ESKOLA JAIAK: ARABA EUSKARAZ, ESKOLA TXIKIEN FESTA ETA NAFARROAKO EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA


2021eko uztailaren 16an
Udaberriko azken txanpa heldu da. Herri Urrats, Ibilaldia, Ikas Biren festa eta Euskal Eskola Publikoaren jaia igarota, uda aurretik Araba Euskaraz antolatuko dute Oiongo San Bizente ikastolakoek. Ekainaren 8ko eskola jai bakarra ez da izango ordea. Asteasu (Gipuzkoa) eta Iruñeko Takonera parkera ere hurbilduko gara. Asteasun, eskola txikietako irakasle, ikasle zein gurasoak bilduko dira eta Iruñean Sortzen-Ikasbatuazek antolatuko du Nafarroako euskal eskola publikoaren jaia.

ARABAR ERRIOXA EUSKARAZ

«Oro bil borobil» leloa aukeratu du Oiongo San Bizente ikastolak aurtengo Araba Euskarazera gonbidatzeko. Inguruko herrietatik etorritako ikasleei esker egin du aurrera Oiongo ikastolak. Alde horretatik, denak bilduz gero, etorkizunari irribarrez itxaroten duenaren planta hartu dute oiondarrek.

Oion ez ezik, Araba osora hedatu dira San Bizente ikastolak antolatutako ekitaldiak. Askoren artean, Ruper Ordorikak Logroñon emandako kontzertua erabat deigarria suertatu da. Izan ere, Oionetik oso hurbil dagoen hiria da Errioxako hiriburua eta bertan bizi diren zenbait euskaltzalek San Bizente ikastolara bidaltzen dituzte euren umeak. Beste aldetik, badira euskararen egoerak sentsibilizatutako beste zenbait logroñotar, "aspaldi batean Errioxan ere euskaraz egiten baitzen", Araba Euskarazeko koordinatzaile Asier Otamendik azaldu bezala.


Errioxatik bi autobuskada ikasle


2003ko Araba Euskarazek zenbait proiektu abiaraztea du helburu. 1978. urtean gurasoek eratu zuten ikastolaren eraikina zahar gelditu da eta horixe eraberritzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Bigarrenez, ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuek hala eskatuta, 1997ko Araba Euskarazen ostean eginiko eraikin berria ordaintzen amaitzeko balioko du aurtengo edizioan bildutakoak.

Azkenik, Logroñotik etortzen diren ikasleek herri erakundeen diru-laguntzarik jasotzen ez dutela kontuan izanik, eurentzako doako garraioa bermatu nahi dute San Bizente ikastolakoek. Gainera, datorren urteari begira, Errioxatik bi autobus bideratzea espero dute. Horietariko bat, gutxienez, doakoa izateko itxaropena azaldu dute.


Hirugarren Araba Euskaraz


Aurtengoa Oionen egiten den hirugarren Araba Euskaraz izango da. Aurrenekoa 1984an izan zen. San Bizente ikastolak sei urteko ibilbide laburra baino ez zuen. Hala ere, ikastola eta horren eredua sendotzeko zeharo erabakiorra suertatu zen Araba Euskaraz hura.

1997ko edizioan, aldiz, ibilitakoaren berri eman zuen Oionek. Ordurako begi bistakoa zen ikastolak egindako berreuskalduntze lana. Alde horretatik, agerian azaldu zen ikastolaren nahia, "Gorabidean" leloa baitzeraman 1997ko Arabako ikastolen jaiak. Garai hartan, txiki gelditu zitzaien San Bizente ikastola. Urte hartako Araba Euskarazi esker, eraikin berria egin ahal izan zuten DBH ikasketak Oionen bertan burutu zitzaten ikasleek. Orduz geroztik, San Bizentekoak ez ezik, Bianako (Nafarroa) ikasleak ere hartzen ditu gaur egun Oiongo ikastolak.

Are gehiago, aurtengo edizioak argi utzi du San Bizente ikastolak aurrera egin ahala, euskarak ere horrela egiten duela. Lehen Hezkuntzatik hasi eta DBH osoa amaitu arteko ikasketak Oiongo ikastolan egin daitezkeenez, Arabar Errioxako erreferentzia ez ezik, inguruko herrien helmuga ere bihurtu da. Nafarroarekiko mugan egonda, han eskaini ezin dituzten zerbitzuak dituzte Oionen. Adibidez, Bianako ikastolak Lehen Hezkuntza baino ez duenez, hori amaituta, San Bizente ikastolara jotzen dute ikasleek.


Izioqui dugu! Irabazi dugu!

"Izioqui dugu" dio San Millan de la Cogollan (Errioxa) aurkitutako glosa batek. X. mendeko inskripzio horrek Arabar Errioxako berreuskalduntze prozesua islatzen du: "Irabazi dugu!".

Nafarroarekiko mugan dago Oion eta hegoaldean, euskal lurraldea zehazten duen Ebro ibaiak bereizten ditu Araba eta Errioxa. 2.500 bat biztanle ditu Oionek eta Arabar Errioxako herririk handiena da. Gasteiztik 58 kilometrotara egon arren, Araba osoko bosgarren herria da Oion, biztanleriaren arabera.

Arabako eskualde honetan, euskarak ezagutu duen atzerapena nabaria izan zen aurreko mendeetan. Euskarak baina, aspalditik izan du agerpen berezia Arabar Errioxan. 992. urtean idatzitakoak frogatu zuen euskara Errioxaraino hedatzen zela. Honela zioten San Millan de la Cogollako 31 eta 42. glosek: "Izioqui dugu" (Irabazi dugu), "Guec ajutu ez dugu" (Ez dugu inoren laguntzarik izan). Esaldi horiek berreskuratu dituzte Oiongo ikastolakoek, euren berreuskalduntze prozesuan zeresan handia baitute. Horrela dio aurtengo Araba Euskarazeko abestiak: "Oionen falta ez dadin / euskarazko hitzik / ez gaituzte lagunduko / geu mintzatu ezik".

Gaur egun, gero eta euskal hiztun gehiago dago Oionen. Alde horretatik, aipagarria da Arabar Errioxa euskaraz bizitzeko egiten ari den ahalegina. Oiongo gazteriaren erdia euskaraz mintzatzen dela adierazi dute ikastolakoek. Izan ere, umeen erdiak ikastolan ikasten baitu. 30 urtetik gorakoek, aldiz, erdaraz ikasi dute eta beraz, askok ez dakite euskaraz.


Ttiki-Ttaka elkartea
Ikastolan ikasi ondoren, oiondarren arteko harremanak erdaraz izaten zirela susmatu zuen zenbait euskaltzalek. Euskararen berreskuratze eta normalizazio bidean ari zen herri horrek traba handia aurkitu zuen. Horri aurre egiteko asmoz sortu zen duela hamar bat urte Ttiki-Ttaka elkartea. "Ikastolan ikasitako zenbait gaztek urteak pasa ahala euskaltegira jo" behar izaten zutela ikustean, euskararen egoera erabat larria zela konturatu ziren Ttiki-Ttakakoak. Izan ere, erdaraz bizi ziren eta euskara ia ahaztuta zeukaten. Euskararen agerpena indartzeko nahian dabiltza Ttiki-Ttaka elkartekoak.

Euskalduntze prozesua suspertzeko zenbait ekitaldi antolatzen ditu Ttiki-Ttakak. Aipagarria da azkenaldi honetan hileroko kultur agenda prestatzen duela, nahiz eta eurek "txikitzat" hartu: diapositiba emanaldiak, antzerkiak, txotxongiloak, kontzertuak...

Horretaz gain, Arabar Errioxako (Araba) eta Bianako (Nafarroa) ikastolen eguna udaberrian egin ohi dute azken zortzi urteetan. Egun hori "girotzeko asmoz", martxa zikloturista bat abiatzen dute herriz herri, ikastolekin eta IKA euskaltegiarekin batera.

Apurka-apurka, aspaldiko lurraldea berreskuratzen hasi da euskara. Euskarazko esparruak eurenganatzen ari dira oiondarrak. 2003ko Araba Euskarazeko kantak badio eta, "San Millan-eko testua / ez al da prosa justua? / Haiek egiten zuten eta / guk zergatik ez / izioqui dugu / guec ajutu ez dugu". (Irabazi dugu, ez dugu inoren laguntzarik izan).

San Bizente ikastolak 25 urte

Arabar Errioxako umeak batu zituen San Bizente ikastolak 25 urte bete berri ditu. Ibilbide luze horretan, eskualde horretako berreuskalduntze prozesuan lagundu ez ezik, inguruko eskualdekoak erakartzen hasi da Oiongo ikastola.

Guraso talde batek bultzatuta, San Bizente ikastola sortu zen Oionen 1978. urtean, sei umeko klase bakarrarekin. Garai hartako hezkuntza ereduaren alternatiba zen ikastola. Horrekin batera, euskara berreskuratzeko bideari eutsi zion Arabar Errioxak. Oionera jo zuten orduan Moreda, Ekora, Labraza, Meano eta Kripan inguruko herrietako umeek. Hasieratik bertatik, Logroñoko haur talde bat izan zuen San Bizente ikastolak. Araba Euskarazeko koordinatzaile Asier Otamendik azaldu bezala, "gehienak familia euskaldunak badira ere, euskarak aspaldian Errioxan izan zuen presentziak sentsibilizatutako zenbait gurasok nahi izan zuen euren umeek euskaraz ikas zezaten". Izan ere, inguruko herrietatik Oionera joaten hasi ziren umeek San Bizente ikastola txikiak aurrera egin zezan lagundu zuten.

EAEko euskal eskola publikoaren legea onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak 1993. urtean. Ikastolei bi bide baino ez zitzaizkien eskaini: publikoa edo pribatu a. Ordutik, sare publikoan integratu ez eta kooperatiba legez jarraitu du Oiongo ikastolak.

ESKOLA TXIKIAK HERNIOREN MAGALEAN

Asteasuko Pello Errota herri ikastetxeak hartu du Eskola Txikien Festaren aurtengo edizioa antolatzeko ardura. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa. Alde horretatik, antolatzaileek azaldu bezala, "jaiaren helburua ez da dirua biltzea, eskola txikien garrantzia aldarrikatzea baino". Hortaz, herriak aurrera egin dezan, eskolaren garrantzia azpimarratu nahian, «Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik» leloa darama aurtengo jaiak. Eskolen arteko hartu-emanak sendotzeko ere egun aproposa bilakatu da urteroko festa. Izan ere, "antzeko ezaugarriak" izan ohi dituzte eskola txikiek.

Jai giroak hartuko du Asteasu igandean. Pello Errota herri ikastetxeak antolatutako festan, umeak izango dira protagonista. Asteasu eta Larraulgoak ez ezik, Euskal Herriko eskola txikietako ikasleek prestatutako emanaldiak izango dira goiz osoan. Ondoren, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, pailazoen eta herri kirolen txanda etorriko da. Puzgarriak eta zezen mekanikoa ez dira faltako. "Tristeak kontsolatzeko makina" izenburua duen antzezlana izango da seiak aldera. Horren ostean, erromeriarekin amaituko dute jai-eguna.


Pello Errota ikastetxea


Tolosaldeko eskualdean kokatzen da Asteasu, Donostiatik 20 bat kilometrotara. 1.200dik gora biztanle ditu eta ondoan dagoen Larraulek, ia 160. Horregatik, 1978. urtean eraiki zen herri ikastetxeak bi herrietako ikasleak hartzen ditu. Pedro Elizegi (1840-1919) Asteasuko bertsolari ospetsuaren omenez Pello Errota izena jarri zioten eskolari, horrela baitzen ezaguna bertsolaritzan jardun zuen Elizegi errotaria.

Asteasuko Kukute ikastolarekin bat egin zuen herri ikastetxeak 82-83. ikasturtean. Horrela, Lehen Hezkuntzatik hasi eta DBH ikasketak amaitu arte herrian bertan ikas dezakete hango gazteek. Eskolaz kanpoko ekintzak ere ez dira falta.

Herri txikietako eskolei sarritan gertatzen zaien bezala, ikasle gutxi edukitzeak maila batzuk talde berean bildu behar izatea dakar. Pello Errota ikastetxeari hori gertatu zitzaion 90eko hamarkadan, ikasle kopuruak beherantz egin baitzuen. Datorren ikasturteari begira, baina, ikasmaila bakoitzeko gela bat abian jartzea bideragarri izan daitekeela uste dute.

Gainontzeko eskola txikien antzera, nekazal girotik datozen ikasle eta irakasleak dira nagusi. Ildo horretatik, euskal elebakarrak izaten dira neurri handi batean. Berezitasun horiek kontuan hartzen ditu eskola txikien taldeak. 1988tik egin den Eskola Txikien Festak izaera hori aldarrikatu nahi du, baita herrietan eskolek duten garrantzia kontuan izan dadin ere. Asteasuko jaian, Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Basakaitz herri eskolari lekukoa pasako diote. Hurrengo urtean, eurei egokituko zaie Eskola Txikien Festa antolatzea.

ESKOLA PUBLIKO NAFARRAK IRUÑEKO TAKONERAN

Euskal Eskola Publiko berriaren jaiak, Nafarroan, bere bosgarren edizioa izango du aurten. Antolatzaileek "jaiaren helburu ludikoa" azpimarratu nahi izan dute. Ildo horretatik, euskal irakaskuntza "era alaian" ulertu behar dela adierazi dute Sortzen-Ikasbatuaz-ekoek, "pozik egoteko arrazoi anitz" ez egon arren.

Euskal eskola publiko berriaren arazoak areagotzen ditu Euskal Herriko zatiketa administratiboak. Eredu publikoaren erronkei, Nafarroako hizkuntza politika gehitu behar zaie. Hortaz, 0-3 urte bitarteko umeen doako eskolaratzeak ekarri duen eztabaida hizkuntzaren argitara egokitu behar da Nafarroan. Ildo horretatik, EAEn haurren eskolaratzea eredu publikoaren ikuspegitik interpretatzen bada ere, euskararen garrantziari heldu behar zaio Nafarroan. Irizpide globalik ez duen heinean, eskualde euskaldunetan a priori euskarazko hezkuntza izateko arazorik ez legoke. Zonalde mistoetan, berriz, oso zaila izaten da adin horretako umeentzako ikastetxe euskaldunik topatzea. Esate baterako, Iruñerrian dauden 30 haurtzaindegietatik, bik baino ez dute euskarazko eredurik. Horietariko bat, gainera, pribatua da.

Euskal irakaskuntza aldarrikatzeko jaia ere bada ekainaren 8koa. Sortzen-Ikasbatuazek adierazi bezala, "euskal eskola publiko berriaren ideia gizarteratzea du xedetzat festak". Hori islatzeko, zenbait ekitaldi antolatu dituzte, guraso eta gazteen parte-hartze aktibo eta kolektiboa bultzatzeko. Euskal gizartearen kezkak islatu nahian, "Euskaldunon Egunkaria"ko zuzendari Martxelo Otamendik irakurriko du pregoia jaiari hasiera emateko. Ekitaldi berean, Pedro Esarte historialaria omenduko du Sortzen-Ikasbatuazek, Nafarroaren konkistari buruz egindako ikerketa dela eta.


Ikastola publikoak

1993. urteko EAEko eskola publikoaren legeari aurre egiteko asmoz eratu zen Sortzen taldea. Bost urte beranduago, ikastola publikoak biltzen zituen Ikasbatuaz-ek bat egin zuen talde horrekin. Hortaz, "euskal eskola publiko berriaren festa" antolatzeari ekin zion Sortzen-Ikasbatuaz-ek 1998an. Nafarroako ikastolak eta D ereduko ikastetxeak ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ikastola publiko ere Sortzen-Ikasbatuazeko partaide da. Hori dela eta, "Hego Euskal Herriko euskarazko irakaskuntza nazionala" aldarrikatzen badute ere, "Iparraldekoek egunen batean bat egitea" espero dutela azaldu dute arduradunek.

Ikastolen filosofiari jarraituz, eredu publikoan integratu ziren ikastolek antolatzen dute Sortzen-Ikasbatuazen jaia. Gurasoek gainontzeko eragileen antzera hartzen dute parte jai horretan, "ikastetxearen inguruko komunitatearen zati gisa". Hortaz, denon parte-hartze aktiboa bilatzen da irakaskuntzan, "hezkuntza globala" delako.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude