Euskarazko Hezkuntzan etorkizun bideragarri bat lortu xedez, jaialdiaren ikuspegia ondoko herri eta bailaretara zabaltzeko apustua egin du Arangoiti ikastolak. Zonaldeko natura eta kultura kontuan hartuta, izaera propioa eman nahi izan diote antolatzaileek Nafarroa Oinezi. Pozik eta itxaropentsu, urteetan jarraitu izan duten helburu baten lorpenean ezarri dituzte begiak irunberriarrek, ikastolaren egoera normalizatzean. Nafarroako Administrazioaren hizkuntz politikak eremu ez euskaldunean kokatzen du ikastola. Gobernuak Euskararen Legeari buruz egiten duen irakurketan oinarrituta, eremu ez euskaldunean ikastolarik ezin daiteke eraiki. Arangoiti ikastola, ez da legezkoa, baina ezta legez kanpokoa ere. Egoera berean daude Nafarroako beste hiru ikastola.
Euskara izanen da, ordea, egun horretako protagonista nagusia. "Harriz herri, Irunberri" lemapean, ingurune honetan euskal hizkuntzak bizi duen krisiari aurre egin ahal izateko parte hartze eta konpromisoa eskatuko da. Lema horrek jasotzen dituen hiru kontzeptuekin trinkotasuna, gizartea eta ospakizunaren eszenatokia agertu nahi izan dituzte, hurrenez hurren. Logotiporako, aldiz, saia erabili dute. Paisaiari oso loturiko animalia da berau. Ospe txarra duen sarraskijale horri buruzko informazioa zabalduko da urriaren 19an. Irudi hori aukeratzeko arrazoietako bat, animalia beraren ezaugarriak kontuan hartzea izan da. Saia inguruan tinko mantendu den hegaztia da, animalia birziklatzaile naturala eta zaborra desagerrarazten trebea.
Gertutasunari helduz, Nafarroa Oinezeko aurtengo kantua ere ingurukoek sortu dute. Oreka TX-eko Arkaitz Martinek egin ditu letra eta musika. Abeslaria, berriz, Mintxo Garaikoetxea da, herriarekin eta ikastolarekin harreman estua duen musikaria. Haurrek ere izan dute inplikaziorik, eurek egin baitituzte kantuaren koruak.
Harria eta herria elkartuz
Egungo errealitate eta errealitate historikoa ezagutzera emanez, bertako jende, kultura eta ohiturei loturiko gaitasunen erakusleiho izango da Irunberri urriaren 19an. Ekintzak ugariak eta ezberdinak izango dira, besteak beste, kirolaz, naturaz, musikaz, historiaz, jolasez gozatzeko aukera izango da.
Inguruko bailarak inplikatuz, zonaldeko Nafarroa Oinez egitea izan du helburu Arangoiti ikastolak. Hala, zazpi kilometro eta erdiko ibilbidean sei gune izango dira eta bakoitzak bailararen izena emango du, hots, Irunberri, Aezkoa, Agoitz, Zangoza eskualdea, Erronkari eta Zaraitzu. Gune bakoitzean lurraldeari dagokion bereizgarriak erakutsiko dira. Irunberriko gunean, zehazki, bi gune txiki bereizten dira: ikastola gunea eta Irunberri gunea. Lehenengoan haurrei zuzendutako ekintzak burutuko dira eta bigarrenean, berriz, dantza eta musika emanaldiak, herri kirolak, betizuak eta disko festa izango dira. Era berean, ikastolaren mugarri izan diren familia eta irakasleak omenduko dituzte.
Nola joan
Aurreko urteetako jaialdiak eredu hartuta, 100.000 lagun inguru biltzea espero dute. Hori dela-eta, aparkaleku handiak prestatu dituzte egun horretarako. Antolatzaileen gomendioei jarraituz, hiru sarrera nagusi izango dira. Iruñetik datorren errepide nazionaletik Iruñeko jendea sartzea eskatu dute. Bestetik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik gerturatzen direnak, nazionalera sartu aurretik, foruzaingoak Agoitzeko errepidetik desbideratuko ditu. Autobusak batez ere sarrera horretatik sartzea gomendatu dute. Azkenik, Erribera aldetik doazenei, Tafallatik Zangozara eta Zangozatik Irunberrirako bidea jarraitzea gomendatzen zaie. Gomendioak gomendio, trafikoak eta eguraldiak izanen dute azken hitza.
Lanerako gogotsu
Nafarroako Pirinio aurrean, Agoitz-Irunberri deituriko arroan eta Zangozako Merinaldean aurkitzen da Irunberri. Bere kokagune geografikoa dela-eta, Irunberri, Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoako bailaren arteko topaketa historikoen puntu ere izan da. Horrek guztiak Irunberriko biztanle eta bailara hauetako jendearen arteko harreman hurbilean eragin du. Hain zuzen ere harreman estu hori ekimen honen inguruan oso nabarmen ikusi dela azpimarratu dute antolatzaileek. Nora Uribeetxeberria ikastolako zuzendariaren hitzetan, "sinestezina da jendea nola murgildu den proiektuan. Ingurukoak eta ingurukoak ez diren lagun taldeen deiak jasotzen ditugu une oro, euren laguntza eskainiz. Ez dakigu nola eskertu elkartasun hori".
Giroa berotzen joateko ekitaldiak
Urtean zehar ere, ekitaldi ugari egin dira ekimen honen inguruan. Musika arloan, esaterako, folk, rock eta barroko kontzertuak eskaini dira. Gurasoak eta haurrak protagonista izaki, zirko ikuskizunak ere eskaini dituzte eskualdeko ikastoletan. Kontseiluarekin elkarlanean, Euskal Herriko hainbat hiriburutan ikusgai izan den arte erakusketa ere egin dute. Erakusketa hori ekainean amaitu zen Iruñeko Planetarioan. Bestalde, Orreaga elkartearekin, mus txapelketa antolatu zuen ikastolak. Ehun bikotek parte hartu zuten egitasmoan eta bikote irabazleak Kubarako bidaia irabazi zuen. Aipagarria da ere orain gutxi egin den Euskal Herriko zanpantzarrek giroturiko "Joaldunen Festa".
www.nafarroaoinez.net
Teknologia berriak eskainiriko aukerez baliatuz, Nafarroako ikastolen jaialdiaren berri ematen duen web gunea egin dute: www.nafarroaoinez.com. Hemen ere protagonista nagusiak ikastolako haurrak dira. Eguneko berriak eta ibilbideari buruzko xehetasunak eskaintzeaz gain, Nafarroa Oinez 2003ko pantaila babeslea jaisteko aukera ematen du web guneak. Eleaniztasunari jarraituz, lau hizkuntzetan kontsulta daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta lehenengo aldiz, ingelesez.
Eraikuntza berri baten ilusioz
1980an kokatzen dira Irunberriko Arangoiti Ikastolaren hastapenak. Hasieran haur hezkuntza soilik eskaintzen zuten eta ikasleen gehiengoa Zangozara joaten zen segidako urteetan. 1992. urtean O.H.O-ari heldu zioten. Egun, herriko eta zonaldeko 88 haur daude matrikulatuta. Udalarena den eraikuntza batean dituzte gelak eta beren egoera nahiko tamalgarria da, besteak beste, zaharra eta txikia delako. Leku falta dela-eta, pasabidea eta sarrera erabili behar izaten dituzte liburutegi, ordenagailu gela eta biltegi gisa. Horretaz gain, haur txikienen gela beste eraikuntza batean dago kokatuta, hain zuzen ere, lehen herriko ludoteka zenaren eraikinean.
Urte hauetan saiakera ugari egin ditu ikastolak egoera normalizatu eta eraikin duin bat izateko, baina ikasleria hazten joan den heinean egoera gero eta zailagoa egin da. Baliabide urriak izaki, aurtengo Nafarroa Oinez jaialdia bere egitea erabaki du Arangoiti ikastolak. Erronka honen helburua herrian eta eskualdean euskararen jarraipen eta garapena ziurtatuko dituen eraikin berri bat sortu eta legalizazio eta normalizazio prozesua abiaraztea da.
Natura eta gizakiaren arkitektura obra
Irati eta Zaraitzu ibaiek bat egiten duten inguruan 1.420 lagun inguru bizi dira 52,9 kilometro koadroko azaleran. Jarduera ekonomiko nagusiak manufaktura industria eta zerbitzuak dira, besteak beste, haragi industria eta zurgintza. Azpimarragarria da baita ere lehorreko ekoizpena, hala nola, zerealak, ekilorea eta mahastien laborantza. Zehazki, populazioaren %57 industrian, %32 zerbitzuetan eta %11 nekazaritzan aritzen da.
Leire mendizerraren magalean dago Irunberri udalerria. Irati ibaia igarotzen da bertatik eta arroila ikusgarria eratzen du inguruetan. Saien, sai zurien eta antzeko hegaztien babesleku garrantzitsua da Irunberriko arroila. Nafarroako Gobernuak natur erreserba izendatu zuen 1987an. Eskualde natural horretan igarotzen dira Irati eta Zaraitzu ibaiak. Milioika urtetan zehar, Zaraitzu ibaiak Irunberri inguruko mendiak zulatu ditu, eta prozesu luze honek eraginda, bere inguruekin batera Arbaiungo Zintzurraren Erreserba Naturala osatzen du. Dozena erdi kilometrotan zehar ur zalapartatsuak isurtzen dira, 200 metroko altuera duten horma bertikalen oinetan. Ingurune basati hau Pirinioetako basoetatik sokaz lotutako enbor luzez egindako almadiak gidatzen zituzten almadizainen pasabiderik ikusgarriena izan zen aspaldi. Egun, berriz, ur hauetatik egurrezko almadiak igaro beharrean, osagai artifizialez egindakoak pasatzen dira, esaterako, rafting kirola praktikatzeko erabiltzen diren txalupak.
Inguru honetan oro har klima mediterraniar hezea bada ere, zintzurraren barruan zenbait topoklima aurki daiteke. Hainbat animalia espezie bizi da, nagusiki saiak. Espezie horretako 200 bikotez osatutako kolonia bat bizi da bertan, eta ezagutzen den koloniarik handiena izateaz nabarmentzen da.
Eraikuntza arkitektoniko aberatsak
Ondare historiko-artistiko garrantzitsua gordetzen da Irunberrin. Eraikin zibilen artean, hegal zabala eta arkupeak dituen XVI. mendeko Udaletxea nabarmentzen da. Eraikin erlijiosoetan, aldiz, San Adrián, Santa Maria Magdalena, San Bartolome eta Trinitateko baselizez gain, San Benito komentua ere ikus daiteke. Hirigintzari dagokionez, ikusgarriak dira bertako zubiak.
San Benito komentua
Santa Magdalakoari eskainitako moja beneditarren monasterioa XVII. mendekoa da. Gurutze latindarreko oinplanoa du eta nabea sei zatitan banatuta dago. Gurutzadura estaliz, kupula aurkitzen da. Erretaula nagusia 1746koa da, margo eta tailu ederrez apaindutako erretaula barrokoa.
Andra Maria Jasokundekoaren eliza
XIV.-XV. mende bitartean eraiki zen Andra Maria Jasokundekoaren eliza gotikoa. Gurutze latindarreko oinplanoko eraikuntza horrek bost zatiko nabea, gurutze gangaz estalia eta burualde poligonala ditu. Nagusiki erretaula nabarmentzen da, bordatu barrokoduna. Bestalde, bi erretaula barroko eta bi erromanista daude. Eliza hau monumentu izendatuta dago.
San Bartolome baseliza
Hiritik hiru kilometrotara kokatzen da San Bartolome baseliza. 1585ean Nafarroan ermitaua edukitzeko baimena izan zuten 60 baselizetako bat da. Usadioari jarraituz, abuztuaren 24an bere kofradiako kideek eta herritarrek bisitatu ohi dute.
Trinitateko edo Hirutasun baseliza
Leire mendizerraren hegoaldean dagoen itsaslabarrean kokatzen da Hirutasun baseliza. Ikuspuntu artistikotik garrantzi berezirik ez badu ere, baseliza bisitatuena da eta begirune handia sortzen du. Baseliza honetan egon zen urte askoan Trinitateko eskultura prerromanikoa. Ondoren, Irunberriko hiribildura eraman zuten eta egun, Leire monasterioan dago. X. mendeko eskultura intxaurrondoaren egurrarekin egina dago eta 120 bider 48 zentimetrokoa da.
Zubien ibilbidea
Zubi ugari ditu Irunberrik. Idako zubia, esaterako, Erdi Arokoa dela esan ohi da. Herriaren sarreran kokatuta dago. 4 metroko zabalera eta 60 metroko luzera du eta lau arku biribil ditu, 9 eta 13 metrokoak. Arkuetako bat Espoz eta Minarengandik eraitsia izan zen 1811ko urtarrilean, tropa frantsesei bidea moztu nahian. Arroilaren zubia, berriz, "Deabruaren Zubia" eta "Jesusen Zubia" bezalako izen antagonikoekin ezagutzen zen antzina. Irati ibaiak zeharkatzen du eta arku bakarrekoa da. Zubi hori ere eraitsi zuten 1812an tropa frantsesek, Independentzi Gerran.
Ahuntzen zubia, aldiz, ganadua pasatzeko bidea zen. Erdi Aroko itxura, 40 metroko luzera eta 3,70 metroko zabalera du. Puntu erdiko hiru begi ditu, guztiak ezberdinak. 1875ean Trinitateko batailaren lekuko izan zen eta ziurrenik Done Jakueren bidea izan zela esan ohi da.
Naturaren Interpretazio Zentroa
2000ko abuztuaz geroztik zabalik dago Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro Sailak hornituriko Naturaren Interpretazio Zentroa. Zonaldeko balio kultural eta naturalak ezagutaraztea dira zentro honen helburuak. Besteak beste, bertako ekosistemak landu eta ingurumenarekin loturiko praktikak egiten dira. Bisitariei ere praktikak egiteko aukera eskaintzen zaie.