K. GOROSTIAGA. 1958an deskolonizazioaren krisi handia izan zen munduan. Ordurako, 1947an, Britainia Handiak amore eman zuen, India eta Pakistan independenteak bilakatu ziren, besteak beste; eta, bestetik, Irlanda ere bai. De Gaullek Frantziaren gaurkotu beharra ikusi zuen, ordura arteko Inperioaren gaurkotzea, orduan Inperioa zen eta egun Komunitatea baita. 1946ko Konstituzioan autodeterminazio eskubidea onartu zen eta itsasoz bestaldean zeuden beste herrialdeei -koloniak- eskubide hori onartu zitzaien. Mundu osoan deskolonizazioaren onarpena eman zen, baina, metropolietan ez da eskubidea garatu izan. Inperioaren aztarnek indarrean jarraitzen dute egun. Europako Konstituzioan ere, berriki egina, «Europa boteretsua munduan» aipatzen da. Horrek Inperioaren zentzua bizirik dagoela erakusten digu. Hortaz, 1958ko Konstituzioa Inperialismoaren ondoko etapa moderno bat da, egokipen historiko bat bezala ulertu behar dena.
M. GOIHENETXE. Ados naiz. Eta areago, IV. eta V. Errepublikak parekatzen ahal direla erranen nuke. Eta IV. Errepublikako Konstituzioa arrunt beltza izan zen Frantziako historian, Inperioko herrialdeentzat oso txarra, alta, amnesiak jota bezala pasa da herritarren artean, eskoletan ez da gehiago erakusten, adibidez. Kolonietan bizi ziren izugarriez oso gaizki informatu zuen Frantziako prentsak, molde gaitzesgarrian. Arazoa historiaren interpretazioan datza. Iraultzari buruzko interpretazioa zalantzan jarri da. Hau da, V. Errepublikako Konstituzioak zein neurrian erantzun dio arazoari eta zenbateraino ez ote duen, garaiaz garai, estatuaren egokitze gisako bat egin? Koldok arazoari erantzutean Inperioaren printzipioak agertzen direla dio. Nik ere Errepublikak betiko moduan erantzun duela erranen nuke. Pierrek «Argien Mendea»ren ideiak eta mezuak aipatu ditu. Horiek kolonietako zibilizazioen mundua, kultura eta etorkizuna argitu behar zituzten, baina ez zen horrela izan. Orduan, kolonialismoaren filosofia militarista mantendu izan da. Autodeterminazio eskubidea heldu zelarik V. Errepublikako Konstituzioak onartu egin zuen, baina eskubide hori kontraesanez betea dago. Batetik hainbat herriei eskubide hori ematen dio, Korsikari, konparazione. Baina, zein neurrian? Korsikak egunen batean Kaledonia Berriak hautatu zuen independentzia hautatuko balu, onartuko ote luke Frantziako Konstituzioak? Duda-mudan jartzen dut.
P. BIDART. Frantziako Iraultzara itzuliz, funtsezkoa da zein kultura politikoa sortu zen gogoratzea. Estatuaren administrazioak hainbat kontzeptu bere egin zituela erran dugu, baita sozializazioa egin zuela ere. Egun, sozializazio hori nola burutu den eta bere fruituak ikusten ditugu. Lehen ondorioa: estatuak jendearen gogoa osatu eta bere gisako kontzientzia sortu du, erran nahi baita, herritarrek estatuko gauzak ontzat hartzen dituztela. Bigarrena: deszentralizazioak herritarrengan mesfidantza sorrarazten du. Konparazione, estatuaren gainean konfiantza gehiago dago hauteskundeen gainean baino. Hau da, Frantzian estatuak legitimotasun osoa dauka, bi mendez hartu duen legitimotasuna. Anartean, bi dira estatuaren baitan sortu diren egitura nagusiak: departamenduak eta komunak edo herriak. Jendeak bi egitate edo entitate horien barnean ikusten du bere burua. Eta bereziki komunetan. Horietan hartzen du parte nagusiki. Jendeak partikularki bere eskualdeko demokrazian sinesten du eta gauzak aldatzeko era bakarra horietan bozkatzea dela uste du.
1800. urtetik 1940. urtera bitartean, Frantziak 9 Konstituzio ezagutu zituen, aldaketa anitz beraz. Inperioa eta Monarkia joan ziren eta Errepublika heldu. Departamenduen eta komunen egiturak ez dira aldatu, deszentralizazioaren historian estatuaren absolutismoa ageri da. 1940az geroztik, Frantziak gerra galdu ondoren, Vichyko Gobernuak Errepublika kendu eta Estatua ezarri zuen Konstituzioan. Vichyko mugimendua (Pétain mariskala buru zelarik) tradizionala zen, Errepublikako egitura kendu eta antzinako probintziak antolatu nahi izan zituen. 1941ean jalgi zen lege dekretu hori, eta hemen, Euskal Herria, Gaskonia eta Biarno izenak erabili ziren probintzia bat osatzeko. Hortaz, Frantziako zentralizazioa eta deszentralizazioaren afera biziki borrokatua izan da. Adibidez, De Gaulle 1969an eta Mitterrand 1981an deszentralizazioan entseatu ziren, baina beti gatazken artean. Eta ez bakarrik estatua zentralista delako, jendeak kultura politiko hori barneratua duelako. Eskualdeko instituzioek ez dute aise deszentralizazioa erdietsiko, eta ez soilik estatuak ez duelako nahi, baizik eta lekuan lekuko herritarren kultura politikoa eskas delako estatuaren deszentralizazioa gauzatzeko.
M. GOIHENETXE. Vichyko garaia gogoratuz, nire buruari usu galdetzen diot zentralizazioa eta deszentralizazioaren eztabaida faltsua ez ote den. Problematika hori faltsua dela, hots. Adibidez, 1940an, Frantzia hain estatu zentralista izanik, nola pasa zen IV. Errepublikatik V. Errepublika izatera? Amen batean aldatu baitzen. Hau da, demokrazia eta estatu indartsua bermatzen zituzten egiturak erori ziren. Nago, Iraultza garaitik edo lehenagotik eraiki zen estatua zenbatetaraino ez ote den ahula, mendrea. Aski da, salbuespenak salbuespen, prefeta aldatzea, estatu burua aldatzea, dena erortzeko. Eredu hau unibertsala al da? Eta beste ereduek, Britainia Handikoak, AEBetakoak -beren alde edo kontra izan, bestalde- zenbateraino indarra ote dute? Zer oinarri dute?
K. GOROSTIAGA. Alegia, oixtian aipatu dugun Sobietare Batasuna Frantziako Iraultzaren ildoan egin zela erran dugu eta hura garaile jalgi eta 70 urte geroago desagertu zen.
M. GOIHENETXE. Hara! Piramidea erori zen.
Deszentralizazioaz ari gara, baina nola ulertu behar dugu deszentralizazioa terminoa? Zenbaiten ustez Frantziako Estatua «deskontzentratua» da. Argitu dezagun amiñi bat puntu hau.
K. GOROSTIAGA. Bi kontzeptuak nahasten dira maiz, maltzurki gainera, eta ez dira antzekoak kontrajarriak baizik. Deskontzentrazioa zentroko boterea periferiara pasatzea da, zentralismoaren adierazpen zorrotzenetakoa gauzatzea. Prefetak eta gobernuaren ordezkaritzak azken muturreraino eramatea, alegia. Deszentralizazioa, berriz, eskualdeko botereak sortzea, Parisko boterea eta lekuan lekuko botereak aurrez aurre aritzea. Gaur egunera etorriz, adibidez, Jean-Pierre Raffarinen gobernuak deszentralizazioaren prozesua prefetuen eskuetan utzi nahi izan du. Deszentralizazioa abiatzeko prefetuak izendatzen ditu, eta honek deszentralizazioa gauzatzeko bilkuretan parte hartzen duten kideak izendatu ditu. Horrela nora goaz, ordea?
Deszentralizazioaren lehen saioa Mitterrandek egin zuen, baina, berehala, Korsikako afera lekuko, hain estatu indartsu eta eredugarria izanagatik ere, deszentralizazioa gauzatzeak nortasun historikoak berpizten zituenaz ohartu zen. Harrezkero, Frantziako Estatuak izugarrizko beldurra dio deszentralizazioaren prozesuari. Korsikaz gain, Bretaina, Okzitania, Alsazia eta Euskal Herria aiduru daude. Estatuak ez ditu bere historian kultura horiek kontuan hartu, eta egun errealitate horiek hor daude, errealitate setatiak.
Deszentralizazioaren ezintasunaren gibelean estatuaren diskurtso triunfalista dago, Errepublika zentralista batena, baina federalista izan zitekeena. Alta, sekula ez du halakorik bilatu. Beharbada, ezpata kolpez eraikia den estatua delako. Egun, ordea, dirudienez, atzera ezinezko prozesu baten atarian gaude. Deszentralizazioa nahitaez burutu behar da.
P. BIDART. Alta, gauzak biziki konplikatuak dira (Koldoren irriak). Oixtian, Frantziako kultura eta tradizio politiko ezberdinak aipatu ditut. Iraganean, Errepublikako ezkerreko alderdiak zentralista zirela erraiten zen, eskuineko alderdiak ez hainbeste. Orain, aldiz, RPR eta UPM alderdietan mugimendu arrunt zentralistak ageri dira. De Gaullek entseiatu zuen erreferenendumak huts egin ondoren, Mitterrandek eta ezkerrak deszentralizazioa bideratzeko legeak sortu zituzten. Funtsean, ezkerrean nahiz eskuinean deszentralizazioa gauzatu nahi duten sektoreak daude, eta aurka ere bai. UPMn ikusten dut ordea mesfidantza handiena.
Deskontzentzazioaz bi hitz. Koldok arrazoi du prefetaren figuraz ari delarik. Prefeta estatuaren pertsonifikazioa baita, eta denbora iragan ahala botere politikoa ere hartu du. Alabaina, Kontseilu Nagusiak sortu zirelarik, 1981tik goiti partikularki, prefetek botere handia galdu zuten. Egun Kontseilu Nagusiek lehen baino gehiago manatzen dute. Prefetak kendu behar direnentz? Ez dut uste hori gertatuko denik. Prefetaren baloreak biziki ontsa finkatuak eta uztartuak baitira estatuaren egituran, eta ez dira aise eta berehala aldatuko. Zer nahi gisaz, erregioak edo eskualdeak indartuko balira, prefetak bere boterea gal lezake. Deskontzentrazioa, beraz, ahultzen joan daiteke eta deszentralizazioa azkartzen, emeki-emeki bada ere.
M. GOIHENETXE. Deskontzentrazioa edo deszentralizazioa? Ez naiz eztabaida teknikoetan sartuko, ez baita nire gaia. Historialari bezala ordea, jende gutxik ezagutzen duen datu azpimarragarri bat aipatuko dut: Frantziako Iraultza gauzatu zelarik Euskal Herriko jende gehiena pozik agertu zen. Orduko agiriek diotenez, Iraultzaren lehen aldian, 1789tik 1792ra bitartean, jendeak Iraultza txalotu zuen, Lapurdiko Biltzarrak Ilustrazioaren eta Argien printzipioak bere egin zituen. Aldaketaren alde zeuden eta bi eskaera egin zituzten: euskararen erabilera normalizatua izatea eta lurraldetasuna onartzea. Ez «Zazpiak Bat», bistan da. Iparraldeko hiru euskal lurralde historikoak egitura batean sar zitezen eskatu zuen Lapurdiko Biltzarrak. Duela bi mende luze eskaera horiek aldarrikatu ziren eta gaur egun ere horiek dira eskaerak. Beraz, deskontzentzazioa edo deszentralizazioa, nahi den bezala, problematika beti bera da.
P. BIDART. Koldok aipatutako analfabetismoaren ildoan segitu nahi dut, analfabetismoak XX. mendera arte iraun baitzuen kasik. XIX. mendeko herritar gehienek ez zekiten leitzen ez idazten. Orduan, eguneroko errealitatea herria edo komuna zen. Horregatik, jendeak udal instituzioei atxikimendua ematen die. Frantzian 36.000 herri ditugu, Europa osoan bezainbeste. Gobernuak ez du sekula herriek hautatutakoa inposatuko, bestela, Frantzian iraultza gisako bat gertatuko da eta. Frantziako errealitatea herrien arteko harremanetan gauzatzen ari da. Inkesten arabera, jendeak ez daki arras zein diren deszentralizazioaren onurak; alta, neurri batean, kontseilu nagusiak zertan diren badaki, eta, batez ere, beren herrien errealitatea ezagutzen du. Herritarrek badakite kantonamenduetan herrien arteko partzuergo edo komunitateak antola daitezkeela, «Communauté de Communes» delakoak, alegia. Hitz batean, deszentralizazioa parlamentuaren eta alderdi politikoen afera da, eta ez dut uste jendearen arrangura horrenbestekoa denik. Problematika ongi ezagutzen duen jendearentzako bai, baina ez hainbeste jende xumearentza .
Frantziako antolamendua, herrietan, departamenduetan eta erregioetan oinarritzen da. Alderdi Sozialista boterera heldu zenean, Mitterrand estatuburu izaki, Deferre Barne ministroaren legeak sortu ziren prefeten boterea gutxitzeko eta deszentralizazioa gauzatzeko. Alta, ez da horrela izan. Zenbaiten iritziz, estatuak eta bere funtzionarioek (Frantziak bost milioi funtzionario ditu) «makina» biziki pisua osatzen dute. Teknokrazia hitza ere aipatua izan da. Zein da zuen iritzia horren guztiaren inguruan?
K. GOROSTIAGA. Zuk erran bezala, estatuaren egitura izugarri pisutsua da. Bost miloi funtzionario logika baten barnean ari dira, Parisko aginduen araberako funtzio publikoa aplikatzen ari dira berrehun urte luzeko praktikari jarraikiz. Irakaskuntzan dugu horren adibide nabarmena. Oro har, oraindik ere armadako diziplina dago Frantzian. Napoleonek funtzio publikoa asmatu zuen, armada gisara asmatu ere. Ez dugu ahantzi behar funtzio publikoetako nagusiek uniforme bat eramaten dutela, eta festa nagusietan armada itxurako festa egiten dutela. Guretzat, kanpotik begiratuta, harrigarria da hainbat funtzionario armadan egongo balira bezala ikustea.
P. BIDART. Hori estatu guztietan baduzu oraindik. Jujeek uniformea dute, unibertsitateko irakasleek, militarrek eta prefetek ere bai. Baina beren lantokietan, kanpoan ez.
K. GOROSTIAGA. Beharbada ez dira menturatzen berekin ateratzera (irriak). Anekdota gisa aipatu dut. Deferren legeek deszentralizazioa abiatu nahi izan zuten, baina berehala deszentralizazio mugatu batean geratu ziren, ez zutela aitzinera joaterik ohartu ginen. Egun, aldiz, estatuaren eragina eta ahalegina nahikorik ez, eta Europaren eragina behar dugu, deszentralizazioa nazioarteko testuinguruari esker edo horren laguntzaz egin beharko dugu, halabeharrez egin ere. Fenomeno bitxia eta ikaragarria da, Europako estatuen artean Frantzia da salbuespena. Gainontzekoek, aldez edo moldez, beren deszentralizazioa egin dute, sakona kasu batzuetan eta neurrikoa bestetan. Frantzia falta da, baina hemendik 10 urtera Europako Konstituzioaren menpean izanen garenez, frantsesei ezinbestekoa eginen zaie deszentralizazioari ekitea. 1981ean ezinezkoa izan zen, artean, ez zelako Europako Batasun politikoa aurreikusten. 1989an ordea, Berlingo goi-bileraren ondoren, frantsesen ikuspuntutik, iraultza bat gertatu zen. Frantziak Europako Batasunerantz joatea onartu zuen eta orain Raffarin lehen ministroak estutasunak ditu beste estatuen deszentralizazio maila erdiesteko.
M. GOIHENETXE. Deferre Barne ministroaren legeak sortu bai, baina bideak moztu ziren. Ados. Baina itzul gaitezen 1979 urtera. Alderdi Sozialistaren agiriak hartzen baditugu, Michel Rocard lehen ministroak idatziak, 1981eko hauteskunde kanpainan erabilitako mezuak «Askotariko Frantzia edo Frantzia anitza» delakoaren aldekoak ziren, eta hainbat promesa ere egin zuten sozialistek. Baina zertarako erabili ziren mezuak eta hitzak? Hauteskundeak irabazteko tresna izan ote ziren? Mitterrandi «Hitza» jan izana aurpegiratu zitzaion. Orduko Europaren testuinguruak ez ote ziela sozialistei deszentralizazioa aitzina eramaten lagundu? Galderak betiere.
Gaurrera etorriz, dudarik gabe, Frantziako estatuari dezentralizazioa edo estatu eredu itxura moderno bat eman beharko zaio, eta aldaketak Europatik etorri beharko du, estatuaren itxura arkaikoa baita.
P. BIDART. Duela bi mende jende gehiena analfabetoa zela erran dugu. Egun alderantziz da, edo jende gehienak badu kultura oinarri bat behintzat. Eta are gehiago, egungo jendearen herri nortasuna ordukoa baino ageriagoa dela azpimarratuko nuke, jendeak herriko usadioak gorde nahi ditu, interes berriak erakusten ditu. Modernitate kontzeptuaren barnean, lekuan lekuko kultura edota nortasuna funtsa hartzen ari da. Deszentralizazioaren aldaketa kontzientzia aldaketa horren eraginez etorriko da. Frantziako estatuaren kontzepzioa gibelka joanen da, baina emeki-emeki, bi mendeetan barneratu den kontzientzia ez baita berehala aldatzen.
Bost milioi funtzionario aipatu dituzu, ni ere funtzionarioa naiz. Funtzionarioak estatuaren zerbitzuan ari dira eta beren espiritua defendatzen dute, estatuaren baloreak bere gain hartuak dituzte, bakoitzak bere tokian, dela Parisko ministerioan edo Baigorriko eskola batean. Beraz, bakoitzak bere interesak defendatzen ditu, eta estatua ere jendearena da.
Alderdi politikoek deszentralizazioaren bidea berengain hartu dute, eskualdeetako jendearen pentsamoldean deszentralizazioaren beharra sarrarazi nahi dute. Baina, konparazione, Akitania erregioa osatzen dutenentzako zer erran nahi du deszentralizazioak? Akitanian hori planteatu eta Akitaniari Zentroko Eskualde izena eman izan diote. Izugarria da. Nola onartu dezake izendapen hori lekuko jendeak? Alta, jendeak onartzen du. Kultura bat da. Gauza bat da estatua eta bere instituzioak, beste gauza alderdi politikoak, eta beste bat jendearen espiritua. Alabaina, deszentralizazioa denen afera da.
K. GOROSTIAGA. Ados. Puntua biziki garrantzitsua eta interesgarria da.
P. BIDART. Izan ere, zein da irakasle batentzako helbururik ederrena? Paris. Paris jende askoren mitoa da oraino ere, zentralismoaren erdigune eta sinboloa. Parisek ondare nagusiak biltzen ditu eta horren aurka ez da aise borrokatzea. Artista batek nekez hautatzen du Baionan bizitzea, eta nekez bilatzen ditu bere ezagutza eta ametsak han kausitzea. Jendearen espiritua ez da hain erraz aldatuko, ez bada bere lurrari biziki atxikia behintzat.
K. GOROSTIAGA. Askotan jendearen ikuspegia baztertzen da, jendea instituzioen errealitatetik landa bizi dela diogu. Orduan galdera da: nork alda dezake jendearen jarrera hori epe labur batean? Bada, hori da hain zuzen ere Frantziako Gobernuak duen erronka nagusia. Problema latza dugu hor. Agintariek eta politikoek orobat ez dute errealitate hori bere gordintasunean onartu nahi, estatuaren egungo ereduak arazoa azalaraziko duelako eta alderdiei elektoralki porrot itzela ekarriko liekeelako. Eskuinak nahiz ezkerrak, Frantziako egungo estatua deszentralizatzeko beharra aipatzen badute, bertako errealitatearen eta Europako errealitatearen arabera, ez dute inolako arrakasta politikorik izanen hauteskundeetan. Frantsesek, beren kultura dela-eta, ez dute hori onartzen. Esate baterako, hemendik aitzina eskualdeetako botereak sortu beharko dira eta gure eguneroko bizitzaren %50 eskualdeko botereen bitartez kudeatu beharko da, horrela eskatzen du Europako fondoaren kudeaketak, eskualdeetan botere sendoa izatea, alegia. Raffarinek badaki hori lehenbailehen lortu behar duela, baina, aldi berean, bere porrot elektorala datorkiola ikusten du. Aipatu dugun kultura politiko horrekin topo egiten du. Fenomeno bitxia da, ezen egungo estatu ereduaren aldeko sutsuenek badakite eskualdeko botereen gaurkotze ahalik eta azkarrena egin behar dela, baina badakite ere, gaurkotzearen beraren ondorioz erabakiaren aurkako altxamendua etor daitekeela, beren jende fidelaren altxamendua gainera, jende horrek ez baitu deszentralizazioa onartzen. Frantses logikak horrela funtzionatzen du, Frantziak jendearen mentalitate aldaketa behar du ordea, eta horretan ezintasun ikaragarria dauka. Europako Parlamentuan behin baino gehiagotan sentitzen dut logika nagusi hori aldatu beharra, haatik, eskuin nahiz ezker frantsesak ikasgelako azken ikasleak bezala sentitzen dira, ezin atzemanik Europa eskatzen eta lantzen ari den logika.
M. GOIHENETXE. Kulturaz eta politikaz aritu zarete, baina Europaz aritzea ekonomiaz aritzea da egun, eta ekonomiaz idatzi den azken dokumentuen arabera, Paris Frantziako basamortua da. Eta ekonomiaren eremutik beste eremuetara hedatu daiteke gaitz hori. Vichyko garaia aipatu dugu, orduko gobernua eta orduan gertatu zena lotzen ditut egungo egoerarekin. Orduz gero, herrialdeen kultura eta bizitza galduz joan dira. Orduan ere, herriaren kultura galdu zelako, probintziak berreskuratu nahi izan zituzten. Beren memorian probintzia zerbait zelakoan, kultura baten arrastoa berreskuratu nahi izan zuten.
Deszentralizazioari buruzko eztabaida teorikoa egiten ari gara, baina begira diezaiogun ikuspuntu praktikoari. Adibidez, Frantziako hedabideek arazoak dituzte meteorologiaren berri emateko: Gaskoina dela, Akitania dela, Euskal Herria dela, ezin dute hiztegi normalizatu bat erabili meteorologiaren informazioa funtsaz emateko. Alta bada, Euskal Herrian, herrialdearen kontzeptuak ez du probintzialismoarekin deus ikustekorik. Jendeak, Atharratzetik Miarritzeraino, herrialdearen nozio bat dauka, herri kultura bizi du, Iparraldeak kultura bat bizi du. Estatua arriskuan ezarri gabe, bistan da.
Politikaren zereginetan amiñi bat gehiago sakondu aldera. Konstituzioaren egungo marko juridiko politikoak aukerak ematen ditu estatu deszentralizatu baten erakundeak gauzatzeko. Erakunde horiek izaera juridiko ezberdindua izan lezakete. Konparazione, «Libre administration» printzipioa aipatu izan da eta Konstituzioaren 72. artikuluak "Collectivités territoriales" aipatzen du. Nola gauza daiteke aukera hori? Arazo bakarra errealitatearekin bat egitean datza? Borondate politiko kontua ote da?
K. GOROSTIAGA. Frantziako Konstituzioak, berriki, bi lege organiko onartu ditu legegintza arloan. Konstituzioaren barnean deszentralizazio hitza sartu da, orduan, deszentralizazioa ez da honezkero alderdi baten estrategiarako hitza. Frantziako Konstituzioaren arabera Frantziako estatu zentralistaren izaera izate historiko bat da, oinarri juridikoa onartua da. Arazoa, neurri batean-edo, 1958an eskaini ziren aukera batzuk oraindik ere erabili ez izanean datza. Egungo Konstituzioak aukera asko eskaintzen du. Frantziako Gobernuak Asanblea Nazionalean gehiengoaren babesarekin kontatuz gero, edozein gauza egin lezake edozein arlotan. Esate baterako, Ipar Euskal Herriari «kolektibitatearen estatus partikularra» onar liezaioke. Hitz horiek legedian idatzita daude, Korsikarako erabiliak jadanik. Borondate politikoa izanez gero edozein gauza egin daiteke. Frantziako Konstituzioa Espainiakoa baino malguagoa da. Espainiako Estatuan deszentralizazioa handiagoa izanda ere, Juan Jose Ibarretxek zailago du bere plana Espainian kokatzea Frantzian baino. Korsika dugu adibidea. Gero, hori gauzatzea besterik da. Korsika Europako planaren barnean aztertua da eta bere izaera onartzen zaio. Adibidez, Nicolas Sarkozy Romano Prodi bisitatzera joan zen, Korsika modu deszentralizatu batez kudeatu beharko delako Europan. Frantziak, printzipioz, estatuaren defentsa eta oreka gorde beharko ditu, baina Korsikarentzako deszentralizazio prozesu bat garatu behar du, nahitaez. Arazoa da nola gauzatu. Lionel Jospinek bere plana bideratu zuen, Matignon plana zeritzana, baina ezin izan zuen aitzina egin. Sarkozyk ere arazo bera du. Kultura politikoa falta dela-eta, Frantzia arazoa da Europaren eraikuntzan, eta frantsesei egia esan behar zaie eta inork ez die egia esaten. Frantziak kultura politiko hori aldatzeko diskurtso sendo bat gauzatu behar du.
M. GOIHENETXE. Kultura historiko politiko hori indarrean dago, bistan da. Arazoa da eskualdeetako nortasuna nola gauzatu estatuan eta Europan, eskualdeetako botereak Frantzian eta Europan nola gauzatu eta kudeatu. Ni Ibarretxeren planaren bilakaeraren zain nago. Ez dakit aurrera eginen duen edo ez, bideratuko ote den ere ez dakigu. Baina horrek oihartzuna sorraraziko du eta gure Iparraldean eta Europan ondorioren bat utziko du.
P. BIDART. Deszentralizaziorako ahal eta bide juridikoak badaude Konstituzioan, arazoa errealitatean ahalbideratzea da. Parlamentuak legeak egiten ditu baina jendeak onartu behar ditu. Hor dago mesfidantza. Alde batetik, estatuaren boterea dago, ahalguztiduna, eta bestetik, eskualdeetako botereak. Eta jendeak ez du arras konfiantza egiten lekuan lekuko botere horietan; arrazoia estatuaren eskuetan uzten du jendeak. Frantzian, estatuak neutraltasunaren balorea bere egin du bi mende hauetan. Beste puntu bat: Korsika. Maleruski, deszentralizazioaren esperimentazioa Frantziako lurralde berezi batean hasia da, Korsikan. Ez da lurralde egokiena, nik uste. Korsika diru laguntzari esker bizi da. Gobernuek plan asko eta bereziak landu dituzte politika bat aitzina eramateko, baina hango demokraziak ez du funtzionatu. Frantzian leporaino daude hango gertakariekin. Erreferendumak huts egin zuen eta gauzak ezin gaizkiago abiatu dira. Hau da, beste leku batean hasi izan balitz jendeak beste gisa batez onartu zezakeen. Hasiera okerra izan da, eskualdeko instituzioek ezin izan dute Parisko botearen ordezkaritza hartu. Nik afera goibel ikusten dut .
Europako birmoldaketa aipatu dugu. Europa berriak Frantziako estatuaren egitura aldatzea bultzatzen du. Nondik etor dakioke presio gehiago Frantziari, kanpotik edo bere barnean dituen espezifikotasunetatik?
K. GOROSTIAGA. Europak nahiz Frantziako eskualdeek bultzatu beharko dute deszentralizazio prozesua. Jokoan dagoena Frantziako Estatuaren iraupena da ordea, oraingo estatuaren moldean behintzat. Arazoa politikoa da. Batzuentzat oraingo estatuaren eredua iraganeko egitura politikoa da, desagertzeko zorian dago, eta lagundu behar zaio desagertze prozesua ahalik eta molde erraz eta baketsuenean garatzen. Hori nahi dugunok XIX. mendeko estatu batek XXI. mendean ez duela ez lekurik ez zentzurik, esaten dugu. Estatua herritartzea nahi dugunon iritziz, estatu hau traba da ekonomia alorrean, baita eskualdeko kultura berpizteko ere. Ultraliberalismoaren kultura defendatzen dutenek, berriz, Raffarin lehen ministroa tarteko izaki, arrenkurak eta arazoak besterik ez dituzte. Izan ere, datorren urtean, Frantziako aurrekontua %4ko desorekarekin aurkeztuko da Europako «Egonkortasun Ituna»ren barnean. Aurrekontu hori ezin izanen da onartu Bruselan, Europako Batzordean. Hor dago koska! Mario Monti komisarioak erran duenez, iraganeko praktikak erabiltzea ezinezkoa da Europa berrian. Estatu batek ezin du industria babestu eta bere logika aplikatu, merkatu irekia da eta lehiakortasuna arauzko printzipioa. Montirentzat ez dago industria indarturik botere publiko sendorik gabe, eta botere publikoa ez da estatuarena, Europarena baizik, Europa bateratu batena da eta estatu politika egiten duenak ez du urrats hori emanen. Ekonomikoki ere estatuaren desagerpena nahitaezkoa da, Europako estatuaren zeregin nagusia orden publikoa taxutzea izanen da.
M. GOIHENETXE. Baina estatuaren desagerpena etorkizuneko gauza da, egokitze prozesuan dago gaur egun. Frantzia, adibidez, ez da oraindik «Colvertismo»tik atera. Bere logikak eta pentsamenduak XVII. mendeko Colver pentsalariaren estrategiaren ildoan jarraitzen du. Colver Luis XIV. erregearen ministroa izan zen, absolutismoaren ikurra. Colverrek estatuaren boterea bultzatzen zuen fermuki, horretarako finantzak gogorki sustatzen zituelarik. Raffarin Colverren filosofiarekin ari da oraindik, nik uste.
K. GOROSTIAGA. Iraganeko kultura politiko hori ez da gainditu, oraino ere keinu guztiak garai hartakoak dira. Hor dago arazoa.
M. GOIHENETXE. Liberalismo ekonomiko hori arkaikoa da, eta anartean, ezkerra ez da gauza izan beste alternatiba bat eraikitzeko.
P. BIDART. Estatu horren logikatik aldendu behar dugu, bistan da. Baina, indartzen ari den globalizazioa aipatu behar da, nahiz terminoa ez dudan biziki laket. Globalizazioak aitzina egin ahala estatuaren beharra azkartuko da. Nahiz eta estatuek ekonomia arloan beren boterea eta independentzia galduko duten Europan, bakea defendatzeko estatuaren beharra izanen da betiere. Gizarte batek estatua galtzen duenean, Liberian ikusi dugun bezala, liskar eta hilketa izugarriak gertatzen dira. Ez dut estaturik gabeko gerorik ikusten, nahiz eta estatuak gero eta egokitzapen gehiago behar izan, ez dut beste biderik ikusten. Estatuaren ondoan erakunde publikoek botere gehiago hartu behar dutela? Ados. Jendearen ikusmoldea eta espiritua munduari irekia dago eta aldi berean bere erroak landu nahi ditu, baina, jendeak, aldi berean, babespen gehiago ere eskatzen du. Beraz, engaiamendua eta konpromisoa biziki handiak dira. Europa azkar bat behar dugu eta botere publikoak ere bai. Montaignek erraten zuenez, botereari ez zaio jendearengandik urrun izatea komeni eta jendearentzako boterea urrun izatea ez da ez goxo eta ez egokia. Jendeak bere inguruan botere publikoak nahi ditu. Europa gizarte bakar bilakatuko da etorkizunean, lege berak izanen dira denentzat, baina estatuek ere azkarrak izan beharko dute. 15 estatuko Europa egitea ez bada erraza, pentsa ezazue 25 estatuko Europa zer izan daitekeen, bakoitzak bere historia politikoa duelarik.
K. GOROSTIAGA. Haatik, estatua botere publiko bezala ulertu behar dugu. Monetarik ez dago, diplomazia eta defentsa ere desagertuko dira, eta nahiz tirabirak izan, ekonomiarena ere desagertuko da. Estatuen rola herritarren zaintza bermatzea izanen da, beren armaden bitartez. Estatuak errepresio sistemaren tresna soil bilakatuko dira. Hori globalizazioaren ondorio bat da. Nik ultraliberalismo horren aurka bozkatzen dut aldiro Europako Parlamentuan. Zuk erran bezala, gure proposamenak Montaignerena izan behar du, ados, baina boterea herriarengandik ahalik eta hurbilen izan dadin. Zoritxarrez, frantsesek botere publiko delakoa beti ulertzen dute alderantziz, estatuari dagokion egiteko soil bezala. Guk, euskaldunok aldiz, botere publikoa herriarengandik hurbil dagoen botere bezala ulertzen dugu. Hegoaldean bi autonomia erkidego ditugu eta zer-nolako botere publikoa nahi dugun frogatzen ari gara. Iparraldean, tamalez, oraindik ez dugu, baina, hemen ere guretzat botere publiko hori nahi dugu. Eta nahi horrek badu etorkizunik, demokratikoena eta kontrolagarriena baita. Alternatibarik badago, ez dugu negarrik eginen estatuak desagertzen direlako. Arazoa da Frantziako estatuak ez duela alternatibarik.
«Guk» esaten duzunean, argitu nortaz ari zaren, mesedez.
K. GOROSTIAGA. Bada, egun, Iparraldean, 1999ko urriaren 9an karrikara atera zen jendea. «Front National»ekoak izan ezik, gainontzeko alderdi guztietako partaideak atera ziren. Han zeudenek honela esan zuten: «Hau Euskal Herria da eta gu Euskal Herriko kideak gara. Euskaldunak gara». Renaud Delizagarairen diskurtsoak hori agertu zuen, denon adostasunarekin. Horra oinarria! Guk alternatiba bat dugu. Iparraldean, gure baliabide eskasekin, eraikitzen ari den prozesua Frantziako beste eskualdeetan ere frogatu beharko litzateke. Ezkerrak horretan erantzukizun historiko itzela dauka.
M. GOIHENETXE. Estatuen afera ez dugu hemen trenkatuko, noski. Estatuaren beharra aipatu du Pierrek, nik bai eta ez, erranen nuke. Nola gerta, bistan da. Estatuak bere hutsak ditu. Estatuak akats ikaragarriak izan ditu Frantziako historian, III. Errepublikan adibidez. Estatuaren eredua suntsitzeko estatu kolpea izan zen. Hartara, estatuaren akatsen aurrean herri dinamikak bere alternatibak erakutsi behar ditu. Frantziako Estatuak ez lituzke bere akats historikoak errepikatu behar, hots, arazoa ezpata kolpez trenkatzea. Esate baterako, Ipar Euskal Herriak alternatiba bat eskaintzen du, ez du beste ideologien gainetik pasa nahi, ez du Vichyko garaia itzultzea eskatzen, probintzialismora itzuli gabe alternatiba moderno bat eskaintzen du eta Frantziako Estatuak badu hor berealdiko erronka.
Amaitu aldera, Estatuekiko herri mugakideen egoera aipatu nahi genuke, Euskal Herriarena, adibidez. Ibarretxe Plana aipatu duzue. Mugaz gaindiko ekimenak gauzatzen ari dira Europan. Baionako ituna (1993an sinatua) mugarria dugu. Haren bitartez Baiona eta Donostia arteko Euskal Eurohiria bideratzen ari da. Euro-erregioen ideia gauzatzen ari da. Nola ikusten duzue bide hori?
K. GOROSTIAGA. Euskal Eurohiria egitasmoa 1995ean sinatu zen, Alain Lamassoure buru zelarik. Lamassourek orduan egin zituen deklarazioak liluragarriak izan ziren. Alabaina, zortzi urteren ondoren egitasmoa ez da ia-ia batere aurreratu. Baliabideak egon badaude, baina borondate politikorik ez. Ezintasuna dago. Zergatik? Frantsesek mugaz beste aldean benetako espainolak topatzea espero dutelako eta espainolek, berriz, mugaz alde honetan benetako frantsesak aurkitzea espero dutelako. Ordea, bi aldeetan euskaldunok gaude eta gure nortasuna ez da errespetatzen, ez Parisen ez Madrilen. Hor dago gakoa! Egunen batean, lortzen badugu Parisek eta Madrilek mugaz bi aldeetan euskaldunak garela ulertzea, egun ditugun baliabideekin berebiziko urratsak emanen ditugu elkarrekin aurrera egiteko. Baina bide hori estaltzen da. Izugarrizko hipokresia dago. Jean Grenetek eta Odon Elorzak izugarrizko harremanak izanen dituzte, baina funtsean, ez dira gauzatzen euskaldunon izaera ez delako onartzen. Bi aldeetako euskaldunek bidea urratu dezakete elkarrekin. Korsika gaizki hasitako eredu bezala aipatu du Pierrek, Euskal Herria izan liteke eredua.
P. BIDART. Nik, berriz, errealitatera etortzearen beharra ikusten dut. Zein da errealitatea? Europan gauza anitz aitzinatu dira, alta, jendearen begietara horiek ez dira eguneroko gauzak. Gurera etorriz, bi aldeetako Euskal Herrien harremanak zertan dira? Nafarroan, errate baterako, gibelka ari gara, lehen baino harreman gutxiago dagoela atzematen dut. Nafarroako beste aldean ez dira gurekin interesatzen. Festetarako harremanak badira, baina eguneroko aferetarako ez gara hainbeste elkartzen. Baigorri eskualdean Baionara begira daude eta Baztanen Iruñera. Beraz, lan handia dugu egiteko. Elkar ezagutzeko behar handia dago, bi mende ez dira alferrik joan. Bakoitzak geure interesak eta arazoak ditugu Europa egiterakoan, eta horrek ahalegin handia eskatzen du. Konparazione, elebitasuna aitzinatzeko moldea da, baina aldi berean arazo bilaka daiteke. Lekuko bi hizkuntzaz gain ingelesa ikasi behar da, orotara lau lengoaia. Euskal Herriko eredua elitista da Europaren eraikuntzan. Alde batetik ongi da, ados, baina erronka ez da erraza. Eleaniztasuna gutxiengo baten errealitatea izan daiteke, gehiengoa ez da horretan ari. Bestalde, eta finitzeko: elkarren arteko harremanak sustatu behar dira, ados. Baina, egun, harremanak lantzerakoan traba handiena bortizkeria da, bortizkeria den bitartean harremanak ez dira sustatuko. Aipatu ditugun kultura politikoa eta mentalitatea aldatzeko izugarrizko traba da bortizkeria.
M. GOIhENETXE. Gure Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak lehen baino ttipiagoak direla? Horretan ere, bai eta ez. Egia da, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko harremanak murriztu direla. Alabaina, gure arteko harremanak, oro har, Lapurdin eta itsasertzean bereziki, ugaritzen ari dira. Bidasoan gero eta harreman gehiago dago hezkuntza eta ekonomia eremuan. Belaunaldi berriek lau hizkuntzen hautua egina dute eta ikastolatik heldu den belaunaldi berriak bosgarren hizkuntza ikasiko balu, hainbat hobeto.
P. BIDART. Lau ere ez litzateke gaizki (irriak). Ados naiz itsasaldeko harremanez erran duzunarekin.
M. GOiHENETXE. Euskal Eurohiria delakoari buruz, finitzeko, Koldok erran duena egia da, uste baino bitarteko juridiko gehiago dago. Borondate politikoarekin urrunago joan gintezke. Hendaia-Hondarribia-Irun partzuergoa hor dugu. Arazo guztiak ez dira bitarteko horiekin konpontzen, baina nik ez ditut gaitzesten, urrats bat gehiago da. Pierrek indarkeria aipatu du. Eta nik galdetzen dut: zenbateraino ez ote da indarkeria bermatzen borondate politikoaren eskasiarengatik? Adibide bat aipatzearren, zenbaiten ustez euskal departamendua onartzea ETAren estrategiari amore ematea litzateke. Ez dut uste horrela denik. Hori aitzakia da. Ezetzak ez du justifikazio hori merezi. Eskaera hori Iraultza denboran egiten zen eta orduan ez zegoen ETAren indarkeriarik. Borondate politikoa falta da. Nik, nire kultura politikoarengatik, herri ekimenean sinesten dut, herriak aurkezten dituen ekimenetan eta alternatibetan.
Honetaraino gure solaskideek eskainitakoa. Egia zor, Koldo Gorostiagak alde egin behar izan zuen halabeharrez, bere azken hitzak esan ondoren. Beraz, solaskideen azken erantzunak ez zituen aditzerik izan. Gainontzekoan, deszentralizazioaren gaia osatzeko hiru artikulu interesgarri dituzu jarraian. Informazioaren eremua, eta ekonomia eta politikaren mundua ondo ezagutzen dituzten hiru lagunek idatzitakoak dira.