Manchesterren jaio zen John Zabalo Ballarin 1892an, bizkarra kaltetu zion gaixotasun batekin jaio ere. Txiki geratu zen horregatik «Txiki». Itxuragatik ezizen egokia zena, bere lanari esker are egokiagoa bihurtu zen, Joxean Muñoz erakusketaren komisarioak dioen moduan: «Arte industriala da ‘Txiki’ren jarduna, arte "txikia", Pinturaren, Arkitekturaren, hau da, maiuskulaz idatzitako Artearen ahaide pobrea. Euskarazko produkzio urriaren alde egin zuen, gainera, ‘Txiki’k, txikienaren alde alegia. Txikitasunari egokitu behar izan zitzaion gizonaren historia izan daiteke Juan Zabalo Ballarin-ena: txikitasunak handi egin zuen gizonarena».
Kasualitatez jaio zen «Txiki» Ingalaterran, Zabalo familia hara joana baitzen, itsas merkataritzako konpainia baten buru zen aitaren lanak hala eskatuta. Gainerako anai arrebak Donostian jaio ziren. Eta kasualitate haren ondorioz, Gerra Zibilean erbesteratu zenean, Ingalaterrak eman zion aterpe bertan jaioa zelako. Bere familiakoak, aldiz, Ameriketara joan ziren. 1948an, urte luzez Juan edo Jon izana, John izenez hil zen Londresen.
«Xabiertxo»ren beste aita
20ko hamarkadakoak dira lehen ikastolak. Eta hamarkada horretan haurrak eskolaratzeko liburuak sortzeari ekin zion Ixaka Lopez Mendizabalek. Beste haur batzuekin batera, bere seme Xabierrek Ixakak berak idatzitako «Xabiertxo» ikasliburua erabili zuen. Eta aitaren testu en lagungarri, Jon Zabaloren ilustrazioez gozatu zuen. «Xabiertxo»ren lehen edizioa, azal gorrikoa, 1925ean eman zen argitara. Bigarrena, ikusgarriagoa, azal berdeduna, eta gerora 60 eta 70eko hamarkadatan askok erabili genuen hura, 1932an. Joxean Muñozen esanetan, tarte hori da «Txiki»ren garairik oparoena. Eta tarte horretan, haurrentzako liburu gehiago ere ilustratu zituen: «Martin Txilibitu», «Umearen Laguna», «Txomin Ikasle» eta «Sabin euskalduna». Muñozen hitzetan, «euskarari eta euskarak bideratzen zuen mundu ideologikoari irudi oso bat, gorputz eta soin, eman zien ‘Txiki’ Zabalok. Berak ekarri zuen euskara haurren begietara». Kolore bizi eta lauak, marra nabarmenak, irudi sinple eta trinkoak... Zabaloren estiloaren erakusle argienak dira haurrentzako ilustrazioak. «1925etik aurrera estilo naïf, umekoi horretan ematen ditu emaitzarik zoragarrienak; haurrentzako lanetan bete-betean asmatu zuen».
Beste hainbat literatur lan ere edertu zituen, Pierre Lhanderen «Yolanda» nobelatik hasita (1921). Art Nouveau kutsuko lehen lan horren ondoren, 1924ko «Sorgin-Lapurra»n dagoeneko sinplifikaziorako joera nabari zaio eta 1927ko «Pernando Amezketarra»ri hain bereak dituen kolore lau eta marra nabarmenak emango dizkio. Bi urte beranduago Maruriren «Txomin Arlote»n hiru koloreri izugarrizko zukua atera zien. 30eko hamarkadan ere hainbat liburu ilustratu zuen: Lizardiren «Umezurtz Olerkiak», Txomin Agirreren «Garoa»... Estilo klasikoagoa, akademikoagoa erabiltzen du horietan, neurri handi batean, edukiek hala eskatuta.
Kazetari grafikoa
Errotatibetan argazkiak apenas erreproduzitzen ziren garaietan, marrazkia zen irtenbide. Donostiako «El Pueblo Vasco» egunkarian hasi zen «Txiki», 1921ean, karikaturak egiten. Gerora «El Día»n ere jardungo zuen lan horretan. Ixaka Lopez de Mendizabal bera, Paulino Uzkudun, Montes Iturrioz, Antonio Labaien edo Jose Antonio Agirre irudikatu zituen, besteak beste, zirriborro azkar eta trinkoen bidez, pertsonaiei barre egin gabe, haien erretratu soil eta laburrak osatuz.
Prentsarako txisteak ere egin zituen, bai aipatu egunkarietan, bai Donostian egiten zen «Argia» aldizkarian eta honen egutegian. Joxean Muñozek hala dio: «Argiako orrietan landu zuen iruditerian, urte haietan euskaraz egiten zuen edo egin zezakeen jendearen erretratu soziala eskaintzen digu.»
Umore «garbia» zen Zabalorena (31tik aurrera giroarekin batera ozpintzen joango den umorea). Bere txisteetan marrazkia ez da narrazio, hots, testua eta marrazkia, biak, autonomoak dira. Haurrentzako ilustrazioetan bezala, irudien trinkotasuna nabarmentzen da prentsarako lanetan, «Empresa Txiki»ren marka. «Egun Olariagak bezala, orduan Zabalok kronistatzat, kazetaritzat jotzen zuen bere burua, ez artistatzat. Artistak ez bezala, marrazkilariak erantzun profesional bat eman behar dio enkargu komunikatibo bati, egun batetik bestera».
«Txiki»ren kaleko hizkuntza
Juan Zabaloren lana ezagutzeko ez zen nahitaezkoa liburu edo egunkarietara jotzea. Kalean bertan ere topa zitekeen haren sinadura. Kartelgintza kalea hartuz joan zen garaietan «Txiki»k ere bere estiloa ipini zuen denen bistan. Bere lehen kartelak Artista Berrien Erakusketa iragartzeko egin zituen. 1922tik aurrera, urtez urte, afitxa horiek gero eta umetasun handiagoa izango dute. Beste alorretan hain berea duen estiloari esker kartel zuzen eta indartsuak egitea lortzen du, ikusterraz eta ulerterrazak. Bere kartelik ezagunenak 1933an egin zituen, Alderdi Jeltzaleak Estatutuaren aldeko kanpainarako irudia eskatu zionean.
Bere garaiko gizona
Juan Zabalo «Txiki» ez zen bakarrik, isolaturik, aritu bere jardunean. Belaunaldi baten parte da bera, ez bakarrik arte grafikoetan, eta ez Bakarrik Euskal Herrian. Afitxei dagokienez, esaterako, 20ko harmarkada horretan kartelgintzak pinturarekiko autonomia lortuko du eta indar handiz hedatuko da. Fauvismoaren koloreetatik, kubismoaren sinplifikaziotik, suprematismoaren konposizio autonomiatik.... abangoardietatik edango du kartelgintza berriak. Eredu makinista, geometrikoak nagusituko dira kasu askotan. «Txiki»ren kasuan aldiz, Art Deco-aren eragina nabariagioa izango da.
Abangoardiei zukua ateratzeaz gain, gari hartako arte grafiko berriak tradizioaren iturriak ere bilatuko ditu, beste alor askotan gertatu bezala. Eta Euskal Herrian, noski, euskal tradizioari begira hasi ziren. Aranzadi, Barandiaran, Azkue edo Aita Donostiaren garaia da, biltzaileen garaia. Arkeologian, antropologian, herri ipuinetan, musikan... tradizio bat badagoela erakusten dute. «Artean akademizismotik ihes egin nahian, iturri freskoetara jotzen da, herrira» dio Muñozek. Baina Euskal Herrian ez dago tradizio bisual sendorik. «Txiki» eta bere belaunaldiko grafistek ezin diote ez dagoenari eutsi eta modan dauden elementu grafiko berriak hartu eta tradizionala izan zitekeen zerbait sortu zuten.
«Txiki»k, Pablo anaia arkitektoarekin batera, «Grafia y ornamentación popular vasca» lana eman zuen argitara erbestean, 1947an. «Txiki»ren belaunaldia izan zen euskal grafia finkatu zuena, egun hain betikoa iruditzen zaigun letra multzoa. «Zabaloren lana ikusi eta ‘betikoa’ ematen du, baina betikotasun hori berak asmatua da, nolabait».
Txikia izan arren, itzal luzea da «Txiki»rena. 60 eta 70etako belaunaldiaren zati bat «Xabiertxo»rekin trebatu zen. Jon Zabaletaren ilustrazioetan «Txiki»ren eragina oso nabarmena da. Asun Balzolaren lanetan ere nabari da bere kutsua. Orain, erakusketa, liburua eta aurki etorriko den museo birtualari esker 1973an argitaratu zen «Txiki, marrazkilari eta umoredun» liburuari jarraipena eman zaio. Eta horri esker prozesu bat ireki da gainera. Erakusketa zabaldu ondoren ere, datu berriak iristen ari dira. Muñozek azpimarratzen duenez, «garai hartako gauzak gordeta dituenak atera egin behar ditu. Materiala bilduz joan behar dugu, memoria hori guztia berreskuratzeko». Eta ez da «Txiki»z ari soilik, euskal arte grafikoetan funtsezkoa izan zen belaunaldi oso batez ari da: Gezala, Antequera-Azpiri, Lagarde, Martinez Ortiz, Elosegi, Lasheras, Landi, Cabanas...