"ZAZPI MINUTU FALTA DIRA" DIO ERLOJU ATOMIKOAK


2007ko otsailaren 21ean
1947an asmatu zuen Azken Juizioaren Erlojua, gai nuklearretan zebilen zientzialari baten emazte publizistak. Martyl Langsdorf-ek irudi horrekin hondamendi nuklearraren hurbiltasuna nahi zuen adierazi. Bibliako erreferentziak eta erasoen aurretik militarrek egiten zituzten kontaketak ("hamar, bederatzi, zortzi...") uztartu zituen horrela. Bi urte beranduago, buletinaren arduradunek pentsatu zuten arrisku nuklearren alorrean aldaketa nagusiren bat zegoen bakoitzean mugitu zitekeela orratza -gauerdirako falta diren minutuak kontatzen dituena- egoera larriagotzen edo baretzen ari zela grafikoki adierazteko.

Gerra Hotza 1991n bukatutzat jo zenetik, Atomo Zientzialarien elkarteak bere ordulari famatuaren orratza hirugarren aldiz aurreratu zuen 2002ko otsailaren 27an. Egun horretan, hasieran -1947an- ipini zuten minutu berean ipini baitzuten, gainean dugun arriskuaren erakusle. Eta orain, "hamabiak zazpi gutxi" adierazten du ordulariak. Baina 1991n aldiz "hamazazpi gutxian" zegoen. Zer gertatu da tartean?

"Ordularien orratza mugitzeko, nazioarteko egoeran ikusten diren aurrerapen eta atzerapenak hartzen ditugu kontutan", adierazten dute buletinean. Eta erabaki hori -egoera kaxkartzen ari dela adierazten duena- hartzeko, zerari erreparatu zioten: desarme nuklearrean urrats gutxi ematen dela, material nuklearren segurtasun maila urritzen ari dela munduan, Estatu Batuak diplomaziaren ordez ekintza unilateralak ari direla lehenesten, misil antibalistikoei buruzko hitzarmenetik (ABM) atera egin direla AEBak, India eta Pakistanen arteko krisia, talde terroristak arma nuklear, kimiko eta biologikoak eskuratzeko ahaleginetan ari direla, eta mundu osoan bakea urrutirarazten duen txiro eta aberatsen arteko gero eta leizea handiagoa dela.

Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan, Hiroshima eta Nagasaki gainean bonba atomiko bana lehertuta, azkar zabaldu zen Gerra Hotzaren errainua mundu osoan zehar. Eta energia atomikoaren arriskuak bertan lan egiteagatik ondo ezagutzen zituzten zientzialariek, buletinean eman zuten beren kezkaren berri 1947an era oso grafiko batean, gizadiaren hondamendia izan zitekeen leherketa katea hurbilegi geneukala adierazi nahian.

Bi minutuz aurreratu zuten orratz handia Atomic Scientists elkartekoek 1949an, Sobietar Batasunak bere lehen bonba nuklearra lehertarazi zuenean. AEBetako Truman lehendakariak eman zuen horren albistea, eta buruzagi sobietarrek ukatu zuten arren, zientzialariek garbi ikusi zuten egia zela. 1952an AEBek lehen bonba termonuklearra zartatu zuten Itsaso Barean, Hiroshimakoa baino ehunka aldiz indartsuagoa, Elugelab uharte txikia desagerraraziz. Bederatzi hilabete geroago, sobietarrek estreinatu zuten beste lehergailu atomiko bat, txikiagoa baina termonuklearra hau ere. 1953ko irailean, egoeraren larritasuna adierazteko, Atomo Zientzialarien Buletinak bere ordulariaren orratza minutu batez aurreratu zuen. Honela idatzi zuen Rabinowitch zuzendariak: "Berriro mugitu dira Azken Juizioko Erlojuaren orratzak. Penduluak mugimendu batzuk gehiago egiten baditu, Moskutik Chicagora munduan gertatuko diren leherketa atomikoek ekarriko dute Mendebaldeko zibilizazioaren gauerdia".

Gertakizun larririk ez zen falta izan 50eko hamarkada hartan: Hungariako oldarketa eta Sobietar Batasunak jazartuak tankez zanpatzea, Berlin zatituaren krisia, Koreako gerra, Txinakoa, Frantziaren porrota Indotxinan, Suez kanaleko gerra... Baina guztien erdian -hala ulertu zuen bederen buletinaren zuzendari zen Rabinowitchek- potentzia handiak ohartu ziren eraso atomikoa ondo zaindu beharreko aukera zela, irrazionalegia zelako, eta zientzi mailako lankidetzaz ere hitz egiten hasi ziren. Horregatik mugitu zituen orratzak zazpi minutu gutxira. Eta Kubako misilen krisia pasa bezain azkar hamabi minutura mugiarazi zituen berriro, potentzia handiek arma hauen kontrol aldera zenbait urrats inportante eman zutelakoan.

1968an buletinak orratza zazpi gutxira aurreratu zuen. Horretan erabakiorra izan zen Txina eta Frantziak beren arma nuklearrak garatzea, baina baita India eta Pakistanen arteko gerra (1965), Israel eta arabiarren artekoa (1967), Europan errusiarrek Txekoslovakia inbadituta bizi zen tentsioa, AEB Vietnam eta inguruetan gerra betean sartzea, eta abar. Baina hori bezain garrantzizkoa izan zen Rabinowitch zuzendariaren etsipena, AEBek arma lasterketa geldiarazteko lidergoa bere gain hartu nahi ez zutela ikusita. 1969an Estatu Batuetako Senatuak arma nuklearren ugalketa saihesteko ituna sinatu zuenean, orratza hamar gutxira atzeratu zuen. Eta 1972an AEBek eta Sobietar Batasunak SALT I eta ABM itunak sinatu eta SALT II itunean aurrerapenak egin zituztela ikusita, orratza hamabi gutxira atzeratu zuen berriro.

Bateratsu gertatu ziren buletinaren zuzendari zaharra, Rabinowitch, hiltzea eta desarme elkarrizketak izoztea. Zuzendari berriak aurreko erabakiaren autokritika eginez berriro orratza bederatzi gutxira eraman zuen, eta azal kezkagarri batez hornitu buletina: ordularia bonba bati lotuta.

Ordularia berriro pixkanaka gauerdira hurbilduz joango zen, 1984an hiru minutu gutxira iritsi arte. Arma nuklearren aldeko politikari eta militar sutsuak "nucleoholics" izenez bataiatu zituen buletinak, alkoholikoekin erkatuz: "Mozkor horiek beti diote edaten ari diren basoa dela 'azkenekoa', baina beti aurkitzen dute aitzakiaren bat 'beste erronda' eskatzeko". Hala ere, Sobietar Batasunaren -eta beraz, bi blokeen- azken orduak ziren. Eta Ekialdeko blokearen hondoratzea eta Gerra Hotzaren bukaerarekin batera etorri zen Washington eta Moskuk START akordioa sinatzea. 1991n Atomo Zientzialarien buletinak lehenbizikoz erlojuaren orratz nagusia azken ordu laurdenetik haratago eraman zuen, hamazazpi minutu gutxiraino. Ez luzarako, ordea.

1995ean hamalau gutxira aurreratu zuen orratza. Blokeen arteko tirabirak bukatzeak ekarritako itxaropenak suntsituz, potentzia handiek segitzen zuten armagintzan Gerra Hotzean adina gastatuz. Gainera, Sobietar Batasunaren hondoratzeak kontrolak ahuldu zituen hainbat arma eta material arriskugarri edonoren esku jarriz. Eta 1998an bederatzi gutxitara aurreratu zuten berriro ordularia, Pakistan eta Indiak egindako saio nuklearren eta AEB eta Errusiaren alor honetako konponezinaren ondorioz.

Orain, hondamendi nuklearrerako 7 minutu falta direla iragartzen du Amerikako Atomo Zientzialarien erlojuak. Munduko zortzi potentzia nuklear ezagunek 31.000 lehergailu atomiko dauzkate, eta 1998tik kopurua ez da 3.000 baino gehiagotan jaitsi. Eta gehiago egin nahi izanez gero, Errusia eta AEBen artean 1.700 tona uranio eta 225 tona plutonio dauzkate prest. Ordulari atomikoak ez du atzera egiteko itxura handirik.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude