«Eseri arnesean, hankak paretari perpendikular jarri, eta joan soka pixkanaka askatzen...". Hasiberriak nola hala egiten du monitoreak esaten diona, arroka bustian irrist egiten du, une batez zalantza egiten du, baina azkenean urjauzian behera desagertzen da. Segundu batzuk eta gero beheko putzutik zirrara-oihu bat iristen da, eta jarraian "libre!" entzuten da, taldeko hurrengo kideak soka erabil dezakeela adieraziz. Guarako mendizerran gaude, Aragoiko aurre-pirinioan, arroilen jaitsieraren paradisu txikian. Herrixka abandonatuz betetako mendizerra hau hainbat ibai eta errekak zeharkatzen dute, arroila, sakan eta haitzarte oso eder eta ikusgarriak eratuz, paisajearen protagonista nagusiak direnak, arroilen jaitsieraren zaleen, eskalatzaileen edo espeleologoen gozamenerako. Harkaitzak eta urak, beren etengabeko jokoan, ikuskizun zeharo ederra eratu dute Guaran, erosioak sortutako mila formekin. Guara naturaren bitxi arraro bat da, non harkaitz, ur eta argiaren jokoak ez duen parekorik.
Jada 70eko hamarkadan, arroila batzuen barrualdeak esploratu ziren arren, 80koaren hasieran hasi ziren espeleologia, eskalada edo esploraziotik zetozen hainbat pertsona Guaran arroilak kirol moduan jaisten. Orduan ez zen horretarako material berezirik erabiltzen, edo erabiltzen zena ez zen egokia izaten: edozein kainoi bainujantzian jaitsi ohi zen eta arrunta izaten zen txalupa puzgarria eramatea. Hastapen haietan arroilen jaitsiera jarduera marginala zen, baina azken hogei urteotan zeharo zabaldu da eta masifikaziora ere iritsi da. Gaur, arroilen jaitsieran aritzen dira lehengo eskalatzaile, espeleologo, naturazaleak eta beste, baina uda garaian kainoi ezagun batzuetan, zalaparta eta iskanbilaren erdian, mota orotako jendea pilatu ohi da, egun berean kainoi beretik jaisten ehunka pertsona batera aurki daiteke. Azken urteotan arazo ekologikoak ere sortu ditu honek. Zalantzarik gabe, arroilen jaitsieraren alderdi ludikoak erakartzen du zaletu asko. Gainera, ia adin guztietarako eta gustu guztietarako egokia da, maila guztietako errekak daudelako, errazak eta zailagoak. Pirinioetan eta inguruetan 600 bat kainoi daude esploratuak gaur egun.
Kainoi bat jaisteko edozein irteera prestatu egin behar da aurretik. Arroila nolakoa den aztertu, beharrezko tresnak zein izango diren jakin, zein diren arroilaren arriskuak edo gune konplikatuak, eta azkenik errekaren ur-emaria eta eguraldia begiratu. Denbora luzez uretan egoteko neoprenozko jantzia eramaten da, harkaitzarekin urratuak ekidingo dizkigu eta gainera igeri egitea erraztu. Soka eta rappel-erako tresnak beharko dira aukeratutako arroilak hala eskatzen badu; gainera taldearen gauzak (janaria eta beste) urari ateratzen uzteko zuloak dituen motxila batean eramaten dira, ontzi estanko baten barruan.
Horretaz guztiaz arduratu nahi ez bada, edo eskarmenturik ez badugu, gidari batengana jo daiteke. Kainoietan esperientzia duen eta jaistera goazen arroila konkretua ezagutzen duen norbaitekin joan beharra dago, arriskuak mugatuz paisajeen edertasuna miresteko. Gidari batekin joatea arriskuak gutxitzeko aukera ona da, errekan gozatzeaz bakarrik arduratzeko...
Guara mendizerra eta bertako herrixkak uretako kirolen modarekin uda garaian berpizten dira. Bertako leku bisitatuenetako bi Alquezar eta Rodellar herriak dira. Asko dira Guarara arroilak jaistera joaten direnak, horietako asko frantsesak. Rodellar leku ezinhobean kokatua dago Mascun arroilaren ondoan dagoelako. Alquezar, aldiz, herri zeharo ederra da, gotorleku arabiar bat baita. Ikustekoa da Vero ibaiaren gainaldean kokatua dagoen gaztelua, eta harriz egindako kaletxo politak. Bertan, zailtasun desberdinetako arroilak proposatzen dituzten hamar bat agentzia daude, beharrezko materiala eta gidariak kontrata daitezke. Arroilak jaistera joan nahi duenarentzat zerbitzu guztiak dituzten bi kanpaleku, Alquezar-ekoa eta Rodellar-eko Mascun kanpalekua aipatuko ditugu. Kanpaleku horietan neoprenozko jantziak eta bestelako tresna guztiak aloka daitezke, gidariak kontratatu, informazioa lortu eta abar.
Arroilak ez dira parke akuatikoak
Sekula ez da ahaztu behar ingurune natural batean gaudela, geratzen diren espazio libre urrietakoan. Horrela izaten jarrai dezaten, gizakion presentzia ahalik eta oharkabeena izan dadin saiatu beharko du bakoitzak, naturaren bitxi hauek aurkitu dituen bezala edo garbiago uzten eta gainerako bizidunak ez aztoratzen. Bestalde, norberaren burua zaintze aldera, bakoitzak duen prestakuntza eta ekipamendua edukita ere, beti argi eduki beharko da hainbat gauza:
- Ez da uste izan behar erreka bat beti baldintza berdinetan dagoenik, eta jaitsiera batek beti zailtasun maila bera duenik. Arroilaren egoera zeharo desberdina izango da ur-emari desberdinarekin. Bestalde, nahiz eta emaria egokia iruditu, egoera aldatu ahal izan da ekaitz baten ondoren. Ez da inoiz sinetsi behar jaitsiera bat ongi ezagutzen dugula lehenago jaitsi dugulako. Unean uneko informazioa jaso behar da beraz.
- Udan eguzkitsu eta jendetsu dagoen arroila atsegina, gainerako garaietan bakarti eta basatia izaten da. Ur handien sasoian, erreka bere jabe da inoiz baino gehiago, ura bakarrik da egoeraren jaun eta jabe.
- Urjauzi baten indarra, gainera, ez da sekula gutxietsi behar; horrexegatik ez da emari eta indar handia duen urjauzi batetik jaitsi behar. Gertaturiko istripuren batean ikusi denez, egoera honetan sokarekin sor daitekeen edozein arazok itotzea eragin dezake segundu gutxitan.
- Arroila oso estuetan, lagun talde oso handian joateak arazo bat baino gehiago sor dezake, ekaitza baldin bada batik bat: oso poliki jaistea, banan bana pasa beharreko lekutan hotzak gelditzea, beste taldeak oztopatzea...
- Segurtasun neurri batzuk, dena den, oinarrizkoak dira: adibidez, putzu batera salto egiten da, putzua salto egiteko erabat egokia dela erabat ziur egotean bakarrik. Ekaitz edo eurite gogor batek putzuaren hondoa hondarrez edo legarrez bete ahal izan du, edo lehen ez zegoen zuhaitz-enborren bat egon daiteke ur azpian... Gainera, euri edo ekaitz arriskuarekin ez da inoiz arroila batetik jaitsi behar, ur-emaria bat-batean igo eta korronteak eraman ahal zaituelako.