Ibarratar familiaren saga XVIII. mendean jaio zen, eta gaur egun arte iraun du. Gaur egun, Emilio Ibarra da familiako buru ezagunena, eskuratze bidegabeagatik salatua izan zen BBVAko zuzendari ohia. Saga horretako kideek garrantzi handia izan zuten Bizkaiko industriaren eta finantzen sorreran eta garapenean, eta orduko lan hura gerora funtsezkoa izan da Euskal Herriko industria eta banka garatzeko. Saga horren batasuna 1977 urtean hautsi zen, ETAk Javier de Ibarra y Bergé bahitu eta erail zuenean. Familiako kide eta lagun batzuk, besteak beste Galindez edo Emilio Ibarra banka gizonak, ez ziren talde armatuak eskaturiko 6 milioi euroko erreskatea ordaintzeko familiak eskatu zuen kreditua emateko gai izan.
Familiaren batasunaren hauste horrek trilogia bateko lehen liburuaren agerpena eragin zuen, "Nosotros, los Ybarra" izenekoa hain zuzen, Javier Ibarra e Ibarrak idatzia. Liburuan, ibarratarren sagaren botere ekonomiko, industrial eta finantzarioaren sorrerari eta garapenari buruzko azalpenak ematen saiatzen dira. Argitalpenean, datu interesgarriak eta berriak azaltzen dira. Argibide horien laguntzaz, Neguriko oligarkia industrial eta finantzarioari oso loturik dagoen eta, besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak eta Bilboko Kutxa eta Bizkaiko Kutxaren sorreraren eragile den sagari buruzko erreportaje hau egin dugu. Jakina den bezala, 90eko hamarkadan fusionatu ziren aipatu bi kutxa horiek eta BBV sortu zen lehenbizi. Gero, Argentariarekin elkartu ondoren, BBVA osatu zen, eta egoera hori ez zitzaion batere gustatu Neguriko oligarkia horri.
Jose Antonio, sasiletradu izatetik mineralaren merkataritzara.
Jose Antonio Ibarra da dinastiako lehena, eta 1774ko martxoaren 18an jaio zen Muskizen. Itsasontziko kapitaina zen lanbidez, eta Somorrostroko araneko Lau Kontseiluetako alkate eta epaile arrunt izendatu zuten. Hamasei urte zituela, aita eta anaia bakarra galdu zituen, eta amaren eta bere buruaren bizimoduaz arduratu behar izan zuen. Eskribau lanbidea ikasi zuen (gaur egun notarioa). Hainbat arazo izan ondoren, eta behin Bilbon kokatuta, Jose Antoniok Bizkaiko Zuzendaritzako prokuradore eta diruzain bezala egin zuen lan. 1801. urtean Geroma Gutierrez de Caviedesekin ezkondu zen. Bilboko merkatariek ez zuten beretako bat bezala onartzen, baizik eta "sasiletradu enkartatutzat" jotzen zuten.
Berebiziko merkatari sena zuen, eta oso ondo ezagutzen zuen frantses eta ingeles modak jarraitzen zituen 10.000 biztanletako garaiko Bilbo. Kontuak horrela, elkarte bat sortu zuen bere emaztearekin eta Bilboko emakume jostun batzuekin. Carmen de Gardiazabal zen nabarmentzen zenetako bat: beren etxeetan, patroi frantsesak kopiatzen zituzten, eta estilo hartan josten zuten. Geroma anderearen denda 1837. urtera arte egon zen zabalik, hau da, heriotza iritsi zitzaion arte. Urte horretan bertan, seme-alabek Blanchard frantziarrari saldu zioten negozioa, zein Geromaren ilobarekin ezkondua baitzegoen. Denboraren joanean, "Gaston eta Daniela" denda ospetsuan bilakatu zen.
Jose Antonio Ibarrak, Bizkaiko politikan hainbat kargu izan ondoren, 1814an mineralen negozioetan jardutea erabaki zuen, bere herriko (Muskizeko) meatzeekin merkataritza eginaz. Horretarako, bere mineralen bezeroen bila jo zuen Gipuzkoara. Kantabriako Montañarekin mugatzen duten Somorrostro eta Galdamesen artean zeuden lur sailetako meatzeetatik ateratzen zituen mineralak. Hanka bat Gipuzkoako burdinaren merkatuan eta beste bat Bizkaikoan zituela, Jose Antonio Ibarra Santander aldera begiratzen hasi zen lehenbizi, eta ondoren burdina manufakturatuarekin Ameriketan merkataritza burutzen aritu zen; Kuban, bereziki.
Lehenengo enpresa elkarketa
Konkurrentzia eragozteko asmoz, 1827an Jose Antonio Ibarra "Ibarra, Mier y Compañía" izeneko elkarketaren protagonistetako bat izan zen. Jose Antonio Ibarra eta Jose Antonio Mierrez gain, sektoreko beste bi pertsona garrantzitsu sartu ziren: José de Txabarri eta Nicolás María de Llano. Lehen aurkariak izandako guztiak elkarrekin zebiltzan orain, eta iraganean beren artean izandako istiluen lekuko izandako ekoizleen artean batera agertzeko prest zeuden. Elkartearen sorreratik urtebetera, erdi mailako merkatari bat elkartu zitzaien, hots, Bonifacio de Vildosola, Mierren suhia. Elkarketaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia Ibarra izan arren, Mier izena mantentzea erabaki zuten, bera baitzen mineral mintegi hoberenak zituena (Ortuellan Orconerarena, adibidez), eta egitate hori jakina zen merkatuan.
«Bultoen espedizioa» edo esklaboen trafikoa
1833ko ekainaren erdialdean, lehortearen eta Gerra Zibilari buruzko zurrumurruen ondorioz, burdinolen geldialdi bat gertatu zen. Egoera ez zen batere ona negozioak aurrera ateratzeko. Euskal Herriko enpresaburuak beren negozioetarako errentagarritasuna lortzeko beste leku batzuen bila zebiltzan. Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetara Antillekin erlazionaturiko pertsonei eta berriei buruzko informazioa iristen zen etengabe. Euskal Herriko eta Nafarroako enpresaburu batzuek beren jatorrizko negozioak Kuba edo Puerto Ricoko portuetan ezarriak zituzten ordurako.
Egoera hartan, Jose Antonio Ibarra bere sozioekin garatu ezin izan zuen proiektu bati buruz mintzatu ohi zen. Beste leku batzuetan bilatu zuen erantzuna, eta proiektu horretarako kide izan zitekeenetako bati honela idatzi zion: "Bultoen espedizioari buruzko ohar batzuk gaineratzen ditut. Begira beza berorrek eskuratu nahi dituenekin bat datozen". Bultoen espedizioa? Zer bulto motari buruz mintzo ote zen? Zehazki beltzen espedizio bati buruz ari zen, hau da, esklabo beltzen trafikoaz. Ekintza arrunta zen Kantauriko portu gehienetan eta merkatari garrantzitsuenek hartzen zuten parte. Bestalde, Ibarra eta Ibarraren liburuak dioenez, Antilletako jabetzetako egoera oso egokia zen espedizio horietarako. Han, nekazaritzako eta etxeko lanetarako eskulan esklaboa erabiltzen zen, eta garaiko Kubako kolera epidemiak eragina izan zuen barrakoietan bizi zen eta garbitasunik ezagutzen ez zuen populazioaren artean. Baina mendearen garai haietan (1833-35) esklaboen merkaturatzea, nahiz eta erdi ezkutuan permititua izan, berez debekaturik zegoen.
Nolabait baimendutako, baina berez debekaturiko ekintza bati zegozkion ardurak hartuta, Jose Antonio Ibarrak 1835ko udan burutu zuen lehenengo espedizioa, "El Cazador" itsasontzian. Ontzi horrek Gineako Golkoko portu batean jasoak zituen 681 bultoak, hau da, 681 esklabo beltzak, eta Kubako Bahia Hondara iritsi zen, Pinar del Riotik gertuko tokira, eta handik garraiatu zituzten bultoak La Habanaraino. Liburuaren egileak honela azaltzen du esklabo haien lehorreratzea:"... Portura iritsi aurretik jaisten zituzten. Hau da, esklaboak kareletik botatzen zituzten itsasora, kostaldera igeri hel zitezen, eta horrela Britainia Handiko Gerrako Itsas Armadak itsasontzia atxilo ez zezan. Jose Antonio Ibarrak lehorreratzea ur bareetan eta kostaldetik gertu egiteko agindua eman zion Elorriaga kapitainari, zeren entzuna baitzuen beltzen espedizio batzuetan itsaso zakarra baliatzen zela beltzen selekzio naturala egiteko, hots, kostaldera indartsuenak soilik iristeko". Dirudienez, Ibarraren beltzen lehen espedizio hura arazorik gabe iritsi zen portura. Geroago, Bilboren lehenengo setioaren ondoren, Ibarrak beltzen beste espedizio bat antolatu zuen. Aldi horretan, "bultoen" ordez "600 arroa artile zikin" kargatu zituen ontzian. Esklabo beltzen trafikoa orduan ere, baina beste era batean izendatua.