Anjel Mari Peñagarikanok kontatzen du txikitan erdaraz egiten zenuela, eta berari "kasero" deitu...
Beti esaten diot: "soziolinguistikoki gaizki egiten genian, arrazoi duk. Baina kasero bat hintzen, ez nian, bada, ‘pinpinela’ deituko!". Egia da, kaletarrak oso gaiztoak ginen inguruko herri txikietakoekin. Peñagarikanok bertso saioren batean aurrean harrapatzen banau, beti botatzen dit kontu hori. Baina kontatzen ez duena da, 13-14 urterekin "kasero" deitzen zion horrek bost urte geroago EGAko klaseak eman zizkiola.
Etxean erabat giro euskalduna genuen, baina kalean erdalduna. Aitak bikain hitz egiten zuen euskaraz, Nafarroako Uztegi herrikoa zen. Etxean anai-arrebak erdaraz sumatzen bagintuen ez zigun pagarik ematen. Etxean euskara gordetzea nahi zuen, gure ondarea delako, baina kalean hizkuntza horrek ez zuen ezertarako balio, kutsu politikoa hartzen zion. Ama zen «Anaitasuna» eta «Zeruko Argia»ko harpidetzak eta Udako Euskal Unibertsitateko matrikulak ordaintzen zizkidana.
Nola ikasi zenuen euskara?
Orain arte Tolosako alkate zen Antton Izagirre izan nuen irakasle. Sekulako presa neukan ikasteko, eta bi maila egin nituen urte batean. Hurrengo urtean, neu hasi nintzen klaseak ematen. Aurreko urtean gainditutako kurtsoan gainera, lotsa gutxi eta kristoren kopetarekin! Asteasun hasi nintzen klaseak ematen, eta edonork hitz egiten zuen nik baino hobeto. Lehen egunean "arrepentitu" hitza bota nuen, eta klase bukaeran neska bat etorri zitzaidan galdezka: "euskara batuan 'damutu' beharrean 'arrepentitu' esan behar al dugu?". Sekulako estreinaldia izan zen nirea!
Niretzat herri txikietako festetara joatea zen euskara ondo ikasteko modurik onena. Parrandazale genetikoa naiz, ez nau euskarak egin parrandazale. Baina parrandak hizkuntza garatzeko baliatzen nituen. Berastegin urtero goizeko 4:00retako txokolatea eta ondorengo baratxuri zopa hartuz, gazte bati entzundako espresioa hurrengo hiru astetan mundu guztiari errepikatzen nion, neure kodean sartu arte. "Ez al duk atera niretzat Gin Tonica?" galdetu eta "lehenago eskatzea asko huen!" erantzuten bazidan, adibidez. Espresio horiek, niretzat unibertso berri bat ziren.
Zein da telebistaren egoera zure ustez?
Nire kezka da, errespetu guztiz esanda, medioak berak kalitatea galdu duela. Zirkulu itxi bat da. Bestek egiten dutelako norberak ere mota berekoa egiten du, eta norberak horrela egiten duelako egiten dute besteek ere berdin. Egun ezinezkoa dirudi 21:30etan elkarrizketa txukun bat topatzea. Baina beste telebista eredu bat eskaintzen duenak asmatu egingo du. Noski, errazagoa da esatea, egitea baino.
Debateetan sarri parte hartu duzu. Nola prestatzen da debatea?
Debatearen formula da, ezer ez dakizun gai batez ezer esan gabe, jendeari zerbait dakizula adieraztea. Nazioarteko gaietan, guk ezin dugu askorik jakin Nupurreko (Asia) burtsako krisiari buruz. Egin behar dena da pare bat ideia orokor bota, berdin balioko duena Nupurreko burtsarako bezala NBA ligako saskibaloi taldearentzat. Horretaz zerbait dakienak esango du "honek zeukak aurpegia!", baina besteek "joño, klaro!"ka gustura entzungo dute. Hogei klitxe erretoriko dauzkagu, eta gai bakoitzean horietako zein erabili asmatzea da kontua.
Debaterako deitzen digutenean badakigu zer perfili erantzuteko gauden debate horretan. Badakigu besteek ere zer perfil daukaten, eta guk esandakoei besteek zer erantzungo dieten. Paper banaketa bat da. Norberak eroso xamarra zaion papera hartu behar du, bestela ez joanda hobe. Antzerkia litzatekeelako, norbera ez den pertsonaia bat asmatzea.
Jendearengana zer formekin iritsi asmatu behar da, programaren audientzia mota ezagututa. Baina garrantzitsuena mamia da. Formak ezin du mamia izorratu. Gure egunkarira ere kanpoko kolaborazioren bat iristen denean, beti esaten dut inportanteena esanahia dela, eta forma kaxkar edo iraingarri bategatik ezin dela argitaratu gabe utzi.
Zer da subjektibotasun ondratua?
Objektibotasunik ez dago. Kazetaritza fakultateko sarreran jarri behar lukete hori. Egia absoluturik ez dago, beraz, egin dezakeguna da modu ondratu batez egiara hurbildu. Esaterako, informazioa subjektiboa da, baina manifestazio batean egon direnak kontatu daitezke. Subjektibotasunak ezin du estali egondakoen benetako zifra. Gauza batzuk objektibatzeko ahalegina egin behar da. Norberaren gustukoak ez diren balantzeak, edo zifrak, edo albisteak ere ondratu eman behar dira. Ni horretan oso hotza naiz. Sinesgarritasuna eta erreferentzialtasuna daukagu jokoan. Zintzo lan egin behar da, ez txintxo.
Jendeak subjektibotasun ondratua eskatzen dio egunkari bati, edo berea irakurri nahi du?
Irakurleak badaki medio bakoitza nolakoa den, eta bere mediora hurbiltzen da, argudio bila. Argudioek indartu eta elikatu dezaten irakurleak lehendik duen iritzia. Era berean, beste batzuek justu kontrakoa egiten dute. Bere egunkaria irakurtzeaz gain, beste muturrekoa ere mihatu, besteen argudioei kontra egin ahal izateko, erantzuna prestatzeko.
Egia esan, sarri egunkariak erostea eta irakurtzea ez da guk teorizatzen dugun bezain prozesu gogoetatsu, estrategikoa. Gaurko primiziak bihar gehienera bokadiloa biltzeko balio du.
Jendearen bozka ez dator bat irakurtzen duen egunkariarekin. Zer da egunkari horiek erostera bultzatzen dituena?
Egunkari handiak dira, eta "El Corte Ingles"en modura, denetariko zerbitzua eskaintzen dute. Albisteak, herrietako kronikak, iragarki laburrak, sexu zerbitzuak, bigarren eskuko autoak, agenda... dena. Egunkariak gero eta gehiago osatzen dira zerbitzuz, ez albistez. Esaterako, jende askok erosten du egunkaria lana bilatzeko. Gainera, egunkari onak dira. Izan litezke gaiztoak, baina ez txarrak.
Euskaldunok oso handiak diren komunikabideekin ari gara lehian. "Diario Vasco" da Europako prentsa erregionalean sarrera indize handiena daukana. Alegia, daukan merkatu potentziala kontuan hartuta, gehien saltzen duena.
Zein da euskalgintzaren egungo erronka?
Euskaraz produzitzen dugun argitaletxe, irrati, prentsa eta gainerakoen lana merkatu erreala sortzea da. Milaka euskaldun daude hizkuntza gaitasuna eduki arren euskarazko produktuak kontsumitzen ez dituztenak. Beraz, badago merkatu potentzial bat, baina merkatu erreala, alegia, saltzen dugun kopurua, ez da neurri berean handitu. Bakoitzak bere burua aurrera ateratzen badauka nahikoa lan, baina eseri beharko dugu eta sektore osoari eragingo dioten erabakiak hartzeko hitz egin.
Erabaki behar dugu zeintzuk diren hurrengo 10 urteetan kioskoan edo irrati dialean egongo diren euskarazko produktu klabeak. Egun ridikulua da euskarak komunikabideetan duen presentzia. Telebista katea bakarra daukagu. Nazio mailako irrati handi bakarra dago, egunkari bakarra dago, eta aldizkari tematiko gutxi. Eskaintza ez da asko handitu.
Euskararen aldeko zer politika sustatzaile martxan jarri pentsatu behar dugu. Beste denek egiten dute. Espainiak guri esango digu ezin dugula hizkuntza kuotarik aplikatu. Hori merkatuaren kontra jotzea eta inposatzea omen da. Hori diotenek, ordea, produkzio espainola sustatzen dute. Malezia pixka bat falta zaigu horretan, hasi behar dugu zuhurtzen.
Zein da bidea?
Kalitatea eta erreferentzialtasuna da klabea. Baina ez da nahikoa zapata onak egitea, gizarteari adierazi behar zaio zapatarik onenak guk egiten ditugula. Horretarako antolatu behar dira kanpainak. Jendeak jakin behar du munduan gertatzen denaren berri izateko ez duela beste hizkuntzetara jo beharrik. Eta aldi berean, zer galtzen ari den gurera ez datorrelako. Adibidez, gure herriko erdaldunek "Goenkale" ikusten ez badute, zerbait galtzen ari direla sentitzen dute.
«Euskaldunon Egunkaria»k lortu zuen hori. Jaio zenean irakurleentzat bigarren egunkari bat zen, eta denborarekin horietako askorentzat lehen egunkari bihurtu zen, eta beste askorentzat egunkari bakarra ere bai. Egunkari bakarra erosten zutenen kopurua hazten ari zen etengabe. Horri eutsi behar diogu «Berria»rekin. «Berria»ra irakurle berri asko etorri dira, baina xanpainaren efektua da hori, haserre bati emandako erantzuna. Aparra jaistean zenbat geratzen diren da gure erronka.
Herrietako gehigarriak sortu dituzue. Zergatik ez, beste komunikabideek bezala, korrespontsal bidez?
Ez zelako posible. "Diario Vasco"k Gipuzkoarako bederatzi edizio egiten ditu, eta edizio bakoitzeko bost orri, beraz, denera, 45 orri. "Diario Vasco"ren pare jartzeko bakarrik, beste hainbeste egin beharko genituzke, eta irabazteko, berriz, orri gehiago eta hobeto eman beharko genizkioke herriko informazioari.
Bizkaian 15 orri gehiago egin beharko genituzke. Araban beste 10, Nafarroan 20tik gora, eta Iparraldean beste 10. 80 orri, guztira. Handienen pare jartzeko hori dena egingo bagenu, egunkaria hondoratuko genuke.
Horregatik pentsatu genuen herriko euskalgintza taldeekin elkarlana egitea. Gure helburua da herrietan gehien irakurtzen eta erosten den egunkaria euskarazkoa izatea, ez erdarazkoa. Herriko informazioan erreferentzialtasuna lortzea. Eta erreferentzia izateko, beharrezkoa da maiztasuna handitzea, herri askotan astekari, hamabostekari eta hilabetekariak baitira herri komunikabideak. Erdarak dauka hartuta herrietako informazioaren maiztasuna.
Tolosaldeako «Hitza»rekin gustura?
Bai, «Hitza»k lortu du Tolosaldean herri informazioan erreferentzia nagusia bihurtzea. Hauteskundeetan alderdiek ere publizitatea «Hitza»n egin zuten, eta Tolosaldean kanpaina «Hitza»ri begira antolatu dute, badakitelako Hitza prentsaurrekora joaten ez bada, egunkari handiak ez direla joango, non eta mitina ez duen nazio mailako politikari batek ematen.
Tolosaldean 6.500 unitate familiar jartzen ditugu egunero euskaraz irakurtzen. Beraz, 18.000 lagun inguru. Gainera jendeak ordaindu egiten du. Eta badago jauzi kualitatibo bat dohaintasunetik ordaintzera. Euskaraz irakurtzearen truke ordaintzeko ohitura normalizatzea ona da. Hizkuntza guztietan kobratzen da egunkari bat. Horrek esan nahi du jendeak estimatu egiten duela produktua. Urtean 40 euro ordaintzen dituzte «Hitza» irakurtzearen truk. Gure lana da jendeari ordaintzea mereziko dion produktua eskaintzea.
Gainera prentsa nazionaleko harrobia lantzen dugu, herri prentsa irakurtzen duena egunkari handiago bat irakurtzen jartzea errazagoa da.
Etorkizuna euskarazkoa izango dela sinisten du gizarteak?
Sentsibilitate ezberdinak daude. Batzuk badute aurpegia euskara jakin gabe sailburu izateko. Orain lau urte eztabaida gogorra izan zen EITBko zuzendariak euskara jakin behar zuen edo ez. Ederra zuzendaria, bere kateak zer dioen ulertzen ez duena! Hori hemen bakarrik gerta daiteke. Orain lau urteko eztabaida horrek derrigorrez behartu ditu kudeatzaileak hurrengo zuzendaria euskalduna izan dadin. Hori Bilboko Udalean ez da gertatu oraindik. Gizartearen lana da esparru erdaldunak irabaztea.
Eraginkortasuna zer hizkuntzatan bilatzen da?
Epe motzera egiten da lan. Epe motzera arrakasta lortzeko hizkuntza giltza gaztelera eta frantsesa dira, eta euskara bigarren mailan erabiltzen da. Normalizatu gabeko esparru asko dauzkagu, nire iritziz behar baino mantsoago ari gara. Baina badakit ezin dugula edozein abiadatan joan. Gerta daitekeelako trenaren motorra bagoietatik etetea. Euskaldunok presio handiagoa egin behar dugu. Egia da, horrek erabateko militante bihurtzen gaitu, eta zaila da beti txip horrekin ibiltzea. Baina hori egin denetan lortu dira emaitzak. Ikusi besterik ez dago Demoak zer tematuta dauden SNCFrekin. Herri izenak bi hizkuntzetan atera daitezen larrugorritan jarri dira. Horiek lortuko dute euskarak geltokietan presentzia edukitzea. Hegoaldeko erakunde batzuentzat ekintza horiek pozgarri eta txalogarriak dira, eta informatibotan antzematen da balio positiboa ematen zaiela. Baina euren ardurapeko erakunde batean eginez gero, dela Osakidetza, edo besteren bat, jada boikota deitzen diote. Horrelako ekintzaile gehiago bagenitu hobeto. Errebelatzen ez bagara, eta protesta seriorik egin ezean, eguneroko atmosferak eta eguneroko martxak jan egiten gaitu.
Zergatik Kataluniako elkartasun sutsua?
Bi arrazoi daude: batetik, Kataluniako gizarteak daukan osasun eta nortasun demokratikoa. Eta bestetik PP euskararekin zer egiten ari den ikusita, beharra ikusi dute euskaldunei olatu hori hausten laguntzeko, bestela olatuak Katalunia ere irentsiko baitu. Josep Lluis Carod-Rovira ERCeko idazkari nagusiak deitu eta esan zidan: "Euskaldunak ez zaitezte errenditu, zuek errenditu eta gero gure bila etorriko dira-eta".
Europan zer gertatu da?
Erantzuna mediatikoa izan da, eta korporatiboa. Europako egunkari eta telebistarik handienak pasatu dira hemendik. Denak zeuden eskandalizatuta egunkari bati hori nola egin dakiokeen sinetsi ezinda. Espainiako diplomazia oso kezkatuta dago Europak «Egunkaria»ren itxierarekin nola erantzun duen ikusita. Badakigu Espainiako enbaxadoreak oso lanpetuta ibili direla hilabete hauetan, bere herrietako prentsa konbentzitu nahian. Konturatu direlako komunikabideak oso erraz etortzen zirela gure tesietara.
Politikoki dugun zulo handienetakoa da oso gutxi inbertitzen dugula nazioarteko harremanetan. Ez da erraza, Espainiak eta Frantziak ondo harrapatuta eta bereganatuta dutelako esparru hori. Baina nazioarteko bermerik gabe, zaila da egun munduko edozein herritako arazoa konpontzen. Horretan denbora, bidaia eta diru asko inbertitu behar dira.
Zer egin behar da besterik itxi ez dezaten?
Egiazko blindajerik ez dago. Inor ez dago salbu Espainiaren erasoetatik. EITBko zuzendari nagusia ere ia eraman zuten Auzitegi Nazionalera ETAri egindako elkarrizketagatik. Gu blindatzeko modurik onena gizartearen jarrera da. Zenbat eta laguntza sozial, irakurle, eta akziodun gehiago izan, eta zenbat eta erakunde finantziero-politiko-sindikal gehiago izan inguruan, orduan eta babestuago gaude.
Jipoiaren ostean nondik atera zenuen indarra batera eta bestera ibiltzeko?
Kartzelatik atera eta ETBk unitate mugikor bat bidaltzeko erreflexua izan zuen. Kasualitatez ETB-2ko informatiboarekin konektatzeko orduan atera nintzen. Badirudi irudi eta hitz haiek jendeari bihotza irauli ziotela, eta horren ostetik etorri zen katea osoa.
Sekulako amorrazioa neukan. Ezin nintzen isilik geratu. Agian neure buruari gehiegizko garrantzia eman diot, baina ni eta nire ingurukoen kasua ez badut erabiltzen torturaren kontrako olatu handi bat sortzeko, berdin jarraituko du denak. Ni horrela tratatu banaute, zer ez ote dute hauek egingo 18 urteko gazte batekin! Jakinda ez zaiela kazetaririk joango zer gertatu den galdetzera. Ahal nuen dena egingo nuela esan nion neure buruari. Nire sinesgarritasuna torturaren kontrako lanean jartzeko prest nago, beti ere atzera begiratu eta jendea ikusten dudan artean. Atzetik babesik ez badaukat, bi aldiz pentsatu beharko dut. Nire lanak balio izan du jende baten agendan tortura konpondu beharreko gauzen zerrendan gorago igo dadin. Horren arriskua da arazoa gehiegi pertsonalizatzea nigan. Espero dut inguruko noria mediatiko hau geldituko dela, gehiegizko erreferentzialtasuna hartu baitut.
Berriz zuzendari jartzeko beldurrik sentitu duzu?
Badut etorkizunean gertatu litekeenaren kezka. Baina alferrik ezkutatuko dut, niri asko gustatzen zait zuzendari izatea. Gainera erabaki hori besteren esku jarri nuen. Kartzelatik atera eta berehala idatzi nion ordura arteko lantaldeari, esanaz nire dedikazioa haiek egokien ikusten zuten lanean edo lanetik kanpo jarriko nuela. Zuzendari izaten jarraitzea nahi zutela eskatu zidaten.