FELIX LINARES: «ZINEMAN ARTISAUAK NAHIAGO DITUT ARTISTAK BAINO»

  • Zinema barruan bizi den banpiroa da Felix Linares. Argiari fobia dio, eta filmeko «gazapoak» eta xehetasunik txikienak zurgatzen ditu hortz zorrotzez. Astean lau aldiz irensten ditu zeluloidezko metroak eta metroak. Horrelako betekadak hartu arren, ez omen du zinemarako harra ase. Aldiro joaten omen da bizitzako filma ikustera doanaren ilusioarekin. Pantailatik ikusten du mundua eta horregatik, ez du alferrikako bidaiarik egiten. Rio de Janeirora joan zenean konturatu zen hortaz: «Jada han izana nintzen. Zineman ikusia nuen, musikarekin gainera!» Bizitza delegazioz bizi du, besteren abenturen bidez. Hori bai, oporretan Bakiora joan eta irakurri, musean jokatu eta ondo afaltzeko esperientzia nahiago du zuzenean gozatu!Bikoiztu ezina den ahotsez eta hainbeste audientzia biltzen duen hizkuntzan aritu zaigu.


Orain, zure ahotsa entzun eta zeu ikusten zaitugu sarri. Umetan nolakoa zinen?
Seme bakarra naiz, eta horrek markatu egiten du pixka bat. Itxiagoak izaten gara, eta geurekoi xamarrak. Nik ez nizkion nire komikiak inori uzten!
Kalean pasatzen genuen arratsalde osoa eta nire arazoa hasten zen besteek futbolean jokatu nahi zutenean. Nik ez bainekien tutik ere. La Casillan (Bilbon) jokatzen genuen futbolean, eta justu parean zegoen Abando zinema. Han filmak zeuden, mundu liluragarriak, eta ahal nuen guztietan joaten nintzen. Zentzu horretan ume berezia nintzen, egun osoa pasatzen nuen komikiak irakurri eta zinema munduan sartuta. Paga osoa gastatzen nuen zineman. Estreinaldiko sarrera zortzi pezeta kostatzen zen. Nik pezeta bat gastatzen nuen umeentzako emanaldietan, eta hiru Abandoko sesio bikoitzaren truke. Beraz, hiru film ikusten nituen asteburutan, egunean.



NO-DOaz zer oroitzapen duzu?
Azken unean sartzen nintzen zinemara, NO-DOa ez ikusteagatik. Ez zegoen hura jasaterik! Umetan hartutako ohitura hori dela eta, oraindik ere justu filma hastera doan unean sartzen naiz.

Herri Irratia ezagutu zenuen lehendabizi. Nolakoa zen garai hartako irratigintza?
40-50 urteetan irratia zen etxeetako erregina. Ni sartu nintzenean telebista hasia zitzaion lekua kentzen. Oraindik formula zaharrak egiten ziren, auditorioetan jendaurreko programak... Baina ikusten zen aldatu beharra zegoela. Ni «kabinako esatari» hasi nintzen. Alegia, dena idatzita ematen ziguten eta guk irakurri. Garai hartan FM martxan jartzen ari ziren. Ondorioz, irrati merkeagoa egiten hasi ziren, esataria bihurtu zen teknikari ere, musikak sekulako indarra hartu zuen 60ko hamarkadan...
Ni sartu nintzen garaian oraindik kontuan hartzen zen ahotsa. Horregatik hartu ninduten. Orain gehiago begiratzen da bakoitzaren sormen gaitasuna, programak egiteko ikuspegia, hizketarako grazia... Hasi nintzenean ez nituen gaitasun horiek. Oso barnerakoia nintzen, hizketarako ez neukan batere trebeziarik... Baina konturatu nintzen ahotsak bakarrik ez ninduela salbatuko. Eta irratian hezi egin nintzen.
Zinemako kritikoa izateak zeure buruarekiko kritiko izaten laguntzen du. Nire ahuleziak deskubritzen saiatu naiz, eta horiek txukunduz aurrera ateratzen.



Nola egin daiteke denen gustuko programa?
Ez dago denen gustua egiterik. Nire lema beti izan da "izan zaitez zerorri". Hippy xamarra dirudi, baina horrela da. Irizpide propioak izanez gero, lortu daiteke gustuko ez dutenek ere egindako lana errespetatzea. Jendeak estimatzen du prestutasuna.



Zuk zer entzule duzu gogoan hizketan ari zarenean?
30-40 urte inguruko jendea, berdin gizon ala emakumea, eta "mailen teoria" erabiltzen dut.
Gutxienez dozena erdi maila ezberdinetan hitz egin behar da. Azken mailakoek esandako dena ulertu behar dute. Ezin zaie eskatu ulertzeko ahalegin berezirik. Baina aldi berean, lehen mailakoek plus bat aurkitu behar dute, noizean behin komentario jasoagoren bat. Bestela, interesa galdu eta alde egiten dute. Zenbat eta maila gehiago harrapatu, orduan eta audientzia handiagoa lortzen da. Hizkuntza erraza baina kontzeptu konplexuak erabiltzea da kontua.



"La noche de..." programaren aurkezpenak ondoren eskaintzen den filmak berak baino %20 ikusle gehiago ditu.
1995eko irailaz geroztik, asteartero egin dugu programa, sekula hutsik egin gabe, ez Gabonetan, ez udan... Horrela fideltasuna lortu dugu.
Autentikotasuna ere badu programak. Nabari da zinema gustatu egiten zaigula, eta hori transmititzen saiatzen gara. Ez dago lezio zurrunik ematerik, ikuslea aspertu egiten da-eta. Baina informazioa eta entretenimendua nahasten saiatzen gara. Jendeak izan dezan zerbait ikasi izanaren sentsazioa. Arazo bat dugu zinema zaleok: uste dugu jendeak jada dena badakiela. Eta ez da horrela.



Nabari da ez zarela batere mitomanoa. Zergatik?
Txikitatik konturatu nintzen gustuko nituen filmetan "directed by..." jartzen zuela. Eta zuzendari horiek beti ziren John Ford, Alfred Hitchcock... Beti izan naiz zuzendari zaleagoa, aktore zalea baino. Baina denborarekin konturatu naiz zuzendariak ere alproja koadrila galanta direna. Zein dira zuzendari handiak? Jende desatsegina, zaila, tiranikoa, maniatikoa... Ezin da jende hori miretsi.
Kieslowski zuzendaria ezagutzeko aukera izan nuen Donostiako Zinemaldian. Tamalez, hilabete gutxira hil zen. Ideologiaz Kieslowskiren kontrakoa naiz, baina bere zinemak txunditu egiten nau. Ez kontatzen zuenak, kontatzeko bere moduak baizik. Elkarrizketatu nuen, eta erretiratzeko asmoa zuela esan zidan. Zergatik? Buruan zuen filmaren %30 bakarrik lortzen zuelako pantailan islatzea.



Zuk maiteago dituzu zinemako artisauak artistak baino. Zergatik?
Artisauek ibilbide koherenteagoa daramate. Maisulan bat egiten dute, eta hurrena film txar bat. Neurri polita da hori. John Ford artisauen artean sartzen dut. Zine pertsonala egiten zuen dirua zuenean, eta bestetan estudioetatik kobratzen zuen. Hain goraipatua den bere azken etapan, "Basamortuko Zentauroak" eta "Zazpi emakume" filmen artean hiruzpalau narraskeria egin zituen. Artisauak kobratzen dutenaren truk, ahalik eta filmarik onena egiten saiatzen dira. Zentzu horretan mertzenarioak dira, eta estimatzen ditut mertzenarioak.
Artistak berriz, pentsatzen hasten direnean, akabo! Transzenditzen saiatzen dira eta Kieslowski bezala, zapuztu egiten dira. Kieslowskiren trilogia, «Urdina», «Gorria» eta «Zuria» askoz txarragoa da telebistarako egin zuen dekalogoa baino.

40ko hamarkadako zineman izar handiak zeuden. Gaur egun zergatik ez?
Egungo izarrak "Gran Hermano" eta "Operacion Triunfo"koak direlako. Ongi iruditzen zait zinemak distira hura galdu izana, gehiegizkoa baitzen. Telebistak publiko eta izarren arteko distantzia moztu du, orain zuzenean oihu egiten zaie kontzertuetan... Ondorioz, izarrek mito izateari utzi diote.



60ko hamarkadan esperimentazioak nabarmendu ziren. Nondik doaz egungo berrikuntzak?
Oraindik ere zineman batzutan esperimentu narratiboak egiten dira. Azken aldiko esperimentu narratiborik onena "Bloody Sunday" da, dokumental eta fikzio nahasketa. Ikaragarriak kontatzen ditu, eta nola kontatu gainera! Kazetaritza erreportaia itxura du, baina aldi berean fikziotik atereak diruditen pertsonaien istorioak kontatzen ditu. Giza dramak dira eta ez dakit egiatan gauzak horrela gertatu ziren, baina horrela izan zirela sinesteko prest nago. Dokumentalak hain ongi berregiten du gertakari hura!



Ez omen da zinema politikorik egiten.
Molde zaharreko zinema politikoa desagertu da. 60ko hamarkadan Costa-Gavras-ek egiten zuen hura. Jendea eserlekutik altxa eta filmeko aktoreari putakumeka hasten zitzaiona... Uste dut beharrezkoak direla, baita higiene mentalarentzako ere!
Costa-Gavrasek orain gutxi "Amen" filma egin du eta hor kontatzen ditu Bigarren Mundu Gerran Hitlerrek Vaticanorekin izandako harremanak. Baina zergatik ez du egungo politikari buruzkorik egiten? Zinema politikoari beldurra zaio, ikuslea alde edo kontra jartzen duelako. Baina nik bereizi egiten dut zinema politikoan zein den zuzendariaren ideologia, eta bere kontatzeko modua, artea.
Jim Sheridan zuzendaria bai, hori arriskatu egiten da eta eskertzen dut. Berak egin du "Aitaren izenean", eta "The Boxer" ere bai.



Film amerikar eta europarren artean egun bada ezberdintasunik?
Bai. Europar zinemagileek ez dute hainbeste diru. Beraz, xumeagoa da, derrigor. Gainera, kulturalki ikuspegi ezberdina dute. Europarrak ez dira amerikarrak bezain manikeoak, ez dute "zintzo" eta "gaizto" eskema sinpleenean funtzionatzen. Ongi-gaizkia oreka hobeto daramate. Europan aktore, gidoi eta errealizazioaren arteko oreka hobeto zaintzen da. Amerikan efektu espezialekin konpontzen da dena.



Zergatik jan dute AEBek filmen merkatua?
AEBetako bigarren industriarik indartsuena da filmena. Hala ere, Hollywood ez da munduko ekoizlerik handiena, India baizik. Baina barne merkaturako bakarrik lan egiten du.
AEBetan arrakasta lortzen duen filmak etekinak ateratzen ditu, baina beste film asko Europan saltzen duenari esker ateratzen da aurrera. Woody Allenek, esaterako, Europako leihatilarik gabe ezingo luke jarraitu.


Nork agintzen du Hollywooden?
Produktoreek. Garai batean produktoreak zinemarekin konprometituago zeuden, baina orain inola ere ez. Konpainia handiak zuzentzen dituzte, Coca-Cola zuzendu dezaketen bezalaxe. Teknokratak dira, sormenaz eta zinemaz tutik ez dakitenak. Tristeena da, zinemagile gehienek horien inguruan funtzionatzen dutela.
Produktore mafiosoak, demagun, 300.000 milioi dolar dituela. Hori gastutan banatzen du, eta zer irabaziko duen kalkuluak atera. Orduan zera erabakitzen du: "martiztarrei buruzko film bat egingo dugu. Nork zuzendu lezake?". Denen artean bat aukeratzen du, eta deitu egiten dio: "Roland Emmerich, zatoz hona...." Nolako filma egitea nahi duen enkargua ematen dio, eta horrela egiten da.
Hollywoodeko industria handiak sekula ez du berrikuntzarik egin, eta sekula ez du ezer berririk ekarriko. Amerikar zinemagile independenteak dira zineman aurreratu dutenak.



Zein da gehienetan ikusi duzun filma?
"2001 Odisea espazioan". 25 aldiz ikusi dut, eta beti zineman. Behin bakarrik ikusi dut bideoan. Lehen aldiz ikusi nuenean ez nuen ezer ulertu, eta horregatik itzuli nintzen hurrengo egunean. Ikusi dudan aldiro zerbait berria deskubritu dut.



Telebistako irudiak ahots ezezagunaren xarma kendu al dizu?
Ez. Oraindik bada aurpegiz ez eta ahotsez ezagutzen nauenik. Ilusioa egiten dit, irratiko entzuleak diren seinale baita. Behin bankura joan eta leihatilan buru-makur lanean ari zenari esan nion: "nortasun agiria erakutsi behar al dizut?" "Ahots horrekin, ez", esan zidan.

Curriculuma
- Jaio: Bilbon, 1947an.
- Kazetaria eta zinema kritikaria.

Ibilbidea
1966an Herri Irratian hasi zen.
1980tik 1984ra TVEko «Telenorte»n aritu zen.
1984az geroztik, Radio Euskadin ari da. Hainbat programa egin du, baina ezagunenak oraindik martxan dirauten «Pompas de papel» (1987tik) eta «Euskal grafitti» dira.
1986an ETBn hasi zen, eta geroztik hainbat programa egin du, horien artean «El ladrillo» (1986), «Va de cine» eta «La noche de...» (1995etik).l Huelvako zinemaldiko epaimahai kide izan zen 2001ean.

Bertsoa
Doinua:
Bizkaiko Aberatsak

Lan bat bilakatzeko
denentzat, denena,
"izan zaitez zerorri"
omen duzu lema.
Nola egin zerorri
izatearena,
kontaiguzu nor zeran,
kontaiguzu dena,
finean bizitza da
filmerik onena.

Jose Manuel Sanchez Tiradoren pazientzia.
Arrapaladan eta mingaina trabatuz hitz egiten nuen gaztetan. 16 urterekin, irakasle bati nire ahotsa gustatu zitzaion eta «Radio Bilbao»ko esataria zen bere lagunarengana bidali ninduen: Jose Manuel Sanchez Tiradorengana. Pentsa zein egoskorra nintzen, hamazazpi aldiz joan nintzen irratira topatu nuen arte! Sekula ezin izango diot eskertu nirekin hartu zuen pazientzia santua. Astero bitan elkartzen ginen, eta pixkanaka irakatsi zidan ahoskatzen, ozen irakurtzen... Horrela hamabost hilabetez!


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude