GARBITXU: «KANPOAN ARRAKASTA LORTU DUGUNEAN PIZTU DUGU ARRETA JAURLARITZAN»

  • Deabru Beltzak taldeak "Les Tambours de Feu" («Suzko danborrak») kale ikuskizuna atzerriko hainbat jaialditan aurkeztuko du, hasi berri duen biran. Quebeceko "Juste Pour Rire" jaialdi prestigiotsuan parte hartuko duen lehen euskal taldea izango da. Horregatik egin dugu hitzordua Garbitxu, taldeko zuzendariarekin. Pozik agertu da. Eta ez da harritzekoa.

2021eko uztailaren 19an


Espero zenuten "Les Tambours de Feu" rekin Euskal Herritik at halako arrakasta izatea?
Ez. Orain esku artean duguna imajina ezina zen guretzat. Bagenekien gauza berri bat sortzera gindoazela eta, estatu mailan mugitu ahal izango genuela, baina inoiz ez genuen pentsatu ikuskizun honek munduari begira jarriko gintuenik. Bizitzen ari garena, bilatutako helburua baino, amets bat da guretzat.



Bulegoko lanak ere ugalduko zitzaizkizuen...
Jakingo bazenu zenbat paper bete behar diren! Behin baino gehiagotan galdetu diot nire buruari hainbeste lan hartzeak merezi ote duen. Azarotik daramagu Montrealeko "Juste Pour Rire" jaialdiko paperak betetzen, eta oraindik ere astean bizpahiru ordu eskaini behar izaten dizkiogu eginbehar horri.



"Juste Pour Rire" jaialdian milioitik gora ikusle izan ziren iaz. Ez al dizue beldur pittin bat ematen halako jaialdi erraldoian parte hartzeak?
Beldurra ez, baina urduritasun apur bat bai. Montrealekoa ondo egin nahi dugu eta horretarako sei egun hartuko ditugu jaialdira ondo prestatuta joateko. Dena den, hark baino errespetu gehiago ematen didate hitzartuta ditugun beste emanaldi batzuek. Esaterako, Frantziako Lyonen bi urtetik behin egiten den "Biennale Theatre Jeune Publique" jaialdia guk zabalduko dugu. Libourneko "Festival Fest'Art" jaialdian ere izango gara. Caracaseko jaialdi batera ere bagoaz. Bertan parte hartuko duten taldeek kalitate handia dute eta euren ondoan aritzea izugarria da. Ondo egin beharra daukagu.



Sortzetik izan al da arrakastatsua zuen kale ikuskizun hau?
Ez. Leioan estreinatu genuenean, adibidez, nahiko gustu txarrarekin gelditu ginen. Horrexegatik aurten errepikatu egingo dugu emanaldia bertako kale antzerki jaialdian. Estreinaldiaren ondorengo etenaldi txiki bat egitea erabaki genuen, bai gogoeta egiteko eta baita kritikak jasotzeko ere. Antzezlana hasieran oso flojo ikusten nuela aitortu behar dizut. Indarra bazuela nabari nuen, baina hori azaleratzeko lan asko egin behar genuela ere banekien. Hala, etenaldiaren ondoren, Lekeitioko, Zarauzko eta Donostiako jaialdietan gorantz egin zuen ikuskizunak. Katalunia aldera egin eta Tarregako jaialdian jada lanaren fruituak ikusi genituen.



Banatzaile berria ere kontratatu duzue, ezta?
Bai. Parisekoa da, eta bertatik antolatzen du gure egutegia. 2006. urtera arte sinatu dugu kontratua berarekin. Ziur aski 2004. urtera arte ez genuela emanaldi kopuruaren hazkunderik nabarituko esan zigun, baina dagoeneko 42 lortu dizkigu, pentsa! Ikuskizun bat ondo doanean 120 eta 140 emanaldi bitarte antolatzen omen ditu urteko. Egia esan gauza horiek pittin bat beldurtzen gaituzte, azken batean, lotura gisako bat sortzen dizulako, konpromisoak bete behar horrekin.



Oraingoz, beraz, kanpoan lan egingo duzue batez ere.
Bai. Jendeak pentsa dezake nolabait Euskal Herria baztertzen dugula, baina ez da horrela. Tontoak ginateke aukera hau pasatzen utziko bagenu. Munduan zehar lan egiteak prestigioa ematen du, jendea ezagutzeko aukera eta era berean gure produktua, euskal produktua ezagutarazteko beta.



Akelarrean oinarritzen da "Les Tambours de Feu", zergatik erabaki zenuten gai horri eustea?
Harreman estua dugu guk Zugarramurdirekin eta urtero antolatzen den Akelarrearekin. Sortzez gure lagun batzuk antolatzen zuten, baina azken lau urteetan gu arduratu gara. Handik sortu zen ikuskizun hau egitearen ideia, ikusten baikenuen Akelarrerako egindako lan hark beste aukera batzuk izan zitzakeela. Hori guztia gure espezialitatearekin nahastu genuen, pirotekniarekin.



Nola hasi zineten taldean piroteknia erabiltzen?
Nik aritua nintzen lehenagotik, baina azken urteetan taldean gehiago sakondu dugu arlo hori. Ohartu ginen piroteknia modu ezberdin batean ere erabil daitekeela, jolas egin daitekeela suarekin. Eta horixe egiten dugu "Les Tambour de Feu" ikuskizunean eta efektu nahiko berezia lortzen dugu. Dantza birtual bat sortu dugu aktoreen eta suaren artean.



Dantza horretan perkusioak parte hartzen du.
Horixe izan zen latzena. Taldeko hiru soilik dira perkusio jole profesionalak. Beraz, aktoreok perkusioa jotzen ikasi behar izan dugu, eta alderantziz, beste hainbeste. Sei hilabetez aritu ginen entseguetan.



Kale antzerkiak jaialdien beharra al du?
Tira, ez du zertan, baina egia da antzerki jaialdiak erakusleihoak direla, zure produktua ezagutarazteko tresna oso garrantzitsuak. Lleidako Tarregako jaialdia oso garrantzitsua izan da guretzat, baita Lekeitiokoa eta Donostiakoa ere. Lan asko lortu dugu jaialdi hauei esker. Egia da baita ere "Les Tambours de Feu" ikuskizuna nahiz eta berez ertaina izan, Euskal Herrirako ikuskizun handia dela. Alde batetik jende asko mugitzen dugulako kalean, eta bestetik pirotekniak asko garestitzen duelako ikuskizuna bera. Horregatik, jaialdietan aurkeztu behar izan dugu antzezlana. Dena dela, beti esan dugu Euskal Herrian ere lan egin nahi dugula baina hemen kale antzerkia baztertua dago. Gu baztertuak sentitu gara maiz.



Nork baztertu zaituzte?
"Les Tambours de Feu"k ez du administrazioaren laguntzarik jaso. Kale antzerkia ez omen da antzerkia, kale animazioa ei da. Egia esan orain kanpoan arrakasta izan dugunean piztu dugu arreta Eusko Jaurlaritzan. Goratu ere egin gaituzte. Baina gu baztertuta sentitu izan gara, eta badugu zer esanik eta esango dugu. Denborarekin beste ikuskizun bat sortzen badugu gogor saiatuko gara laguntzak lortzen. Ez bagaitu gure Gobernuak laguntzen, nork lagunduko gaitu? Baina tira, orain oso pozik gaude gure bitartez Eusko Jaurlaritza eta Quebeceko Gobernua harremanetan jarri direlako.



Haurrentzako "A,e,i,o,u" txotxongilo ikuskizunarekin ere 200 emanalditik gora egin dituzue.
Ni txotxongiloen mundutik nator, Kukubiltxo taldetik, eta panpinen bizioa ezin da halako batean baztertu. Kale antzerkia urteko sasoi batzuetan soilik egin daiteke gainera eta, hortaz, aretoko ikuskizun bat sortzea erabaki genuen. Oroitzen dut Jaurlaritzan antzezlan honen proiektua aurkeztu genuenean "etorkizunik gabeko lana" zela entzun behar izan genuela. Horrek min handia egin zigun. Baina begira orain, emanaldi mordoa egiten gabiltza hiru hizkuntzetan: euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez. Frantsesezko moldaera prestatzen ari gara orain. n



Biraren zurrunbiloa igaro ondoren zer egin nahi duzu?
Oraingoz taldeko kideok batzartxo bat egin dugu, eta erabaki dugu abendua mugarri gisa jartzea bira honetan. Orduan erabakiko dugu ea egindakoa osasunarentzat kaltegarria izan den ala ez. Izan ere, Europan 100.000 kilometrotik gora egin behar ditugu furgonetaz, eta hori oso nekagarria izan daiteke. Inoiz euskal antzerki talde batek egin duen bira handiena izango da. Ordu asko igaroko ditugu elkarrekin. Ez dakit, gehiegizkoa izan dela erabakiz gero, agian bi talde egin beharko ditugu "Les Tambours de Feu" antzezteko.

Zurrunbiloaren ostean
«Abenduan erabakiko dugu ea egindakoa osasunarentzat kaltegarria izan den. Europan 100.000 kilometrotik gora egingo ditugu furgonetaz. Inoiz euskal antzerki talde batek egin duen bira handiena da. Gehiegizkoa bada, bi talde egingo ditugu «Les Tambours de Feu» antzezteko»

Antzerki talde gaztea
"Euskal gazteentzat ikuskizun bat sortzeko helburuarekin" sortu zen Deabru Beltzak talde bilbotarra 1996an. Kukubiltxo, Maskarada eta Panta Rhei taldeetan jardundako hainbat lagunek Fermin Muguruza musikariarekin batera kontzertu berezi bat prestatzea erabaki zuten, txotxongiloen bidez. "Kontzertu Beltza" izeneko ikuskizun hura izan zen antzerki taldearen lehen lana. Haur eta gazteei zuzendutako kale antzerkia eta txotxongiloak lantzea izan du xede taldeak sorreratik.
Zazpi urte hauetan hainbat kale ikuskizun muntatu dute, gehienak unean unerako prestatuak. Horien artean Zugarramurdiko Akelarrea, Bilboko Aste Nagusiko ekitaldia, Olentzeroa edoeta Sestaoko Sardinaren Ehorzketa. Bi dira orain arte sortu dituzten ikuskizun iraunkorrak: "Les Tambours de Feu" kale ikuskizuna eta "A,e,i,o,u" haurrentzako txotxongilo antzezlana. Azaroan haurrentzako lan berria estreinatuko dute.


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude