SORTZAILEEN ELKARTEAK ELKARRI MOKOKA


2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Sormenaren inguruko eremu desberdinetako egileek burututako lanarekiko eskubide batzuk dituzte legediaren arabera: obra zabaldu behar den eta zein eratan zabaldu behar den erabakitzea, egilearen izenean edo anonimoki hedatu behar den zehaztea, bere egile izaera onar dadila eskatzea, obraren osotasuna errespeta dadin eskatzea...

Orain urte batzuk ez bezala, gaur egun Euskal Herriko musika, zinema, antzerki, koreografi, literatura edota multimedia sortzaileek euren eskubideak defendatzen dituzten elkarteak dituzte. Garai batean obra finantzatzen zuenaren esku geratzen ziren eskubideak. Esate baterako, film bat egiten zenean, eskubide guztiekin ekoizlea geratzen zen, bestelako autoreak kontuan hartu gabe.

Autoreek lanaren truke soldata bat baino ez zuten jasotzen, egin ostean obrak sor zitzakeen bestelako irabaziei agur esaten ziotelarik. Egun, autoreek beren obra bukatuta eta merkaturatuta dutenean, honetatik ateratzen diren ondasunetatik probetxua ateratzeko eskubidea dute, bai moralki eta baita ekonomikoki ere.

Hego Euskal Herrian, SGAE (Espainiako Autoreen eta Editoreen Batasuna) da eskubide hauen gehiengoa kudeatzen duena. Azken bi urteetan bere bazkideen artean 500 milioi euro inguru banatu ditu elkarte honek. Diru kopuru handia, dudarik gabe, egileek euren eskubideen defentsan lortzen dutena.

Sektoreak bizi duen krisia bizita ere, azken urtean 24.376 egilek 561.000 obra desberdin plazaratu dituzte Espainian, SGAEren arabera. Era guztietako obrez ari gara: multimedia interaktiboa, film labur baten gidoia, abesti baten letra, film luze baten argumentua edota antzezlan bat, besteak beste, egile baten sormen lanaren emaitza dira eta egileen eskubideak izateko eskubide osoa dute.

Musikaren arloan, euskal musikagileen eskubideak defendatzeko, Euskal Herrian zenbait musikagile eta musika editore euskaldun biltzen hasiak dira SGAEren antzeko instituzio bat sortzeko itxaropenez. ARGIAn orain bi urte Fermin Muguruzari egiten zitzaion elkarrizketa batean, honek "Zer falta zaio euskal musikari aurrera egiteko?" galderaren aurrean, honek kuota lege baten alde borrokatzen hasi beharraz gain, SGAE euskaldun bat sortu behar zela zioen. Gauza bera diote beste hainbat musikagilek.

Ignacio Casado SGAEren Euskal Herriko ordezkariak hori lortzea ez dela batere erraza dio, Espainiako legediak ez duelako ahalbidetzen egileen eskubideak kudeatuko lituzkeen erakunde bat sortzea SGAEtik kanpo. Casadoren esanetan, "SGAEren lana da Euskal Herriko egileen eskubideak defendatzea".

Hainbat musikariren bultzadaz, hala ere, Euskal Herrian Boza ediziogunea sortu da, euskal musika autoreen eskubideak kudeatu eta promozionatzen dituen elkartea. Euren web gunean irakurri daitekeen legez, "Boza Ediziogunea sortzaileen egile eskubideak defendatzeko eta kudeatzeko Euskal Herrian sortutako egitura da. 300dik gora egile, konpositore, bertsolari eta abarren egile eskubideak ordezkatzen ditu. Gaur egun, 1.500 kantutik gorako errepertorioa kudeatzen du". Eta egia esan, era guztietako musika talde zein musika mota aurkitu daiteke Bozaren katalogoan. Euskal musikagile ezagun zein ezezagunak. Lehen aipaturiko Fermin Muguruza, baina baita Anari, Dut, Jexus Artze, Benito Lertxundi, Iker Goenaga, Joserra Senperena, Gatibu edota Skunk bezalako musika talde zein musikagileak daude egile multzo horren barnean.

Boza edizioguneko Leire Zugastik dioenez, "Bozaren lana egileei euren eskubideen inguruan informatzea da. Esan Ozenki eta Elkarrek sortuta, autoreen aurrean bitartekari lanak egiten ditu, SGAE baita egileen eskubideengatik negoziatzen duena".

SGAEren kudeaketarekin oso kontent ez daudenak, zine zuzendari eta gidoigile multzo handi bat dira. Hauek DAMA sortu zuten SGAEk euren eskubideen alde lan gutxi egiten zuela uste dutelako. "SGAEk ikus-entzunezko profesionalak diskriminatu egiten dituela iruditzen zaigu", dio DAMAren presidente den Montxo Armendariz zinegile nafarrak.

Konpetentziaren tribunalera eraman du talde honek SGAE, gidoigile eta zuzendariekin 12 milioi eurotik gorako zorra duela uste baitu. "Telebistan emititua izateak duen kostuaren %2a eurek jasotzen dute. Gainera ikusleak zine sarrera batengatik ordaintzen duen %2arekin edota bideo dendan alokatzen den zinta bakoitzeko euro batekin geratzen da SGAE", gogorarazten digute DAMAkoek. Elkarte honen barne dauden 300 profesionaletako batzuk oraindik ez dute jaso euren azken lanen inongo ordainik, egile eskubideei dagokienez.

1998an Espainiako Kultura ministerioak egileen eskubideak kudeatu eta zabaltzeko ahalmena eman zion DAMAri, baina ordutik hauek ezin izan dute lan askorik egin, SGAE baita egile eskubideengatik jaso beharreko diruak kudeatzen dituena. "Monopolioa dute kudeaketan. Gure eskubideak telebista edota zine programatzaile bati eskatzen dizkiogunean, hauek guri eman beharreko partida jada SGAEkin negoziatua dutela argudiatzen dute".

SGAEko ordezkariek ordea, DAMAn gestio arazoak eta inkonpetentzia direla nagusi diote. "DAMAkoek ez dute negoziaziorako ahalmenik. Diru kopuru altuegiak eskatzen dituzte egile eskubideengatik eta banatzaileek nahiago dute gurekin negoziatu".

DAMAren beste kexu bat, SGAEn izena ematen duenak hau utzi eta DAMAn sartzeko zailtasun gehiegi izaten dituela da. Hau da, egile batek SGAE utzi eta DAMAk euren eskubideak kudeatzea nahi badu, ezin duela hau nolanahi lortu. Hiru urte pasa behar izaten dira.

Asko dira SGAE utzi eta DAMAk euren eskubideak defendatzea bilatzen dutenak, baina legea euren kontra dago. Egoera honetan daude, besteak beste, Enrique Urbizu edota Gracia Querejeta zinegileak.

Hasiberriak diren gehienek SGAEn ematen dute izena, honek DAMAk bermatzen ez dizkien egile eskubideengatik diru sarrerak emango dizkielakoan. Konpetentziako tribunalak DAMAri arrazoia emateko itxaropena du Armendarizek. Horrek egungo panorama goitik behera aldatuko luke.

Egileen eskubideen inguruan tira-birak ez datoz jaso beharreko diru kopurutik bakarrik. Guztiaren atzean eskubide moral bat ere badago, eta horren defentsan ere lan egin beharko lukete egile eskubideak kudeatzen dituzten elkarteek. Finean, egindako lanaren onarpena izatea beste eskubide bat baita.

Baina zer gertatzen da sormen lan bat egin arren lan hori sormen lan bezala onartua izaten ez denean? Zinemagintzan adibidez, egilearen eskubideak lau zatitan banatzen dira. Laurden bat argumentua egin duenarentzat, beste laurden bat gidoilariarentzat, beste bat musikagilearentzat eta beste bat zuzendariarentzat izaten da egileen eskubideengatik kobratzen denaren banaketa egiten denean. Honen arabera, argi geratzen da argazki zuzendari batek edota soinu efektu buru batek, adibide bi baino ez jartzeagatik, ez dutela egile eskubideen partidatik dirurik ez onarpenik jasoko, nahiz eta seguraski bere lanean film batean eragina izango duen sormenezko erabakiren bat hartuko zuten.

Europako Argazki Zuzendarien Elkarteak, Imagok, behin eta berriz aldarrikatu ditu autore hauen eskubideak. Javier Agirre argazki zuzendari irundarraren ustetan, "hau horrela izanda ere, ez da beti aplikagarria. Hau da, batzuetan argazki zuzendari batek lan mekaniko bat egiten du eta kasu horietan ez litzateke logikoa lan horregatik inongo eskubiderik izatea. Desberdina da argi edota kolore bat bilatzeko argazki zuzendari batek zerbait berria sortzen duenean, honek lanaren azken emaitzan eragina izaten duelako eta sormenaren barne sartzen delako". Dena den, zaila da argazki zuzendari batek edota zuzendari artistiko batek egindako lana neurtzea. Nola zehaztu daiteke noiz den lan horren emaitza errealizadorearen ideia edota beste norbaitena? Egun, errealizadore edota zuzendariaren lana baino ez da onartua izaten.

Egilearen lanak onarpen moral zein ekonomikoa izatean datza dena. Horretarako sortu ziren hori kudeatzen duten elkarteak, baina zerbait oker egiten ari direla dirudi. Marka litzateke egileen eskubideen errekonozimendua bermatu behar duenak, egileen eskubide hauek ez errespetatzea.

Saiakerak
DAMA ez da zinegileek SGAEtik aldentzeko egin duten lehen saiakera. 1980ko hamarkadan, Pilar Miró, Rafael Azkona edota Giménez Ricok beste talde bat sortu zuten, baina porrot egin zuen euren eskubideen defentsan ezer gutxi egin zezaketela ikusi omen zutelako.
1990an desberdintzea lortu zutenak arte plastiko eta bisualeko egileak izan ziren, VEGAP elkartea sortuz. Artista hauek ordutik SGAEtik bereizita daude, nahiz eta oinarrian, batzuek zein besteek, funtzio bera duten: egileen eskubideen defentsa.


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude