Puta, emagaldu, urdanga, ramera eta beste hainbat izen jarri die gizarteak. Baina kontua da eurek, sexuaren profesionalek, gizakia bezain zaharra den profesio honetan lan egiten dutenek, ez dutela euren burua putatzat hartzen. Prostitutak dira, eta hori puta izatetik urrun dago eurentzat: «Prostituta izatea lan bat egitea da. Gu prostitutak gara eta hortik irabazten dugu dirua. Ez gara gizon batekin joaten plazerragatik, diruagatik egiten dugu. Putek musutruk jotzen dute larrua eta berdin zaie dirua irabaztea edo ez irabaztea». Horixe da Emakundek EAEko prostituzioari buruz egindako ikerketan bildu zituen adierazpenetako bat. Berau osatzeko, berrogei inguru prostitutekin hitz egin zuen.
Beste ofizioetan bezala, prostituzioan ere pertsona bakoitza mundu bat da. Batzuek lan baldintza hobeak dituzte, besteek okerragoak, lantoki ezberdinak, bezeroekiko harremanak, soldatak... eta jubilatzeko gutxi gorabeherako adina ere badute; izan ere, 45 urtetik gorako emakumeek ezin dute lanbide honetan aritu, ez bada arrisku gehieneko lanetan. Badute ordea amankomunean zerbait: guztiek uste dute saltzeko duten gauzarik baliotsuena euren gorputza dela eta honekin irabazi dezaketela lortu ahal dituzten lanbide «arruntetan» eskura dezaketena baino diru gehiago.
Diru beharra da hain zuzen, bai emigranteak bai bertakoak prostituziora eramaten dituen arrazoia. Lehenengoak euren herrietatik etorri ohi dira egoera ekonomiko kritiko batetik ihesi. Paperik gabe iristean, eskura ditzaketen lanpostu bakarrak maila baxukoak eta gaizki ordainduak dira, zerbitzu domestikoaren ingurukoak gehienetan. Horregatik, askok prostituziora egiten du jauzi ezagunen edo kontaktuen bidez. Kontua da, Carlak, etorkina bera, aitortu digunez, «beste lan batzuetan soldata jasotzeko hilaren bukaerara itxaron behar duzula, eta 400 edo 500 eurotako soldata bat jasoko duzula. Nik hori hilabete honetan, hiru edo lau aldiz irabazi dut jada, garaiaren arabera, noski». Baina horrek ez du esan nahi «diru erraza» denik. Emakundeko Txostenean elkarrizketatutako prostitutek ziotenak eta gurekin hitz egin dutenek esandakoak frogatzen du ez dela horrela. Honetan diharduten emakumezkoek (gizonezkoek neurri txikiago batean) sufrimendu ugari pairatzen dute. «Lehenengo aldiz Santanderren egon nintzen eta ondoren Burgosera eraman ninduten -dio batek-, errepideko klub batetara. Sufritu daitekeen guztia sufritu nuen han. Ordutegirik gabe lan egitera behartzen gintuzten, dirua eta pasaportea kentzen zizkiguten ez alde egiteko. Polizia klubak kontrolatzen hasi zelako egin nuen ihes, eta Bilbora etorri nintzen». Zera dio beste batek: «Tristea da entzun nahi ez dituzunak aguantatu eta egiteko gogoa ez duzun hainbat gauza egin behar duzulako. Gizon askok uste du prostitutak garelako haiek nahi dutena egin behar dugula».
Lekuaren arabera
Prostituzioaren egoera eta baldintzak lekuaren arabera aldatzen dira. Ez da berdina kalean, klubetan edota pisuetan aritzea. Lehenengoan diru gutxiago irabazten da, eta arriskua handiagoa da, nahiz eta askatasun handiagoa eskaintzen duen: nahi dutenean irteten dira eta itzultzen dira kaletik.
Klubetan lan egiten dutenek ordea, ordutegi bat izaten dute. Zortzi eta bederatzi ordu bitarteko lan egunak dituzte, normalean iluntzeko zortziak eta goizeko hirurak bitartekoak. Batzuek egunero lan egiten dute. Beste batzuek astean egun bat jai dute, edo asteburuan soilik egiten dute lan. Prostitutak klubetan bizi direnean, ohea eta janariarengatik ordaintzen dute. Zerbitzu arruntak eskaintzen dizkiete bezeroei (ikus goiko koadroa), bereziak ez hainbeste. Eta emakumeek aukeratzen dute, normalean, zer egin nahi duten eta zer ez.
Berdin egiten dute pisuetan, baina kasu honetan zerbitzu berezi gehiago eskatzen dizkiete bezeroek. Normalean egunean zeharreko ordutegiak izaten dituzte, gehiago irabazten dute, eta bertan diren emakumeek hezkuntza maila handiagoa ere izaten dute. Era ezberdinetakoak daude: batzuk txulo batek kudeatzen ditu edo emakume bat da nagusia eta horrelakoetan lanaldi luzeak egin ohi dituzte. Horrez gain, irabazien erdia ematen diete. Baina emakumeak autonomoki lan egiten dutenetan eurek kudeatzen dute beren ordutegia. Gainera, pisu batzuk 24 ordutan daude irekita eta beste batzuk egunean zehar ordu konkretu batzuetan. Carlak pisu batean lan egiten du orain, baina garai batean klub batean aritu zen. Bere iritziz, hobea da pisu batean lan egitea, «pisua oso lasaia da. 24 orduko pisu horietakoa bada, egunean zehar bizi normala egiten da: telebista ikusi, arropa txukundu eta eginbehar ohikoak dituzte. Tinbreak jotzen duenean, bezeroa dator eta listo. Ni goizeko 11:00etan sartzen naiz eta 19:00etan irten. Eta igandeetan jai daukat».
Bezeroen gustura
Prostitutek zerbitzu bat eskaintzen diote gizarteari. Gutako asko harrituko ginateke zeinek eskaintzen duen eta, areago, zeinek erabiltzen duen jakingo bagenu. Hori diote behintzat prostitutek. Gizonezko bezero gehienak ezkonduak dira. Hiru arrazoi dira nagusi erabiltzaileen artean. Maitasun falta eta bakardadea da horietako bat. Izan ere, prostitutek konpainia ere eskaintzen dute eta askok hori bakarrik bilatzen du; bestalde, pareja izan eta hura maite arren, sexuari dagokionean kikilduta bizi da gizon asko. Hau da, euren emaztea delako, asko ez da ausartzen hainbat sexu praktika berarekin egitera; eta azkenik, ezkongabe edota bidekoek (kamioilariek, bidaiariek...) erabiltzen dute prostituten zerbitzua.
Bezeroen artean, prostituten artean bezala, aldea dago. Kalean denetarik aurkitzen da, baina bezero gehienak langileak eta ikasketa gutxikoak dira. Baita adinduak eta jubilatuak ere. Herrietan dauden klub eta pisuetara berriz, inguruko gizonak datoz, «gehienak gizon ezkonduak dira, seme-alabak dituztenak», dio batek. «Bigarren emaztea bazina bezala tratatzen zaituzte», iritzi dio besteak, Emakundeko txostenean. Baina esan beharra dago, klubetara hurbiltzen diren guztiak ez doazela halabeharrez sexua kontsumitzera. Hauetako asko kopa bat hartzera edo konbertsazio bila doaz. Eta prostituten dohainen arabera, lortuko dute hauek kontsumitzera animatzea. Pisuetan ordea, joaten diren guztiek kontsumitzen dute. Bertan klase ertaineko eta altuko bezeroak egoten dira, eta hauek dira zerbitzu bereziak gehien eskatzen dituztenak: «Ingeniariak, exekutiboak... dira okerrenak.(...) Biziotsu asko dago, fetixismoa, sadoa... Beraien egoera ekonomikoa dela-eta uste dute edozein gauzarako eskubidea dutela, eta besteak baino askoz zorrotzagoak eta agresiboagoak dira».
Arrisku egoerak jasan dituzte prostituta gehienek. Kalean eta klubetan gehiago, pisuetan baino. Horrez gain, higieneaz kexatzen dira. Denetarik ikusi eta aguantatu behar dute, eta batzuk alkanforra jartzen dute sudurrean usaindu behar ez izateko. Prostitutoen kasuan ez da horrelakorik gertatzen. 26 urteko donostiar batek esan zigunez, emakumeak garbi doaz berarengana eta inoiz ez du horrelakorik bizi izan. Motibazioa ere ezberdina da emakumezko bezeroetan: «Emakumeek maitasuna eskatzen dute. Gizonezkoek morboa», dio berak.
Bizitza dobleak
Ez da erraza prostituta izatea. Baina zailagoa da prostituta izanik, gizarteari begira, beste zerbait izatea. Horregatik, honetan dihardutenak lanetik kanpora bizitza pertsonala bereizten saiatzen dira: ez dira lankideekin irteten, ezberdin janzten dute eta hizkera ere aldatzen dute. Guztia, jendeak zertan lan egiten duten jakin ez dezan. Eta hori nabarmenagoa da Euskal Herriko prostitutetan.
Izan ere, hauetako askok eta askok bikotea du, eta gainera seme-alabak. Kasu gehienetan familiak ez du izaten prostitutaren lanaren berririk. Besteetan, jakinaren gainean dago, baina nahitaezkoa da lan mundutik aldentzea bizitza pertsonalean. Carla, esaterako, mutilarekin bizi da. Lan honetan ezagutu zuen eta hasieran arazoa izan zen arren, denborarekin ulertzea lortu du. «Lanetik kanpo oso bizimodu normala dugu. Nik bera maite dut, eta hau nire lana da». Ezkontzekotan ordea, lan hau uztea eskatzen dio Carlari.
Gehienek diote sentimenduak euren bikotearekin dituztela, eta hau lana dela, euren gorputza alokatzea besterik ez dela, «haragi kilo batzuk saltzea». Baina ez omen da erabat egia, Carlak esan digunez: «Ezagutzen dut mundu hau eta neska askok esan dit oso gustura egon dela bezeroren batekin. Batzuetan oso guapoak diren tipoak datoz. Eta hauetako asko zu ahalik eta gustuen egon zaitezen saiatzen dira. Gezurra da sentimenduak lanetik bereizten direla. Gu pertsonak gara eta gure bihotza ere badugu».
Profesioaren gogorra ikusirik, uzteko asmoa dutela diote gehienek. Hasi, arrazoi ekonomikoengatik hasten direla esan dugu. Baina askotan, lortzen duten diru horrekiko menpekotasuna eta era berean, hau xahutzeko erraztasuna dira jarraitzeko arrazoi nagusiak. «Lanbide honetan dirua alferrik galtzen da, diru erraza da. Gero bakardadea dago. Horregatik, irabazten duzuna gastatu egiten duzu. Drogak, txanpon-makina, zer egin behar duzu...? Asko eta azkar sartzen da eta horretara ohitzen gara». Eta egoera kronikoa bihurtzen da. Zahartzen joaten dira, osasuna kaxkartzen, gutxiago irabazten... Irtenbide zaileko lanbidea suertatzen zaie. Ahal dutenean, irteteak jarraitzeak baino desabantaila gehiago izan ditzakeelako; eta gero, beranduegi delako. Klub bateko arduradunak honela laburbiltzen zuen Emakundeko txostenean: «Ez dut uste nire klubean lanean dauden neskek lanez aldatuko dutenik. Garbitzera badoaz, gutxiago irabaziko dute. Ez dago bat bera ere gustura lan honekin, baina ez dute beste erremediorik. Aguantatu egin behar dute».