KEBIR SABAR: "AEB-EK MUNDUAREN LEGALITATE BERRIA ‘DE FACTO’ EZARRI NAHI DUTE"


2021eko uztailaren 19an
Irakeko gerran hedabideen zeregina abiapuntu izan dugu Kebir Sabarrekin:«Orain arteko gerretan AEBek abantailaz jokatu dute, Al Yazira katea sortu arte ez zuen hedabide ahaltsu bat aurrez aurre izan. Al Yazirak CNNren nagusitasunari aurre egin dio orain. Arabiarren lehen kate independente honek despotismoarengatik nabarmendu diren estatu arabiarrei ere aurre egin die». Sabarren iritziz, AEBek gerra mediatikoa galdu dute, baita gerra diplomatikoa ere: «AEBek ezin izan dute NBEko Seguritate Kontseilua gerrari buruz duen bere iritziarekin bat egitera behartu. Beraz, gerra legez kanpokoa izan da».

AEBek Irak okupatu dutela esan al daiteke?
Irakekoa gerra konbentzionaltzat jo daiteke. AEBetako armada inbasioko armada bat izan da, ez askapenerako armada bat, hori ukaezina eta begibistakoa da. Orain, gerra konbentzionala amaitu ostean, garrantzizkoena dator. Hau da, armada amerikarrak irakiar gizartea kontrolatuko al du? Zalantza ugari dago puntu horretan.

EABetako Donald Rumfesld defentsa idazkariak baseen ezarpena ukatu du.
Baseen ezarpenari buruzko berria AEBen aldetiko iritzi-azterketa bat bezala uler daiteke, baseen ezarpenak sorraraz dezakeen erreakzioa neurtzeko zabaldua. Erregimen berria Irakeko oraingo errealitate sozial, kultural eta politikoaren arabera eratuko da, baina ezarriko den gobernu mota ezagutzeko itxaron beharko dugu oraindik ere. Edonola dela ere, ia ziurtzat jo dezakegu AEBek baseak ezarriko dituztela, Irak leku geoestrategiko zentrala baita. Irak kontrolatzen duenak eskualde ia osoa kontrolatuko du. AEBek eskualdea okupatua daukate dagoneko, baina, jakina, Iraken baseak ezartzea aurrerapauso izugarria izango litzateke beren interesentzako.

Jay Garner jeneral ohia omen da erregimen demokratikoa ezartzeko pertsona. Nola ikusten duzu iparramerikarrek aipatzen duten erregimen demokratiko delako hori?
Ez dut uste Garnerren egitekoa erregimen demokratikoa ezartzea denik. Bera erretretara pasa den jenerala da. Pentagonoak Irakeko berreraikuntzaren zeregina enkargatu dio. Bere lana, funtsean, erregimen berri baten ezarpena erraztea da eta zeregin horretan dago koxka.

Zeregin horretan zer rol joka dezake herri xiitak, adibidez?
Herri bakoitzaren rola ulertzeko, arazoa bere testuinguruan kokatu beharra dago. Mendebaldetik burutu ohi den analisia oso interesatua da, errealitatetik urrun eta hedabideen eta AEBen interesekoa. Irakeko gizartea anitza da eta oso zatituta dago. Saddam Husseinen erregimen ohiak gizarte anitz hori kohesionatu zuen. Etnikoki eta erlijiosoki gizarte askotarikoa da: arabiarrak, kurduak, turkmenak, kristauak eta musulman xiitak daude. Islamaren barruan bi adar nagusi izaki: suniak eta xiitak. Linguistikoki ere anitza da oso: arabiera, siriera, turkimeniera, asiriera, persiera eta sabeoa hizkuntzak daude, besteak beste. Identitate ugari dago, alegia. Irak hiru zati nagusietan bananduta dago: iparraldean kurduak daude eta hegoaldean xiitak, Bagdad hiria tarteko izaki. Bertan aniztasun hauek guztiak biltzen direlarik.
Saddam Husseinen erregimenak osagai etniko eta tribalak desegin zituen eta nazionalismo arabiar baten gainean funtsatu zuen bere boterea. Erlijio bat izan gabe, boterea alderdiaren bitartez artikulatu zuen, petrolioaren kontrola erabili zuen gizartea kohesionatzeko eta alderdiak bertan jarraitzen du oraindik ere. Finean, gizarte oso kontrolatua, menpekoa eta klientelista eraiki zuen. Hasierako erregimen autoritarioa diktadura bihurtu zen gero, baina kohesionatua. Aberastasun eta heziketa sendoa eman zion gizarteari. Irakekoa herri arabiarretako gizarte kultuena da.

Zer erregimen mota eraiki daiteke testuinguru horretan?
Oso zaila da hori antzematea. Xiitak populazioaren %60 dira, baina hauek ere zatituta daude, bi erreferenteri begira: batek Irani obeditzen dio, erreferente xiita-iraniar gerrazalea da, AEBei oldartua. Bestea, alde xiita tradizionala da, Karbalan finkatua. Bi talde hauen artean borroka latzak daude. Orain gutxi, Khoi buruzagi xiita hil dute, hilketa politikoa izan da. Hilketa nolabaiteko eskarmentu bat izan da AEBen aldeko erregimen xiita baten alde daudenentzat; erbestean daudenentzat bereziki. Ezin da Iranek hilketan zer ikusia izan duenik esan, baina xiita batek beste xiita bat hil du. Erreferente xiita tradizionala ez dago Husseinekin ez Bushekin, bere erlijioarekin bizi nahi du, ahal bada bakean. Bestea, berriz, Irak eta AEBen aurka dago eta bere etorkizuna eraikitzeko gerra egiteko prest da. Iraneko erregimen antzeko bat ezarri nahiko luke, adibidez.

Iparraldean, berriz, herri kurdua dago. Nola aterako da gerra honetatik?
Herri kurdua bost estatuetan sakabanatua izan arren errealitate zehatza da. Iraneko gerraren ondoren Saddam Husseinek erregimen autonomoa ‘de facto’ ezarri zien kurduei. Geroago, aldiz, Husseinek berak deuseztatu zuen. Irakeko herri kurdua zatituta dago uneon, tirabira handiak daude bi alderdi nagusien artean; UPK eta UDKren artean. Gerra honen ondoren etor daitekeenaren zain daude. Turkiak ez die sekula estatu independente bat onartuko, horrek gainontzeko kurduen jazarpena ekar bailezake. Autodeterminazioa helburu izanda ere, federalismoaren ideia nagusitzen ari da, eta bien bitartean, autonomian gobernatzeko xedea dute. Baina asmo hauek Iraken eraikiko den erregimenaren arabera gauzatuko dira.

Bagdad erdian izaki, beti ere.
Baiki. Bertan oposizio guztien nahasketa dago. Erbestetik etorriak, sustraitze sozial eta politikorik gabeak. Talde hauek Jay Garnerren atzetik dabiltza, bulego politikoak antolatzen saiatzen ari dira datozen hauteskundeetan boterea bereganatzeko. Horretarako, noski, Saddam Husseinen Bas alderdiaren kide batzuekin ari dira negoziatzen. Xiiten gehiengoa eta Kurdistan independente baten beldur izaki, talde hauek, oposizioaren ahuleziaz eta iparramerikarren laguntza baliatuz, erregimen berria ezarri nahi dute. Husseinen erregimenaren alboan aritutako hainbat sektorek oraindik ere gizartearen oinarriak kontrolatzen baititu. Adibidez, hauen artean 2.000 tribu beduino daude, erregimen zaharraren sostengatzaileak, edozein unetan jaka alda dezaketenak. Horratx erregimen berri baterako eszenategia, erregimen zaharrarren inguruan ibili diren sektore horien gainean funtsatu nahi dute demokrazia delako hori. Finean, beste botere azkar bat eratu nahi dute, kurduak eta xiitak menperatzeko.

AEBek Irakek bide zituen arma nuklearrak zirela-eta justifikatu nahi izan dute gerra. Une honetara iritsita nola ikusten duzu puntu hau?
Arrazoibide hau berez erortzen ari da. 1998a arte aritutako NBEko inspektoreek arma nuklear gehienak deuseztatu zirela zertifikatu dute. Une batez, Saddam Husseinek arma gehiago fabrikatu zuela pentsatu zen, baina Hans Blix inspektoreak esan berri duenez, AEBek arma nuklearren frogak faltsifikatu zituzten. Nire ustez, Saddam Husseinek zeuzkan arma nuklear guztiak deuseztatu zituen, gerra gertu zuela ohartu zenean joko diplomatikoaren bidez libratuko zela pentsatu zuen. Une honetan, AEBak, Britainia Handia eta Espaniako Estatuak Irakek suntsipen masiboko armak zituela eta Saddam Husseinek Al Quaeda talde islamistarekin harremanak izan dituela frogatu behar dute. Horiek izan baitziren gerra hau muntatzeko oinarrizko arrazoiak. Alabaina, ez dituzte frogak erakutsi.

Petrolioa eta Iraki bahitura azkenik. AEBek onartuko ote dute NBEk petrolioaren kontrola izatea?
Kuwaiteko gerraren ostean Iraki bahitura NBEren esku geratu zen, petrolioaren bahitura, alegia. Orain, bahitura kentzeko, AEBek suntsipenezko arma masiboak ez daudela frogatu behar dute, eta hori zertifikatu dezaketen bakarrak NBEko inspektoreak dira, gerra aurretik lanean aritu zirenak. Bahitura ezin dute kendu inspektoreen zertifikaturik gabe. AEBek gerra aurretik hitzartutakoa bertan behera utzi nahi dute, gerra ‘de facto’ irabazi duenez bere legalitatea ezarri nahi du. Irak eraikitzeko petrolioa bere esku nahi du, baina NBEren parte hartzerik gabe. Funtsean, NBE ahuldu eta erditik kendu nahi du. Frantziak AEBei hordago bota die, bahitura bertan behera utzi eta petrolioaren dirua erabil dezan Irak berreraikitzeko. Frantziak NBE nazioarteko eszenategian entitate politiko nagusi bezala mantendu nahi du, AEBek, aitzitik, NBE Gobernuz Kanpoko Erakunde bat balitz bezala funtzionatzea nahi dute. Hortxe dago auziaren iltzea! AEBek lortzen badute bahitura kentzea inspektoreen txostena burutu gabe, NBE erabat baztertua geratuko da. AEBek munduaren etorkizuneko legalitatea ‘de facto’ ezarriko dute

Freelance dabilen berberea
45 urte ditu. Marokon sortua, berberea da. Zientzia politikoak ikasia. Nazioarteko gaietan diplomatua da. 1987an iritsi zen Euskal Herrira; Legorretara ezkondu zen. «Egin», ARGIA eta «Egunkaria»n idatzi du. Herri Irratiko tertuliakidea da egun. Inmigrazioaren inguruan aritzen da, ikerketak egin ditu EHUn. Arabiar enpresentzako itzulpenak egiten ditu orain eta Freelance modura aritzea du gustuko.

Israel eta Marokoko auziak: konponketa zaileko bi gatazka
Nola ikusten duzu palestinar eta israeldarren arteko auzia Irakeko gerraren ostean? AEBek Abú Mazen gobernuburu nahi dute. Nola ikusten duzu Arafat?
AEBak, Errusia, EB eta herrialde arabiarrek Abú Mazen ezarri nahi dute palestinarren gobernuburu bezala, Israelek ez baitu Jasser Arafatekin negoziatu nahi. AEBek palestinarrentzako estatu bat sortzea aurreikusita daukate, baina Arafat buru izan gabe. Irakeko gerra baliatu nahi dute Arafat makurrarazteko. Funtsean, negoziazioa israeldarren aldekoa da erabat. Abú Mazenek Israelekin negoziatzea Israelek bere buruarekin negoziatzea da. Abú Mazenen gobernuak erresistentziako talde palestinarrei armak kenduko lizkiekeen beldur da Arafat. Honek Osloko hitzarmen moduko bat nahi du, Israelek egundo onartu ez duena. Israelek herri palestinarra suntsitu eta Afrikako apartheid erregimenak sortu zituen Bantustan moduko bat besterik ez du nahi hauentzat.

Bestalde, nola ikusten duzu Marokoko egoera? Frente Polisarioa errolda berri bat onartzeko prest omen dago Saharan erreferenduma burutzeko.
Auzi hau Marokok blokeatua dauka aspaldidanik nazioarte mailan denbora irabazteko. Frantziak eta AEBek Maroko sostengatzen dute. James Bakerrek autonomia planteatu du, geroago erreferenduma gauzatzeko. Frente Polisarioak ez du ekimen hau errefusatzen, baina horretarako Argelen oniritzia behar du. Auzi honi begira nolabaiteko aldaketa eman da nazioarteko eszena politikoan, denek konponketa bat nahi dute. Izan ere, Frente Polisarioa ahultzen ari da, eta nahiz eta armak hartzearekin mehatxatzen duen, badaki egoera aldatu dela eta ezin duela gehiago horrela jokatu. Marokok, berriz, denbora bere alde du, Saharako ekonomia indartzen ari da eta okupatuta duen lurraldean bizi diren sahararrei Saharako errefuxiatu eremuetan bizi direnei baino bizimodu hobeagoa ematen die. Irtenbidea bandera marokoarren azpiko autonomia bat litzateke, izan ere, Marokok autonomia eskainiko luke bere barne arazoak konpontzeko nolabait, minoriekin dituen arazoen ondorioz Maroko lehertu litekeelako


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien... [+]


Eguneraketa berriak daude