Agirretxe eta Mertxe Rodriguez. Umeen hipnotizatzaileak

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hamabost urte daramatzazue pailazo lanean. Urte guztiotan haurrak aldatu al dira?
Mertxe Rodriguez: Hiriburutik herri txikietara asko aldatzen dira. Herri txikietan umeak oraindik ume dira 10-12 urterekin; inolako aurreiritzirik gabe gozatzen dute. Baina hiriburutan 10 urterekin jada paso egiten dute: "pailazoak? hori umeentzat da!".
Joxe Mari Agirretxe: Bestetik, gaur egun heldutze prozesua azkartzen ari da. Etapak lehenago erretzen dira. Lehen 10 urterekin ez genekien errege magoak zein ziren. Gaur 6 urterekin jada badakite gurasoak direla Olentzero. Pena pixka bat ere ematen du, inozentzia hori lehenago galtzen dute. Globalizazioa dela, merkatal zentroak direla, telebista dela... hainbesteko eskaintza dago, hainbesteko bonbardaketa, haurrengan lehenago azeleratzen dela heldutze prozesua. Herri txikietan agian bonbardaketa hori gutxiago sartu da.
M. Rodriguez: Inozentzia gehiago dute herri txikietakoek hiriburuetakoek baino.
J. M. Agirretxe: Bai, baina hori itxuraz da. Eskola batera goazenean 12 urtekoak berehala hasten dira purrustadaka: "hori txikientzat da!". Baina irakasleei esaten diegunean ume horiei saiora jarrera on batekin joan daitezela eskatzeko, gero ikuskizunean antzematen zaie umekerietan oraindik ume direla.



Umeak adi-adi izaten dituzue begira. Zeintzuk dira arrakasta horren klabeak?
M. Rodriguez: Bata hurbiltasuna da. Saioa bukatzean ere pailazoek kontaktu fisikoa daukate umeekin, eta hori garrantzitsua da. Muxuen banaketa jada ikuskizunaren nahitaezko zati bihurtu da.
J. M. Agirretxe: Bestetik, istorioak beti planteatu ditugu erraz ulertzeko moduan, baita erdaldunentzat ere. Gure saioak ia-ia begietatik sartzen dira. Gidoiak ere, haurrek parte hartzeko planteatzen ditugu. Une askotan euren laguntza behar dugu, arazoei irtenbideak emateko edo tranpak saihesteko. Denborarekin ere ikasten duzu ikuslearekin nola konektatu. Badakizu gutxi gora behera umeek noiz parte hartuko duten eta nola; kontua da zuk bide ematea.
Baina gidoia bakarrik ez da zaindu behar. Komunikazioak, publikoa ikuskizunean sartzeak, beste erritmo bat eskatzen du. Hori esperientziak ematen du.
M. Rodriguez: Beste elementua kantak dira. Umeei abestea asko gustatzen zaie, eskolan ere lantzen duten gauza bat da. Koreografia ere oso erraza egiten dugu propio.
J. M. Agirretxe: Fantasia ere bada. Umeentzat, Olentzero benetakoa den bezala, Takolo, Pirritx eta Porrotx ere benetakoak dira, ez dira margotuta dauden pertsona batzuk. Irudimenaren munduan umea oso erraz sartzen da. Eta Olentzerorekin bezala, ilusioaren faktorea garrantzitsua da.



Zer mezu landu nahi izaten dituzue?
J. M. Agirretxe: Gure helburu nagusia haurrek euskaraz ondo pasatzea da. Baina hori egiterakoan mezu txarrik ez transmititzen saiatzen gara. Badaude balore batzuk beti zaintzen ditugunak: lehiakortasun eza, lagunartea, ingurua zaintzea, neska-mutilen harremanetan berdintasuna garatzea... Pailazoon artean neska bat sartzea ere erabaki kontziente bat izan zen, eta gainerako pertsonaietan ere neskak egotea zaindu egiten dugu.



Batzuetan ikuskizunaren gai nagusiak mezu sakonagoa ere izaten du. Orain bi urte haur langileen gaia landu zenuten. Zer proiektu zen eta nolako esperientzia izan zen?
J. M. Agirretxe: HONEK (Herri Oinperatuekin Nazioarteko Elkartasunerako Kideak) Gobernuz Kanpoko Erakundea Nikaraguaren alde lanean ari da iraultza garaitik. Eurek proposatu ziguten Nikaraguan saio batzuk egitea, eta aukera hori aprobetxatu genuen hango abestiak eta haur jolasak bildu eta hona ekartzeko. Nikaraguan gure ikuskizuna gazteleraz egin genuen. Abesti eta dantzak, berriz, euskaraz.
M. Rodriguez: Beldurra ere bagenuen. Hemen ezagunak gara eta umeek kantuak ere ezagutzen dituzte, merkatuan daudelako; baina han ez. Eta hala ere oso ondo atera zen dena. Gainera han jendea oso alaia da, musika jarri eta segituan hasten dira dantzan.
J. M. Agirretxe: Handik itzulita Kintxoren ikuskizuna osatu genuen. Kintxo haur langilea da. Gure helburua zen Euskal Herriko haurrek jakitea munduan badaudela milioika haur gure baldintzetan bizi ez direnak. Beste kultura bat dutela ere jakinarazi nahi genien, eta pozik bizi direla. Ez genuen dramatizatu nahi.
Proiekturako diru bilketa bat ere egin zen. Baina guretzat helburu nagusia haurrek errealitate hori ezagutzea zen, eta uste dut lortu dugula. Kintxoren liburuxka atera eta 150.000 ale banatu genituen. Ume guztiek ezagutzen dute Kintxo. Gainera Kintxorekiko enpatia sortzen zaie, umeek Kintxo izan nahi dute.



Inprobisatu beharra egokitu al zaizue?
J. M. Agirretxe: Askotan. Orain 12 urte Areson (Nafarroa) gertatu zitzaiguna izan zen polita. Aipatu dugu herri txikitan umeek beste inozentzi bat daukatela, eta horrekin lotua dago. Kontua da Takolok eszenatik alde egitean beste biak arrautzekin malabarismotan hasi eta denak puskatzen genituela. Azkenean larritu egiten ginen: "Arrautzarik gabe gelditu gara eta Takolo segituan etorriko da!". Hori esanda, ume bat altxa (12 urte izango zituen), eta ziztu bizian joan zen baserrira. Dozena bat arrautzarekin etorri zen! Beste bukaera bat inprobisatu behar.



Clown klasikoek bezala, rola banatua duzue pailazook: bata serioa da eta beste biak bihurriak. Umeek zein dute maiteen?
M. Rodriguez: Adinaren arabera. Txiki-txikienak gehiago hurbiltzen dira Takolorengana, serioarengana. Irakaslearen figura da eurentzat, eta adin horretan irakaslea kasik bigarren ama da, izugarri maite dute. Gero 6-8 urterekin Porrotxekin harrapatuta gelditzen dira, bihurriena baita. Porrotxek egiten dituen bihurrikeriak dira eurek egin nahi dituztenak. Eta Pirritxek zaletuetan denetik du.
J. M. Agirretxe: Neskak izugarri. Nire alabak eta bere lagun guztiek Pirritx da ametsetan ere ikusten dutena. Garrantzitsua da pailazoetan neska bat egotea.



Zuen gertuko txiki jendeak (seme-alaba edo bilobek, esaterako), ikuskizuna beste denek bezala bizi dute edo ezberdin?
M. Rodriguez: Txiki-txikiak direnean errezelotan egoten dira, ez dakite ziur zu ote zaren edo ez. Baina gero berehala ohitzen dira. Saioa beste edozein umek bezala ikusten dute.
J. M. Agirretxe: Guretzat ere, pailazoz jantzita gaudenean ume guztiak berdinak dira, gureak izan edo ez. Behin saioa bukatu eta aldagelan ginela, aretoko langile bat etorri zitzaigun, bere alabarentzat posterra sinatzeko eskatuz. Ondoan nire alaba eta bere lagunak genituen, eta horietako batek azkar bota zuen: "aizu, Tote Mari, aizu! Nik edakat poterrik, e?". Alegia, zer ari zara horiei sinatzen, guk oraindik posterra ere ez daukagu-eta. Semearekin ere gertatzen zait. Umeak gainera etortzen zaizkizunean, "Porrotx! Porrotx!" builan, semea berehala hasten zait galtzatik tiraka, "aita, hartu aupa!". "Nirea da" esanez bezala, "nire aita da eta utzi bakean».



Umeen erantzunak edo erreakzioak medio, zein kasutan hartu duzue poz gehien?
J. M. Agirretxe: Lehengoan lagun batek kontatu zidanak bereziki hunkitu ninduen. Umea koman zeukan, eta erdi esnatzen ari zen. Medikuak amari esan zion, umeari galdera bat egin behar ziola, erantzun garbi bat zuena, umearentzat jakina eta erraza, ikusteko ea erreakzionatzen zuen. Amari burura etorri zitzaion lehendabiziko gauza izan zen: "Nola esaten du Porrotxek?", eta umeak automatikoki "Katxiporreta".
Irunen, Txingudi ikastolakoek ere komentatu ziguten down sindromea zuten umeek irakurtzen eta idazten ikas zezaten, pailazoon motibazioaz baliatu zirela, gure marrazkiekin liburuxkak ere eginez. Halako gauzek asko betetzen zaituzte.
M. Rodriguez: AEBetan, Boiseko ikastolan esan ziguten ume bat bazela, ordura arte euskaraz hitzik egin nahi ez, eta pailazoekin motibatuta euskaraz hitz egiten hasi zena.



Duela bi urte ETAk hil zuen Lasarte-Oriako udaleko Froilán Elespe PSE-EEko zinegotzia. Aiora Zulaika EHko zinegotziak atentatua ez zuela kondenatu-eta, Takolo, Pirritx eta Porrotxen aurkako boikota hasi zuten udal askok. Zuek kontratatu nahi zaituztenek ere presioa jasan dute. Presio hori zein zentzutan izan da?
J. M. Agirretxe: Gure herriaren kasuaz hitz egingo dut, Lasarte-Oriaz. Froilan Elesperena gertatu ondoren, Korrikan gure ekitaldia bakarrik ez, programazio osoa ere diru laguntzarik gabe eta ezer antolatzeko baimenik gabe utzi zuten.
Aurrerago, herriko ikastetxe baten aste kulturalean parte hartu genuelako, ikastetxeari aste osorako diru laguntza kendu zioten.
Gabonetan Olentzeroa zetorren. Izatez, ekitaldi horretarako sortu ginen gu. Bada alkateak ikastetxeetako zuzendariak bildu, eta esan zieten Olentzeroa egingo zela, baina gu gabe. Ikastetxeak horretarako prest ez zeudela ikusita, alkateak berak antolatzea erabaki zuen. Herritar, ikastetxe eta pailazook gure Olentzeroa antolatu genuen, kalean zehar; udaltzainik eta argi-indarrik gabe utzi gintuzten.
Urtero egiten den Okela Egunerako ere, antolatzaileei diruz xantaia egin zieten, ez zutela antolatzea lortuko mehatxatu ere bai, eta horrek ondorioak ekarriko zituela esan. Azkenean ez zen egin Okela Eguna.
Gaur ere hori gertatzen da, gure herrian bezala beste edozein lekutan. Bilbon, nahiz ikastetxe bateko zuzendaritzak ikuskizuna antolatu nahi izan, udaletxetik etorri zitzaien debekua.
M. Rodriguez: Donostian debekatu egin digute Printzipal antzokia alokatzea. Eta ordainduz gero edozeini alokatu behar dioten leku bat da. Gauza bat da udalak gu ez kontratatzea. Baina kontua da ez digutela uzten udaleko instalaziorik ere erabiltzen.
J. M. Agirretxe: Egoera paranoiara iritsi da: Santurtziko antzokian Arnaldo Otegik mitina eman zuen, eta guk ezin dugu pailazoarena egin! Hainbesteko bola egin dute, azkenean paranoia bihurtu dela errealitatea. Alkate bat edo euren sokako bat lerro horretatik ateratzen bada egurra etorriko zaio, komunikabideetatik ez bada Madrildik. Kate batean sartu dira eta badirudi ezin dutela hortik atera.



Zenbat saio galdu duzue?
J. M. Agirretxe: Saio kopuruan ez dugu beherakadarik izan. Askotan udaletik ez dute deitzen, baina bai herriko elkarte edo ikastetxeetatik. Saio herrikoiagoak dira. Dirua instituzioek ez, herritarrek jartzen dute.
Lana badaukagu. Irrien Plataforma eta antolatu diren ekitaldiak, ez dira guri saioen promozioa egiteko. Alderantziz, asko eskertzen dugu Euskal Herri osoan jende mordoak aurpegia eman izana. Jendeari esker daukagu lana. Baina hala ere salatu beharra dago hainbat udaletxe eta instituzioetan politikoek daramaten jazarpena, zentsura, xantaia. Inpunitate osoarekin egiten dute, eta ez da ezer gertatzen. Hori da harrigarria.



Politikoki beste pentsaera bat duten gurasoek zer erreakzio izan dute?
J. M. Agirretxe: Eskemak umeek puskatzen dizkiete gurasoei eta politikoei. Lasarte-Oriako zinegotzi batek telebistan halaxe esan zuen: "gaur arte nire bilobarekin joaten nintzen pailazook ikustera, eta hemendik aurrera nire bilobak ez ditu pailazo horiek ikusiko". Eta harrezkero biloba gu ikustera badator. Bilobak indar gehiago du aitonak baino. Gure herrian bertan pentsaera guztietako jendea etortzen da.
M. Rodriguez: Garai hartan eskoletara joatean tarteka irakasleren batek esaten zigun ume bat falta zela, gurasoek etxean utzi zutelako. Gaur ez da gertatzen hori.
J. M. Agirretxe: Altsasun emanaldia eskaini eta biharamunean, umeak ikusitakoa kontatzen hasi omen ziren ikastolan. Beste ume batek hala esan zuen: "ni ez nintzen joan, pailazoak ez zeuden, gaixorik zeuden". Eta lagunek: "ezetz ba! Guk ikusi ditugu-eta!". Umearentzat sekulako kolpea da; gurasoek gezurra esan diote, eta berak joan nahi zuen pailazoak ikustera.



Lasarten Irrien Lagunak plataformak omenaldia eskaini dizue orain gutxi. Zer sentsazio izan dituzue?
J. M. Agirretxe: Sentsazio arraroak izan dira egun hauetan sentitu ditugunak. Ez dut uste oraindik omenalditarako gaudenik. Ez dugu gutxietsi nahi egin diguten eskaintza; alderantziz, oso eskertuta gaude, ez bakarrik pailazo bezala, baizik pertsona bezala eta euskaltzale bezala. Baina omenaldi bat baino, guk hau bizi izan dugu denok, herri osoak, pasa beharreko froga bat bezala.
Lasarte-Orian errepresioa oso gogorra izan da, eta nahiz eta ustez euskararen inguruan gauzak oso garbi genituen, halako froga bat iristen denean agerian gelditzen dira gu guztion menpekotasunak eta beldurrak. Askotan euskararen inguruan halako diskurtso bateratzaileak sortzen dira: "ezberdintasunak alde batera utzi, denok gara euskaldunak". Eta herrian behintzat sentitu dugu guk horren alde asko egin dugula, bazter batean utzi ditugula gure ezberdintasun ideologikoak, baina une gogor bat iritsi denean konturatu gara bat baino gehiago gezurretan ari zela. Eta min eman digu.
Azkenean bi urte pasa behar izan dute herriko eremu zabal batetatik erantzun bat antolatzeko. Oso pozik gaude pauso bat eman delako: aurrera begira beldur pixka bat galdu da, menpekotasuna galdu da. Denok ikasi dugu ez dugula instituzioen zain egon behar gauzak egiteko. Instituzioak gurekin badaude hobe, baina ez badaude ere gauzak egin egin behar dira.
M. Rodriguez: Irrien Lagunak plataforma bereziki eskertu nahi dugu hau dena mugitu duelako. Badakigu lan asko egin duela.
J. M. Agirretxe: Gauza bat argi dago: guk uste baino indar gehiago daukagu. Agian gure eremuan, irriaren munduan, errazagoa da indar biltze hori. Geure begiez ikusi dugu gainera. Atarrabian, ez baimenik, ez frontoia, eta ezta plaza ere ez genuen erabiltzeko, eta hala ere jendea prest zegoen edozein tokitan emanaldia egiteko, Guardia Zibila etorriko bazen ere. Beste behin udaltzain batek ekitaldia bertan behera uzteko agindua bete ez zuelako espedientatu egin zuten. Lana galdu duenik ere bada. Errepresaliak sekulakoak izan dira. Batzuetan etsi egiten dugu, baina uste duguna baino indar gehiago dago. Hori Euskal Herritik kanpo bizi direnek ikusten dute. Baina hemen bizita, egunero ikusten dugun gauza bat denez askotan jabetu ere ez gara egiten.

Takolo, Pirritx eta Porrotx: Curriculuma
Sortu: 1987an sortu zen taldea. Lehen emanaldia, Lasarte-Oriako ikastetxeek antolatzen duten Olentzeroren jaialdi barruan egin zuten.
1987tik 1992ra
-Zuzenean abesten zuten gitarra batekin.
-Kanta gehienak Imanol Urbietarenak ziren.
-Lehen diskoa atera zuten: «Hau umorea».
1993tik 1997ra
-Gidoiak jantziagoak eta dekorazioa zein attrezzoa zainduagoak dira.
-Diskoak: «Beti martxan», «Ongi-bizi», «Kili-kili», «Tantaka yotanka».
-Lehen bideoak atera zituzten: «Txiztil», «Beltzi», «Tantaka yotanka» eta «Makarroiak».
1998tik 2003ra
-Ekitaldi jendetsuak egiten ditu taldeak (500-1.200 ikuslerekin).
-Taldea zabaldu egin da eta pailazoez gain dantzari, musikari, margolariek ere parte hartzen dute.
-Diskoak: «Baserrian», «Plisti-plasta», «Aupa Kintxo!». Lan horiek bideoan ere grabatu dituzte.
-Jolas didaktikoak kaleratu dituzte: «Puzzleak» eta «Bikote mikote».

Gazi-gozoa
Badira saio batzuk grabatuta gelditzen zaizkizunak. Niretzat, taldean sartu eta hilabete eskasera ospitaleko umeei eskaini geniena izan zen horietako bat. Gabonetan zen. Umeak aparailuekin zeuden (zenbaitentzat azken egunak ziren). Gogorra zen oso, baina baldintza horietan egonagatik umeak ondo pasatzen ikustea polita izan zen. Aurpegian ikusten zitzaien; ez zen barre algara ere, baina bai gustura daudeneko aurpegi hori, begira-begira gelditzen direnekoa... (Mertxe Rodriguez)

Bertsoa

Doinua:
ZER DA GAUR DONOSTIAN
Altsasun gertatuak
ikasgai bortitza
dauka beregan baina
itsu al gabiltza?
"Gaixotu egin dira"
gurasoen hitza,
hau da gorrotoaren
lanaren emaitza
umeek jasatea
gurasoen gaitza.

Lotsari patxarana
Pailazo gisa hasi ginenean ez ginen ez aktore eta ez ezer; gu euskaltzaleak ginen. Eta hasiera hartan guk ere gure lotsak eta beldurrak bagenituen. Saioa hasi aurretik patxarana behar! Tragoa hartu, eta publikoari begiratu ere egin gabe zuzen joaten ginen eszenategira, zezenak irteten diren bezalaxe.
Orain 14 urte Bolibarko apaizak deitu zigun, baserri bat erre zela-eta herrian dirua biltzeko jaialdia egin behar zutelako. Apaizak sekulako bazkaria jarri zigun; ardoa ere zuritik eta gorritik, gero patxarana... Gehitxo edanda atera ginela, alegia. Esketx batean, pailazo batek kolpea hartu eta geldi-geldi egon behar zuen, estatua batek bezala. Baina geldirik ezin, eta balantzaka hasi zen! Lotsa-lotsa eginda atera ginen handik... (J. M. Agirretxe)


Azkenak
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


2024-11-21 | Gedar
Mobilizazioak bertan behera utzi ditu ‘Lo que no te cuentan de Donosti’-k

Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Eguneraketa berriak daude