Hiru preso ohiak Jon Anza, Joxean Agirre eta Alizia Pereira dira. Hurrenez hurren, 21, 18 eta 12 urte pasa dituzte Espainiako Estatuaren hainbat espetxetan. Euskal preso politikoek jasaten duten isolamendu politikaz jardun dugu beraiekin. Alabaina, ez dute gaiaz ikuspegi pertsonal batetik aritu nahi izan, ez omen du zentzurik. Euren esanetan, isolamenduaren funtsa galdu egiten da unean uneko gertakariak kontatzean. Isolamendua garaian garaiko koiuntura politikoaren arabera ulertu behar da, presoen egoera honen arabera estutzen baita. Isolamendu egoerak preso bakoitzarengan modu ezberdinean eragiten badu ere, gertakariak banaka eta laburrean azaltzeak ez ditu argitzen isolamenduaren funtsa eta izaera.
Belodromoko ekitaldia
Solaskide hauen ustez, Espainiako eta Frantziako Gobernuek modu azkar batez areagotu du isolamendu politika. Testuinguru ikaragarri honetan, presoen aldeko kolektibo ezberdinek presoen eskubideen alde elkarrekin lan egitea proposatu nahi diete eragile sozio-politikoei. Donostiako belodromoan burututako «Duintasun testigantzak» ekitaldiaren lehen helburua isolamendu politikarekin apurtzea da. Presoen Kolektiboak beste eragile politiko bat izan nahi du euskal gizartearen baitan. Gainontzeko eragile sozio-politikoekin harremanak lantzeko mintzakidetza izendatu duela aditzera eman du dagoeneko.
Preso ohi hauen esanetan, isolamenduzko egoerak presoen muturreko egoerak izaten direlarik soilik ezagutarazten dira hedabideetatik. Batzuek nahigabe, bestetzuek nahita. Baina, funtsean, presoen kolektibo osoa da isolatua. «Duintasunezko testigantzak» ekitaldia presoak isolamendu egoeratik ateratzeko lehen urratsa izan da. Beren aburuz, hedabideek, alderdiek eta eragile politikoek presoen gaia beren agendan sartuko duten une beretik, presoek jasaten duten isolamenduzko egoera hasiko da gainditzen, bestela nekez.
Erregimen berezia zena arrunta da
Isolamendua erregimen berezia izatetik erregimen arrunta izatera pasa da. Legez egoera berezi izan beharko lukeena eguneroko bizimodua da presoentzako. Presoen eskubideetan murrizketa estrukturalak eman dira azken urtetan, isolamendua ez da erregimen politika berezi bat dagoneko. Espainiako Gobernuak isolamendu politika areagotu du presoa suntsitzeko. Alta, bada -hiru preso ohi hauek diotenez-, Presoen Kolektiboak irtenbide baten alde apustu egiten du. Euskal Herriko eskubide nazionalak, politikoak eta zibilak lortzeko bidean, norbanakoen eskubideak errespetatu behar direlakoan daude, eskubide hauen artean euskal preso politikoen eskubideak direlarik. Presoek edozein hiritar bati dagozkion eskubideak aldarrikatzen dituzte eta prozesu politikoan parte hartzaile izatea ere bai.
Zer da isolamendua?
Isolamendua espetxe sistemak presoa defentsarik gabeko egoera batean jartzeko erabiltzen duen tresna da. Presoak bere ideiei uko egin diezaion bilatzen du. Isolamendua orotarikoa izaten da, isolamendu afektiboa eta politikoa aldi berean. Legeak esaten duenaren aurka, isolamendu politikaren lehen fasea presoa familia eta lagunengandik aldentzean ematen da, eta bigarrena, bere inguru sozial eta politikoarengandik urruntzean.
Bakardadezko eta isolamenduzko egoerak bereiztu beharra daude. Bakardadea, presoa beste preso politiko burkideengandik aldenduta egotean ematen da. Isolamenduzko modulo berezi batean egon gabe, presoa beste burkide edo euskal preso politikoekin harremanik izan gabe egoten da. Beste presoekin egon daiteke, preso sozial bezala kontsideratuekin.
Isolamendua, berriz, espetxe barruko berezko modulo batean gauzatzen da. Modulo hauetako bakoitzean 50 eta 100 presoen artean izaten dira eskuarki. Isolamenduaren lehen xedea preso en kolektiboaren komunikazioa apurtzea izan da. Presoek, espetxeko arautegiaren arabera, bizimodu normala daramate, baina lehen aipatutako lagunak, sendia eta familia politikoarengandik erabat isolaturik jarri ondoren, hurrengo fasea, presoak multzoka gainontzeko preso kideengandik bereiztea izan da. Isolamendu maila handiagoa lortuz hartara.
Isolamendua zigorra izatetik araudia izatera pasa da
Isolamendua, berez, espetxe-erregimen barruko zigor moduko bat da, presoak espetxeko araudia apurtzen duenean aplikatzen den zigor mota. Zigorraren denboraldia mugatua da, legez, ezin du 15 egun baino gehiago izan. Euskal preso politikoen kasuan ez da honezkero zigor zehatz bat bezala aplikatzen, suntsipen politika iraunkor modura baizik. Alegia, presoa isolamenduan sartzen dute baina inolako zigorrik ordaindu beharrik gabe. Isolamendua presoaren bizimodu egonkorra eta arrunta bilakatu da, espetxeko araudia. Euskal preso batzuentzat hilabeteko eta urteetako erregimena da honezkero.
Espetxe-erregimen arruntean ez bezala, isolamenduan ez da bizitza sozialik gauzatzen ahal. Hau da, presoak «bizimodu arrunta» daramanean patio komun batera jaisten da, jantoki bat dago denentzat. Isolamenduzko batean ez dago jantokirik ez patioko ordu komunik. Presoak, bizpahiru ordu kenduta, ziegan pasatzen du egun osoa. Patioa 8x8 metrokoa da, eta ziegan bertan jaten du. Isolamendu erregimenaren helburua presoa ahalik eta isolatuen egotea da.
Espetxe barruko espetxea
Isolamenduzko moduloa kartzelaren barruko kartzela txikia da. Teorian, kartzelaren helburua edo funtzioa presoa birgizarteratzea da. Kartzela barruko kartzela moduko honetan, bizitza sozialik ez dago, eta gainera, errepresioa areagotzen da. Isolamenduzko moduloa jendea birrintzeko gune itxia da. Presoak eraso fisikoak eta psikikoak jasaten ditu. Bertan gertatzen dena nekez ezagutzen da espetxeko beste modulo edo departamenduetan, eta are gutxiago espetxetik kanpo. Bertan dauden funtzionarioak horretarako propio izendatuak dira. Azpiegitura berezia dute. Oheek, adibidez, argoiak eta esku-burdinak dituzte presoa lotzeko.
Legearen arabera presoak bere abokatuaren bisitak mantentzen ditu, baina lagun eta familiarekin harremanak eta telefono deiak murrizten zaizkio presoari. Batzuetan zuzendariaren aginduz eta bestetan moduloko zaintzaileari gogoak ematen diolako, bisitarik gabe uzten du presoa.
Isolamenduzko modulo batean arbitrariotasun handiena dago, presoa funtzionarioen esku geratzen da, funtzionarioek inpunitate osoa erabil dezakete, finean, araudiak errazago urratzen dira isolamenduan. Ikasketak burutzea, kasu, teorian, eskubide bat da. Isolamenduzko baldintzetan oso zaila da ikasketak burutzea, praktikoki ezinezkoa. Zenbaitetan, presoari ez zaio materiala iristen funtzionarioek berek bazter uzten dutelako. Orain, berriz, EHUren bitarteko ikasketak burutzea debekatu zaie euskal presoei. Isolamenduzko politika orokorraren barruan beste urrats bat da.
Gose greba irtenbide bakarra
Muturreko egoera batek muturreko erantzuna eskatzen du, hiru preso ohi hauen ustez. Isolamenduaren praktika sistematizatua eta instituzionalizatua da egun, ez da salbuespenezko egoera. Presoak, isolamendu egoeraren eraginez, beste irtenbiderik geratzen ez zaionean ekiten dio gose grebari. Presoak ez du martiri izateko bokaziorik, ez du bere burua hil nahi, baina bestelako biderik geratzen ez delarik, gose greba da isolamenduzko egoeratik presoak eskura duen borroka molde eraginkorrena. Gose grebak kostu pertsonal handia du presoarentzat, suntsitze egoeratik ateratzeko bide bakarra da ordea. Militante bezala deuseztatu ostean, espetxe erregimenak pertsona deuseztatu nahi baitu. Testuinguru horretan ulertu behar da gose greba. Komisarietan tortura praktikatzen den legez, isolamendu politika praktikatzen da espetxeetan. Isolamendu politika torturaren praktikaren jarraipen gisa eta eskema beraren barruan kokatzen dute presoek. Espetxea ezagutu dutenen iritziz, isolamendua ez da aspaldidanik espetxeko araudiari uko egiteagatik aplikatzen den zigorra, presoari urte luzetan bidegabeki aplikatzen zaion zigor sistematizatua baizik; ez da behin-behineko egoera bat, presoa suntsitzeko antolatutako bitarteko instituzionalizatua baizik.
Testuinguruan kokatu beharra
Isolamendu politika euskal preso politikoen aurkako erregimen berezi gisa ulertu behar da hartara. Politika honen arrazoia Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoan kokatu behar da, presoen izaera politikoan. Espainiako Gobernuak preso politikoaren izaera ukatu egiten du, ordea. Gobernuak presoen deuseztapenaren bidez gatazka bera estali eta ukatu nahi du. Gaur egun, egundo izan den preso kopuru handiena dago: 700 inguru.
Presoen Kolektiboarekin bat egiten duten Alizia Pereira, Joxean Agirre eta Jon Anzak gatazka politikoaren izaera ezkuta ezina egungo egoeran kontestualizatu beharra dagoela diote: «Espainiako Gobernuak presoen aurkako zigor politika Euskal Herriaren gatazka politikoa inoiz baino ageriagoa denean azkartu du. Ajuria Eneko Itunaren garaiko ‘biolentoak’ eta ‘ustezko demokraten’ arteko sasi-eztabaida hura gaindituta dago. Egun, bi -edo hiru nazio- egitasmo agertu dira eszenatoki politikoan. Batetik, euskal nazioa eraiki nahi dutenen proiektua, eta bestetik, espainol -edo frantses- nazioa inposatu nahi dutenen proiektua. Egitasmoek elkarren kontra jotzen dute; Espainiak eta Frantziak euskal nazioaren egitasmoa ukatzen duten bitartean, Euskal Herriaren nazio proiektua askatzailea da». Beren ustez, gatazkaren ebazpenerako giza eskubideak eskatzen diren bezala, euskal preso politikoei ere, herritar gisara dagozkien eta ukatzen zaizkien eskubide indibidual eta kolektiboak bermatu behar zaizkie. Hori da egungo eztabaidaren muina. Gobernuak daraman isolamenduzko politikaren bidez euskal preso politikoak mapa politikotik desagerrarazi nahi ditu gatazkaren izaera politikoa ezabatzeko.
Txapeoa edo desobedientzia isila
Gaur egun preso asko dago isolamenduzko egoera egonkorrean Espainiako Estatuko espetxeetan. Presoa hondamendira daraman egoera honek ez dauka inolako oinarri legalik, hala ere, isolamendu erregimena arbitrarioki edo bidegabeki aplikatzen zaie presoei.
Demokrazia hasi zenetik oinarrizko eskubide guztiak murriztuz joan dira espetxeetan. Azken bost urte hauetan berriz, isolamenduzko egoera gero eta zorrotzagoa da, presoaren bizimodu osoa erabat kontrolatua eta arautua dago. Araudiak ordutegi estua jartzen du: presoak noiz jaiki behar duen, noiz atera ziegatik, noiz itzuli, noiz jan, noiz komunera joan.
Egoera horri aurre egiteko «Txapeoa» burutzen dute presoek. Txapeoa burutzean presoa isolamendu egoera erabatekoan sartzen da, espetxeko araudiari muzin egiten dio desobedientziaren bidez. Presoa 2x3 metroko ziega batean egoten da 24 orduz, ez patiora ez inora atera gabe. Ziegan itxia, araudia bertan behera uzten du. Funtzionarioek gutxieneko zerbitzuak betearazten dituzte, hala nola, bazkaria ekartzen eta garbitasuna mantentzen. Egoera honek ondorio latzak ekartzen dizkio presoari.
Espetxea ezagutu dutenen esanetan, Txapeoa muturreko ekintza bat da, presoak bizi iraupen duina izateko hartzen duen muturreko erabakia. Beste ekintza bat bere borrokaren barruan. Bere borrokak jatorri politikoa izaki, borroka honen bidez eremu politikoan eragina izatea espero duelarik.
Uneon, esate baterako, Valdemoro espetxeko presoei isolamendu erregimena aplikatzen ari zaie inolako arrazoi objektiborik gabe. Agindua Madriletik iritsi omen zen: preso andana bat ireki berria zen isolamenduzko modulo batean sartzeko agindua. Presoei, inolako araurik urratu gabe, espetxeko araudi murritza berari isolamenduzko egoera gehitu zaio.
Horregatik berarengatik, hainbat preso Txapeoa burutzen ari dira egun. Iñaki de Juana, Lopez "Kubati", Alvarez Santa Cristina «Txelis» eta Pagola «Beltza» presoek 20 hilabete daramatzate nork bere ziegan, inolako harremanik gabe. Alta, beren egoera ia-ia oharkabean pasatzen ari da hedabideetan. Egoeraren larria espetxetik kanpora iristen da presoa hil zorian dagoenean, gose edo egarrizko greba tamalgarri bat burutzen ari denean.Txapeoa borroka molde isila da. Ez gose greba bezain ikusgarria. Tamalez, presoak gose greba burutzen duenean soilik jabetzen dira hedabideak eta eragile sozio-politikoak presoaren egoeraz. Artean, Txapeoa desobedientzia modu isila dela, ohartarazi digu Jon Anzak.