Espainiako Estatuko demokraziaren hasieran dauka sorburua Alardearen inguruan bizi den gatazkak, «Betiko»en ustez. Sektore batzuk Alardea jai espainola bezala agertzen saiatu omen ziren:«Jaia hausten saiatzen ziren beren errebindikazioak plazaratzeko. Hondarribian eta Irunen ez zuten lortu, ordea». Sektore hauek Alardea militarista zela argudiatzen omen zuten. Halaber, geroago, kantinerak kendu nahi izan zituzten matxista zelakoan. «Betiko»ek sektore hauek ezker abertzalearen inguruan kokatzen dituzte, baina, diotenez, ezin izan zuten Alardea lehertu: «Beranduago, 90eko hamarkadaren erdialdean, emakumearen eskubidearen errebindikazioa etorri zen, esparru politikoak berak bultzatua, kanpoko jendearen laguntzaz, gainera», zehaztu dute hiru kide hauek.
70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hasieran aztertu zen lehen aldiz San Martzialeko Alardearen ordenantza Irungo Udalean. Alardearen antolaketari buruzko araua agertzen da bertan, baina soldaduak aipatzen ziren. Soldadu hitzaren ordez pertsona -hitz neutroa- jartzea eskatu zuen herriko talde batek emakumeek Alardean leku izan zezaten. Udalak odenantza ez zuela aldatuko esan zuen, ordea. Bidasoaldeko Emakumeak taldeko Maria Luisa Agirretxe irundarrak honela ikusten du erabaki hori: «Ordenantza aldatuz gero berdintasunaren printzipioa gailentzeko beldur zen Udala. Guk behe-mailako arau baten irakurketak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin behar duela diogu».
Alarde mistoaren ideiaren sorrera
Bidasoaldeko Emakumeak taldea martxoaren 8ko ekitaldiaren karietara sortu zen. Artean, Hondarribian, Emeki taldearen inguruan gauzatu zen Alarde mistoaren ideia. 1996an, Alardean parte hartzeari buruzko jardunaldiak burutu ziren Irunen. Ordura arte, gaia tabu zen. Alabaina, EAko Maribel Castello zinegotziak afera Irungo udalean planteatu zuen. Udaleko kargu gehienak zur eta lur geratu ziren, Alarde mistoaren aldekoentzat aldiz, berria oso atsegina eta ustekabekoa izan zen.
Maria Luisa Agirretxek -zuzenbide admnistritatiboko irakaslea EHUn- Bidasoaldeko Emakumeak taldearen auziak kudeatu ditu eta berdintasunezko Alardearen aldeko borroka luze darama. Irungo eta Hondarribiko Alardearen diferentzia azaldu digu: «Emakumeok urrats bera eman nahi izan genuen Hondarribian, baina bertan ez dago udal ordenantza bat, edo ez udalak onartua behintzat. Alardearen ordenatza badago baina ez formalizatua. Honek ezberdindu du hain zuzen ere, Irungo eta Hondarribiko Alardeen bilakabidea».
1996an, helegiteak edo errekurtsoak bideratu zituzten Euskadiko Auzitegi Gorenera eta 1997ko hasieran kautelazko neurriak jaso zituzten. Bidasoaldeko Emakumeen helegiteak honela zioen: «Udalek antolatzen dituzte Alardeak, beraz, Alardea publikoa da. Antolakunde publikoa den aldetik, administrazioak edo Udalak, kasu, berdintasunaren printzipioa errespetatu behar du. Printzipio hau bortxatua da gaur egun. Emakumeek ez baitute kantinera gisara partehartzeko aukera baizik. Eskubideak jende multzo zabal bati erantzun behar dio, eta ez emakumea postu batera mugatu soilik».
Sententzia diktatu zen bitartean, Auzitegi Gorenak kautelazko neurriak aplikatu zituen. Behin-behineko neurri honek emakumeek beren konpainia osatzeko baimena ekarri zuen. Baita halaxe egin ere. Alabaina, urte hartan, Alarde tradizionalekoek beste ibilbidea hartu zuten gauetik biharamunera. Alarde mistoen aldekoek diotenez, herriko jai egitarauan markatua zegoen ibilbidea aldatu zuten. Maribel Castellok azaldu digu gertakari hura: «Udalbatzak bozketa egin zuen, ni kultur zinegotzia nintzen. Biharamunean ez zuten bozketa errespetatu ordea. Hura estatu-kolpe bat izan zen. Oraindik ere gure aurka segitzen dutenek diseinatua». Konpainia mistoaren alde 15 boto eman ziren eta 11 aurka. Onartu zena ez zen emakumeak konpainia ezberdinetan sartu ahal izatea, emakumezko konpainia bat kanoien atzean ateratzea baizik: «Guk neurri batean amore eman genuen. Haiek, aldiz, ez zuten beren hitza bete», diosku Castellok.
«Betiko»ek, berriz, honela azaldu digute gertatutakoa:«Udalak konpainia misto bat betiko Alardearen atzetik joatea onartu zuen. Ados. Eta gu ez ginen haren kontra, baina Alardeko partaide gehienek beste kale batzuetatik joatea erabaki zuten. Herrian zegoen giroa ikusirik -jarraitzen dute Alarde tradizonalaren aldekoek- erabaki hura bideratu izan balitz, bi Alardeak elkarrekin plazan sartzean kolpeka bukatzeko aukera handia eta ikaragarria zegoen». Alardean parte hartzen duten 8.000 lagunak eta bere inguruan biltzen diren 25.000 herritarrak ez omen zeuden hura jasateko prest. Errealitatea horrrelakoa izanik ezin bide da egoera hori saihestu. Udalean onartua kalean bideraezina bihurtu omen zen.
Hondarribian, urte berean, Jaizkibel konpainia sortu zen Juana Mugarrietakoa taldearen eskutik. Auzitegiak ez zuen kautelazko neurririk diktatu han. EAJko Borja Jauregi alkateak udalak ez zuela Alardea antolatzen argudiatu zuen, talde pribatu batek baizik: «Alardea udalak antolatu du betidanik, zehatz-mehatz frogatu dugu hori. Alkatea Alardearen barnean egon da beti. Alabaina, Udaletxeak Aginte Batzordea edo Junta de Mando delakoaren araua onartu zuen eta helegitea atzera bota. Errekurritu genuen arren, alferrik izan da», esan digu Jaizkibeleko Ixabel Alkain kapitainak.
1998an, Alarde mistoaren aldeko sententzia
1998ko urtarrilean EAEko Auzitegi Gorenaren bi sententziek arrazoia eman zien emakumeei. Berdintasun eskubidea urratzen zelako bi kasuetan. Berean bertan behera uzten dira Udaletan harturiko ebazpenak: «Sententzien arabera emakumeei berdintasunezko eskubidea ukatzen zitzaien», dio Maria Luisa Agirretxek. Haatik, emakumeek legearen aldetik eskubidea erdietsi badute ere, oraindik bide luzea falta da eskubidea bete dadin.
Irungo Betiko Alardearen Aldeko elkartea eta Hondarribian Alarde Fundazioa sortu ziren urte hartan. «Betiko»ek Auzitegi Gorenean sententzia errekurritu zuten: «Sententziak alde edo aurka izan, guretzako herriaren sentimendua eta iritzia hor daude, Irungo eta Hondarribiko herrienak. Epaileen sententzia ez zitzaigun gustatu baina onartu dugu. Erabakia ez zela herriaren nahia esan genuen, eta Alarde hori ez zela herriarena. Horregatik, beste Alarde bat egiten dugu, guk antolatua eta ordaindua. Herriaren gehiengoak nahi izan duen formula bilatu dugu. Gu ez gara sartu beren Alardean. Haiek, ordea, gurean sartzeko tematzen dira oraindik ere», adierazi digute «Betiko»en eledunek. Hauen iritziz, Alardearen inguruan gatazka hasi zenean Udala Alardearen Batzordean zegoen, biak erakunde publikoak baitira, baina, funtsean, Alardea mandoek antolatzen dutela diote. Alardea -beren hitzetan- herriak egiten zuen lehen eta orain ere bai. Alarde ofiziala delakoa antolatzen hasi zirenean, mistokoek Alardearen aurrekontuaren halako hiru edo lau gastatu omen zutela diote «Betiko»ek. Bidasoako Emakumeak taldekoei eta Maribel Castello kultur zinegotzi ohiari partikularzki, akusazio hauek negargura sorrarazten omen diote: «Begira, batzuei, herriko jabeak sentitzen direnean, besteek egin dezaketena izugarria iruditzen zaie, oso molestagarria».