Ekoizle eta eroslearen arteko harreman zuzenagoa


2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kapitalismoaren mundu globalizatuan, posible al da nazioarteko merkataritza bidezkoa amestea eta praktikatzea? Kapitalismoaren mundu globalizatu honen barruan, posible al da Iparraldeko eta Hegoaldeko edo Hirugarren Munduko herrialdeen artean bidezko harreman komertziala garatzea? Nahiz eta arras zaila izan, munduan gero eta sektore herrikoi eta irabazi asmorik gabeko erakunde (GKE) gehiago agertzen ari dira "beste merkataritza bat posible dela" uste dutenak. Fenomeno hori horrelaxe da Euskal Herrian eta Europan ere, nazioarteko merkataritzako harremanak hobetzeko lanean diharduten erakundeen aitzinatze progresiboak erakusten duen moduan. Espainiako Estatuan, Bidezko Merkataritzako Koordinakundeak, zein 1996an sortu baitzen, Donostian dauka egoitza. Gaur egun, 30 erakunde hartzen ditu, guztiak ere Hegoaldeko edo Hirugarren Munduko ekoizleak sentsibilizatzen eta haiei merkaturatzeko laguntza eta babesa ematen aritzen direnak.

Nazioarteko merkataritzako arauak urtetik urtera bidegabeagoak dira Hegoaldeko herrialdeentzat; aldi berean, handituz doa Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko etena eta, bien bitartean, gero eta sakonagoak dira, halaber, gobernarien adierazpenen eta haien ekintzen arteko diferentziak. Jadanik 1964. urtean, Nazio Batuen Merkataritzari eta Garapenari buruzko Konferentzian, "Merkataritza, ez laguntza" oihua entzun zen, eta orduan abiatu zen bidezko merkataritzaren nazioarteko mugimendua. Mugimendu hori, Espainiako Estatura, 1986an iritsi zen, Traperos de Emausek Euskal Herrian eta Sandino Kooperatibak (gaur egun IDEAS) Andaluzian irekitako denden bidez. Mugimendua handituz joan zen, eta, 1996. urtean, Bidezko Merkataritzako Espainiako Estatuko Koordinakundea sortu zen.

Merkataritza alternatiboa

Bidezko merkataritza edo merkataritza alternatiboa Hegoko eta Iparreko erakundeek osaturiko nazioarteko mugimendua da, eta bi helburu nagusi ditu: ekoizle kaltetuenen merkaturako sarrera hobetzea eta nazioarteko merkataritzako arau bidegabeak aldatzea. Bidezko merkataritzaren berrikuntza da, Iparreko erakundeek, azpiegiturak sortzeko edo ekoizle taldeak gaitzeko eta aurrez finantzatzeko baliabideak transferitzeaz gainera, aktiboki hartzen dutela parte merkaturatzeko prozesuan, dela inportazioaren bidez, banaketaren bidez edo jendaurreko zuzeneko salmentaren bidez. Bestalde, lan garrantzitsua egiten dute, berebat, salatzen eta kontzientziatzen. Ildo horretan, eta bitartekariei dagokienez, merkataritzako sare horretan dauden inportatzaileak, banatzaileak eta dendak bakarrik agertzen dira irabazien marjinak murrizteko prest, betiere, jakina, ekoizleen etekin handiagoaren mesedetan.

Dena dela, zein dira bidezko merkataritzaren oinarrizko helburuak? Bat: ekoizleen bizimodua hobetzea, haien merkaturako sarbidea indartuz, ekoizleen elkarteak sendotuz, bidezko prezioa ordainduz eta harreman komertzialetan segida ziurtatuz. Bi: ekoizle kaltetuenen garapena promozionatzea, bereziki emakumeena eta indigenena, eta haurrak esplotaziotik babestea, zeren egoera horretara eramaten baititu produkzioko prozesuak. Hiru: kontsumitzaileak kontzientziatzea, hala nazioarteko merkataritzak ekoizleengan dituen eragin negatiboei buruz, nola kontsumitzaileek berek izan dezaketen botereari buruz. Lau: merkataritzako elkarteetan, elkarrizketan, gardentasunean eta errespetuan oinarrituriko etsenplua ezartzea. Bost: nazioarteko merkataritzako arau eta praktika konbentzionalak aldatzeko kanpainak sustatzea. Sei: giza eskubideak babestea, justizia soziala, ingurumeneko praktika osasuntsuak eta segurtasun ekonomikoa bultzatuz.

Ekoizle kaltetuenen alde

Aurreko arrazoibide hori tarteko, bidezko merkataritzak ekoizle ahulenak hartzen ditu kontuan bereziki, eta, juridikoki, kooperatiba, elkarte, GKE eta abar moduan eratuak ageri dira erakundeak. Produkzioaren aldetik, kafea, tea, kakaoa, azukrea, platanoak edo espeziak bezalako elikagaiak landatzen dituzte edota eskulangintzan aritzen dira, hala nola, saskigintzan, ehungintzan, zeramikagintzan, bitxigintzan, jostailugintzan eta altzarigintzan. Bestalde, bidezko merkataritzaren sarean sartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: erakunde produktoreek bermatu behar dute demokratikoki hartuko dituztela erakundearen funtzionamendurako erabakiak; langileei banatuko dizkietela mozkinak, haien bizi baldintzak eta komunitatearenak hobe daitezen; produkzioan ez dutela haurrik esplotatzen; gizon eta emakumeen arteko berdintasuna (ordainsari bera, lana berdina denean); ingurumena errespetatuko dutela produkzioan eta komertzializazioan; produktua jatorrian transformatzen ahaleginduko direla; eta gestioan, produkzioan eta prezioak zehaztean garbi jokatuko dutela.

Bidezko merkataritzaren kateko beste maila bat inportatzaileak dira. Kooperatibak, GKEak edo enpresak dira, eta ekoizle kaltetuei eskulangintzako produktuak edo elikagaiak erosten dizkiete, ondoren bidezko merkataritzako dendetan eta denda konbentzionaletan banatzeko. Gainera, denden elkarteekin batera, aktiboki hartzen dute parte sentsibilizazioan eta presio politikoan. Bidezko merkataritzako inportatzaileek zuzeneko harremana bultzatzen dute ekoizleekin: alde batera uzten dituzte beharrezkoak ez diren bitartekariak, azken prezioa garesti ez dezaten. Bidezko prezioa ordaintzen dute, produkzioko kostuak ongi estaltzeko eta ekoizleak komunitatearen edo ekoizleen elkartearen garapenean berriz inbertitzeko marjina nahikoa izan dezan. Bestalde, gutxienez inportazioaren %50a finantzatzen dute aurrez; epe luzeko harremanak lehenesten dituzte ekoizleekin; inportatzaileek, harreman komertzialaz gainera, produktuak garatzeko aholkularitza eta prestakuntza eta merkatu berrietara sartzeko laguntza emateko betebeharra hartzen dute; gardenki jokatzen dute, dendei produktuaren jatorriari buruzko informazioa ematen diete, eta abar.

Bidezko merkataritzako katean, dendak eta kontsumitzaileak dira azkeneko maila. GKE eta elkarte askok irekitzen dituzte dendak, kudeaketan eta salmentan laguntzen dieten boluntarioak euskarri dituztela. Bestalde, badira autoenplegu gisa denda irekitzea erabakitzen duten partikularrak ere. Erreportaje honen beste atal batean jaso ditugu horri buruzko datu estatistikoak. Kontsumitzaileak dira, azken buruan, bidezko merkataritza posible egiten dutenak, baldin arretaz kontsumitzen badute eta, produktuen prezioa ez ezik, fabrikazioko edo produkzioko baldintza sozialak eta ekologikoak kontuan hartzen badituzte bederen.

Europako zifrak
Europari gagozkiola, hauek dira datuak: 2001. urtean 100 inportatzaile zeuden Europako 18 herrialdetan, 1.250 langilerekin eta 120 milioi euroko fakturazioarekin. Bidezko merkataritzako dendak 2.700 inguru ziren, eta 394 pertsona kontratatu eta 96.000 boluntario zeuzkaten. Fakturazioan, 92 milioi eurotara heldu ziren. Horrez gainera, beste 45.000 supermerkatu erregistratu ziren bidezko merkataritzako salmenta puntu gisa. Europako fakturazio totala 260 milioi eurokoa izan zen.

Zortzi milioi euro fakturatu zituzten 2002. urtean
Bidezko merkataritza organizazioak, Espainiako Estatuan bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzaileengana helarazten dituzten laurogei denda inguru edukitzeaz gainera, hiru inportatzaile handi eta hainbat txiki dauzka han-hemen. Hiru inportatzaile handienek, Intermon Oxfam, IDEAS eta Alternativa 3k, eskulangintzako produktuak eta elikagaiak banatzen dituzte kopuru handian. Inportatzaile txikienak, aldiz, hala nola Copade, Espanica, Equimercado, Mercadeco, Solidaridad Internacional, Sodepaze eta abar, eremu geografiko batean daude espezializatuak edo produktu linea zehatzetan.
Dena dela, esan behar da bidezko merkataritzako dendetan gehien saltzen diren produktuak elikagaiak (kafea bereziki) eta eskulangintzakoak direla. Elikaduraren alorrean, bidezko merkataritzako dendetan aurki daitezkeen produktuak honako hauek dira: kafea, txokolatea, tea, azukrea, mermelada, gailetak, rona, eztia, fruitu lehorrak, espeziak, pastak, eta abar. Eskulangintzako produktuetan ere handia da eskaintza: bitxiak, larrukiak, etxeko tresnak, jostailuak, objektu apaingarriak, paperezko materiala, jaiotzak, gGbonetako apaingarriak, eta abar.
Espainiako Estatuko 2002ko datu ofizialen arabera, inportatzaileen salmenta bolumena 5.911.000 eurotara igo zen urte horretan, eta saldutako artikuluen azken balioa zortzi milioi eurotik (8.102.000 euro) gorakoa izan zen. Salmenten %56a elikagaiei dagokie eta %40a eskulangintzako gauzei. Gainerako %4aren kasuan, %2 hartzen dute liburuek eta beste horrenbeste hainbat eratako produktuek. Elikagaien salmentako %36 kafeari dagokio, bidezko merkataritzako produktu arrakastatsuenari.


Azkenak
Xabier Atristain presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Hamahiru urte pasa ditu preso Atristainek, iragan abendutik hirugarren graduan zegoen eta martxoaz geroztik zigorra etxean betetzen ari zen kontrol telematikoarekin.


Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia

Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria:... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Gasteiz Antzokia irekiko dute ostegunean Izaskun Arrue Kulturgune izenarekin

Ostegunean, 18:15ean irekiko dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoa. Ekainean udalarekin 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik Lazarraga Kultur Elkarteak lehenbailehen ireki nahi izan du kultur-gunea. Irekiera ekitaldiaren... [+]


Eibar.org-eko blog komunitateak 20 urte bete ditu

20 urte bete ditu gaur-edo gure blog-komunitateak, Eibar.org webguneko blogak. Interneteko euskal munduaren historia txikiaren parte bat. 1998an Eibartarrak posta-zerrenda sortu zen. 1998-2000 tartean, halaber, webgune probisional estatiko gisa ibili zen martxan Eibar.org-en... [+]


Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea

Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren... [+]


Mondragonen gidaritza hartu du Pello Rodriguezek, taldearen lehiakortasuna ardatz duela

Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide... [+]


Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan

Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.


Mateo Balbuena borrokalari komunista hil da, 110 urterekin

1934ko Asturiasko Iraultzan, Eusko Gudarostean eta militar faxisten kontrako gerran aritu zen Lezaman bizi zen komunista amorratu eta aktiboa.


Eraso sexistei begira Baionako Herriko Etxeak duen jarrera salatu dute feministek

Baionako festetan errepikaturiko eraso sexistei dagokienez Herriko Etxeak politika eta erantzun eskasak bideratu izana salatu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. Herriko kontseiluaren batzarrera sartzen saiatu dira 30 bat lagun, baina ateak hetsirik kausitu dituzte.


Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina Donostiako Aste Nagusi Piratan

'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra. 


Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]


2024-07-18 | Gedar
Txosnen debekuaren aurka mobilizatuko dira Lizarran

Autobus-geltokiko parkingean txosnak jartzea debekatu du Lizarrako Udalak. San Benitora lekualdatu nahi ditu, baina Festagirok uko egin dio inposaketa horri. Emakumeentzat leku arriskutsua dela, udalak herriko eragileak jaietako dinamika sozialetik urrundu eta isolatu nahi... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


Eguneraketa berriak daude