EGUNKARI BERRIA


Joan den otsailaren 19an «Euskaldunon Egunkaria»ren azken alea egin zuen bertako lan taldeak. Otsailaren 20an, goizaldean, «Egunkaria»ren itxiera operazioa burutu zen. Ordu batzuk geroago langileak berriro lanean ziren. Biharamonean euskarazko egunkari bat kalean egotea beharrezkotzat jo zuten eta, 21 goizean, «Egunero» monografikoa kalean zen. Gerora, «Egunero» 32 (batzuetan 36) orrialdetara iritsi da, baina badakite ez dela gainerako egunkarien, «Egunkaria»ren, mailara iristen. Hasieratik garbi zuten «Egunero» parentesi bat baino ez zela.

Parentesiari amaiera emateko bi aukera zeuden. Berriz ere «Egunkaria» kioskotan jartzea, bata. Baina sumarioa sekretupean, «Egunkaria» gutxienez sei hilabetez itxita... Kasuak ez du itxaropenerako biderik zabaltzen eta bigarren aukerari, hots, proiektu berri bati ekin zioten. Proiektuaren emaitza hil honen bigarren hamabostaldian, oraindik zehazteke dagoen datan, izango da kalean.


Euskarazko Komunikazio Taldea S.A.

Proiektua abian jartzeko, «Euskaldunon Egunkaria»ko langileek enpresa bat sortzea erabaki zuten: Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. Horretarako langileek 60.350 euro jarri zituzten, S.A. bat sortzeko beharrezkoa den gutxieneko kapitala, hain zuzen. Enpresa sortu zen egun berean langileen akzioak gerora fundazio batera bideratuko zirela erabaki zen. Fundazioa egin gabe dago oraindik, baina bere funtzioa euskarazko komunikazioa eta oro har euskal kultura garatzea izango dela aurreikusten da. «Egunkaria»ko langile ohiek garbi utzi nahi izan dute ez direla enpresaren jabe izango, dirua jartzeko urrats hori soilik prozesua abian jarri ahal izateko eman dutela. Bilera berean 5 milioi euro arteko kapital anpliazioa ere erabaki zen eta kopuru hori lortzeko kanpaina ere abian jarri dute.

Oraindik erabakitzeke dago egunkari berriaren izena. Froga eta ideia batzuk badituzte eta ekainaren 14an, Donostiako Belodromoan egingo den jai erraldoian, jakinaraziko dute. Baina lehenago, administrazio kontseiluak onartu beharko du izen berria. Zuzendaria ere administrazio kontseiluak onartua izango da, bere izena jakinarazi baino lehen.

EKTSAren administrazio kontseiluak Egunkaria S.Akoa izango du oinarri. Kasuan inputatu eta espetxeratutako batzuk proiektuan bigarren maila batean lanean jarraitu nahiko luketela esan dute, lasaitasun pertsonalagatik. Baina lehengo gainerako kideak administrazio kontseilu berrian ere izango dira. Horrez gain euskalgintza, enpresa eta kooperatiba munduko hainbat pertsonekin hizketan aritu dira, administrazio kontseiluaren aniztasuna bermatu asmoz. Ixtear dago administrazio kontseiluaren osaketa, lehengo izenez gain bospasei izen berri izango dituen zerrenda.


Uda pasatzen utzi gabe, kalean

«Egunkaria»ren itxieraren ondoren, garbi geratu zen gizarteak itxiera gaitzetsi duela eta euskarazko egunkaria kalean egotea eskatzen duela. Egunkari berriaren proiektuan dihardutenek garbi zuten aldeko giro horri eutsi behar ziotela, denborarekin gauzak hoztu egiten direla eta garrantzitsua zela uda ez pasatzen uztea proiektua kalean ipini gabe.

Uda baino lehen egunkaria bera eta hiru gehigarri jarriko dira abian: udako gehigarria, haurrei zuzendua eta igandetakoa. Urrian, lehen «Egunkaria»k zituen gainontzeko gehigarriak ere egitea aurreikusten da. Baina bigarren fase hau kapital anpliazioak baldintzatuta egongo da.

Izenaz gain, maketazioa ere aldatuko da egunkari berrian. «Egunkaria»k berak , 13 urtetan, behin baino gehiagotan aldatu zuen bere itxura. Orain asmoa eboluzio horretan egin den onena bildu eta maketa hobetua eskaintzea da.

Berrituko ez dena «Egunkaria»ko kazetari taldea da. «Egunkaria»ko lan taldea baldintza ezberdinetan lan egiten ohitu da azken 13 urtetan. Hasieran baldintza zailagoetan, egoera normalizatuan itxiera baino lehen... taldea sendotuz joan da urtez urte. Orain euren erronka «Egunkaria»k zuen mailari eustea eta aurrerantzean hobetzea izango da. Azkenean, proiektu berriaren barruan alderdi periodistikoa eurentzat gauzarik errazena izango dela diote.


Azpiegituratan hutsetik hasi beharra

Kazetal alorrean arazorik aurreikusten ez duten arren, kontuan izan behar da 13 urtetan «Egunkaria»n bildutako dokumentazio eta argazki artxibo zabala Entzutegi Nazionalaren esku dagoela. Kazetariek horretan hutsetik hasi beharko dute.

Eta hutsetik hasi beharra dago, halaber, egoitzak, altzariak, ordenagailuak, programa informatikoak, telefonoak... lortzeko. Del Olmo epaileak agindutako itxieraren ondoren, Baionako egoitza izan zen zabalik geratu zen bakarra. Egoitza nagusia orain ere Andoainen egongo da, Martin Ugalde Kultur Parkean, aurreko erredakzioaren parean. Gainera, lehen bezala, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean egoitza bana zabalduko dute, Baionakoaz gain. Hasieran behintzat, egoitza horiek alokairuan hartuko dituzte.

Egunotan ari dira egoitzak atontzen. Andoaingo egoitza nagusian, esaterako, duela bi aste altzariak dagoeneko ipinita zeuden. Telefonoak joan den astean ekarri zituzten, eta pasa den ostegunean ordenagailu berriak iritsi eta erredakziora igo zituzten. Horrek guztiak, lanaz gain, ahalegin ekonomiko handia eskatzen du eta ezinbestekoa egiten du kapital anpliazioa hasierako inbertsioei aurre egiteko.

Baina beste diru iturri batzuk ere izango ditu euskarazko egunkari nazionalak. «Egunkaria»ren 11.000 harpidedunek, «Egunero» jaso duten moduan, produktu berriaren harpidedun izaten jarraituko dute. Gainera, itxieraren ondoren lortutako 5.000-6.000 harpidedun berriak ere hor dira.

Horrez gain, lehen bezala diru laguntza publikoak proiektu berriarekin ere jasotzea aurreikusten da. Diru laguntzak jasotzeko baldintza batzuk eskatzen dira eta egunkari berriak bete egingo ditu. Publizitatea ere diru iturri izango da. Autofinantzazioa %70-75ekoa izango dela aurreikusten da. Baina ezin da aurreikusi publizitate eskaera nolakoa izango den eta hortik zein kopuru iritsiko den, eta diru laguntza publikoaren kopurua ezagutzeko itxaron egin beharko da. Horiekin guztiekin zer gertatuko den zehatz ez jakiteak altxortegi arazoak sor ditzake. Ekainean egunkaria kioskotan egon dadin, hasierako inbertsioari aurre egiteko, kapital anpliazioaren erdia, 2.500.000 euro, hil honetarako beharrezkoa izango dela uste dute. Urte amaiera bitarteko ohiko jardueren gastuak (inpresioa, banaketa, soldatak...) 3.500.000 eurotara iritsiko direla aurreikusi dute.


«Berria berri» kanpainaren arrakastak bermatuko du egunkari berria

5 milioi euro arteko kapital anpliazio ezinbestekotzat jota, akzioak eskuratzeko kanpaina jarri zen abian maiatzaren 4an. 50 eta 300 euroko akzioak ipini dituzte salgai. Ohiko akzioekin alderatuta, kopuru txikiak dira horiek, baina «Egunkaria»ren itxierarekin jende asko hurbildu zaiela ikusirik, proiektu berrian ahalik eta jende gehienak parte har dezan erraztasunak eman nahi izan dituzte guztien eskura dauden akzioak eskainiz.

Beste motatako akzioak ere eskuragarri jarri dituzte instituzioentzat. Erakunde publikoei euren aportazioa diru laguntzen bidez egitea planteatu ohi zaie, baina hauek dirua akzioen bidez jarri nahi izanez gero, 1.000 euroko akzioak jarri dituzte salgai, akziodunen batzarrean boto eskubiderik izango ez duten akzioak.

Gainera akzioak eskuratzeko orduan muga bat ipini da, inork kapital osoaren %1,2 baino gehiago izan ez dezan. Proiektua anitza eta herritarra izan dadin, enpresaren jabetza esku gutxitan gera ez dadin bermatu nahi dute neurri horrekin.

Akzioak hiru bidetatik banatzen ari dira. Batetik, 635 733 385 eta 635 733 368 telefonotan daude eskuragarri. Internet bidez ere lor daitezke www.ektsa.net helbidean. Hirugarrenik, Herri Batzordeen bidez ere banatzen ari dira akzioak.

Herri Batzordeak «Egunkaria» itxi eta berehala sortu ziren Euskal Herri osoan, toki askotan euren kabuz eta beste batzuetan «Egunkaria»ko langileek bultzatuta. Azkenean sare zabal bat sortu da eta, «Egunkaria»ren sorreran ere funtsezkoak izan zirela ikusita, kanpaina laguntza handia eskain dezaketela ikusi dute.

Kanpaina hasi eta bi astera 500.000 euroko kopurua gainditu zen saldutako akzioetan. Joan den asteko azken datuak 800.000 eurotatik gertu zeuden. Orain arte, akzioak Internet eta telefono bidez saldu dira gehienbat, baina kopuru handienak Herri Batzordeetatik etorriko direla espero dute. Orain artean, Herri Batzordeak materiala eta informazioa banatzen aritu dira. Horregatik, hemendik aurrera eta datozen bi asteetan espero da emaitzaren zati garrantzitsuena. Berez, kapital anpliazioak urtebeteko iraupena izango du, baina behin eta berriro azpimarratzen denez, kopuru osoaren erdia, 2.500.000 euro, asteotan bildu behar da ezinbestez.

Akzio salmentaren lagungarri, hainbat ekitaldi burutzen ari da «Berria Berri» kanpainaren barruan. Maila nazionalean, esaterako, «Hitza eta doinua» ikuskizunaren saioak egin dira Beran, Laudion, Bilbon eta Donibane Garazin. Horrez gain, Herri Batzorde bakoitzak bere herrian modu guztietako ekitaldiak antolatu ditu. Euskarazko Komunikazio taldetik Herri Batzordeak koordinatzeko lana egiten bada ere, ekitaldi horien antolaketa bakoitzaren esku geratu da.

Ekainaren 14an Donostiako Belodromoan jai erraldoi bat burutuko da, Herri Batzordeetan lanean dihardutenek hala eskatuta. Kanpainaren amaiera eta proiektuaren aurkezpen ekitaldia izango da eta bertan jakinaraziko dute egunkari berriaren izena.


Pluralagoa? Zein bezain plurala?

«Berria berri» kanpainak, ordea, ez dio soilik diru beharrari erantzuten. «Egunkaria» itxi eta berehala komunikabide horren pluraltasunaren inguruan sortutako eztabaidari ere erantzuten dio. Azken asteotan komunikabideetan behin eta berriro entzun eta irakurri dugun Koldo Izagirreren testuak honela dio: «Euskaldunagoa? oso zaila dago. Independenteagoa? Ez da erraza. Pluralagoa? Zein bezain plurala? Hobea? Hoberena zen. Baina hobetuko dugu». Euskal Herriko komunikabideen artean sentsibilitate ezberdinei leku gehien egiten ziena «Egunkaria» zela esanez erantzun zuten eta zabaltasunaren eztabaida hura faltsutzat jo zuten. «Egunkaria» herritarrek sortu zutela gogorarazi nahi izan dute eta proiektu berria ere herritik sortuko dela azpimarratu. Eztabaida itzalita dagoela, bat egiten dute Miren Azkarate Kultura sailburuak behin eta berriro esan duenarekin, alegia, instituzioak ez daudela egunkari eta aldizkariak sortzeko, herritik sortzen diren proiektuak diruz laguntzeko baizik.


Mezu positiboa

«Egunkaria»k zuen helburu berberarekin sortuko da proiektu berria, lan talde berdinarekin, antzeko administrazio kontseiluarekin... Hura itxi bazuten, ez al dute berria ere itxiko? Itxierak arrazoi politikoak izan zituen eta, hortaz, berriz gertatuko ez denik ezin da bermatu. Egunkaria Sortzenek bildutako dirua ETAk jarritakoa zela egotzi diete. Horregatik dirua ipintzen ari den ororen izen abizenak zorrotz biltzen ari dira. Horrelako neurri txikiak hartuta ere, edozer gauza gerta litekeela badakite, baina ez dute horri begira egon nahi. Proiektuarekin aurrera egin eta mezu positiboa zabaldu nahi dute.

Eta eurek ere mezu positibo bat jaso dute gizartearengandik azken hilabeteetan. Gizarteak bere haserrea agertu zuen itxieraren aurrean. Baina baita euskaraz irakurtzeko nahi bat dagoela ere. Euskarazko produktuek dituzten mugaz hitz egiten da beti. Muga horiek gainditzeko aukera zabal daiteke orain.

Berria berri 5 milioien bila
Joan den maiatzaren 4an «Berria berri» izenburuko kanpaina jarri zuten abian proiektua aurrera eraman ahal izateko. 5 milioi euroko kapital anpliazioa lortzeko 50 eta 300 euroko akzioak jarri dituzte salgai, telefonoz, Internetez eta Herri Batzordeen bitartez. Iragan asteko azken datuek dagoeneko 782.000 euro lortu zirela zioten, kopuru osoaren %15. Akziodunetatik 1.350 partikularrak dira, 50 elkarte ere badaude, 40 enpresa, 25 udal... bakoitzak batez beste 220 euro ipini du egunkari berrian. Helburua lortzeko urte osoa badute ere, 2.500.000 euro, erdia, ekainean lortzea beharrezkoa dute hasierako gastuei aurre egin ahal izateko.

«Egunkaria»ko lan talde berbera
Proiektu berria martxan jarri zutenek hasieratik garbi zuten egunkari berria otsailaren 19an «Egunkaria» egin zuen lan talde berdinak egingo zuela. 160 lagun inguru aritzen ziren orduan lan horretan. Eta otsailaren 20tik bertatik gehienek lanean jarraitu dute, batzuek «Egunero» egiten, besteak gainerako batzordeetan banatuta.
Materiala salduz-eta lortutako diruarekin elkartasun kutxa moduko bat egin eta ,«Egunero»ren inprenta eta banaketa gastuak ordaintzeaz gain, langileen artean banatu dute kopuru hori, azken hilabete hauetan bizi ahal izateko, bederen. Maiatzaren 10ean hasi ziren langile batzuk langabezia kobratzen eta beste batzuk hil honen 10ean hasiko dira.
Hasiera batean, «Egunkaria» 6 hilabeterako ixteko erabakia jakin baino lehen, langileek 3 hilabeterako enplegu-etendura eskatu zuten. Erabakia ezagutu eta itxierak luze joko zuela ikusita, eszisioa eskatu zuten, Egunkaria S.A.rekiko harremanak etenez eta beste edozein enpresatan lanean hasteko bidea zabalduz.
Hil honetan «Egunkaria»ko plantilla ohiaren zatirik handiena hasiko da lanean Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. enpresa berrian, 135 bat lagun. Gainerakoak, beste 20 lagun inguru, urrian sartuko direla aurreikusten da.

Sumarioa oraindik sekretupean
Egunkari berria kaleratzear dela, «Egunkaria» kasuko sumarioak sekretupean jarraitzen du. Eskatu duten eta mugitzen den informazioaren bolumena kontuan hartuta, badirudi sumario zabala dela. Baina hasierako atxiloketa autoetan kaleratutako informazioaz gain, «Egunkaria»ko abokatuek ez dute berririk kasuaren inguruan eta, beraz, defentsa prestatzeko oinarririk ere ez dute.
Gogora dezagun kasuan inputatutako 10 lagunetatik hiruk (Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria) espetxean jarraitzen dutela eta gainerakoak baldintzapeko askatasunean. Epaiketaren zain guztiak. «Egin» itxi zutenetik bost urte joan dira eta kasu horretan ez da oraindik epaiketarik izan. Aurrekari hori kontuan izanda, «Egunkaria»ren kasuak ere luze joko duela aurreikus daiteke.
Berez, «Euskaldunon Egunkaria» 6 hilabetez ixteko agindua eman zuen Del Olmo epaileak eta epe hori abuztuaren bukaeran amaituko da. Baina itxiera prozesuari begiratuta esperantza gutxi dute «Egunkaria» berriro abuztuan irekiko denik. Gainera, itxi zutenetik Egunkaria S.A. zorrak metatzen joan da eta hala jarraituko du. Etorkizunean berriro zabaltzeko baimena izanik ere, enpresa kiebra egoeran itzuliko liekete. Arduradunek, horregatik itxitzat ematen dute guztiz «Egunkaria»ren bidea.

Egoitza berria
Euskarazko egunkariaren proiektu berriak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango du egoitza nagusia, «Egunkaria»k bezalaxe, eta aurreko egoitzaren pare-parean hain zuzen. Egunotan lanerako beharrezko guztia prestatzen ari dira erredakzio berrian.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude