Bentarik benta Donamariara

  • Mende luzeetan Belateko mendiak Nafarroatik Lapurdi eta Bidasoa aldera igaro ahal izateko nahitaezko pasabide izan dira. Egun, gure lurraldea errepide bikainez josia dagoen arren, Belateko paraje hauetan oraindik geratzen dira bide zahar haien zenbait aztarna, baita bide ertzean atseden hartu ahal izateko izan ohi ziren benta zaharren arrastoak ere. Gaurkoan, beraz, Ultzamako bentatik abiatuz, Arraizko bentetatik datorren galtzada zaharrak Donamariara eramango gaitu, Odolagako benta zaharrean geldialdia egin ondoren.


Ultzamako bentatik abiatu gara (780 metro) lehenengo pausoak Iruñerantz jaisten den errepidean behera emanez. Bero itzela egiten du, uda honetako egun askotan bezala eguzkia baitugu goietan jaun eta jabe, gogor lanean. Kilometro erdira, eskuinera pagadian barneratzen den bideari jarraitu diogu, norabidez aldatuz. Nahiz eta maldak gorantz egin, gustura goaz pagadiaren gerizpean. Bat-batean gure ezkerrean Burdin Aroko lehen artzainek eraikitako trikuharria ikusi ahal izan dugu, Kopagain izenaz ezagutzen dena. Bostehunen bat metro aurrerago, basoan oraindik, lepo zabal batean, ezkerrerantz orbel artean behera jo dugu bide jakinik gabe, pista utziz, berehala, Arraizko bentetatik datorren galtzada zaharrarekin topo egiteko.

Arestian aipatu moduan, Belateko mendiak galtzada erromatar garrantzitsu baten igarobide izan ziren, baina hau ez zen inguru hauetatik igarotzen zen bide bakarra, izan ere, Arraizko bentetatik abiatuz Odolagako benta zaharrera igotzen da gaurkoan ezagutu dugun galtzada zahar hau, ondoren Putzueta eta Txaruta tontorren artetik igaroz, Garmendi eta Lantzibi tontorrak inguratuz Bidasoa aldera jaisten dena. Baina ez dira bakarrak, Eltzaburuko galtzada eta Larremiarko hormatzar misteriotsuak ere garai bateko bide sarearen erakusgarri dira.

Gure bidea, zabala eta garbia, apurka-apurka mendi magala inguratuz eta aldi berean altuera irabaziz doa. Bihurgune zabala egin eta metro gutxi batzuk behera joz, lepo batean, antenadun muino baten pean, sarobe txukun baten alboan oraindik zutik dirauen Odolagako benta ikusi ahal izan dugu (890 m.). Mende luzeetan zehar bidaiariak harat-honat ikusi izan dituzten paretek, hutsik, egun erortzeko zorian aurkitzen dira, baina hitz egiten jakingo balute, pasadizo bitxi eta istorio krudel askoren lekuko lirateke zalantzarik gabe. Izenean erreparatzea besterik ez dago, Odolaren benta (gazteleraz Venta de la Sangre bezala ezagutua). Aurrealdeko horman, sarrera nagusiaren gainean, Baztango armarria ikus daiteke oraindik.

Ekarritako galtzada, benta ondotik igaro eta sasitzak jandako harrizko bi hesien artetik doa lehenik, eta ondoren Baztan-Ultzama mugarria eta txakostea igaro ostean, bide garbitik poliki altuera irabaziz. Muinoa inguratu eta gero, handik gertu Bentaxar izeneko mendi lepora helduko gara (930 m). Hemen ere, garai batean benta zahar bat egon omen zen. Bidegurutzean, langa metalikoa dugu eskuinean. Lepo zabal honetan egiten dute bat Donamaria, Baztan eta Ultzamako udalek.

Mendebaldera doan pista jarraitu dugu, GR 12aren arrasto zuri-gorriak jarraituz Txaruta gailurrerantz hurbiltzeko. Langa metalikoa pasa eta gutxira iparralderantz eta gorantz egiten du zertxobait bideak. Lautadatxo batean eskuinean mugarri bat utzi dugu, 1786. urtea, "U" eta "L" hizkiak dituenak harrian idatzirik. Berrehun bat metro aurrerago, ordoki zabal batean, iparraldean aurrez aurre dugun Txarutako tontorrerantz joko dugu, ur-mugen banalerroan zehar mendebalderantz doan beste bideari jaramonik egin gabe. Aterpe bat eskuinean utzi, Txaruta azpiko lepora irten eta azken malda belartsu eta pikoak igotzeari ekin diogu, gailurra inguratzen duen pista ezkerrean utziz.

Txarutan (1.081 m.), erpin geodesikoa, Jaizkibel mendi taldeko postontzi txikia eta ikuspegi zabala aurkituko ditugu. Iparraldean aurrez aurre Garmendiko tontor belartsua; atzean Bidasoaldeko gailurrak; mendebaldean, Zoratxipi, Ireber eta mendi segida luzea; ekialdean, Belateko mendatearen bestaldean, Okolin eta Gartzaga atzean, Saioatik Baztan aldera jaisten den sokate luzea Abartan tontorra nabarmenduz; hegoaldean azkenik Ultzamako bailararen atzean, Iruñeko arroa ixten duten gailur garrantzitsuenak. Norabide berean jarraitu dugu, tontorraren beste aldeko malda belartsuetan behera. Berriro ere pistarekin bat egin eta Txarutako aterpe txukunera iritsi gara (940 m.).

Jarraian, malda zut belartsuetatik gora Garmendiko tontorrera (1.050 m.), zelai eta zabala. Nabarmentzekoa da iparraldera luzatzen den sokatearen ekialdean Zeberiako sakana, mendebaldera Txarutakoa. Aipagarria ere, Lantzibiko ekialdeko maldetan behera, Zeberiako errekaren gainaldean, haitz batean, ikus daitekeen belar berdezko ordoki txiki baina ikusgarria, Pilotasoroa, garai bateko artzainek pilotan jokatzeko erabili ohi zuten tokietako bat.

Aterpera jaitsi gara berriro, Donamariarantz jaisten den galtzada zaharra jarraitu nahi baitugu. Hemendik aurrerako galtzada zatia oso ondo mantendu da gaur arte. Igoeran bezala, beherakoan ere, bide zaharra emeki-emeki doa jaisten mendi mazelak inguratuz eta zenbait txondor plaza eta artzain borda igaroz. Pista baino metro batzuk gorago doa galtzada, eta Lantzibiko lepo ingurutik igaro ondoren Buztanibarkoaren bila doa. Azken zati honetan, bada sasiak jandako zati bat, kasik erabilezina, baina pazientzia apur batekin aurrera egitea lortu dugu.

Antzinako bidea, nabarmena, mendeetan zehar bidaiari, artzain, ikazkin eta merkatarien gurdien joan-etorriekin, orbelaz estalitako lubaki sakon bilakatu da. Aipatzekoak dira bide ertzetan itzala emanaz dauden pago ilara luzeak. Jaisten doala, beheko pistarekin bat egiten du azkenik. Pistan behera bostehunen bat metro burutu ostean, Gaztelura jarraitu beharrean lepo zabal batean ezkerrera jaisten den bidea hartu dugu. Honek, zenbait borda atzean utzi eta hormigoizko beste batekin elkartu eta gero, malda pikoetan behera Donamariako Igurin auzora eraman gaitu. Bertatik, metro gutxi batzuk ibili eta komentua, pilotalekua eta Donamariako Jauregizar dorretxearen egurrezko bilbadura ikusi ahal izango dugu.

Ultzamako bentatik abiatu gara eta sei ordu igaro ondoren Donamariako bentara iritsi gara.

Ultzamako Benta eta Benta Errea

Ultzamako bentako etxekoandre Felisa Goñiren (1927an jaioa) eskutik, bere aita Anastasio Goñi Iraeta (1900ean jaioa) zenak kontatu eta berak zuzenean bizi izandako hainbat gorabehera jakin ahal izan dugu.

Nafarroako erresumaren barnealdea, Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldearekin eta batez ere Donostia eta Hondarribiarekin komunikatzeko bide nagusia, Belateko mendiak zeharkatzen zituen galtzada erromatarra zen. Ikertzaile batzuen arabera, galtzada II. edo III. mendekoa da. Duela 160 bat urte arte egungoaren trazatu bera duen errepidea ireki zen arte, bide hartatik igarotzen ziren bidaiari, merkatari, gerlari guztiak, baita Santiagora bidean zihoazen erromesak ere.

Errepide berria zabaldu eta bost bat urtetara, udalak egungo Ultzamako benta eraiki zuen bertatik igarotzen zirenek atseden har zezaten eta garai hartako posta sisteman egin ohi zen moduan, zaldi aldaketa egin zedin. Horregatik omen ditu eraikuntzak alde banatan bi portale handi, zaldi-gurdiak bertatik sartu eta zaldiak ordezkatu ahal izateko. Beraz, benta izateaz gain "casa de postas" delakoa ere bazen. 1896an etorri zen Eugi herritik Goñi familia bertara lanean aritzera. Hiru seme izan zituzten eta hauetako gazteena Anastasio zen, Felisaren aita. Anastasiok 1917an Campsako gasolina hornigailu txiki bat zabaldu zuen bentaren aldamenean. Duela 40 bat urte egun ikus daitekeen gasolindegia jarri zuten martxan, baina 1998an Belateko tunelak zabaldu zituztenetik trafikoa asko murriztu denez gero, itxita dago. Felisak diosku bere aitak gasolindegia jarri zuen garai haietan hasi zirela pasatzen lehen airezko gurpildun ibilgailu motordunak, izan ere, lehenago motorra ez edukitzeaz gain gurpil trinkoak erabiltzen ziren gurdi, karroza eta dilijentzietan.

Baina errepide berri hau zabaldu eta gutxira, Ultzamako udalak baino lehen, Baztango udalak mendatearen goialdean beste benta bat zabaldu zuen. Benta hau suak hartu zuen eta berriro eraiki zuten; hortik datorkio Benterrea edo Venta Quemada delako izena. Duela 40 bat urte bertako etxekoandre Maritxu hil zenean, saldu egin zen, gero hutsik geratu zen denbora luzez, ijitoak ere bertara sartzen hasi ziren… azkenean Nafarroako gobernuak erosi eta eraitsi egin zuen. Oraindik zutik dirauen kamineroen etxearen ondoan dagoen zabalunean omen zegoen benta eta izan zenaren aurri batzuk besterik ez dira geratzen.

Urte luzez, bi benten arteko norgehiagoka etengabea izan zen, biek baitzioten beraiena hobea zela.


Azkenak
2024-08-02 | Euskal Irratiak
Euskarabentura, 160 gazte euskaldun bildu dituen “esperientzia izugarria”

Uztaila osoan barna Euskal Herria trabeskatu duen espedizioa burutu da jada. Euskal lurraldeko eta diasporako 160 gaztek parte hartu dute aurtengo edizioan, Atharratzetik Getxora.


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


2024-08-02 | Axier Lopez
Lizarrako alkateak (UPN) Raimundo el Canastero taldea salatu du txosnen debekuaren aurkako abesti baten harira

Udaltzaingoak ostegunean deklaratzera deitu du Raimundo el Canastero taldeko abeslaria, Lizarrako jaietan txosnak debekatzearen aurka sareratu duten abestiagatik. Ondoren, aske utzi dute, baina ikerketak aurrera jarraituko du. Sarean zentsuraren aurkako eta elkartasun mezuak... [+]


Pablo González kazetaria aske utzi dute, Polonian bi urte eta erdi kargurik gabe espetxeratuta egon ondoren

2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela... [+]


413 milioi euroko isuna jarri diote Booking multinazionalari Espainian

Booking enpresa multinazionalari "nagusitasunezko posizioan bi abusu” egitea egotzi dio Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak. Batetik, Espainiako Estatuan dauden eta erreserben bitartekotza-zerbitzuak erabiltzen dituzten hotelei ekitatezkoak ez diren... [+]


Prep, GIBaren aurkako beste hesi bat

Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.


Hamaseko buru politikoa hil dute Iranen, eta Israelek eskualde mailako gerra elikatzen jarraitzen du

Hamas, Iran eta beste hainbat eragilek Israeli egotzi diote erasoa, baina oraingoz ez du egiletza onartu. Horrez gain, Hezbollahko agintari garrantzitsu bat hil du Israelek asteazkenean Beiruten, eta ostegunean Israelgo Armadak ziurtatu du Hamaseko buru militarra hil zuela Gazan... [+]


Frantziak Marokorekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania aitortu dio

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.


Pistola faltsu batekin Donostian atxilotu duten pertsona migratzaile talde bat ari zen mehatxatzen

“Haiengana zuzendu eta haiei apuntatzen die”, informatu du Irutxuloko Hitzak. Astearte gaueko 21:30etan atxilotu zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.


Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak

Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten... [+]


2024-08-01 | Sustatu
Zer egin Elon Musken Grok adimen artifiziala ez elikatzeko (aukeran)

Elon Musken proiektuen artean bada adimen artifizialeko bat ere, Grok, eta horretarako Musken jabetzako X edo Twittereeko erabiltzaileen jarduna ari dira baliatzen, LLM edo hizkuntza eredua handitzeko eta entrenatzeko. Izatez, Twitterreko zure ezarpenetan sistema hori... [+]


2024-08-01 | Gedar
Ehunka kolono sionista oldarka sartu dira presondegi batera, hainbat torturatzaile babesteko

Bederatzi militar sionista atxilotu dituzte, Sde Teimango kartzelan preso palestinar bati egindako torturengatik; besteak beste, metalezko barrak sartu zizkioten ipurtestetik. Kolono "zibilen" eta soldaduen protestak piztu dira torturatzaileekin elkartasunez, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude