MCC: NAZIOARTEKO HEDAPENEAN, SALMENTAN ETA ENPLEGUAN GORA


2021eko uztailaren 20an
Iazko ekitaldian, 2002koan alegia, Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC) taldeak ere nabaritu zuen ekonomian oro har gertatu zen moteltzea edo hazkunde txikiagoa. Hala eta guztiz, enpresako arduradun nagusiek diotenez, aski emaitza onak izan zituzten salmentetan (kanpoko nahiz barruko merkatuetan), enpleguaren sorkuntzan eta internazionalizazioan gaina hartuz joateko helburuan. Ondorio horixe ateratzen da behintzat Euskadiko Kutxaren 2002ko memorian datozen datuetatik. MCC taldeak berak oraindik ez ditu ofizialki aurkeztu datuak, baina, dena dela, artikulu honetan jaso ditugunen antzekoak izango dira.

Gaineratu dugun taulan ikusten den moduan, taldeak %13tik gorako igoera izan zuen salmentetan (9 mila milioi eurotik gora saldu zuen) eta %11,4ko hazkundea enpleguan, hots, 6.384 lanpostu sortu zituen. Urtearen amaieran, 67.000 enplegatu baino gehiago zituen taldeak guztira: multzo horretatik 7.000 lagunetik gora ziren kooperatibek parte hartzen duten atzerriko elkarteetan zihardutenak. Internazionalizazioaren arloan, kanpoko merkatuetan tokia hartuz joan da nabarmen, eta hauexek dira lorpen agerikoenak: Fagor Etxetresna Elektrikoak Frantziako Brandt Electromenager taldearen barruan sartu zen, Israelgo Elco taldearekin aliatuta; Matz Erreka ezarri zuen Mexikon, Fagor Sistemas eta Danobat Alemanian eta Fagor Electrodomésticos, Orkli eta Irizar Txinan (Irizar kooperatibaren kasuan, fabrikazioko bigarren planta da iazkoa).


Talde industriala da internazionalizatuena


Lehen adierazi dugun moduan, hiru talde biltzen ditu MCCk. Hiruko horretan, talde industriala da nazioarteko koiunturan presentzia handiena duena, eta, ondorioz, talde horrexek nabaritu zuen gehien ekonomiaren 2002ko moteltzea. Hala eta guztiz, iazko ekitaldia "aski bikaina" izan zela diote taldeko arduradun nagusiek. Erantsitako taulan ikusten denez, fakturatu bederen 2001ean baino %15 gehiago fakturatu zuten.

Iazko ekitaldian, eraikuntzako dibisioa, makina erremintarena eta ekipamendu industrialena izan ziren dinamikoenak. Lehenbizikoan, 2001ean baino bi aldiz gehiago fakturatu zuten (neurri batean 2002an Ulma Taldea MCCn sartzearen eraginez); beste bietan, berriz, %14 inguru igo ziren salmentak. Ingeniaritzako eta ondasunen ekipamenduko dibisioa bakarrik geratu zen 2001eko emaitzak hobetu gabe (urte horretan %24ko hazkundea izan zuen, eta iaz %-5,6 gutxiago fakturatu zuen). Zaila zen 2002an 2001eko emaitzetara iristea, eta are nekezagoa inbertsioetan geldialdia izanda. Edonola ere, dibisio horren barrukoak dira ingeniaritzako eta aholkularitzako kooperatibak, eta, kasu horretan, aldekoa izan zen ekitaldia: %16ko igoera izan zuten fakturazioan, besteak beste teknologia berriekin zerikusia duten negozioek gero eta presentzia handiagoa dutelako esparru horretan.

Taldeko arduradunen iritziz, internazionalizatuz joateko helburu estrategikoa erdiesteko garaian, bi alderdi izan dira erabakigarriak. Batetik, atzerrian planta berriak abian jartzea; bestetik, berriz, esportazioetan gora egitea. Datuetan, honela ageri zaizkigu nazioarteko salmentak: 2001ean, %50eko kuota lortu zuten; 2002an, berriz, %51,3koa. Talde industrialaren kasuan, 4.000 milioi eurokoa izan zen salmenta totala, eta kantitate horren erdia baino gehiago, hots, 2.000 milioi euro baino gehiago, nazioarteko salmentak izan ziren. Talde horren barruan, automobilgintzako eta etxetresnetako dibisioetan ageri da salmenta handiena, nahiz eta, 2002ko hazkundeari dagokionez, eraikuntza eta makina erreminta atera garaile. Inbertsioetan, talde industrialak 319 mila milioi euro ezarri zituen 2002an; beraz, 2001ean baino %13 gehiago inbertitu zuen.


Banaketako taldea: Eroski nazioarteko aliantzen bila


Txikizkako merkataritza da MCCren barruko banaketako taldearen jarduera nagusia. Consum eta Eroski kontsumoko kooperatiben bidez ateratzen du aurrera jarduera, kooperatiba horietan parte hartzen duten Comercial Erein, Erosmer Ibérica eta Sofides (Frantziako estatuan dauka egoitza) elkarteen bidez eta Balearretako, Galiziako eta Madrilgo aliatuekin batera sortutako beste elkarte partizipatu batzuen bidez. Banaketako taldekoak dira, halaber, nekazaritzako, abeltzaintzako eta elikagaien industriako beste sei kooperatiba, zeinek, aldi berean, Erkop nekazaritzako elikagaien taldea osatzen baitute.

Banaketako taldeak, 2002ko ekitaldian, finkatu egin zituen negozioko lerroak, beste jarduera zenbaiti ekin zion eta nazioarteko aliantza bat gauzatu zuen ITM talde frantsesarekin. Salmentetan, berriz, 2001ean baino %12 gehiago saldu zuen. Eroski taldeak, iaz, beste 58 supermerkatu eta autozerbitzu propio zabaldu zituen, 7 hipermerkatu, 8 zerbitzu estazio eta 21 bidaia bulego. Sare komertzialaren hedapen hori dela eta, 2.000 lanpostutik gora sortu zituen taldeak.

Eroskiri dagokionez, MCCko arduradunek diote enpresa hori aliantzen eta akordioen politikan funtsatzen dela, merkatuan eta hornitzaileekiko harremanean konpetitiboagoa izateko, eta alderdi horren ondorio ona azpimarratzen dute. Hala, Frantziako Mosqueteros (Intermarché) taldearekin lortutako aliantza aipatzen dute, esate baterako. Nazioarteko aliantza horren ondorioz, 41.750 milioi euroko salmenta lortzen dute, hots, ia 7 bilioi pezetako salmenta, eta, horrenbestez, hirugarren ageri dira Europako sailkapenean eta bigarren elikagaien merkatuan. MCCko arduradunen iritziz, aukera paregabea da Eroski taldeak erosteko gaitasuna hobe dezan, eta bide ematen die, gainera, aurrerantzean epe luzeagoko kolaborazio nazioartekoak funtsatzeko.

Talde finantzarioa, burtsaren jaitsierak markatua
Iaz, burtsako merkatuen jaitsierak markatu zuen MCCko talde finantzarioa, eta, ondorioz, lermatu egin zitzaion errenta globala. Aski ona izan zen ohiko negozioaren bilakaera, nahiz eta, oro har, kredituen inbertsioak bilakaera hobea izan aurreztaileen errekurtsoen kaptazioak baino.

Lau jarduera nagusi ditu MCCko talde finantzarioak. Bakoitzak ezaugarri propioak ditu, baina, hala ere, elkarren artean erlazionaturik daudenez gero, posible dute sinergian aritzea, bai arlo finantzarioan, bai komertzialean. Euskadiko Kutxa arduratzen da bankuko jardueraz eta Lagun Aro MCCko kooperatibisten aurreikuspen sozialaz. Errentamendu finantzarioko negozioak eta aseguruetakoak, berriz, Aroleasing eta Lagun Aro Aseguruak enpresek gestionatzen dituzte, ondoz ondo.

Ekonomiaren kili-koloko egoera amaigabea, interes tipo apalak eta konkurrentzia izugarria zirela medio, Euskadiko Kutxaren kasuan "arras korapilatsua izan zen 2002ko ekitaldia", erakundeko arduradunek diotenez. Aurreikusi zuten errentagarritasunera iristeko trabak handiak izan ziren bereziki. Izan ere, erruz hazi zitzaien gestionatutako negozioaren bolumena, eta ongi zuzendu behar izan zuten gastua kontrolatzeko politika. Azkenean, 100 milioi eurotik gorako etekin garbia eman zuen Euskadiko Kutxak, 2001ean baino %7 gutxiago.

Iazko ekitaldian, familiei eta enpresei emandako kredituen igoera da nabarmena: bukaeran, 6.083 milioi eurotik gorako kopurua geratu zen guztira. Zenbateko horretan, hipotekazko garantia duten kredituak dira %74. Behin behar eta, iazkoan ere baliabide propioetako zenbateko handiak jotzen du begira, Euskadiko Kutxaren finantzetako talde kontsolidablearen kasuan: 980 milioi eurotik gora ageri dira kapitulu horretan 2002ko ekitaldiaren bukaeran. Banco de España erakundearen eskakizunak kontuan hartuz gero, 475 milioi eurotik gorako superabita, beraz.

Ekitaldi horretan, honako hauxe da beste datu esanguratsu bat: Euskadiko Kutxak finkatu egin zuen Euskal Herriaz kanpoko bulego sarea. Gaztela eta Leonen eta Zaragozan, esaterako, 22 sukurtsal zabaldu zituen. Gaur egun, 322 bulegoko dauzka guztira, horietako 85 Euskal Herritik kanpo daude eta Zaragozan dauka presentzia handiena (22 bulego guztira).

2002ko abenduaren 31n, 1.707 langile bazkide zenbatu zituen Euskadiko Kutxak; 2001ean baino 89 lagun gehiago. Lanlekuei dagokienez, %80 sare komertzialeko bulegoetan aritzen dira eta %20 zerbitzu zentraletan. Langile gehienek (649 lagun) hogei urte baino gehiago eman dituzte erakunde horretan lanean, 269 lagunek 16 urte baino gehiago eta 433 lagunek sei urte baino gutxiago. Azkenik, 356 langile daude 6 eta 15 lan urte bitarteko aldia emandakoen artean.

Lagun Arok (EPSV) 27.202 mutualista biltzen ditu. MCCko bazkideak dira gehienak, eta 116 kooperatibetan banaturik daude. Banaketako prestazioek epe laburreko prestazioak babesten dituzte, eta 2002an 54 milioi eurotik gorakoa izan zen zenbatekoa. Ondarezko funts baten bidez garantizatzen dira prestazio horiek, eta 2002ko ekitaldiaren amaieran 2.548 milioiko guztizkoa ispilatzen zuen funtsak.

Lagun Aro Aseguruak erakundeak ere nabaritu zuen ekonomiaren moteltzea. Horrela, aseguruen arloan, %4ko igoera apala bakarrik lortu zuen primetan, 2001eko ekitaldiarekin konparatuta. Dinamika gutxiko egoera horretan, dena dela, Lagun Aro Aseguruen kasuan, 166 milioi eurokoa izan zen sarrera guztizkoa: 2001ean baino %8,8 gehiago hazi zen, eta nabarmen gainditu zuen sektoreko batez besteko hazkundea. Konpainia horrek 59 bulego dauzka Euskal Herrian barrena, eta kopuru horretan sei dira iaz irekitakoak.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude