ZIBER ZABORRAREN GARAIA


2021eko uztailaren 19an
Gordon Moore enpresa gizonak 1965ean "Electronics" aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean esan zuena lege matematiko bilakatu zen eta gaur egun inoiz baino zentzu handiagoa hartu du. Duela 38 urte Moorek esan zuen txipetan dauden transistore kopurua 18 hilabetetik behin bikoiztu egingo zela. Batzuei ezer esango ez dien lege honek hainbat ondorio eragiten ditu.

Zuzenena, ordenagailuen prezioak jaisten diren heinean horien prestazioak igo egiten direla. Hala, ordenagailuen bizitza gero eta motzagoa da. Azken orduko programak edo jokoak erabili nahi baditugu lau edo bost urteren buruan hain ilusio handiz erosi genuen aparailua aldatu behar dugula konturatzen gara. Orduan hainbat galdera sortzen zaizkigu. Kontsumo gizarte honetan zaharkituta geratu den ordenagailuak bost urte baino ez ditu, baina guri ez digu jada balio. Zer egingo dugu? Nora eramango dugu? Norbaiti oparituko al diogu? Ganbaran gordeko al dugu? Bateren batek pentsa lezake ohiko zabortegira eramatea nahikoa izango dela. Baina irtenbidea ez da hain sinplea, edo behintzat ez luke hain sinplea izan behar. Kontuan izan behar da, ordenagailu, telefono mugikor eta antzekoek dituzten osagaiak oso kutsagarriak eta toxikoak direla. Beraz, hainbat itzuliren ondoren jabetzen gara Mooren Legeak eragin ekonomikoak izateaz gain, ingurumenean eragiten duela bete betean.


Arrisku ekologikoa

Tokioko United Nations Unibertsitateak eta AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionalak mikrotxip baten ekoizpena aztertu zuten. Ikerketa horren ondorioak edonor txunditzeko modukoak dira: mikroprozesadore bat ekoizteko 32 litro ur behar dira, petroliotik eratorritako 1,6 kilo erregai, 700 gramo karbono eta antzerako gas eta 72 gramo osagai kimiko. Ulertzeko moduko hitzetan esanda, txip bat ekoiztea auto bat ekoiztea baino ehun aldiz kutsagarriagoa da.

Mercury News-en ikerketa baten arabera, ordenagailu batek hainbat osagai kutsagarri du. Horietako bat txipak kokatzen diren txartela da, berilioa, kadmioa edo merkurioa bezalako substantziek osatua baitago. Baina zerrenda ez da hor amaitzen. Fosforoa, kromoa edo barioa bezalako osagai toxikoz osatutako pantailak eta horien erradiazioak, prozesatzeko unitate zentralen kromoa eta abar.

Gauzak horrela dira eta badirudi ezin ditugula aldatu. Hala ere, softwarearen industriaren aldetik ari dira agertzen zenbait proposamen ekologiko, nahiz eta horiek oso kasu bereziak izan. Besteak beste, bi adibide eman ditzakegu. Alde batetik, Japoniako NEC etxearen PowerMate ECO ordenagailu ekologikoa, silikona eta polimerozko erretxinaz osatutako plastiko berezi batez hornitua, eta bestetik, New Horizons Technologies etxearen Cyclone telefono mugikorra, birziklagarriak diren osagaiez egina. Produktu hauek eskaintzen dituzten prestazioak ordea, ekologikoak ez direnek eskaintzen dituztenetatik oso urrun daude.


Birziklatzea eta dohaintza

Produktuen gainean egin beharreko aldaketen arduraduna industria bera da, baina guk ere ingurumena zaintzeko badugu zereginik. Zer egin dezakegu? Gure lagunari oparitzea izan daiteke proposamen bat, baina horrelako irtenbideetatik at, badira beste zenbait aukera.

Gobernuz Kanpoko Erakunderen bati eman dakiokegu. GKE-ek beraien proiektuetarako ordenagailuak behar izaten dituzte. Beraz, guri zaharkiturik geratu zaizkigunak jaso eta ondoren teknikariek oinarrizko aplikazioak erabiltzeko moduan prestatzen dituzte.

Beste aukera bat birziklatzea da. Noski, guk ez dugu egingo, baina komeni zaigu jakitea zer egin behar dugun gure aparailu zaharraren osagaiek ingurumenari kalterik eragin ez diezaioten eta osagai horietako batzuk berriro erabiliak izan daitezen.

Badira Euskal Herrian ordenagailu, mugikor eta antzerakoak uzteko guneak, garbiguneak deituak. Eusko Jaurlaritzak gune hauek sustatu nahi ditu, baina mementoz zerbitzu hau ez dago zentralizatua. Bizkaian Garbiker erakundeak kudeatzen du gai hau, ez hala Gipuzkoan eta Araban, non udal eta mankomunitate desberdinen ardura den. Beraz, EAEn, kasuan kasu, zuzenena eta egokiena 012 telefono zenbakira deitzea da, bertan nora joan argituko digute edo edozein kasutan, nora deitu informazio hori eskuratzeko.

Garbiguneetako hondakinak baimendutako gestoreek edo enpresek jasotzen dituzte, birziklatze prozesuari hasiera emateko. EAEn hondakinen hainbat gestore baimendu dago: batzuk olioa jasotzen dute (Sader edo Sogecar, esaterako), besteek pilak (adibidez, Recypilas), badira disolbatzaileak jasotzen dituztenak ere (Safety Kleen kasu). Baina oraingo honetan jorratzen ari garen gaiari dagokionez, hondakin arriskutsuetarako baimendutako gestoreak izan behar dute eta dudarik gabe, ordenagailu eta antzerakoak birziklatzeko ezagunena eta aipatuena Asua-Sondikan kokatutako Indumetal Recycling, S.A da. Enpresa hau 1984. urtean hasi zen ekipo informatikoak eta etxetresna elektrikoak birziklatzen. Aparailu hauek duten kobrea, burdina, aluminioa eta metal preziatuak Indumetalen diru iturria dira, kobrearen, aluminioaren eta abarren galdaketaren bidez osagai hauek zirkuitu ekonomikora itzuliak izaten baitira. Baina, plastikoa, beira edo elementu toxikoak baimendutako beste gestore batzuei bidaltzen zaizkie eta hori enpresarentzat gehienetan gastu bat da.

Kontuan izan behar da 2002. urtean Espainiako Ingurugiro Ministerioak ezarritako MAM/304/2002 arauaren arabera, izpi katodikozko hodiak, merkuriozko erreleak eta pilak, nikel-kadmiozko edo berun azidozko bateriak, PCB kondentsadoreak edo hodi fluoreszenteak dituzten aparailu elektriko eta elektronikoak hondakin arriskutsutzat hartzen direla. Beraz, aparailu hauen tratamendu egokia egitea beharrezkoa izateaz gain, legez arautua dago.

EAEko datuek itxaropenerako bidea irekitzen dute. Lerro grisa osatzen duten aparailuei dagokienez (ordenagailuak eta mugikorrak), 1994. urtean 6.325 kilo jaso baziren, 2002. urtean bildutako materialaren pisua 363.357 kilokoa izan zen. Horrek biztanleko 0,18 kilo jaso zirela esan nahi du. Europako Batasunaren helburuak urtean biztanleko 0,20 kilo jaso beharra ezartzen du, beraz, EAE helburu horretatik oso gertu dago. Edonola ere, honek ez du esan nahi zaharkituak geratzen diren aparailu guztiak birziklatzen direnik.


Hirugarren Munduaren zorigaiztoa

Orain arte gure aparailu zaharraz ahazteko bi aukera eman ditugu: GKE bati dohaintzan ematea edo birziklatua izan dadin garbigune batera eramatea. Baina egon liteke hirugarren irtenbide bat ere, hirugarren munduari edo herrialde azpigaratuei laguntzea, hain zuzen ere.

Nazioen Elkartearen Hitzarmenaren 22. artikuluak dio mendebaldeak zibilizazioa berau zabaltzen den gune guztietara eramateko betebeharra duela; edo beste hitz batzuekin esanda, herrialde garatuek azpigaratuei lagundu behar dietela, azken horien aurrerapen bidean sostengu izanez. Gauzak horrela, badira zenbait elkarte Afrika eta beste hainbat herri azpigaratuetara ordenagailuak eta antzekoak eramaten dituztenak, Internet izan dezaten eta gainontzekook lortzen ari garen aurrerapenetatik at gera ez daitezen. Baina zoritxarrez, bestelako errealitate bat ere ematen da. Herrialde garatuen aurrerapen teknologikoa azpigaratuen «ziberzaborra» bihurtzen da.

Birziklatzea garestia da eta ondorioz, zenbaitek aukera merkeagoak lantzen ditu. AEBetan esaterako, ordenagailu bateko monitorearen osagaiak desegitea eta birziklatzea monitore hori Txinara bidaltzea baino hamar aldiz garestiagoa da. Hala, egunero AEBetatik, Europatik eta Japoniatik hondakin elektriko eta elektroniko tona ugari dituzten itsasontzi eta hegazkinak Txinarantz, Pakistanerantz eta Indiarantz zuzentzen dira.

Iaz Txinan honelako aparailu elektronikoak sartzeko debekua ezarri zuten. Baina, hau guztia diru asko mugitzen duen negozio bat bihurtu da eta funtzionarioak beste alde batera begiratzeko prest daude, baldin eta horren truke irabazirik lortzen badute.

Ondorioz, hainbat heldu eta haur «ziberzabortegietan» lanean aritzen dira, eguneko 1,20 dolarren truke gutxi gora behera, baldintza txarretan eta inolako erregulaziorik gabe.


Lanaldi elektroniko baten irudia

Txinako Guiyu hiria hondakin elektronikoen helmuga nagusienetako bat da. Bertara gerturatuz gero aurkituko genukeena deskribatzeko burura etortzen zaizkigun hitzak ez dira ederrak: ankerra, garratza, gordina, beltza, zorigaiztokoa eta krudela. Errealitate hura ikusi dutenen testigantzek honelako irudi bat osatzera garamatzate: Guiyun goiz da oraindik. Gizonak, emakumeak eta haurrak inpresora eta ordenagailuak eskuz desmuntatzen ari dira. Tinta lainoak airean nabari daitezke. Traktore batek kableak kale batera garraiatzen ditu, bertan emakume talde batek urtu eta aprobetxatu daitekeen kobrea upeletan jaso ondoren gainontzekoa Lianjang ibaian isurtzen du.

Beste txoko batean adin ertaineko beste emakume bat altzairuzko xafla bat erretzen ari da, ordenagailuen kondentsadoreetatik urre kopuru txikiak atera nahi ditu. Handik zenbait metrora hamaika urteko neskato bat mahai gainean dauden zirkuituak aztertzen dihardu.

Asko pentsatu beharrik ez dago egoera honek «langile» horien osasunean eragin dezakeen kaltearen larritasuna ulertzeko. Monitoreen beirak beruna dauka eta horrek nerbio sistema kaltetzen du, bateria eta etengailuek merkurioa daukate, fetuentzat guztiz kaltegarria dena. Berilioak minbizia eragin dezake...

Bertakoek badakite egiten dutena txarra dela, baina 18 urteko Lin gazteak dioenez, «dirurik gabe bizitzea arriskutsuagoa da».

Neurririk hartzen ez bada, herrialde hauetara iristen den hondakin kopurua handituz joango da. Europako Batasuna araudi bat prestatzen ari da. Ordenagailu eta antzerakoak sortzen dituzten enpresak behin aparailuak zaharkituak geratutakoan horiek jasotzera behartu nahi ditu. Nahikoa izango al da? Badirudi horretaz gain, gutako bakoitzaren parte hartze aktiboa ere beharrezkoa izango dela. Hala ere, ez dirudi erraza izango denik, milioi asko mugitzen dituen negozio bat baitago tartean

Informazio gehiago
www.euskadi.net/vima_residuos/peligrosos_c.htm
www.garbiker.net
012 telefono zenbakia (Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzua)

Hondakin elektronikoak
Hondakin elektriko eta elektronikoak hiru sail edo multzotan banatzen dira:

Lerro zuria: hozkailuak, garbigailuak, plater ikuzkailuak, labeak eta sukaldeak.
Lerro marroia: telebistak, musika ekipoak, bideoak...
Lerro grisa: ekipo informatikoak (teklatuak, prozesatzeko unitate zentralak, arratoiak...) eta telefono mugikorrak


Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude