Langileen auzoa zen. Greba etengabeetan haziak gara gu. Errepublikako Asaltoko Guardia estreinatzen ikusi dut, baita hemengo emakumeek nola egiten zieten aurre ere, putakumeka. Grebetan ejertzitoak esku hartzen zuen, tiroka. Umeok ohe azpian gordetzen gintuzten, ez balaz zauritzeko. Auzo hori izan da nire benetako unibertsitatea. Kaleak asko erakusten du.
Hiru urtez joan nintzen errepublikako eskolara. Hiritarren jokabideak nolakoa behar duen izan han ikasi nuen. Garbitasuna zaintzen ere erakutsi zidaten eta baita askoz bizimodu okerragoa zeukaten umeekin bizitzen ere... Gogoan dut neska koxkor batek hondarra saltzen zuela etxez etxe, latorrizko pertz batekin. Garai hartan hondarrarekin garbitzen baitzen lurra. Niri liluragarria iruditzen zitzaidan, ez baitzidaten etxetik ateratzen uzten.
Familian bizi ginen, eskaileran. Gora eta behera ibiltzen ginen, lata emanez. Etxebizitza batetik bidaltzean, bestera sartzen ginen. Eskaileran konpartitzen genituen bakoitzaren pozak eta bizi-ezinak. Eskailerako ume denok anai-arrebak bezala ginen.
Hori dena izan da bizitzarako nire oinarria. Batez ere irratirako, jende askorekin egotea tokatzen baitzaigu.
Jendeak entzuten duenean San Franziskokoa naizela, ez du sinesten, auzo horretan jaio den jende askok gero ez duelako hori aitortu nahi izaten. Nik beti bizi nahi izan dut hor, eta Zabalburun pisu bat erosteko aukera izan genuenez, hor bizi naiz, San Franziskotik gertu, badaezpada ere. Oraindik lasai joaten naiz auzora, ilusioz beteta. Ez naiz ordu arriskutsuetan joaten, baina hain lasai ibiltzen naizenez kaleetan, iruditzen zait ezin zaidala ezer gertatu, ez bainaute kanpotar gisa hartuko. Gure garaian ez zegoen marjinaziorik.
Gerra hasi zenean 11 urte zenituen. Nola gogoratzen duzu?
Chumi Chumezek zioen bezala, "bizitzako urterik onena" bezala, oporrak hartzea izan baitzen. Batailak urte bat iraun zuen, eta gogoan dut 1936ko irailaren 25a, Bilboko lehen bonbardaketa. Norteko Geltokiko trenbide ondoan dago jaio eta hazi nintzen etxea, eta geltokia helburu militarra izan zen. Etxetik atera behar izan genuen, su hartu zuelako. Jende askok bezala, lagunen etxera joan behar izan genuen bizitzera, bolada baterako. Izugarria izan zen.
1937ko urtarrilaren 4az ere oroitzapen gogorra dut. Norteko Geltokiko tunelean gorde gintuzten, han pasatzen genuen egun osoa. Bonbardaketa bukatu, tuneletik atera eta ikusi genuen nola zekarten hegazkinetik eroritako pilotu alemana. Bere hegazkina Larraskitun eraitsi zuten. Kaleetan barna erakutsi zuten gorpua hegazkinetik erori eta kolpeka akabatu zutenek. Ikuskizun horiek markatu egiten dute.
Baina aldi berean, gogoratzen dut ez zegoela diziplinarik, ez zegoela eskolara joan beharrik, ama kezkatzen zuen gauza bakarra guri ezer ez gertatzea zela, eta elkarrekin joaten ginela alde batetik bestera. Erabateko anarkia zen, eta ume bati gustatzen zaio hori, betebehar eta ardurarik ez genuen eta.
Ordutegia sirenek markatzen ziguten. Alarmak jotzean tunelean sartu, eta eguna han pasatu beharra zegoen. Egunsentitik ilunabarrera egoten ginen, egun osoz. Urtebete eskas egingo genuen horrela. Gero erabaki zuten tunelaren bi irteerak bonbardatuz gero tartean atera ezinik geratuko ginela, eta aurrerantzean elizan babes hartzen genuen.
Goserik pasatu zenuten?
Gosea? Bataila urteak bukatu osteko garaia arrautzarik gabeko tortillak jaten pasatu genuen. Lehen urtean ez zen jatekorik falta izan, euskal gobernua martxan zegoen eta denoi iristen zitzaigun errazionamendua.
Gogoan dut ogi integrala, orain jateko aholkatzen badute ere. Eta baita txokolatea ere. Agirre Lehendakariarena zen Chocolates Bilbainos enpresa, eta nahi adina txokolate jaten genuen. Baina gerra Espainia osora zabaldu zenetik, ez zen janaririk iristen. Herri txikietatik ekartzen genuen jatekoa.
Nola irrati zaletu zinen?
Garai hartan hasi ziren irrati nobelak, eta gustura entzuten genituen. Gainera, ez zegoen beste dibertsiorik. Zinemara ere, posta zigiluen truk sartzen ginen. Gure trikimailuak genituen: gutunazalei zigiluak kentzen genizkien. Leihatilakoak, auskalo, ez ikusiarena egingo zuen. Ez genuen sosik ikusten!
Irratia zen zure zaletasuna, baina nola bihurtu zen zure lanbide?
Radio Juventud de Vizcaya irrati-eskolan hasi nintzen. Bertan ikasi eta praktikatzen genuen. Gu eskola horretan hasi eta bi urtera, 1954an, irrati emisorea estreinatu zen, eta lan-taldean hartu ninduten. Baina soldata harekin ez zegoen bizitzerik, ez bazen nire kasuan bezala, egunez enpresan aritu eta gauez irratira joanda.
Unión Química del Norte de España" enpresako lehendakariaren idazkaria nintzen. Baina azkenean ezin nintzen bi lanetara iritsi. Goizean lanera irten eta goizeko ordu txikietan iristen nintzen etxera. Enpresako lana seguruagoa zen, baina uko egin nion, nire bokazioari erantzuteko.
Irratiko lehenengo urteak nolakoak izan ziren?
Ni idazteko aukeratu ninduten, gainera irratiz hitz egiteak lotsa ematen zidan. Kirol programa zuzentzen jarri ninduten hasieratik. Zuzendariak ez zion begiratzen gizon edo emakume izateari. Denei probetxu ateratzen zekien, baita ezertarako balio ez zutela ziruditenei ere. Pazientzia galanta zuen.
Ez genuen albistegirik egiten, Madrilgo Radio Nacionalek bakarrik baitzuen horretarako baimena. Baina horrek bide eman zigun beste gauza batzuk lantzeko. Liburuak egokitzen genituen irratirako, gidoiak idatzi, umeentzat programak egin... Oraingoa baino irrati aberatsagoa zen.
Kirol kazetaritza izan da zure bizitza.
Gehien bete nauen lana da. Gu hasi ginenean, kirol kazetaritza ez zen oraingoa bezalakoa. Kazetaritzako generorik pobreena zen. Beste ezertarako balio ez zuena aritzen zen kiroletan. Propio kirol programa egitea aukeratzen zutenak oso gutxi ziren.
Kirolaren bidez jende asko zirikatzeko aukera dago. San Mamesko sarrera ukatu ziguten urtebeterako, Athleticeko zuzendaritza kritikatzeagatik. Lehendakaria ez zuten arau garbiekin aukeratu, eta entzule batek horren atzean zegoen Neguriko oligarkia salatu zuen. Sekulakoa piztu zen. Athleticek eskatu zuen irratiko bi kidek, tartean nik, futbolaz hitz egiteari uzteko. Irratiko Madrilgo zuzendaritzak esku hartu zuen, eta gure alde egin zuen. Duda egiten dut gaur berdin egingo zukeen.
San Mamesen sartu ezin genuenez, ondoko etxeko balkoitik egiten genuen emankizuna.
Nolakoa da kazetari eta kirolarien arteko harremana?
Kirolariek kritikak ondo hartzen zituzten, baina beti izaten da saltsaren bat. Ni txitxirio beltza baino egoskorragoa nintzen, ezeren aurrean isiltzen ez zena. Gizonezko kazetariak baino samurrago hartzen ninduten hala ere. Behin jokalari bat etorri zitzaidan, aurpegia hautsiko zidala orroka. Gizonezko lankideak etorri ziren istilua baretzera...
Egun oso ezberdina da. Elkarrizketa egiteko kirolariek bost minutu eskaintzen badizkizute, ez da gutxi. Orain izar bihurtu dira, lehen harremana gertuagokoa zen.
Garai hartan, eta kirol programako zuzendari izanda, arazorik izan al zenuen zure lanean, emakume zarelako?
Ez. Baina ni hasi nintzen garaian oso zaila zen emakumezko kirol esatariak topatzea. Programa gaueko 11etan egiten genuen, zuzenean, eta bi ahizpa bakarrik egon ziren prest ordu horretan lanera irratira etortzeko. Garai hartan emakumeak hain berandu kalera ateratzea ez baitzen arrunta. Emakumeak gehiago aritzen ziren programa artistikoetan, gidoiak idazten edo istorioei ahotsa jartzen.
Kimika enpresan ere ezagutu nuen kasu nabarmen bat. 1945 urte inguruan, Ekonomia ikasi zuen neska gazte bat iritsi zen, ordura arteko kontulari gizonezkoen oso gainetik prestatuta zegoena. Emakumeak lan horietan hasi zirenean, gizonezkoek deabruaren pare ikusten zituzten. Departamentura sartzen ere ez zioten uzten. Bere lana ez zen baloratzen. Zaila da, egun batetik bestera gauzak aldatzea.
Etxean ere, guraso askok ez zieten semeari eta alabari ikasteko aukera bera eskaintzen. Uste zuten alabari garbitzen eta sukaldean irakastea nahikoa zela. Gure amak, berriz, ez zigun etxean ezer egiten uzten. Berak ahal zuen bitartean, nik egin behar nuena ikastea zela esaten zuen. Aitak ere berdin pentsatzen zuen. Aukera gutxi izan genituen, baina denek berdinak.
Nola lortu behar du emakumeak besteek bere lana baloratzea?
Uste dut emakumezkooi dagokigula pixkanaka erakustea zenbateraino gai garen. Ez nago emakumeen kuotaren alde. Zergatik osatu behar dute emakumeek %40? Zergatik ez %100? Lanean onena denak egin behar du aurrera, gizon edo emakume den begiratu gabe, gizaki gisa hartuta.
Ez dut uste lan munduan gizonekin aritu behar dugulako, emakumezkoon goxotasuna galdu behar dugunik. Pena da gizonezkoen alde txarra berdindu nahi izatea, ez alde ona.
Emakume izanda, uste dut zuzendu dudan taldeko harremanetan giro lasaiagoa jartzen asmatu dudala, ohituago gaudelako gauzak onartzen. Gizonak tentsio uneetan mutur joka hasteko prest egoten dira, eta handik bi minutura ezer pasatu ez balitz bezalaxe daude. Era berean, gu agian minberagoak gara, eta tentsio une horietan gizonezkoek jasaten jakin dute, nik jasan ezingo nukeena. Horregatik uste dut gizon eta emakumeen kontuetan, harremanak bideratzen jakitea dela kontua, ez legeak edo arauak jartzea.
Lehenengo urteetan "Maraton" goitizena erabiltzen zenuen. Zergatik?
Maratongo bataila irabazi zutela abisu emateko egin zituen 40 kilometro mezulariak, eta berri eman orduko hilda erori zen lurrera. Txikitatik harritu ninduen berriemaile haren ahaleginak, eta kazetari lanarentzat eredu delako aukeratu nuen izen hori.
Beldur nintzen kirol programa bateko zuzendaria emakumezkoa zela jakiten bazen, "hoa ontzi-garbitzera!" esanaz bukatuko zuela entzuleak. Futbolaz idazteko prestigioa lortu nuenean utzi nion goitizenari, oso berandu. Garai hartan batzuek idatzi egiten genuen, eta ondoren irratirako ahots egokia zuten profesionalek irakurtzen zuten. Beraz, entzuleak oso berandu jakin zuen hitz haien sortzailea nor zen.
Nola aldatu da irratietan kirola lantzeko modua?
Lehengo estiloa nahiago nuen, lasaiagoa zen. Kontatu egiten ziren gauzak. Emankizuna entzuten ari zinela, imajinatu eta irudimenean "ikusi" egiten zenuen nola zihoan jokaldia.
Gaur irratia entzuten jarri, eta ez dakizu gola sartu duena etxeko edo kanpoko taldea den. Area bateko jokaldiaren ostean beste ateko gola oihukatzen dute. Hori gertatzen da dena ondo kontatzen ez delako, futbola ez baita jokatzen eurek kontatzen duten abiaduran. Eta ez dakit zergatik botatzen duten esatariek horrelako hitz parrastada.
Gainera orain dena presaka egiten da, hamaika zelairekin konektatzen da aldi berean, entzuleak ez du erdia ulertzen... Gola buila batean kantatu behar hori ere, hain itsusia iruditzen zait! Moda hori Argentinatik iritsi zen.
Eliteko futbolariek ere aitortzen dute dozena erdi esatari salbu, beste denek ez dakitela tutik ere futbola zer den.
Egunkarietako kirol kazetaritzari itxura hobea hartzen al diozu?
Harrigarria iruditzen zait jokalari ohiak egunkarietan idazten ikustea. Izena dutela, eta artikulu bat idazten jakin gabe kronikak egiten jartzen dituzte. Nire ustez, egunkarietan ongi idazten dutenek aritu behar dute. Askotan, orri osoa irakurri, eta hainbeste hizkuntza erretoriko eta ponpoxokeriaren ostean, azkenean geratzen zaizun duda da: "eta hemen, nor da ona eta nor txarra?" Alegia, haria erabat galtzen dela. Ondo idaztea oso zaila da.
Futbol munduak mugitzen duen dirutzak nola eragiten du programetan?
Ni Radio Nacionalen aritu naiz beti lanean. Sinesten ere lanak ematen ditu, baina irrati horretako gaueko bi orduko kirol programetan, denboraren %90 Real Madrid eta F.C. Barcelonaz hizketan jarduten dute. Diruagatik da hori.
Gure garaian ez geneukan horrelako baliabiderik. Baina azkenean argi geratzen dena da, gutxien axola duena baliabide teknikoak direla. Garrantzitsuenak pertsonak dira, zenbaitetan egoera zailetatik ateratzen jakin behar delako. Askotan inprobisatu egiten genuen, eta asmatu ere bai. Esaterako, Bahamontesen lagun batek Bahamontes imitatuz elkarrizketa bat egin zuen irratian, eta gero «Marca» kirol egunkarian argitaratu zen. Bahamontesek berak ezeztatu zuen elkarrizketa, lagun batek brometan egina zela argituz.
Zer iruditzen zaizu kirolak komunikabideetan duen lekua?
Gehiegizkoa. Gauza asko egiteagatik egiten dira. Informazioa behar baino gutxiago lantzen da. Errazagoa da, esaterako, elkarrizketa batekin bi orri betetzea, artikulu batean azken lege berria aztertzea baino.
Albistegiak eginaz bukatu duzu zure irrati ibilbidea.
Lan horrek ez dit barrua bete. Kazetari jendeak uste du hori dela generorik onena, gorena. Baina niri hipoteka bat iruditzen zait. Ezinezkoa delako norberak sentitzen eta pentsatzen duena esatea. Oraingo albistegiak beti berdinak dira; halako politikoaren eta halako lehendakariaren hitzez osatuak. Prentsaurrekoek agintzen dute gai zerrenda, eta prentsaurrekoetan kazetaria alderdi bateko edo besteko bozeramailearen bozeramailea besterik ez da. Ezin da zerbait kontatzera joan. Oso mekanizatuta dago lan hori. Eta niri kaleko berri kontatzen duen kazetaritza gustatzen zait.
Zer zaletasun dituzu, irratia entzuteaz gain?
Asko irakurtzen dut. Zinema ere atsegin dut, zuri-beltzeko filmen zalea naiz, batez ere. Eta kalean paseatzea dut gustukoena. Lagunekin topo egin, eta jendea ikustea.
Azken urte hau, berriz, familiako liburua idazten eman dut. Arbasoez ahalik eta informaziorik gehien bildu dut Araba, Bizkaia eta Nafarroako artxibategi historikoetan. Nire aita bi aldiz ezkondu zen, eta bere bi emazteak ahizpak ziren. Hargatik, ama ezberdina badugu ere, abizen berak ditugu 8 anai-arrebok. Ni naiz ahizpa txikiena, eta aurrekoa baino 20 urte gazteagoa naiz. Familiaren historia osatzeko jakinmina nuen, eta hilobek ere bai. Hainbat bitxikeria aurkitu ditut. Adibidez, egon zirenik ere ez genekien anai-arrebak topatu ditut, umetan hil zirenak.