Murumendiko Mariren bila

Murumendiko maldetan barna ezagutu zuen Beasaingo artzain batek Mariren edertasuna. Handik gutxira esposatu eta elkarrekin bizitzen jarri ziren inguruko baserri batean. Mari mezatara ez agertzea eta beraien zazpi seme-alabak ez bataiatzea bikotearen zoriontasunaren urratzaile bihurtu ziren. Artzaina, jendearen marmar eta gaizki esanen zurrunbiloan eta Marik alde egingo zuenaren mehatxupean ezin bizirik, gurdiari idi parea erantsi eta zazpi seme-alabekin elizara abiatu zen. Mariren hitza hitza izan, ordea, eta "Nire umeak zerurako eta ni orain Mururako" oihu eginez, suzko hodei batean Murumendin desagertu zen.

Artzainak gehiago topatu ez bazuen ere, guk Mandubiako gainean jarri dugu abian Mariren arrastoen xerka. Mandubia, behinola barneko haranetik kostara inguratzeko pasabide izana, aspaldi bilakatu zen atsedenleku. Izarraitz eta Aizkorriren begiradapean dago eta Izazpiren lepoan.

Txabola bat atzean utzi eta pinudiko lau pagoek historiaurreko bi hilobiren testigantza erakutsi digute: Trikuaizti I eta Trikuaizti II. Berriro gure bidezidorra hartu eta Atxintxurdiko magalean zehar Arriarango urtegia ikusi eta Astigarreta auzoko San Gregorio ermitara heldu gara. Garai hartan, erromeria egiten zuten bertan eta bidenabar, santuari lehorte garaian laguntzeko eskatzen zitzaion. Bertako iturrian ur pixka bat edanez, XIX. mende erdialdeko kolera izurritea ekarri dugu gogora. Hogeita hamar pertsona baino gehiago hil ziren Astigarreta auzoan. Kontzeju horretako parrokoa zen Pedro Eizagirrek banan-bana bisitatzen zituen gaixoak eta isolatu ordez, laguntza eskaintzen zien. Azkenerako bera ere kutsatu omen zen. Gorpuak ermita honetan lurperatu zituzten eta kondairak dioenez, parrokoa santu egin zuten.

Ooldio eta Txoritegi muinoen artean, Aiztarriako leporantz, antzarak bidaian ikusteko aukera izan dugu. Iparraldetik datoz bat eginda, elkarri lagunduz. Dena dela, tropel handiaren garaia sartu berri garen urtaroa da, udazkena. Itzulera lausoagoa egiten dute, leku askotatik eta ibilbide anitzak osatuz. Gehientsuenak penintsulan geratuko dira eta asko Zamoran.

Alertzea bidean topatu dugu. Koniferoen artean hostoa erortzen zaion bakarra da zuhaitz hau. Lorerik ez du izaten eta konoak ematen dituelako da koniferoa. Koniferoen artean dira, pinuak, izeiak eta alertzeak, besteak beste.

Nekosta edo altzifre basora iritsi eta aurrera egin ahala, Portamasegiko muinoa ezkerraldetik zeharkatuz, Larrarteko borda ikusi dugu. Gaur egun, ukuilu handi bat ere badago. Iritsi aurretik historiaurreko beste hilobi batekin egin dugu topo, Larrarteko trikuharriarekin. Bidegurutzetik Damazuloa 20 minutura dago eta Pagorriagako paraje misteriotsua, berriz, 30 minutura.

Borda zahar bat dago aldamenean... Agian norbaitek igaroko zituen ekaitz gauak bertan... Euri-erauntsiarekin batera joaten zen Mari kobatik ihesi, bere gainontzeko egoitzetara: Anboto, Aralar, Aizkorri...

Bi pago handi, bidea beherantz, Damazuloa gertu dago. Bidean aurrera, beheranzko seinale batek koba txikira eramango gaitu. Ez dugu espero genuen Mariren diosalik eduki.

Etsi gabe aurrera jo dugu. Errekaren indarrak sortutako bihurgunean okilak kasu egin digu edo agian, ez zaio gustatu bere intimitatean sartzea, edo agian, Mariren kobaren berri eman nahi digu. Pago handi batek eta errekaren doinuak gidatuko gaitu bidetik gorantz dagoen bigarren kobara. Hortik aurrerakoak ezin dira kontatu.

Kobatik laster iritsi gara Pagorriagako inguruetara. Inguru honetako Pagorriaga baserria nekazalturismo etxea bihurtu dute. Oreinak eta beste zenbait animalia dituzte. Kurioso eta egoki jarrita dago baserria. Eta goxotasunez kontatu dizkigu bertako istorioak Agustin nagusiak: "Aspalditik paraje magikoa da hau. Inguruko baserritar eta herritarrek hemen ospatzen zituzten ohitura zaharrak. Hemen zituzten bilguneak beraien batzarrak egiteko. Natura festak ziren. Belladonna kontsumitzen zuten. Elkarren arteko harremanak sendotu nahi izaten zituzten eta batzarrek zentzu espirituala zuten. Naturaren hainbat elementu, hala nola, sua, haizea, lurra eta ura pertsonifikatuz. Dantzaleku La Muela edo Atxipi ondoan dago. Ospakizunetan, dantzan ari zirela, beraien bikoteak aurkitzen zituzten. XX. mendean ere egiten ziren horrelako batzarrak. Gure aitak kontatzen du nola Beasain eta Ordiziko neska-mutilak, ehun bat gazte, biltzen ziren akordeoi eta guzti. Azpeitiko Urrestila eta Nuarbe auzokoek Pagorriaga zuten biltoki. Toki magikoa zen hau eta oraindik ere hala da.

Lur azpiko indar batzuk daude hemen. Lur azpian sua ez da urruti izango! Eta argi fenomeno bat gertatzen da inguru hauetan. Hemengo baserritar gehienek izan dute halako esperientzia bat. Argi hori ikusten duena, normalean, isilik egoten da erotzat har ez dezaten. Baina garai batean Mari mitoarekin lotzen zen fenomeno hori, Mariren agerpen bezala. Bere esanahia zuen. Gero, Inkisizioak sorginkeriatzat jo zuen. Ondoren, eliza kontu hauetan pixkanaka sartzen hasi zenean argi fenomeno horiek Ama Birjina bezala interpretatzen hasi ziren. Azken finean, Mari Maria ote?

Aizkorri eta Aralar ikusten dira hemendik. Ez da kasualitatea. Hortxe dago Kizkitza eta bere Ama Birjina, Ezkio eta Ama Birjina, Arantzazu, Arrate... Beldurra ematen duen eta ulertzen ez den argi fenomenoa da."

Gorputzean jakin-mina eta espirituan miresmena dugula, hormigoizko bidea hartu gabe, Ekunetako muinoa eskuin aldetik zeharkatuko dugu. Gainez gain eta begi-bistan Atxipiko harkaitza eta Murumendiko tontorra ditugula, aitzinera jarraitu dugu Dantzalekura iritsi arte. Murumendi magalean dago eta ondoan Atxipi edo La Muela harkaitzak daude. Bertara ere igo daiteke. Donostia-Arantzazu bezala ezagutzen den mendi bidea da bidezidor nagusia. Zuzenean gorantz joko dugu tontorra egin asmoz.

Tontorrean gida moduan dagoen mahaiari erreparatu diogu, (1997ko ekainaren 22an ipinia), eta ikuspegi zabalari, noski.

Ate txiki bat zeharkatu ondoren, nekosta ilara batera iritsi eta eskuak hozten zaizkigun bitartean, 1978ko apirilaren 2an berritutako Arrapaitz iturritik barrena goaz. Herripinudi bezala ezagutzen den parajera iritsi gara. Larrarteko borda begi-bistan daukagu. Ordubetean Mandubian geundeke.

Ibiltzeko eta tokiak ezagutzeko grina duena, panelak azaltzen duen bezala, Garin auzora jaitsi daiteke. Bidea jarraitzea besterik ez da. Pinudiko aldapa bukatutakoan eta zelaitxo batean, ia paralelo, eskuinerantz irteten den bidezidorrari eutsiko diogu Garin auzorantz. Aurrerako norabideak Usurbera eramango gintuzke.
Garinen, errepideari helduko diogu eskuinerantz eta hiru kilometro ondoren Astigarreta auzotik barna Mandubiara iritsiko gara.

Ibilbidea

Mandubiako gaina: aparkalekua.
Beasain-Zumarraga norabidea GI-632. Salbatore auzoan Azpeitiko norabidea GI-2635 edo GI-3192 Garin eta Astigarreta auzoetatik barrena.
Azpeititik GI-2635 Urrestila, Nuarbe, Matximenta, Mandubia.
Umeentzako zabuen ondotik hesia pasa eta goranzko bidexka pinudirantz.
Ezkerrean tumuluak (0:10). Eskuineko gure bidetik San Gregorio ermita (0:20).
Sarezko ataka igaro eta maldan gora pinudian barrena.
Ordeka zati baten ondoren bidegurutzean ezkerrerantz (0:40).
Larrarteko borda (0:50). Ez hartu Murumendira joateko parez pare eta gorantz dagoen bidezidorra. Ukuilu gaineko bidetik Damazulora. Burdinazko ataka gurutzatu.
Ezkerretara koba txikia. Aurrerago eta gorantz koba handia.
Pagorriaga. (1:15)
Hormigoizko bidea hartu gabe, gainez gain. Bidegurutzean ezkerrera. Ataka baten ondoren Dantzaleku (1:35).
Zuzen gorantz Murumendira (859 m). (1:50).
Jaitsiera zeharka Mandubiako norabidean.
Larrarteko borda begi-bistan (2:00).
Bi aukera dituzu: 1) Mandubiara (3:00). 2) Ezkerrera Garin auzora jaitsi eta errepidez itzuli.
Garin auzoa. Eskuinera errepidez, Astigarreta auzotik Mandubiara (3:45).


Azkenak
Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Eguneraketa berriak daude