11:00. Igande goiza da, prestaketa ordua. San Frantziskoko karrikak berandu esnatu dira gaur. Mariaren Bihotza plazako zuhaitzen itzal zabaletan auzokide bakan batzuk denbora pasan dabiltza. Ez gaude Kalifornian, Bilbon baizik. Bero itsaskorra dela medio haurrak ere ez dira jolastera irtetera ausartu. Plaza erdian furgoneta zuri bat dago eta haren inguruan gazte talde bat. Antzerkiola Imaginarioko kideak dira "Ritos. Gure azken lur zatia" egitasmoaren azken emanaldirako eszenategia prestatzen. Hiru egun daramatzate auzokideekin elkartruke kulturalean murgilduta, eta gaur arratsaldean, laugarren egunean, bertako kultur agenteekin batera antzerki emanaldi-erritual bat aurkeztuko dute kalean.
"Ritos"en baitan Bilboko taldeak hiru herrietan egin ditu "sarraldiak" ekainean zehar: Urduñan, Ondarroan eta Bilboko San Frantzisko auzoan. Baina "Ritos" epe luzerako egitasmoa da "merkantzia tren bat bezalakoa, luzea", eta hortaz, aurrerantzean ere Euskal Herriko beste hainbat herritan gauzatuko da, nahiz eta oraindik ez dauden data eta lekuak zehaztuta. Goizean goizetik bueltaka dabilen Jon Gerediaga taldekideak azaldu digu zergatik hautatu dituzten preseski hiru leku hauek: "Hasierako hiru sarraldiak guztiz ezberdinak izatea nahi genuen, errealitate zeharo ezberdinak dituzten herrietan murgilduz".
San Frantzisko hamalau mila biztanle dituen auzoa da eta kulturalki Euskal Herriko txokorik anitzena. 30 herri elkarte inguruk bermatzen dute bertako kultura ezberdinen bizirautea eta euren arteko elkartrukea. Mugimendu handiko auzoa da, korapiloz betetakoa. Horrexegatik, hartu-emanerako gune aproposa zela iruditu zitzaien: "Herriak eskaintzen dituen adierazpide kultural eta folklorikoak ikertu eta gureganatzea da erronka, eta era berean, antzerkiari buruz dakigun guztia herriari eskaintzea".
Hartu-eman honetatik antzerki antropologiaren ikerketan urrats berri bat ere eman nahi izan du antzerki talde bizkaitarrak. Duela hiru bat urte taldeko zuzendari Ander Lipusek Eugenio Barbaren Odin Teatret konpainiarekin jarduteko aukera izan zuenetik, tresna hori ikertzeko nahia sortu zitzaien. "Ordutik Euskal Herrian ere antzerkiaren antropologiaren ikuspegi teoriko eta praktikoak aplika daitezkeela uste dugu eta horretan ahalegintzen gara", dio Gerediagak.
Hau guztia lortzeko San Frantziskoko egonaldian hainbat ekitaldi antolatu ditu 25 pertsonaz osatutako lantaldeak: tailerrak, bideo emanaldiak eta auzoko eskoletako ekintzak, besteen artean. Azken hau izan da Sabino Alkorta taldekidearen aburuz taldearentzat egun hauetako ekimenik hunkigarriena: "Ez dakit auzoaren errealitate sozialagatik izango den", dio, "baina haurrek harrera itzela egin diete komedianteei, beraien besoetara jaurtitzeraino". Eskoletako esperientziaren ostean haurrek egindako marrazkiak Mariaren Bihotza plazan jarri dituzte ikusgai.
13:00. Antzerkiolakoek arratsaldeko emanaldirako prestaketa lanetan diharduten bitartean plaza ondoan dagoen furgoneta zuritik egipziar doinuak entzuten dira. Musikak ingurukoen arreta piztu du, baita gurea ere. Emakume bat dantzan hasi da ondoren, soineko arabiar eta guzti. Berehala gerturatu zaio talde bat haren dantzarako aholkuak arreta handiz entzuteko. Guztiak dantzan hasi dira gerria eta sorbalda irakasleak bezala mugitzeko ahaleginetan. Irakaslea Lide Etxeberria da, San Frantziskoko auzokidea. "Kuriositatez hasi nintzen egipziar dantzak ikasten orain zortzi urte Londresen, eta orduz geroztik nire pasioa da" kontatu digu. Dantza irakasle izateaz gain bereber musika eta egipziar dantzak uztartzen dituen Bouhia taldearekin dabil gaur egun. Antzerkiolakoek "Ritos" egitasmoan parte hartzeko gonbita egin ziotenean baiezko borobila eman zuen. Gaur dantza tailerra emateaz gain arratsaldeko ekitaldi nagusian ere parte hartuko du.
19:00. Erritoaren ordua iritsi da. Plaza beteta dago. Danbor soinuek jendearen zalaparta mututzen duten bitartean jendearen artetik kalejira koloretsua azaldu da, pertsonaia harrigarrien konpartsa. Auzokoak ikuskizunaz gozatzeko irrikaz daudela nabari da, gehienek ikuskizuneko partaideren bat ezagutzen dutelako batez ere.
Kalejiran sartu diren pertsonaien artean asko ezagunak zaizkigu, Antzerkiolaren aurreko ikuskizunetakoak baitira: "Mundopolski"ko Mundo eta Mika, Yuri Sam eta Kumalen, "8 Olivetti poetiko"ko pertsonaien bat... Oraingoan, ordea, ia inprobisatutako antzezlanean parte hartzera datoz.
Aktoreak plazan sartu orduko festa hasi da: "Dantza egin dezala herriak gure azken lur zatian!" dio pertsonaietako batek. Sin Yembe taldekoek berehala astindu dituzte euren danborrak eta dantzariek beren gorputzak. AZRAF, Iniciativa Gitana, Afrovasca eta La Ressistens elkarteen txanda helduko da ondoren, beste askoren artean. Giroa berotuz doa. Musika, dantza eta antzerkia dira herri erritual honetako protagonistak eta adierazpen artistiko orori egiten diote leku: bertsoei, egipziar dantzei, bereber musikari, kathakaliari, flamenkoari... "Azken batean auzo guztia erritual batean inplikatu nahi dugu", azaldu digu Jon Gerediagak, "erritual batean herria bere buruaz jabetzen da, bere nortasunaz. Herriak bere buruari istorio bat kontatzea, bere buruari hitz egitea da kontua".
Bi orduko emanaldiaren ondoren bihotz taupada ozenak entzuten dira plazan. Esperientzia kilikagarri bat amaitzen denean bezala, taupada azkarrak geldo bihurtzen dira. Ordura arte ikuskizuna gauzatu duten pertsonaiek espazio eszenikoa atzean utziko dute poliki-poliki jende artean galtzeko.
San Frantziskoko Mariaren Bihotza plaza bere egunerokotasunera itzuliko da bihar, baina bertako biztanleak ez dira atzoko berak izango. Nork daki.
Jon Gerediaga, antzerki idazlea: «Herri antzerkia pizturik dagoen
bitartean herria ere pizturik egongo da»
"Idazten ditudan gauza guztiak taula gainean ikustea luxu bat da niretzat", dio sorreratik Antzerkiola Imaginarioan idazle lanetan diharduen Jon Gerediagak. Antropologian lizentziatu ostean "Ander Lipusen erruz" hasi omen zen idazkuntza lanetan. Gaur egun antzerkia bizimodu bilakatu zaio. "Orain lentejak lortzea bakarrik falta zaiola" dio irribarrez.
Txilen egon berri zara maputxeei buruzko tesia prestatzen, ezta?
Bai. Antzerkiola Imaginarioa nire etxea da, nire lanbidea, eta bizirik irauteko indarra ematen didana baina antropologian tesia ere ari naiz egiten maputxeen inguruan. Txilera haiekin elkartrukea sortzera joan nintzen eta han ezagutu nituen gertuagotik txamanak. Ez dira belarrei buruz asko dakiten pertsonak soilik, oso pertsonaia teatralak dira. Berehala otu zitzaidan haiekin pertsonaia bat egin behar genuela.
Eta horrela sortu zen "Yuri Sam"...
Bai. "Yuri Sam" antzezlanean maputxeen otoitzak sartu genituen baina baita ere Arratiako jotak, Baliko dantzak, Kathakalia... Azken batean munduko mitologiek eta erritualek munduaren imaginario kolektiboa jorratzen dute eta, hortaz, badira mundu osoan komunak diren gaiak.
Mendebaldeko gizarte ereduari kontra egiten al diozue nolabait zuen lanetan?
Agian bai baina guk ez dugu antzerkia egiten inoren kontra joateko. Gustuko dugulako egiten dugu antzerkia eta ez kritika egiteko. Egiten dugun antzerki mota egiten dugu gura dugun antzerkia delako eta gure burua espresatzeko baliagarria zaigulako.
Herri antzerkia piztu asmoz sortu duzue "Ritos", baina ba al dago zer pizturik?
Nik uste dut herria bizirik dagoen bitartean herri antzerkia bizirik egongo dela, eta alderantziz, herri antzerkia pizturik dagoen bitartean herria ere bai. Errituala badago herri bat dago, hori garbi daukat.