Ahaztu entxufea

  • Loreak informazioa bildu behar du Interneten, hurrengo erreportajea bi egun barru entregatu behar baitu! Ongi pentsatu ondoren, parkean lan egitea erabaki du. «Eskerrak», pentsatzen du, «kablerik gabeko teknologia dagoen!». Hala, datorren asteburuan mendira joango da Patxirekin, bere mutil lagunarekin. Patxiri eguzkia asko gustatzen zaio, eta bide batez berak eta orain Ingalaterran dagoen Jon lankideak proiektu handizale horren inguruko zenbait xehetasun zehaztuko dituzte, larunbat arratsalderako hitzartua duten txatean.

2021eko uztailaren 19an
Lorea gutako edonor izan daiteke. Istorioa 2003. urtean kokatua egon daiteke, baina agian aproposagoa da urte batzuk beranduago kokatzea, Wi-Fi edo kablerik gabeko sistema oso zabaldua dagoen urteren batean, alegia.

Kaliforniako Silicon Valleyn kokatuta dauden zenbait enpresetan ezarri ondoren, helburu komertzialetatik at sortutako sistema bat da Wi-Fi. Hasiera batean enpresa horietako langileek beren etxeetan ezarri zuten, ondoren beraien auzoetara hedatu zen eta pixkanaka arrakastatsu bihurtu den teknologia bilakatu da. Helburu komertzialak bere egin ditu, baina irabazi asmorik gabeko ekimen irekiak ere indartsu etorri dira kablerik gabeko teknologia horren ildotik.

Etorkizuna

Gaur egungo enpresa askoren nahia bulego mugikorrak izatea da. Besteak beste, horregatik bihurtu da hain ezaguna Wi-Fi sistema. Batzuk etorkizun oparoa aurreikusten diote. Forward Concepts aholkularitza etxeak, esaterako, 2007an AEBetan 530.000 kablerik gabeko sarbide puntu edo hot spot egongo direla aurreikusten du, Europan 800.000 eta Asian milioi bat eta lau milioi artean. Forrester Research-ek egindako azterketa baten arabera berriz, Wi-Fi sistemak ez du arrakastarik izango Europan, ordenagailu eramangarrien kopuru urriaren eraginez.

Edonola ere, jatetxeak, hotelak eta aireportuak kablerik gabeko teknologiari lekua egiten ari dira, badaezpada ere. Besteak beste, Mc Donalds katea San Franciscoko 75 jatetxetan eta Singapurreko 140tan Wi-Fi zerbitzua eskaintzen hasi da duela gutxi. Gainera, teknologia hau aproposa izan daiteke kablea sartzeko zailtasun geografikoak dituzten zonaldeetarako, nekazaritza guneetarako esaterako.

Ezaugarriak

Abiadurari dagokionez, oraingoz kablea baino motelagoa da. Orain arte segundo bakoitzeko lortu zitekeen abiadurarik handiena 11 Mb-ekoa zen, baina joan den ekainaren 12tik aurrera -802.11g estandarra onartu zenetik- 54 Mb-ekoa da. Hala ere, abiadura hori teorikoa da, trafikoa erabiltzaile guztien artean banatu behar baita eta praktikan ez baita kopuru hori lortzen. Bestalde, seinalea 100 metro ingururaino iristen da eta beronek hormak zeharka ditzake.

Arriskuak

Aipaturiko espektro erradioelektrikoa arazo bat izan liteke etorkizunean, Wi-Fi sistema aritzen den 1-10 GHz-ko zati horretan bertan hainbat komunikazio eta etxeko aparailuk funtzionatzen baitute. Eutsi ahal izango ote dio espazio horrek hainbesterainoko zamari?

Baina kablerik gabeko teknologiak bestelako arrisku edo arazoak ere ekar ditzake. Segurtasuna da horietako bat. Kablerik gabeko teknologiak WEP deituriko zifratze sistema erabiltzen du. Adituek diotenez, zifratze sistema hori puskatzea oso erraza da. Hain zuzen ere, Wi-Fi-ren arazo nagusiena zera da, komunikazioak airetik igortzen direla eta beraz, nahiz eta enkriptatuta egon, datuak seinalea iristen den eremuan dagoen edonork har ditzakeela. Gainera, WEB gakoak ez dira aldatzen, beraz behin segurtasun oztopoa puskatuta, berriro ere egin daiteke. Etorkizunari begira, 802.11i estandarra ateratzekotan dabiltza eta diotenez, bertan segurtasunak garrantzi handia izango du.

Hala ere, bada hainbeste zehazten eta aipatzen ez den beste arrisku bat ere: uhin elektromagnetikoez inguraturik egoteak gizartearen osasunean izan ditzakeen eraginak, hain zuzen ere. Oraindik ez da frogatu uhin horiek arriskutsuak direnik, baina nork daki zer entzutekotan garen.

Irabazi-asmorik gabeko ekimenak

Ordenagailuko programen ekoizpenaren kasuan helburu komertzialak dituzten egitasmoen eta software librearen inguruko mugimenduaren arteko dikotomia gertatzen den bezalaxe, kablerik gabeko teknologiaren esparruan etekinak bilatzen dituztenen eta inolako irabazi-asmorik gabeko komunitateak osatu nahi dituztenen arteko polarizazioa gertatzen da. Euskal Herrian ere badugu horren adibiderik: Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean wireless komunitateak sortu dira. Kasu horietan pertsona talde bat elkartu da haririk gabeko teknologia beren hirietan zabaldu eta horrek eskaintzen dizkien abantailei probetxua ateratzeko. Beste kasu batzuetan berriz, hirietako udalak dira ekimenaren bultzatzaileak, dela turismoa erakartzeko, dela hiritarrei zerbitzu gehigarri bat eskaintzeko. Hori da esaterako, Espainiako Zamora herriko esperientzia.

Badirudi beraz, gero eta gehiago zabaltzen ari den teknologia dela. Hala ere, ziur txanpon egarriak oztopo bat baino gehiago jarriko dizkiola etorkizunean Wi-Fi sistemari. Esaterako, Telekomunikazioen Merkatuko Batzordearen ebazpen baten arabera, Interneteko sarbidea doan eskaintzea "lehia askean distortsioak eragin ditzakeen ekintza da eta hori telekomunikazioen sektorean indarrean dagoen araudiaren oinarrien aurka doa". AEBetan ere, Interneterako sarbidea eskaintzen duten zenbait enpresek iragarri dute beraien bezero diren zenbait enpresek konexioa beste erabiltzaile batzuekin banatzen dutela kablerik gabeko sareen bitartez, eta hori egitea debekatu egingo dutela.

Telekomunikazioen hainbat esparrutan gertatu ohi denez, hemen ere poltsikoaren eta jarrera altruista baten arteko dikotomia saihestezina da.

Euskal Herriko hainbat gune ari dira wireless teknologiaz hornitzen
Badira Euskal Herrian teknologia honen aldeko apustua egin duten enpresa eta instituzio gehiago. Esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatea, zehazki Donostiako Informatika fakultatea izan zen Internetera kablerik gabe sartzeko aukera eskaini zuen Espainiako lehen unibertsitatea. Nafarroako Auritz berriz, kablerik gabeko Interneteko konexio unibertsala eskaintzen duen lehen euskal herria da. Gainera, SPRIk, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietateak leku publikoetan kablerik gabeko Internet konexioak diruz laguntzen ditu. Hala, "Konekta Zaitez WIFI" programari esker, Zestoako Bainuetxean, Robotiker enpresan, Kursaal Jauregian eta Bilboko Abba Parque Hotelean, besteak beste Internetera konektatzeko wi-fi guneak ezarri ahal izango dituzte. Urte amaiera bitartean 40 gune publiko teknologia horrekin hornitzea espero du Eusko Jaurlaritzak. Euskalduna Jauregia (irudian) jada prestatua dago.

Zer da?
Wireless: Haririk gabea esan nahi du.

Wi-Fi: Laburdura honek Wireless Fidelity (haririk gabeko fidelitatea) esan nahi du eta sare desberdinak haririk gabe konektatzeko erabiltzen den sistema izendatzeko erabiltzen da.

WLAN: Kableen ordez, antenak eta errezeptoreak erabiltzen dituzten sareak dira. Ingelesetik datorren hitz bat da, Wireless Local Area Network edo Hedadura Lokaleko Haririk Gabeko Sarea.

Hot spot: Harirk gabeko sare batera konektatu ahal izateko ezarri behar diren sarbide puntu edo zonaldeei deitzen zaie.

WEP: Kablearen Baliokidea den Pribatutasuna esan nahi du. Ingelesez Wired Equivalent Privacy. Haririk gabeko sare batera sarbidea, kable batera bezain segurua izan dadila ziurtatu nahi duen zifratze sistema da.

Bluetooth: Komunikazio sistema bat da. Bere izena Danimarkako errege Harold Bluetooth-etik hartu du. Errege horrek Danimarka osoa batzea lortu zuen eta Bluetooth teknologiak haririk gabe aparailu desberdinak konektatu edo lotu nahi ditu. Wi-Fi sistemak gainditu egin du lan-mahai baten gainean edo gela batean dauden aparailuak batzeko erabiltzen den teknologia hau, besteak beste Bluetooth-ek baino abiadura handiagoa duelako eta seinaleak zabalera handiagoa hartzen duelako.

Helbideak
www.redlibre.net
www.nextec.com.ar/redes_Inalambricas/redes_inalambricas.html
Bilboko wireless komunitatea: www.bilbowireless.net
Gasteizko wireless komunitateak: http://www.lagnetwireless.net/ eta http://membres.lycos.fr/vitoriawireless, www.anuestroaire.net
Donostiako wireless komunitate: www.euskalwireless.net
Iruñeko wireless komunitatea: www.pamplonawireless.net
SPRI: www.spri.es


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude