Kamioietan dabil HIESaren birusa Ekialdeko Afrikan


2021eko uztailaren 19an
KENYAN oihan eta abere basatiak badaude, egia da, herritar gosetiak eta atleta harrigarriak ere bai, baita tarteka amerikarren kontrako atentaturen bat ere. Irudi topikoez gain ordea, «Afrikan ere jendea bizi da» esango lukete zaharrek. Eta eguneroko bizitzan sartzen dira kamioiak eta garraiolariak, Europako errepiderik txarrena baino txarragoak diren bideetan lan eginez bizi diren kamioilariak.

Kamioilariak bihurtu dira HIESaren zabaltzaile arriskugarrienetakoak, eta orain horiek bihurtu nahi dituzte epidemia kontrolatzeko laguntzaile garrantzitsuenak. Nairobin «The Nation» egunkariaren talde berean argitaratzen den «The East African» astekarian eskaini ditu xehetasunak Dagi Kimani kazetariak «How to Stop Africa’s Truckers From Driving the Aids Epidemic» erreportajean.

Txoferrekin eta beren elkarteko buruzagiekin egon da Kimani kazetaria. Eta hauek aitortu diote arrazoi duela Nazio Batuen Elkarteak HIESarentzako duen erakundeak dioenak: herri eta eskualdeen artean duten mugikortasunagatik, profesional hauek gaitza zokorik atzeratuenetara ere zabaltzen dute.

Lan gogor eta arriskutsua egiten dute garraiolariek Afrikako pista eta bideetan barrena. Gero eta bidaia luzeagoak ere bai. Eta Europan aspaldi gertatu zen legez, Afrikan ere lehen portuak bezala gaur errepideetako gasolindegi eta atsedenguneak dira prostituzioaren leku nagusiak.

Kenyako Mombasa portutik Ruandako Kigali hiribururako joan-etorria egiten kamioilari batek bost aste eman ditzake (Kenyako 10.000 garraiolari biltzen dituen «Long Distance Truck Divers Association» elkarteko buruzagiak eman dio datua kazetariari). Eta «txango» neketsua behin baino gehiagotan egin beharko du etxeratu aurretik. Ibilbide luze eta mantso horretan hainbat geldialdi egingo dute txoferrak eta bere laguntzaileak, eta geltoki bakoitzean egonen da «larru komertzioa» zain.

Beren soldatengatik kexu izateko motiborik badute garraiolariok. Eta hala ere, aberatsak dira zeharkatzen dituzten eskualde askotako herritarren aldean. Emakume eskaintza aberatsa dute beraz aurrean. Eta ororen buru, informazio eta babesbide egokirik ezean, dramatikoa izatera iritsi da kamioilarien osasun egoera: Kenyako populazioaren %10ak HIESa baldin badu (zifra berez ikaragarria), txoferren artean infektatuen kopuruak %40 gainditu du.

Ez da Kenya edo Afrikako kontua bakarrik, Indian duela gutxi egin zuten inkesta batean azaldu zen bertako kamioi gidarien artean %84ak sexuz transmititutako gaitzen bat zuela. Eta horien artean azken urtean %94ek prostitutekin harremanak izanak zituzten.

Miseriatik nola edo hala atera nahi duten herrialdeetan errepide nagusiak bihurtu dira aberastasun iturri. Baina baita txirotasunaren eta deserrotze sozialaren ispilu gogorrenak ere; horietan, bi sos nondik eskuratuko bila dabiltzan emakumeak ugari eta erraz dauzkate eskura garraiolariek. Hauen ordezkari Ahmed Omar-ek aitortu dio kazetariari: «Txofer eta laguntzaileek diru gehiago daukate pasatzen diren eskualdeetako jendeek baino. Baina garraiolari askok ezer gutxi dakite HIESaren prebentzioaz, eta sexu harreman horietan babesik gabe ibiliz gaitza zabaltzen dute parajerik urrunenetaraino».

Orain garraiolarien sindikatua Africans United Against Aids Globally erakundearen laguntzarekin kanpainan sartu da: Mombasatik Nairobirako errepide bazterretan informazioa eta kondoiak banatzen dituzten postuak ipini dituzte, geltokirik «beroenetatik» hasita. Bi aldeek espero dute etekin garbia ateratzea. HIESaren kontrako erakundeek, epidemia kontrolatzeko (edo zabaltzea geratzeko) estrategian fruitu ematea. Eta garraiolariek, osasun egoera kontrolatzeaz gain zeharkako etekinak. Sindikatuko buruzagiaren hitzetan «lan honetan hasi garenean ohartu gara -gure erakundean ez dauden garraiolariekin hitzeginez- txoferren %35 asegururik gabe edo oso aseguru kaskarrekin dabilela. Eta profesional hauen soldata eta gainerako bizi baldintzen informazio askoz zehatzagoa lortu dugu».

Ez da berria Kenyako esperientzia. Hegoafrikan zabalduta dago. Burkina Fason 1998an jarri omen zuten martxan halako beste bat, eta bi urtetan prostitutetara jotzen duten garraiolarien artean kondoiaren erabilera %60tik %90era igotzea lortu zuten.

Hori eta gehiago beharko dute Afrikan epidemiari aurre egiteko. Mapa estadistikoak beldurgarriak dira: populazioaren %20az goiti infektatua duten Botswana eta Zimbabwez gain, herrialde mordoska dabil %10 eta %20 arteko kopuruetan. Kontinente osoa dago gogor zauritua.

Errepide nagusietan prostituzioan ari diren emakumeetan eta hauen bezeroetan aurkitu uste dute borrokarako giltza bat.


http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude