UEK: gitarren atmosfera

  • Keu-k, Psychophony eta Etsaiak-eko gitarrajoleak, duela hiru urte ekin zion bere bakarkako ibilbideari. Hainbat urte eta proiektutako esperientziaren ondorioa izan zen «Uek». Musikari ondarrutarrak maiatzean aurkeztu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik «Ganbaratik» izeneko bere bigarren lana.

2021eko uztailaren 19an

Aspalditik entzun izan da Ondarroan gitarra jole "famaua", iaioa dela Keu. Etsaiaken hasi zenetik bizkaitarra profesionalki aritu da musika munduan. Bestalde, agian, jorratzen zuten estiloa zela medio, ez da nabarmendu instrumentista moduan. Dudarik gabe, bere bakarkako proiektua izan da bere ingurukoen ahotan entzun zitekeen trebetasun horren konfirmazioa. Maiatzean «Ganbaratik» bere bigarren lana argitaratu zuen eta jadanik hasia da kanta eta melodia berriak sortzen. "Ganbaratik" aurreneko diskoaren ildotik doa, bertan kanta intimista eta batez ere instrumentalak biltzen baitira. Musikari bizkaitarrak Uek (Keu alderantziz irakurrita) izenpean hasi zuen bere bakarkako ibilbidea. Denetarik entzun zitekeen zazpi abestiz osatutako lehen lan hartan, jazz doinuak, rocka, musika elektronikoa, flamenkoa... Amorotoko Musikorta estudioan grabatu zen "Uek". "Ganbaratik", ordea, izenak berak ongi adierazten duen moduan, etxeko ganbaran grabatu du. Bertan egituratu duen estudioaren lasaitasunean burutu ditu bai konposaketa eta bai grabaketa gehienak ere.

"Ganbaratik" maiatzaren 24an aurkeztu zuen zuzenean, Ondarroako Kafe Antzokian. Emanaldietarako hiru musikariz inguratu da Keu, Mikel Arakistain baxuan, Mikel Breixo baterian eta Mikel Santos gitarran: "Ez da erraza horrelako proiektu batean sartzeko jendea aurkitzea. Beraiek herrikoak dira eta oso gustura nago. Bai entseguetan eta bai zuzenekoetan ere oso ongi konpontzen ari gara. Hamarreko nota beraientzat". Kontzertuetan, hortaz, aurrez grabatutako programazio elektronikoa eta bateriaren soinu akustikoa uztartzen ditu ondarrutarrak. Horrez gain, Biarko bikote mutrikuarrak prestaturiko irudiak ere gehitzen dituzte musikarekin batera.

Bakarkako proiektua gutxi balitz musikari ondarrutarra beste banda berri batean ere murgildu da: Homo. Talde berria esperientzia handiko musikariek osatzen dute: Mikel Arakistain (Psychophony eta Etsaiak) baxuan, Juanito Sangre (Ekon) ahotsean, Iban Zugarramurdi (Baldin Bada eta Su Ta Gar) baterian eta Keu gitarran. Homo-ren estreinako lana negu aldera argitaratuko da. Dena den, Keuk ez du Uek proiektua albo batera utziko eta kontzertuak eskaintzen jarraituko du.

16 urtetatik gitarrari itsatsirik


16 urterekin hartu zuen musikari ondarrutarrak estreinakoz bere lehen gitarra eskuan. "Gitarra klasikoa ikasten hasi nintzen Josetxu Penasegaz, bi urte izan nintzen beregaz eta gero Hilobi taldean sartu nintzen", dio Keuk. Aurreneko maketa, "Hilobi", 91n kaleratu zuten. Heavy euskaldunetik gertu kokatzen zen estiloa jorratzen zuten gazteok. "Hainbat kontzertu eskaini genituen, batez ere, Ondarroan. Getaria eta Aramaion ere aritu ginen, oso gazteak ginen", gogoratzen du gitarrajoleak. Galder Arrillaga mutrikuarrarekin batera KTI trash metal taldea osatu zuen gero: "Maketa bat argitaratu eta zenbait kontzertu ere eskaini genituen, Urtz taldearekin adibidez. Gutxi iraun zuen, ordea". Giarrajole bizkaitarraren ibilbidean, ostera, ez da etenik izan. Horrela, 1993an Psychophony taldea sortu eta urte bateko epean maketa argitaratu zuten. Psychophony albo batera utzi gabe Keu Etsaiak taldearekin hasi zen garai hartan. Eta gezurra badirudi ere, baxua jotzen hasi zen banda lekeitiarrarekin. Baxuaren eta gitarraren arteko elkartrukaketa hauek, ordea, ez dira arraroak izan musikaren historian. Jimmy Page, Led Zeppelin taldeko gitarrajole mitikoa, adibidez, baxua jotzen aritu zen denboraldi bat Yardbirds taldearekin hasi zenean. "Presoak SOS' diskoa grabaturik zegoen eta ni lan berriaren aurkezpenekin batera hasi nintzen Etsaiaken, urte eta erdi izan nintzen baxua jotzen", oroitzen du. Keuk, ordea, ez zuen diskorik grabatu baxuan zegoela, izan ere, "Gerra zikina" diskorako Mikel Arakistain Psychophony taldeko kideak hartu baitzion lekukoa. Ondorengo bost diskoetan gitarra eskuan zuela aritu zen Keu Etsaiaken. Psychophonyk 1996an grabatu zuen bere bigarren maketa. Bi urtera gitarra jole ondarrutarrak ordura arte egindako grabaketarik lasaienetako bat burutu zuen: "Zain" izeneko proiektu akustikoa. Musikari bizkaitarra ez da geldirik egoten dakien horietakoa. Hainbeste proiektutan murgildurik egon ostean, 2000. urtean bakarkako ibilbideari ekin zion Uek proiektuarekin. "Urteekin talde eta musika estilo asko entzuteko aukera izan dut, gaztetan itxi egiten gara askotan. Orain esperimentatzeko eta ikasteko gogo handia daukat", dio Keuk. Gitarra jolearen esanetan eraginen artean Rush taldea izan da berarentzat nabarmenena: "Psychophony taldean, esaterako, musika oso gogorra egiten genuen, death-metala. Eta hala eta guztiz ere, Rush-en eragina nabarmena zen abestien hainbat zatitan". Musika estilo ugari entzuten ditu Keuk eta guztietatik zerbait ikasten dela deritzo. "Afinaturik dagoen edozein gitarra jolerengandik ikasten da zerbait", dio txantxetan ondarrutarrak. Batek baino gehiagok diskoak Joe Satrianiren ukitua duela badio ere, Keu ez da musika hori gehiegi entzuten duenetarikoa: "Melodietan agian ukitua izan dezake. Nik, ordea, aspaldi utzi nion Joe Satriani, Steve Vai eta horrelakoak entzuteari. Beraien hainbat disko dut eta oso onak dira, baina gaur egun nekatu egiten naiz disko horiek entzuten".

Giroak sortuz

"Ganbaratik" disko instrumentala da funtsean, bi baitira kantatuak diren abesti bakarrak. Orokorrean lan lasai eta geldoa, besaulkian eseri eta begiak itxita entzutea gustuko izaten den horietakoa da. Izan ere, musikari ondarrutarrak giroak, atmosferak sortzen baititu gitarraren sei soken bitartez. "Dantzan" kantarekin irekitzen da lana, tituluak iradokitzen duen legez, abesti mugitua, dantzan egitera deitzen duena. "Sokak" kantan ezik programazioak dira abesti guztien oinarri erritmikoa. Dudarik gabe, doinu elektronikoek ukitu garaikidea ematen diote lan guztiari. "Esixune" kantak gogoa irudimenaren munduan murgiltzera gonbidatzen gaitu. Gitarra doinu atseginekin eta esaldi melodikoekin janzten ditu Keuk bere abestiak. Horren erakusgarri garbia da "Ametsetan ikustenga". Bati baino gehiagori etorri zaio burura Joe Satriani gitarra jolea disko honetako doinuak entzutean. Batez ere, "Crystal Planet" eta "Engines of creation" diskoetako lanengatik, gehienbat horietan jokatzen baitu artista estatu batuarrak musika elektronikoarekin. Teknikaren konparazioa albo batera utzirik, doinu sinple eta melodikoez entzulearengan giroak ezin hobeto sortzen dituzte bi gitarra jole handi hauek. "Tatotu" kantan entzun daitezke lehen hitz abestuak. Keu bera arduratu da doinu nagusia abesteaz eta berarekin batera Selektah Kolektiboa taldeko lagunak izan dira rap estiloan gizarte aldarrikapenak eginez. "LM Brother" da, agian, "Ganbaratik" disko honetako abestirik borobilenetakoa. Izan ere, kanta honek denetarik du, une misteriotsuak, sentsazio ederrak sortarazten dituzten doinu aldaketak eta bukatzeko amaiera gogor eta indartsua. Diskoari bukaera emateko Keuk lan osoarekin zerikusirik ez duen kanta bat aukeratu du. "Sokak" Stevie Ray Vaughan eta Jimmy Hendrixen eragin handia duen abestia da. Berarekin batera Mikel Arakistain baxuan eta erreportaje hau sinatzen duena baterian eta ahotsean izan ditu lagun.


Azkenak
Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Eguneraketa berriak daude