Adrenalina zintzilik


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Nork bere burua gainditzeko, sentsazio berriak probatzeko, adrenalina askatzeko edota besterik gabe esperientzia berri bat bizitzeko xedez praktikatu ohi ditu jendeak abentura kirolak. Eskari gehien duten kirolen artean aurkitzen da saltoa. Kirol honen barruan, ordea, badira zenbait modalitate, besteak beste, zubi saltoa, goma saltoa, tirolina, gloe, tirolina, goma tiroa, rappela, parabola saltoa, goma pendulua eta supersaltoa.
Saltoen munduan zubi saltoa da ezagunena eta antzinakoena. Espainiarrek, ingelesarekin jokatuz, jarduera honi puenting izena eman badiote ere, euskaraz, zubi saltoa edo zubi jauzia hitzak erabiltzen dira. Gorputza sokekin lotu eta zubi batetik salto egiteko jarduera Helmut Kiene izeneko eskalatzaileak egin zuen lehen aldiz 1970ean, Annecyn (Suitza). Cailles ibaiaren gaineko zubi batean soka lotu eta beste aldetik salto egin zuen. Zubitik botatzeko beste modalitate batzuen artean dugu zubi2 saltoa (izen horrekin bataiatu dute). Zubi salto arruntaren berdina da, baina pendulu berean geratu beharrean handiagoa den bigarren bat egiten da, hots, lehenengo zubi salto bat egiten da eta jarraian neurri bikoitzeko zubi saltoa egiten da. Guztia salto bakarrean.
Zubi saltoa zubirik gabe egiten denean, bestelako egitura erabiliz, supersaltoa egiten da. Salto honetan, sokak erabiliz, pendulua egiten da, alegia, zubiaren funtzio bikoitza bi garabik betetzen dute. Sokak erabiliz praktikatzen dira baita ere tirolina, parabola saltoa eta rappela. Tirolinari dagokionez, sokaz eginiko tobogana sortuz eginiko jaitsiera gisa definituko genuke. Parabola saltoa tirolinaren familiakoa da. Bi soketatik zintzilik egiten da jauzi, parabola bat sortuz. Abiadura itzela lortzen denez, galgatze sistema berezia erabiltzen da. Galgatze sistema honen gakoa bi goma erabiltzean datza. Eta azkenik, rappela, orain arteko modalitateetan ez bezala, sokekin gorantz joatea da.
Sokak erabiltzeaz gain, gomak ere erabiltzen dira saltoa praktikatzeko. Gomak lortzen dutena, gizakia yoyo baten moduan mugitzea da. Goma saltoa, esaterako, zubitik ala garabitik, eskaladako soka baino lodiagoa den gomaz egiten den salto mota da. Bada goma saltoaren antzekoa den beste modalitate bat ere: Goma tiroa. Modalitate honetarako bi goma erabiltzen dira. Bestalde, goma saltoa zubi saltoa bezala zubiaren kontrako aldetik egiten denean, goma pendulua deritzo. Pendulu moduko goma saltoa, edo material elastikoa erabiliz egindako zubi saltoa bezala defini daiteke. Ezagunagoa da ordea herriko jaietan ikusi ohi den gloe edo gomaz lagundutako ohe elastikoa. Praktika honetan, gizakia alde banatan instalaturiko arnesetara lotzen da gomekin. Honela, oheek gorantz egiten laguntzen duten bitartean, gomek jaitsiera arintzen dute.
Modalitate hauek Euskal Herri mailan duten praktika aztertzeko xedez, Euskal Abentura Elkarteko Gerarta Arotzenarekin hitz egin dugu. Bere ustez, "Euskal Herrian saltoen munduan punta-puntan gaude". 1991n egin zuen lehen aldiz zubi saltoa Gerartak eta 1995ean hasi zen monitore gisa. "Nahiz eta monitore izan, aitortzen dut salto egiten dudan aldiro beldurra sentitzen dudala. Hain zuzen ere horrexek sentiarazten dit plazerra". Zortzi urte hauetan zehar aurrez aipatutako saltoetatik hiru patentatu ditu elkarteak: zubi2 saltoa, supersaltoa eta parabola saltoaren galgatze sistema.
Gerartak jakinarazi digunez, batik bat jende gazteak praktikatu ohi du kirol mota hau. "Hor badira gazteak gauza gogorragoak egitera bultzatu edota bere mugak gainditzera eramaten dituzten arrazoi hormonalak eta psikologikoak. Dena den, izan dugu 65 urteko jendea ere. Bederatzi urteko haurrek ere praktikatu izan dute saltoa". Eta gehienak mutilak dira. "Kirol hau praktikatzen duen pertsonaren profila festazalearena da, ez du zertan kirolzalea izan behar. Parrandazale amorratuak dira gehienak!".
Saltoan aditu den Gerarta Arotzenak saltoa praktikatzera doazen gehienak euren kabuz eta irmo doazela baieztatu digu. Hala ere badira salbuespenak, esaterako, bada ezkontza agurra dela-eta zer egitera doazen ez dakitenak. Halaber, bada salto egiteko asmorik gabe joan eta ondoren animatzen denik ere. Aitzitik, ohikoa izan ez arren, badira salto egiteko helburuarekin joan eta mementoa iristean ausartu ez denik. "8.500etik 62k soilik egin digute huts. Orokorrean esperientzia bikaina bizitzeaz jendea euforiko eta biziki kontent agertu arren, ez du errepikatzen".
Euskal Abentura Elkarteak gehienetan Azkoitian egiten du saltoa. Hala ere, Euskal Herriko eta Espainiako beste zenbait zubitan ere praktikatu izan du. Supersaltoa, goma saltoa, goma tiroa, tirolina edo parabola saltoa praktikatzeko garabia behar denez, edozein leku librean praktika daitezke. Kirol guztietan bezala, hemen ere badira joerak, hots, zubitik eginiko saltoak udaberrian eta udazkenean praktikatu ohi dira gehien, eta garabitik eginiko saltoak, aldiz, udan.
Beldurra sentitzearen plazerra
Beldurra da kirol hau praktikatzeko oztopo nagusia, eta aldi berean, funtsezko sentimendua. Saltoan aditu den Gerarta Arotzenak bere eskarmentuan oinarriturik, honakoa deritzo: "Gizakioi gure mugak gainditzeak plazerra ematen digu. Egoera horietan beldurra sentitzen dugu eta senazko beldur horri aurre egiteak zirrara sortzen digu. Dagoeneko 8.500 saltotik gora egin ditugu eta denak onik irten dira. Guztira lau pertsona damutu zaizkigu salto egiteaz. Gainerakoak euforiko eta pozik geratu dira".
Beharbada beldurrak eta estuasunak eraginda, bitxikeri ugari ere gertatu ohi da saltoa egiteko mementoa iristean. "Behin japoniar bat etorri eta salto guztiak egin nahi izan zituen. Gertatu izan zaigu baita ere, pentsatuz zubi saltoa egitera doana zubi2 saltoa egin eta itzelezko sustoa hartzen duenik. Lehen erorikoa egiten duenean eta guztia amaitu dela iruditzen zaionean, bigarren erorikoa egiten du eta soka askatu dela uste du".


Segurtasuna funtsezkoa

Kirol honetan arriskuak ere garrantzi handia dauka. Saltoen gaiaren inguruan ez dago legedirik eta enpresak ez daude lanabesak aldatzera behartuta. Hori dela-eta, segurtasuna bermatzeko, sokak eta gomak maiztasunez aldatzea aholkatu ohi da. Euskal Abentura Elkarteak esaterako, Zeelanda Berriko legedia aplikatzen du. Legedi honen arabera, sokak urtero aldatu behar dira, eta gomak aldiz, 150 salto inguru egindakoan. Gomen inguruko segurtasunean ere badu patentea elkarteak. Hala nola, segurtasuna bikoizteko, gomari segurtasun zorroa gehitzen dio elkarteak. Honela, gomak apurtuko balira salto egin duena zintzilik geratu eta ez litzateke konturatu ere egingo. Gerartaren hitzetan, "minutu bat zigarro bat erretzen egotea arriskutsuagoa da gurekin zubitik botatzea baino. Profesionalekin lan egitea da funtsezkoa. Zortzi urtetan sekula ez dugu aseguru etxean parte eman. Segurtasun maila oso handia da".
Salto bakoitza egiteko erabilitako materiala ezberdina denez, prezioa ere ezberdina da. Esaterako, hamar metroko zubi saltoa praktikatzeak hiru euro balio ditu, hogeita hamar metroko zubi saltoak sei euro, zubi2 saltoak hamabost euro, parabola saltoak bederatzi euro, goma salto txikiak hamabi euro eta goma salto handiak hemezortzi euro. "Noiz edo noiz doan ere eskaini izan dugu baina beti gomendatzen dugu zerbait ordaintzea, saltoa baloratzeko eta ekintza horretan gogo gehiago jartzeko" dio Gerartak.

Laburrean
l Gloe
Gomaz lagundutako ohe elastikoa.
- Tirolina
Sokatik zintzilikako
tobogana.
- Zubi saltoa
Sokez lotuta zubitik
botatzea.
- Goma saltoa
Gomaz aireratzea.
- Goma tiroa
Gomabizko aireratzea.
- Rappel
Norberak kontrolatuta sokatatik jaistea.
- Parabola saltoa
Abiadura handiko tirolina erraldoia.
- Zubi2 saltoa
Pendulu bikoitz
mailakatua.
- Goma pendulua
Gomasalto pendularra.
- Super saltoa
Pendulu itzela.


Azkenak
5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan

Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


2025-03-03 | Ahotsa.info
Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskaldunen bersignifikazioaren aurka

Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


Eguneraketa berriak daude