen eskolak. Hori gizarte ikuspegitik begiratuta, zergatik da «publikoagoa», gizartea jabe den ikastolak baino? Nik uste ikastolak askoz ere gertuago daudela gizarte horretatik, gizarteak berak antolatzen baititu. Eskola «publikoak», berriz, administrazioak antolatzen ditu, urruti dagoen zerbaitek. Titularitate pribatua edo publikoa izan, azken batean zerbitzu publiko bat ematen ari dira. Beraz, kontzeptu horiez baliatuta sare «publikokoei» diru guztia ematea eta besteei zati bat bakarrik ematea, absurdua da. Eta absurdua da, ikastolek eraikuntza bat egin behar dutenean oraindik ere gurasoek euren poltsikotik jarri behar izatea. Diskriminazio ikaragarri honek ez dauka logikarik.

Administrazioak zer interes zuen ikastolak sare publikoan sartzeko?
Ikastolak gero eta indar gehiago ari ziren hartzen. Zeramaten martxan jarraitu balute, Gipuzkoan, adibidez, gaur ez zen eskola publikorik egongo. Hezkuntzan sozialistak zeuden, eta gobernu sozialista batek halakorik ez zuen onartzerik; administrazioaren eskolak edukitzen jarraitu behar zuten, nahitaez.
Ikastolei sare publikoan sartzeko jarri zitzaien baldintza ekonomikoa zen, ez ideologikoa: "sare kontzertatuan jarraitzen baduzu, ikaragarri kostako zaizu irautea. Eta sare publikora pasatzen bazara, zure proiektuak berdin-berdin jarraituko du baina diru guztia izango duzu". Administrazioan buru zeuden batzuei garbi esan nien: "Beraz, ikastola hau ez da errentagarria eta bere horretan segituz, sare publikoan errentagarria izango al da? Zergatik? Sare publikoan eman behar dituzun diruak eman iezazkidazu niri".
Bestetik, sare publikoan sartuz gero ikastolek berdin-berdin jarraituko zutela zioten, baina hori ez da posible, beste sistema batera sartzen zarelako. Ordura arte gizartetik sortzen ziren zure gobernuko organoak eta zu haien menpe zeunden. Orain administrazioaren menpe zaude. Hori zeharo aldatzen da, irakasleen aukeraketatik hasita.

Administrazioak sare publikoan deszentralizaziorantz pausuak eman nahi dituela dirudi.
Asmakizuna herri honek egin zuen eta sistema perfektua da: gurasoek eta irakasleek zuzentzen dute eskola, eurak direlako errealitatea zuzenean bizi dutenak. Eta eskola bakoitzari ematen badiozu pedagogia mailan lan egiteko aukera, eta gainera eskolak euren artean biltzen badira, askoz ere proiektu hobeak egingo dituzte. Administrazioaren funtzionario sisteman, profesionalak izateaz gain militanteak diren irakasleak sortzea zaila izango da.
Administrazioak ikastola batzuk behartu ditu beste sistemara pasatzera, eta orain zera ikusi du: "Ez, zuena (herriak sortua) askoz hobea da, eta lehengora itzuli behar dugu". Lehengo sistemara itzultzerik ez dute nahi (titularitatea eskolari emanez eta administrazioak behar bezala diruz lagunduz), eta gainera, sare «publikoan» ez gaudelako ikastolak diskriminatu egiten ditu.

Curriculuma
jaio: Orion, 1942an.

Ibilbidea
Donostiako seminarioan egin zituen ikasketak.
Orioko Arraun Elkarteko lehendakaria izan zen, bere sorreratik (1965etik 1977ra).
1966tik 1970era Real Sociedaden egin zuen atletismoa.
Kutxan egin du lan 33 urtez. Orain jubilatuta dago.
Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari izan zen 22 urtez. Ikastolen Konfederazioko lehendakaria 14 urtez.
Duela zortzi urte sortu zen Easo Kapera Gregorianistako kidea da.

Lehiatila
«Kutxan egin dut lan, euskara departamentuan. Argazkirako behintzat euskara kontuetan dirua gastatzen zen. Baina politika pasiboa zen: ‘Eskatzen badidate emango dut, baina nire kabuz ez dut ezer egingo Kutxa euskalduntzeko’. Euskaraz dakiten bezeroek euskaraz eskatuko balute, lehiatilan ez litzateke bakar bat ere egongo euskara ez dakienik. Errua kanpokoari botatzen diogu, Gobernuari, baina asko dago gure jarreraren esku».

Bertsoa

Doinua: Gau eder batek ninduen

Ikastolaren bidea
kilometroz kilometro,
osatuz aritu zera
ilusio bat tarteko.
Orain apustu berriak daude
agian zaharren pareko,
ikastola gai izango al da
pauso hoiek emateko?

Zazpi metroko jauzia
»Gaztetan atletismoa egiten nuen, Realean. Entrenamenduetan ondo nenbilen, luzera jauzian; zazpi metrora iristen nintzen, eroso xamar. Baina lehiaketak hasi bezperan, zuntz haustura egin nuen. Urte osoa pikutara. Harrezkero ez nuen lehengo abilidadea errekuperatu. Lehiaketan zazpi metroko jauzia egin gabe gelditu naiz.
Trauma hori, arantza hori, barruan dut. Oraindik askotan egiten dut amets, jauzi egiten dudala. Ametsetan 10,12 metro ere egiten ditut, aise!»


Azkenak
2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


Eguneraketa berriak daude