«Diesela naiz, triatloian zenbat eta proba luze eta gogorragoa, nahiago»

  • Zarauzko triatloian ikusi dugu kirol eta baldintza denetara egokitzeko Virginiaren gaitasuna. Zerbaitegatik da, Munduko Triatloi txapelduna. Getariatik Zarautzerako 2,5 kilometroak igerian egin ondoren, neoprenozko larru-azala erantzi, eta bizikletaz 85 kilometro inguruko malkarretan gora eta behera. Pedaletatik hankak ateratzerako jantzi zituen korrika egiteko zapatilak, kaskoa kentzen ere segundo bat galdu gabe. Eta 20 kilometro egin zituen, azken metroak Zarauzko kaleetan pilatu zen jendearen bizkar-kolpeek bultzata. Helmugan, lehen emakumea eta parte hartu zuten 285 triatloilarietatik 12.a. Podiumerako goiko mailara igotzen azken indarrak xahutu ostean, galderei umorez eta bizi erantzuteko adina arnas bazuen.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aita igeriketako goi mailako entrenatzailea da, Bilboko kirol elkartean. Ama ere korrikalari izana. Ez zara pedigri txarrekoa...
Bai, aita bizitza osoan kirolari izan da. Igeriketako entrenatzaile zela, Frantziako aldizkari batean triatloiari buruzko artikulu bat irakurri zuen. Hemen oraindik ez zen kirol hori praktikatzen. Ordurako igerian eta korrika aritzen zen, eta beraz, triatloirako bizikletan ikastea bakarrik falta zitzaion. 35 urte zituen jada, baina bizikletari ekin zion, eta Frantziako triatloietan lehiatu zen. Ondoren kirol hori hona ekartzen saiatu zen, 1984-1985 urte inguruan. Bera izan da Espainiako Estatuan aitzindarietako bat.
Ama oso berandu hasi zen korrika entrenatzen, bigarren alaba izan ondoren. Aita kirol mundutik atera ere egin gabe bizi zenez, bera ere korrika hasi zen, ea horrela maizago ikusten zuen... Entrenatzen hasi, eta 1982an Bilboko maratoia irabazi zuen, eta maratoian Bizkaiko errekorra jarri. Ama distantzia luzean iaioa da, hari berdin zitzaion 20 kilometro korrika egin, 25 edo 40. Maratoia izerditu gabe bukatu zuen eta! Hernia diskalak, ordea, uztera behartu zuen. Orain inbidia pasatzen du, bizi egiten duelako lasterketa.

Gurasoek nola lagundu dizute lehen urratsetan?
Duela urte batzuk arte aita nire entrenatzaile izan da, baina egun Santamariarekin entrenatzen dut. Etxean eta entrenamenduetan beti pertsona berarekin egotea ez da komeni, behar baino gehiago eztabaidatzen bukatzen da eta... Denean laguntzen dit, oraindik batuta jarraitzen dugu.
Amak, berriz, txikitan igeriketa edo korrika edo behar zen lasterketa guztietara eramaten ninduen, alde batetik bestera joaten zen nirekin, aste osoa lanean pasa ondoren larunbata goizean goiz jaikita. Hori ez dut inoiz ahaztu.
Zorte handiko sentitzen naiz. Asko ez da aurrera ateratzen familiaren babesik ez duelako. Nik familiak eman dezakeen dena izan dut. Gauzak ondo doazenean, denak egoten dira alde, eta babeslerik ere ez da falta izaten. Baina ordura artekoa da gogorrena, eta orduan nire benetako babesleak eta laguntza gurasoak izan dira.

Txikitatik ikusiko zenituen lasterketak...
Bai, kakanarru bat nintzela aitaren taldearekin joaten nintzen lasterketetara. Austral talde horretan zeuden Espainiako estatuko onenak: Carlos Santamaria, Eduardo Burguete, Iñaki Arenal... Asko gustatzen zitzaidan giro hori. Gogoratzen naiz lehen aldiz Donostiako Kontxan, triatloia ikusten egon nintzela. Txikitatik gure asteburuak horrelakoak izan dira: lasterketa herrikoietara joan, eta lehenengo nik korrika egiten nuen txikiekin, gero aita ateratzen zen helduetan, eta babarrun jate tipikoa eginez bukatzen genuen.

Nola hasi zinen kirola egiten?
Hiru urterekin jada aritzen nintzen uretan plisti-plasta. Zazpi urterekin hasi nintzen igeriketako lasterketetan. Ez zaizkit falta txanoa estu eta bainujantzia jarioan agertzen naizen argazki tipiko horiek. Nahiko lan izaten nituen orduan 50 metro igeri egiten!
Eskolan ikusten zuten korrika ongi egiten nuela, eta atletismo taldean sartu nintzen. Baina korrika egitea barrutik ateratzen zitzaidan, ez nintzen horretarako prestatzen. Igeriketa entrenatzen nuen, eta tarteka joaten nintzen korrika aritzen ziren pistara. Euskadiko kros txapelduna izan nintzen junior mailan, Bizkaiko txapelduna ere bai, infantil mailan pistako 2.000 metrotako errekorra neukan Bizkaian...
Entrenatu gabe ere ongi nenbilen korrika, eta denek esaten zidaten igeriketa utzi eta korrika hasteko. Igeriketan ez nintzen markaz kanpokoa, baina oso konstantea naizelako eta pare bat obario ditudalako egiten nuen. Eguneroko lana da igeriketa.

Hazteko garaian sortuko dira ezberdintasunak...
Garai gogor bat izan nuen, ni ez nintzen handia eta besteek luzatua eman zuten. Aitari esaten nion, lehen atzean uzten nituenek orain aise hartzen zidatela aurrea, eta pazientzia izateko erantzuten zidan. Arrazoi zuen, eguneroko lanarekin eta ni ere luzatu nintzenean (ez naiz gehiegi hazi, baina) lortu nuen besteak berdindu edo aurreratzea.

Kirola egiten duen neska batengandik mutilengandik adina espero izaten al da?
Orain dela gutxi arte, familiak aitari esaten zion bere eraginagatik egiten nuela kirola, ez neure gustuz. "Neskatila gaixoa, lehertu egingo duzue..." Hori, noski, neska naizelako da, eta hemen nesken artean ez dagoelako kirolerako tradizio handirik. Mutila izan banintz, "hau bai gizona, hori da entrenatzea!" esango lidakete. Aurrera atera naizen heinean ulertu dute, harro daude, eta sinesten hasi dira ez dudala behartuta egiten, gustura ari naizela.

Gaur itsasoan igeri egin duzue. Igerilekuan baino gusturago?
Itsaso zabalekoa benetako zeharkaldia da, abentura bat. Zenbat eta froga gogorragoa, orduan eta gusturago egiten dut. Itsaso zakarra badago, hobe. Erronka bat baita niretzat.
Igerilekuan baino hobe igeri egiten dut itsasoan. Horregatik pentsatzen dut, "itsaso hau niretzako gogorra bada, besterentzat gehiago". Ni iraupen luzeko kirolaria naiz, erabateko diesela. Triatloian ere, froga luzeetan nabil ondoen.
Oso estilo ezberdina da itsasoko igeria. Ez da olatuen kontra borroka egin behar, olatuarekin dantzatzen jakin behar da. Olatua sentitu behar da. Besoak gehiago atera behar dira, eta aldiz, batzutan haizeari ematen diogu besarkada...

Esaten da triatloiko hiru kirolak, alegia, igeri egin, bizikletan ibili eta korrika egitea ez direla bateragarriak.
Horrela esaten da, bizikletan ibilita lantzen diren gihar-taldeak ez direlako bizikletatik jaitsi eta korrikari ekiten diogunean lantzen ditugun berak. Gogoan dut bizikletan ibili ondoren korrika hasteko esan zidaten lehen aldian ez nuela pausoa ematen ere asmatzen. Baina entrenamendu orduekin plazer bihurtzen da, eta gaur da eguna gusturago korrika egiten dudana bizikletan ibili ondoren, besterik gabe hasita baino.
Teoria nagusiak kontrako kirolak direla adierazten badu ere, adituek egin dituzten beste ikerketa batzuek diote, justu gihar berak lantzen ez direlako, triatloiak lesio gutxiago eragiten dituela. Bizikletan landutako giharrak korrikan landutakoekin orekatzen dira. Txirrindulariak beti gihar berak lantzen ditu, eta txikitzeko arrisku gehiago du. Nik ez dut egunero korrika egin edo bizikleta hartzen.

Hiru kirol horietan non aritzen zara ondoen?
Orain, bizikletan. Lehen igeri eta korrika egiten nituen ondoen. Bizikletan hasi nintzelako beranduen. Uretatik atera, eta bizikletako froga bukatzeko desiratzen egoten nintzen. Bizikletan neukan hobetzeko tarte gehien, eta orain hor jaten diet denbora besteei. Gainera hemen bizikletarako tradizio handia dago, ingurua ere egokia da entrenatzeko, eta beti dago norekin entrenatua.

Distantzia ezberdineko triatloiak daude, eta mota bakoitzak arau bereziak ditu. Nola baldintzatzen du horrek lehiatzeko modua?
Distantzia luzeko triatloietan bizikletako frogan ezin da aurrekoaren gurpilean joan. Distantzia olinpikoetan, aldiz, bai. Beraz, distantzia olinpikoko triatloian garrantzitsua da igerian ondo egitea, bizikletako froga pasokoa da, taldean joaten gara, eta ondoren 10 kilometroko "lasterketa herrikoia" izaten da. Horregatik, distantzia olinpikoko triatloian lehiatzeko igerian egin behar da, eta irabazteko korrika.
Entrenamendua ere egokitu egin beharko dut, bizikletan hainbeste aritu beharrean, igerian eta korrika egin beharko dut kalitatea hobetzeko.

Nolakoa da zure entrenamendu aste bat?
Astelehen, asteazken eta ostiraletan korrika egiten dut, goizez. Arratsaldez igeri egiten dut, eta batzutan gimnasiora joaten naiz. Astearte eta ostegunetan, goizean bizikletan ibiltzen naiz, eta arratsaldez igerian. Larunbatetan igerian gogor egiten dut, ondoren 80 kilometro bizikletan, eta ordu bete korrika. Esan liteke, beraz, astean behin triatloi bat egiten dudala, kirol batetik besterako aldaketa entrenatzeko. Igandetan ordubetetxo luze bat egiten dut bizikletan, baina lasai.
Astea horrela planifikatuta dut urte osoan, baina pixkanaka joaten naiz distantziak luzatzen. Abenduan distantzia edo denbora gutxiago entrenatuz hasten naiz, igandetan jai hartuz.

Bakarrik edo taldean entrenatzen duzu?
Igandetan zikloturistekin ibiltzen naiz. Tira, zikloturistak deitzen zaie, baina a zer abaila hartzen duten! Ni baino hobeto dabiltzanak izaten dira talde horietan, eta haiei segika pike puntua harrapatzen dut, lehiarako beharrezkoa den txispa hori. Igeriketan ere, bakarrik aritu beharrean Leioako Azkartza igeriketa taldearekin entrenatzen dut. Taldeak asko laguntzen du kirolean.
Baina bakardadeaz gozatzen ere ikasi dut. Batzuetan bakarrik joatea gustatzen zait.

Pultsometroarekin entrenatzen al duzu?
Lehen bai, baina orain ia ez diot begiratu ere egiten. Badakit une bakoitzean zenbatean joan behar izaten dudan, eta pultsometrora begiratu gabe ere, badakit zenbatean noan. Neure burua ederki ezagutzen dut. Sentsazioen arabera badakit neure burua nola dagoen. Lehen zorrotzagoa nintzen pultsometro kontuetan, orain neure buruari entzutea gustatzen zait, eta egun batean 70ean joan ezin badut, 60an noa eta kito. Hurrengo batean indartsu banago, 80an joan beharrean 90ean joaten naiz. Arauek baino, sentsazioek gidatzea gustatzen zait.

Masajista lagun ona izango duzu.
Derrigor, astean behin joaten naiz gutxienez, eta askotan bitan. Gihar denak lantzen direnez, goitik beherako masajeak hartu behar izaten ditut, hankako behatz loditik hasi eta belarrietaraino. Gainera hanka bat bestea baino luzeagoa dut, eta gehiago kargatzen zait. Jadanik oso ondo ezagutzen nau, ez diot esan beharrik izaten zerk ematen didan mina, eta berak igartzen dit zertan ibili naizen.

Zer pentsatzen duzu lasterketan zehar?
Smashing-Pumpkins taldearen kantu bat kantatuz joan nintzen triatloi osoan zehar Zarautzen. Gutxienez disko bereko beste kantu bat gogora ekartzen saiatu naiz, baina alferrik, betikoarekin pasatu dut arratsalde osoa. Kirol erritmoarekin bat zetorren kantua, eta horri eutsi diot. Bukaeran herrira sartu, eta zaletuen giroarekin, oilo azala jarri zait, eta bati eta besteari kasu eginaz joan naiz, pozari eutsi ezinda.
Normalean neure buruarengan pentsatzen joaten naiz, hankak, besoak edo atal bakoitza nola doan arreta jarriz.

Lasterketaren biharamuna zer moduzkoa da?
48 ordu geroago pasatzen du faktura latza, biharamunean baino gehiago.

Nolakoa da lehia kirol honetan?
Kirol denetan bezala, irabazi nahi izaten dugu, eta kito. Baina iraupen luzeko frogetan, geure buruarekin daukagu lehenengo erronka. Geure burua garaitzea, muga fisiko eta mentaletara iristea, abentura bat da.
Hawaiiko lasterketan, esaterako, lehenengoari bezala itxaroten dio zaletuak azkenari, eta denei egiten zaie erreberentzia. Denborak ez du axola, iristea bada nahikoa poz.

Distantzia luzeko Munduko Txapelketa bi euskaldunek irabazi duzue, Eneko Llanosek eta zuk.
Aurten oso garai onean tokatu da Munduko Txapelketa. Distantzi luzeeneko triatloia denez, gihar bolumenak landu behar dira bereziki. Eta aurten denboraldi hasieran jokatu denez, Munduko Txapelketa prestatzeak oinarri sendoa eman digu denboraldi osorako, eta ondoren entrenamendua distantzia motzagoetarako egokitu dugu. Beste urtetan denboraldi erdi edo bukaeran izaten zen Munduko Txapelketa, eta oso zaila zen garai horretarako distantzia luzeena prestatzea.
Espainiako ekipoak taldekako bi frogak ere irabazi ditu (neskena eta mutilena), eta denek dudan jarri dute gure garaipena. Ea "formula magikorik" erabili al dugun ere galdetu digute. Gaizki egiten dugunean gaizki gabiltzalako entzun behar izaten ditugu, eta ez zen besterik falta, irabazi dugunean garrantzia kentzea!
Motibazioak asko eragiten duela garbi daukat. Aurten posible zenaz konbentzitu dut neure burua.

Nolakoa da Euskal Herriko maila?
Espainiako Estatu mailan onenetakoa da, Katalunia eta Galiziarekin batera. Garai batean Espainiako selekzio osoa euskaldunok osatzen genuen, madrildar bat salbu!
Gainera, hemengo erdi maila oso altua da. Jendea hasi eta konturatzerako harrapatu egiten du kirol honek, asko entrenatzen dute eta sekulako maila hartu. Txirrindularitzak duen zaletasunari esker triatloia txertatu egin da, Euskal Herritik kanpo asko aldatzen da egoera. Han inor ez da egoten lasterketa ikusten. Hemen beste kirol kultura bat dago.

Emakume eta gizonen egoera berdina da triatloian?
Esan liteke baietz. Emakume eta gizonezkoak berdin tratatzen gaituzte babesleek, diru bera irabazten dugu. Emakume gutxiago dabil triatloian, eta logikoki, babesleak dituzten emakumeak ere gutxiago dira. Lasterketetan ere denok egiten dugu froga eta distantzia bera. Eta triatloiko aldizkari berezituetan ere emakumeek lehen orria hartzen dute, gizonek bezala.

Nola dago triatloian munduko panorama?
Amerikako Estatu Batuetan du tradiziorik gehien triatloiak. Orain, mailaz, Australia dabil puntaren puntan, oso igerilari onak baitira. Eta gu ere ez gara atzean geratzen, zer arraio!
Frantzian beste kultura bat dute kirol honekiko. Hamaika froga jokatzen dira, eta han triatloilariak ezagunak dira.

Zer ondorio ekartzen dizkio osasunari, epe luzera, triatloiak?
Ez dakit, oraindik ez dugu ezagutzen triatloilari jubilaturik! Hemen oso kirol berria da eta. Baina nire iritziz, eliteko kirol denak dira kaltegarriak osasunarentzat. Bai fisikoki eta mentalki.

Zein dira zure helburuak?
Atenaseko Olinpiar Jokoetan sartzeko puntu bila hastea, eroa bezala. Baina ez nago obsesionatuta. Hainbeste lehiaketa eta froga ezberdin daudenez, batean ezin bada bestean saiatuko naiz.
Asko ikasi nuen aurreko Olinpiar Jokoei uko egin nienean. Benetan nortzuk dauzkadan ondoan ikusi nuen, dena ondo doanean oportunista asko dagoelako. Barrura begiratu eta zer egin nahi nuen pentsatu nuen. Oraindik ere izaten ditut gorabeherak, gehiegi pentsatzen duen pertsona naiz. Baina beheraldi horiek gero eta gutxiago izaten dira, eta gutxiago irauten dute. Ikasi dudanaren seinale. Lehen duda batekin mundua erortzen zitzaidan, orain aurrera ateratzen naiz.

Asko bidaiatuko duzu triatloiaren aitzakian.
Kontinente denetan egon naiz. Europan ez dakit herrialderik ba ote dagoen zanpatu ez dudanik. Baina aisi hutsez bidaiatzeko gogoa dut. Izan ere, lehiaketetan ez dugu askorik ikusteko aukerarik izaten. Hala ere, edozein lekura joanda mundu osoko jendea ezagutzen dugu, kultura nahasketa aberatsa da

Olinpiar Jokoei uko
Olinpiar Jokoei uko. 2000ko Jokoetan parte hartzeko aukera neukan. Baina uko egin nion, psikikoki ez nengoelako ondo. Lau urte paseak nituen horretarako entrenatzen, eta kokoteraino bukatu nuen. Uztea ere pentsatu nuen. Jokoetara joateko ardura eta arrazoi zerrenda bat neukan, baina «zerrenda horretan non nago ni?», pentsatu nuen. Besterentzako lehiatzen nuen, gaztetatik sari asko irabazi nituenez beti irabaztera derrigortuta sentitzen nintzen… Gehiegi estutu nuen neure burua. Ez neukan gogorik, eta ez zeukan zentzurik Jokoetara joateak. Ez zait sekula damutu erabaki hori. Garrantzitsuena ni ondo egotea da.

Triatloia gero eta herrikoiago
Euskal Herrian gero eta jende gehiagok parte hartzen du triatloian. Igeriketa mundutik datoz asko, eta erdi-maila bera ere nahiko altua da.
Zaletasuna ere beste lekutan baino beroagoa da Euskal Herrian. Zarauzko kaleetan jasotzen dituzten txalo eta orroek ez dutela parekorik diote triatloilariek.

Curriculuma
- jaio: Bilbon, 1975ean.
- triatloilaria
Ibilbidea
- 1991. urtean hasi zen triatloian.
- Egun, Mijaseko Trialandalus taldean dabil.
Palamaresa
- 2003ko Munduko txapeldun, distantzia luzean.
- 1997 eta 2002 urteetan Munduko Txapelketan brontzea distantzia luzean.
- 1997an Europako Txapelketan bigarren.
- Euskadiko txapeldun, 10 aldiz.
- Espainiako txapeldun 1994, 1996 eta 2001 urteetan.
- Espainiako distantzia luzeko txapeldun 1995 ta 1996an.
- Espainiako esprint distantziako txapeldun 1997an.

Bertsoa

Erronka zeure buruaz bada
ez hainbeste nor gailendu,
irautea da garrantzitsua
bidean nola mantendu.
Lan ezberdinak egiten dira
gihar ezberdinak landu,
baina denetan saiatu behar
ezin da bakar bat kendu.
Agian zuen proba bakoitzak
bizitza bat ematen du?
Aitor Mendiluze


Azkenak
Urriaren 7ko gertakariak ikertzeari uko egin dio Israelgo parlamentuak

Oposizioko taldeek proposatutako ikerketa batzorde ofiziala ez da aurrera atera, boz gutxiren aldearekin. Arrazoi ugari daude gobernuko kideek gertaerak ikertu nahi ez izateko.


Xabier Atristain presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Hamahiru urte pasa ditu preso Atristainek, iragan abendutik hirugarren graduan zegoen eta martxoaz geroztik zigorra etxean betetzen ari zen kontrol telematikoarekin.


Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia

Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria:... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Gasteiz Antzokia irekiko dute ostegunean Izaskun Arrue Kulturgune izenarekin

Ostegunean, 18:15ean irekiko dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoa. Ekainean udalarekin 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik Lazarraga Kultur Elkarteak lehenbailehen ireki nahi izan du kultur-gunea. Irekiera ekitaldiaren... [+]


Eibar.org-eko blog komunitateak 20 urte bete ditu

20 urte bete ditu gaur-edo gure blog-komunitateak, Eibar.org webguneko blogak. Interneteko euskal munduaren historia txikiaren parte bat. 1998an Eibartarrak posta-zerrenda sortu zen. 1998-2000 tartean, halaber, webgune probisional estatiko gisa ibili zen martxan Eibar.org-en... [+]


Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea

Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren... [+]


Mondragonen gidaritza hartu du Pello Rodriguezek, taldearen lehiakortasuna ardatz duela

Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide... [+]


Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan

Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.


Mateo Balbuena borrokalari komunista hil da, 110 urterekin

1934ko Asturiasko Iraultzan, Eusko Gudarostean eta militar faxisten kontrako gerran aritu zen Lezaman bizi zen komunista amorratu eta aktiboa.


Eraso sexistei begira Baionako Herriko Etxeak duen jarrera salatu dute feministek

Baionako festetan errepikaturiko eraso sexistei dagokienez Herriko Etxeak politika eta erantzun eskasak bideratu izana salatu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. Herriko kontseiluaren batzarrera sartzen saiatu dira 30 bat lagun, baina ateak hetsirik kausitu dituzte.


Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina Donostiako Aste Nagusi Piratan

'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra. 


Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]


Eguneraketa berriak daude