Mila herritar hil dira Argentinako Santa Fe-n

  • XXI. mendeko katastrofeen eredu izan daitekeena gertatu berri da Argentinako Santa Fe-ko uholdeekin: deforestazioa, nekazaritza burugabe baten ondorioak, Lurraren berotzea, agintari ustelek oker planifikatutako obrak... eta ehunka herritarren heriotzari buruzko informazioa bahitzea.

2021eko uztailaren 16an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Argentinako medikuadiskide batek Santa Fen apiril honen azken egunetan gertatua aipatu zidan bere e-mailean. "Arratsaldeko seietan arazorik ez zegoela esan zuen Gobernuak, eta goizaldean jendea bere etxe barruetan ito zen. 24 hildako aipatu dituzte agintariek, baina Onura Gabeko Erakundeek mila aipatzen dituzte. Gertatua ezkutatzearren, uholdeak harrapatutako eskualdea militarizatu egin zuten eta polizia eta soldaduek mugitzen zen edozeri egiten zioten tiro. Gorpuak atera eta ezkutatzen ari dira...".
Hemen 24 heriotzen albiste laburrarekin geratu ginen. Nazioarteko aktualitatea segitzen zuten kazetariek ere ahaztua zuten gaia. Baina gure lagun hori ez zegoen paranoiak jota: sekulakoa izan da Santa Fen gertatu berri den hondamendia.
Euskaldun batek -Juan de Garaik- XVI. Mendean fundatutako
Santa Fe hiria Argentinako iparraldean dago, 400.000 biztanle ditu eta bere inguruan bildutako konurbazioan denetara milioi lagun inguru bizi dira. Oihan tropikaletatik datorren Parana ibaiaren arroan dago, horren eta bere adarra den Salado ibaiaren tarteko ordoki zabaletan eraikita. Lehen ere uholdeak ezagutu ditu hiriak, historian erregistraturik geratu den 1905ekoa adibidez, eta beti hango udazkenean jazo dira. Baina hauek asko ugaldu dira azken urteetan: 1983, 1992 eta 1998koak gogorrak izan ziren.

Hala ere, bereziki larria da apirilaren 29an eta ondorengo egunetan gertatutakoa. Argentinar Lurraren Lagunek erakundeko koordinatzailea den eta Nazio Batuek berrikitan saritutako Jorge Cappatok honela definitu du: "Argentinak bere historian nozitu duen ingurumen hondamendirik handiena izan da, baina era berean saihestu zitekeen katastroferik okerrena ere bai".
Uraren Institutu Nazionala erakundeko jakitunak urtarriletik ari ziren abisatzen Atlantikoko urak inguru horretan ohi baino askoz beroago zeudela, eta Santa Feko iparraldeko zenbait kazetarik alarma deia egin zuen, pilatzen ari zen ur kopurua zela medio. Baina agintariek ez zuten jaramonik egin. Eta horrela iritsi zen apirilaren 28a.
Astelehen horretan Salado ibaia ohi baino kasik 6 metro haziago zetorren, eta hala ere agintariek ezikusiarena egin zuten, 100.000 lagun urak erraz harrapatuko zituen auzoetan bizi direla jakin arren. Gauean urek gainezka egin zuten, baina 29 goizean oraindik alkateak zera zioen: "Ez dut uste ebakuazio handi baten ordua denik". Berak salbu zeudela esandako auzoetan ura sartzen ari zen eta arratsalderako ordu bakoitzeko ehun metro zabalagoa zen ibaia.
Asteazkenean hiriaren zati handi bat urpean zegoen, eta eguerdian kasko historikoa estali zuen, sekula ikusi gabekoa. Arratsaldean hiri inguruko zenbait autobide lehergailuz zulatu behar izan zituzten: urek bere bidean behera egiteko oztopo nagusiak zirela demostratuta zegoen berriro ere.
Gau eta egun luze guztietan horietan, herritarrek beren kabuz moldatu behar izan zuten. Askok, teilatu edo terrazetara igo eta ibaiak ez estaltzeko otoitz egitea beste erremediorik ez zuten. Txalupa bakarrak, herritarrenak ziren, eta horiek hondoratuta ito ziren asko eta asko. Armadak oso berandu erreakzionatu zuen eta katastrofe horri erantzuteko ezarri zituen medioen zerrenda negar egiteko modukoa da.
Komunikabideek ondoko egunetan 24 hildako eta ehunka desagertu aipatu zituzten. Euskal Herrian askok pentsatu genuen 1983an hemen gertatutakoaren antzekoa izan ote zitekeen. Baina "ehunka desagertu" horietan dago diferentzia. Tragediaren ondoko egunetan -mundutarrok ordurako beste lekuetan "pil-pilean" dauden gertakizunei begira geunden- auzo elkarte eta bestelako mugimenduetako jendea ehunka lekukotasun lazgarri biltzen hasi zen.
Horietatik jakin dezakegu Santa Fe eskualdean -egitura ekonomiko osoa hondatuta geratzeaz gain- aitortutako 24 horiek baino askoz gehiago izan direla laguntza faltaz eta planifikazioaren ondorioz hildakoak. Ehunka heriotz izan dela segurua da, eta zenbait erakundek kopurua milaraino igotzen du.
Salaketa horietan ageri dira agintariek heriotzak ezkutatzeko erabilitako trikimailuak: identifikatu gabeko gorpuak ezkutuan erre, lekurik kaltetuenak militarizatu eta hango informazioa bahitu, identifikatu bai baina uholdeek eragindakoen zerrendan ez sartu... Eta kexu direnak zanpatu. Horrela, gertatzen ari zena salatu zuten lau suhiltzaile lanetik bota zituzten "laguntza materiala ostu" zuten aitzakiarekin.
Agintarien ustelkeriak hondamendiraino eraman duen Argentina honetan, Santa Feko burokrata eta politikariek bazuten, izan ere, zer ezkutatu.
Herritarrek gogoan dute 1983an urek eraman zutela Zubi Eskegia-Santa Feren ikur bihurtua zena- zergatik eta uholdean ibaiak dakarren indarra kontuan eduki gabe eraiki zutelako.
Agintariek ez zuten horrekin ere ikasi, eta geroztik eraiki diren autopistak eta abar berriro bihurtu dira herritar gaixoentzako tranpa errukigabe. Kalteak areagotzeko, aspaldi ibaiaren indarra kontrolatzeko planifikatu eta aurrekontua ere bazuten obrak egin gabe zeuden. Ikusi den bezala, gero eta ugariagoak diren uholdeetatik babesteko egindako plangintzak ere ahulegiak ziren, eta horiek aurreikusitako materiale eta neurriak ere ez zeuden prest.
Hondamendien loterian sari berezia irabazteko txartel asko zeuzkan Santa Fe eskualdeak. Planeta gero eta beroago eta orain arte Parana arroa erregulatzen zuten Brasil, Bolivia eta Paraguayko oihanak egunetik egunera birrinduago... ondorioz, gero eta ur gehiago eta abiadura handiagoz ibaietan behera, non eta monolaboreek hondatu dituzten Argentinako lautada handietan. Urak bere aurrean oker diseinatutako autopista eta bestelako oztopoak aurkitzeko.
«Tranpa egin diezaiokegu moralari -idatzi du Jorge Cappatok maiatzaren 3an- politikan gezurra erabili ere bai. Baina bromarik ez dute onartzen ez klimaren aldaketak, ez txirotasuren ugalketak, eta ez uraren eta uholdeen erabilerak".
Broma gutxi ikusi da Santa Fen beren senideak eta zituzten ondasun apurrak galdu dituztenen lekukotasunetan. Baina kazikismoaren errezeta zaharra erabiliz beti agintean jarraitzen duten buruzagiek berriro ere arriskurik handiena -informazioa- kontrolatzea lortu dutela dirudi. Beraz, adi hurrengo tragediari.
Jorge Cappatok maisutasunez definitu du ikusitakoa: "Santa Fekoa bezalako hondamendiek formula bati erantzuten diote. Errezetak ez du huts egiten: agintariek okerretatik ez dute ikasten, informazio zientifikoak axolarik ez die eta hori interpretatzeko gai ez dira, eta funtzio publikoa harrokeria eta utzikeriaz erabiltzen dute. Kasu honetan osagai gehiago ere izan da: abisuei kasurik ez zieten egin, erreakzionatzen izugarri mantsoak izan dira eta botoemaile pobreak abandonatu egin dituzte, hogei urtez haiei agintea eman dieten botoemaile txiro horiek".


Azkenak
2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


Eguneraketa berriak daude