MIKEL ERENTXUN: "BIGUNA ETA GOGORRA EZ DA NEURTZEN ZARATAREN ARABERA"

  • Bizitza bera bezain atsegina den kantari hau entzuteko, apirilaren 25ean Gasteizen eta uztailaren 13an Donostian duzu aukera.

Caracasen jaio omen zinen, eta denbora luzez gorde omen duzu hango naziotasuna. Zergatik?
Kasualitatez jaio nintzen Caracasen. Aita han ari zen lanean, garai hartako beste euskaldun asko bezala. Amazonas zeharkatzen zuen autopista egiten ari zen. Jaio eta hiru hilabetera etorri ginen hona.
Venezuelako nazionalitatea gorde izan dut orain arte, soldadutzarik ez egiteko.

13 urterekin sortu zenuen «The Hillibilly Cats». Nola hasi zinen?
Gogoan dudan lehen irudia da etxean gitarra bat genuela. Ahizpak eskautak ziren, eta gitarra jotzen zuten elizan. Bi edo hiru akorde jotzen irakatsi zidaten, eta Elvis ikaragarri gustatzen zitzaidanez, bere kantuak ateratzen hasi nintzen.
Eskola Frantseseko lagun bat, Luis Fuentes, nire antzera zebilen. Eta jendaurrean emandako lehen ikuskizuna berarekin egin nuen. Amara Berri auzoko festetan jo genuen, sariketa batean. Elvisen bertsio bat egin genuen, eta sariketa irabazi. Horrela osatu genuen lehen taldea.

Lotsatia omen zara. Eszenategitik jaistean, noski.
Orain ez naiz hain lotsatia, baina urtetan ultralotsatia izan naiz. Eszenategia mozorro baten antzerakoa da, transformatu egiten zaitu. Baina eszenategi gainean ere barnerakoia naiz. Kantatzea gustatzen zait, ez hitz egitea.

Nondik «Duncan Dhu» izena?
Stevensonen «The adventures of Backhum» nobelako pertsonaia bat da. Ez zen bigarren mailako pertsonaia izatera ere iristen, orrialde bakarrean agertzen zen. Nobelan ez zuen inolako garrantziarik, baina izena fonetikoki gustatu zitzaidan, eta azpimarratu egin nuen. Diego Vasallo ezagutu eta taldea osatzea proposatzean, izena ere bota nion. Ez nintzen izena esatera ausartu, eta idatzita erakutsi nion. Orain oso ohituta gaude izen horrekin, baina hasieran jendeari arraro egin zitzaion.
Garai hartan Eskoziarekin txundituta nengoen. Eskozian girotutako istorioak irakurtzen nituen. Paisaiak, fantasmak, estetika hori gustatzen zitzaidan.

80ko erdialdera kontzertu asko egiten ziren Donostiako tabernetan. Nola eragin zuen horrek zuengan?
Uste dut egun ez dagoela horrelako girorik, baina agian izango da ez dudala ezagutzen, orain zirkuitu horretatik kanpo nagoelako. Taldea osatu eta diskoa grabatu aurretik, kontzertu pila ederra eman genuen Donostian. Taberna denetan jo genuen: Uria, Altxerri, Huerto, Nabal... Jendea ikustera joaten zen. Tabernaz tabernako zirkuituak funtzionatzen zuen. Jaialdiak egiten ziren eskoletan, eta maketak bakarrik jartzen zituzten irratiak ere bazeuden.

Nola eman zenuen arrakastarako jauzia?
Ez zen bat-batekoa izan. Donostia inguruan bakarrik mugitzen ginen, eta diskoetxearekin lehen lana kaleratzean zabaldu zen gure eremua Espainiako Estatura. Madril, Bartzelona eta beste hirietako tabernatan jotzen genuen, talde minoritarioa ginen. Bigarren diskoak egin gintuen ezagun.

Zergatik ateratzen dira hainbeste talde Donostiatik?
Ez dakit. Donostiatik talde asko atera dira, gehienak pop musikatik gertuago daudenak rocketik baino. Talde horien hitzak ez dira hainbeste arazo sozialei buruzkoak. Eta hori inguruko herrietan sortu denarekin kontrastean dago. Pentsa, gu euskal rock erradikalarekin batera sortu ginen. Kortatu taldearekin erdibana genuen lokala, eta kontzertu asko eman ditugu elkarrekin. Aldiz, lantzen genituen gaiak oso ezberdinak ziren.
Egun ere La oreja de Van Gogh, Alex Ubago, La buena vida, Le Mans... Donostiako talde pila dago. Kontxa, zeru grisa, xirimiria... horrek eraginik izango du, agian.

Nola aldatu zuen arrakastak zure bizitza?
Ez zen hainbeste aldatu. Orduan arkitekturako ikasle nintzen, eta ikasten eta Donostian bizitzen jarraitu nuen. Ikasle bizitza horrek eutsi zizkidan hankak lurrean. Sekula ez nuen erabaki musikatik bizi nahi nuenik. Zaletasun hutsa zen. Baina kontua handitzen joan zen, eta konturatu ginen bizitzeko dirua ateratzen genuela.

«Ñoñostiar» etiketa jarri zitzaizuen. Zuretzat zer da biguna izatea eta zer gogorra izatea?
Donostiarrak, orokorrean, nahiko ñoñostiarrak gara. Nahiko hiri kontserbatzailea eta «pijoa» da. Horrek baditu bere alde txar eta onak. Ez dut uste gu hain ñoñostiarrak eta bigunak garenik. Niretzat biguna eta gogorra ez da neurtzen ateratzen den zarataren arabera, edo esaten diren hitzen arabera. Jarrera da kontua.
Arrakasta masiboa lortu genuenean, eta neska jarraitzaile asko izaten hasi ginenean jarri ziguten ñoñostiar etiketa. Eta behin jarriz gero, betirako geratzen da. Baina hori urte pare bat iraun zuen garai zehatz bat izan zen. 90eko hamarkadan gure entzulea aldatu zen, gure jarrera ere bai, eta ez gara entzule horrengana itzuli. Baina famarekin geratu gara.

Estatu Batuetan, alderantziz, rock alternatibo barruan sartu zintuzten.
Bai, han ez dute Duncan Dhuren erreferentziarik, eta Mikel Erentxun bakarlaria ezagutu dute. Han zirkuitu alternatiboetan mugitzen naiz, irrati alternatiboetan jartzen dute nire musika... Ez dute aurreiritzirik, eta oso gustura nago.
Azken bi urteotan Kalifornia inguruan bakarrik abestu dut, baita Hego Amerikan ere. Hemen ez dut kontzerturik eman. Hango kontzertuak ezberdinak dira. Izaera latinoa irekiagoa da, pasio gehiago jartzen dute kontzertuetan hemen baino. Entzule helduagoa da, gizonezko gehiago joaten dira emakumezkoak baino...

Duela 19 urte sortu zen Duncan Dhu taldea. Bakarlari gisa ere 10 urte badaramatzazu. Laburtu ezazu zure ibilbidea.
Duncan Dhurekin eta bakarka ere berdin, beti saiatu naiz diskotik diskora aldatzen. Taldeak hasieran oso musika akustikoa egiten zuen, eta pixkanaka denetik frogatzen joan ginen. Rock gogorragoa egin genuen geroago, ondoren teknoarekin aritu ginen lardaskan... Eta azken diskoan jatorrietara itzuli ginen.
Bakarkako ibilbidean ere berdina gertatzen ari zait. Disko xume batekin hasi nintzen, hurrengo hirurak ezberdinak izan ziren, eta azken honetan berriro itzuli naiz jatorriko ideiara. Soinua ezberdina da, baina ideia bera, alegia, gauza freskoak egitea, soiltasunaren bila... Ez dut esploratzeko hainbeste beharrik sentitzen, eta gero eta gusturago nago egiten dudanarekin, barrutik ateratzen zaidanarekin.

Diskotik diskora aldatzen saiatu zarela esan duzu. Jendeak onartu ditu aldaketa horiek?
Batzuetan bai, besteetan ez. Betidanik jarraitzen nauen jendea ohituta dago salto hauetara. Baina jendeak ez du Mikel Erentxunek ateratako dena erosten, gustatzen zaiona bakarrik.
Kontzertuetan ere klasikoak jo behar dira, hori da jendeak eskatzen duena eta nik errespetatzen dut, gainera. Niri ere Rolling Stonesen kontzertura noanean, betikoak entzutea gustatzen zait.

Azken diskoak, «Ciudades de paso» deituak, zer ezaugarri ditu?
Entzuleak gertuko sentituko duen musika egiten ahalegindu naiz, sofistikaziorik gabe, sinplea. Pop eta rockaren arteko musika akustikoa da. Gai pertsonalak lantzen ditut, batez ere maitasunaren bi aldeak. Hitzek bestetan baino kutsu hiritarragoa dute. Kontatzen ditudan istorio asko leku fisikoetan kokatu ditut, hortik izenburua. Kantuak idatzi bitartean pasatu ditudan hiriak ikusten dira diskoan.

Hainbeste urte musikari izaten. Ez al zara nekatu, edo errutinan erortzeko arriskurik ikusi duzu?
Ez, eta hori iristen den egunean utziko diot musikari izateari. Kontzertuetan gozatzen jarraitzen dudan artean eta kantuak naturaltasunez irteten diren artean honetan jarraitu nahi dut. Nire erretiroa, egiten dudanak hunkitzen ez nauenean iritsiko da, orduan musikaren «exekutibo» bat bihurtu naizela ulertuko bainuke. Dena mekanikoegia den egunean, utzi egingo dut.

Zein dira zure inspirazio iturriak?
Abestiak bakarrik jaio ohi dira: sofan lasai zaudela gitarra batekin, kalean paseatzen zoazela... halako egoeratan etorri ohi zait kantuaren lehen ideia. Bat-batean zeure burua sumatzen duzu zerbait abesten. Nik magnetofoi bat eraman ohi dut beti aldean, bidaietan, eta grabatu egiten dut. Grabagailurik ez dudanetan, mugikorretik nire etxera deitu eta doinua erantzungailuan grabatuta uzten dut.

Oso perfekzionista omen zara...
Dezente, bai. Nahiz eta entzutean kantuek oso sinpleak diruditen, atzetik lan asko dago sinpletasun hori lortzeko. Detaileetan asko erreparatzen dut. Abestiaren lehen ideiatik azken emaitzara asko aldatzen da. Eskuetatik ihes egiten dizu kantuak. Zuk hasieran buruan ideia bat duzu, burutik zerbait fisikoa pasatzen zaizu. Baina gero pertsona asko sartzen dira tartean, eta musikariak sartzearekin bat euren nortasuna ere sartzen da kantuan, eta abestiak beste norabide bat hartu ohi du, mugitu egiten da.

Lehendabizi hitzak ingelesez egiten omen dituzu. Zergatik?
Lehendabizi musika egiten dut. Musika lantzen ari naizela, melodia hori abesterakoan edozein hitz sartzen dut, ezer esan nahi ez dutenak, unean bururatutakoak. Spanglishean hasten naiz, hitzek belarrira nola jotzen duten ikusteko. Ondoren sartzen diot hitza gazteleraz. Metodo hau askotan alukeria latza ere bada, spanglishera ohitzen zarelako eta gero erotu egiten zarelako gazteleraz fonetikoki hitz horien antzekoak topatzen!

Zein dira egun zure erreferentziak musikan?
Nire erreferentziak, batetik klasikoak dira: Beatles, Simon & Garfunkel eta batez ere Bob Dylan. Egungoagoak direnen artean Coldplay asko gustatzen zait, baita Ryan Adams ere.

Beste eraginetatik kopiatzeko beldurrik ez duzu?
Ez. Nik asko zor diet jaso ditudan eraginei, eta izatez, nire azken diskoan aipatzen ditut espreski eragin horiek.
Ez dut sorkuntza absolutuan sinesten. Nik uste eremu guztietan (arkitekturan, musikan, pinturan...) beti zerbaitetik abiatzen zarela, ezin da ezerezetik abiatu. Musika asko entzuten dut, eta eragin hori saihestezina da. Izatez, gustuko ditudan kantu askogatik esan izan didate besteren baten antza dutela, baina ni ez naiz jabetzen sortzerakoan.

Espainiako Estatuko musika panoramari 4,5eko nota eman zenion. Zergatik nota eskas hori?
Ez zait gustatzen zer entzuten den, «Operacion Triunfo» tarteko. Gainera publikoa den telebista kate batek bultzatzen ditu kantari horiek, bereizi gabe. Baina ziklikoa da. Lehen bandak zeuden modan, ondoren bakarlariak, gero rocka, ondoren musika latinoa... Irratietan dagoen tokia baino musika talde gehiago daude egun. Eskaintza eskaria baino altuagoa da. Horregatik da hain garrantzitsua zortea izatea.

Euskal musikaz zer diozu?
Estatu mailan arrakasta dutenak badira, La oreja de Van Gogh edo Alex Ubago, esaterako. Baina badira beste batzuk ere, asko gustatzen zaizkidanak. Bide Ertzean da horietako bat. Harreman ona dut horiekin, eta eurekin kantatu nuen «Grisa» diskoan. Hura izan zen euskaraz kantatu nuen aldi bakarra.

Pop musikari egozten zaiona da, hainbeste jenderi gustatzen bazaio, ez dela kalitate onekoa.
Hori ez da horrela. Arrakasta edukitzea edo komertziala izatea ezin da kalitatearekin nahastu. Inork ez du dudan jartzen Beatles taldearen kalitatea, eta milioika jarraitzaile zituzten mundu osoan. Saldu daiteke kalitatea ere. Normalean saltzen duenari kritikatu egiten zaio. Egia da izugarri saltzen dena beti ez dela kalitatezkoa (Operacion Triunfo, esaterako). Baina minoritarioa den guztia ere ez da ona.

Mitomanoa omen zara. Zein dira zure idoloak?
Elvis eta Beatles dira nire ikonoak.

Eta zuk nola ulertzen duzu jendeak zure kontzertura sartzeko orduak ematea ilaran, zu ikusita konortea galtzea...
Muturreraino eramanda hori oso txarra da. Idoloetarako bakarrik bizitzea kaltegarria da; eta berdin futboleko idoloen kasuan, edo beste edozein idoloren kasuan ere. Gauza asko eduki behar dira bizitzan. Baina, neure burua mitomanotzat dudan maila horretan, nik uste txarra ez dela.

Eta zer da pentsatzen duzuna hainbeste jende zugatik hala ikusita?
Eurekin atsegina izatea da axola zaidana, jabetzen naizelako ordu piloa sartu dutela ilaran kontzertu horretan egoteko, edo beste asko oso urrutitik etorriak direla. Unetxo batean eurekin egoten saiatzen naiz.

Kontzertuetan hamaika bitxikeria pasako zitzaizun.
Denetik gertatu izan zait. Pasadizorik dibertigarrienak hitzak ahaztean gertatzen zaizkit. Esaldi batean hanka sartzen duzu, eta publikoa ondo ari denez abesten, esanahien nahasketa oso politak gertatzen dira. Azken aldian hitzak idatzita eramaten ditut.

Zer zaletasun dituzu?
Snowboard eta surfa. Zinema ere nire pasioa da. Gidoiren bat idatzi izan dut, baina kaxoian gelditu dira.

Nola hautsi zenituen hortzak?
Donostiako Miramongo parkean, kolunpiotik erorita, zazpi-zortzi urterekin. Ez dut hortzak osorik nitueneko oroitzapenik. Beti ezagutu dut neure burua horrela. Hautsi nituenean umeegia nintzen konpontzeko, eta konpontzeko adina izan nuenerako ohituta nengoen hautsietara.

Arkitektura ikasi duzu. Karrera amaierako zure proiektua bitxia omen zen.
«Infernuko suhiltzaile parkea» diseinatu nuen. Baina ez zen fantasia bat, erreala zen. Suhiltzaile parkea Donostiako orube batean kokatu nuen, «infiernos» izena duena benetan.

Arkitekturak, musikak baino eremu arrazionalagoa dirudi.
Arkitekturan zenbaki asko dago, baina batez ere artetik asko du, sorkuntzatik. Musika arloan ez dit ezertan lagundu. Maila pertsonalean asko eman dit, izugarri gustatzen zaidalako. Txunditzen nau diseinuak, dekorazioak... sortzea den edozerk.

Musika taldeek zer moda ekarri ohi dute? Alegia, ez da musika bakarrik, ezta?
Musikak bakarrik ez du existitzen, gauza askorekin lagunduta doa. Egia da horren guztiaren atzean irudi bat badagoela. Nazioarte mailan, erreferentzia diren musikariek moda bat sortzen dute, gai dira milioika pertsonen janzteko modua goitik behera aldatzeko. Baina hori denbora tarte handietan gertatzen da. Beatlesek aldaketa izugarria ekarri zuten janzkeran, punk mugimenduak modan iraultza bat ekarri zuen, grunge-ak berdin 90eko hamarkadan... Egun Eminem-ek arrakasta basatia du, eta jende askok jo du berak bezala janztera, tatuajeak egitera edo ilea moztera.

Zuk zein moda segi dituzu?
Niri moda asko gustatzen zait, baina masen uneko tendentzietatik kanpora mantendu izan naiz. Gaztetan ere joera orokorretatik kanpora mantentzen nintzen. Duncan Dhun hasieran ematen genuen irudia ere kontra-modarena zen. Gu 80ko hamarkada erdialdera sortu ginen, erromantiko berrien garai betean, eta gauza oso sofistikatuak zeuden modan; gu orduan oso xume janzten ginen. Beti korrontearen kontra joan gara

- Jaio: Venezuelan, 1965ean.
- Bizi: Donostian.
- Musikaria.
- Ikasketak: Arkitekturan lizentziatua.
- Ibilbidea: 13 urterekin sortu zuen lehen taldea, The Hillibilly Cats. Ondoren etorri ziren Los Aristogatos, Journeys to glory eta Dekathlon taldeak. 1984an sortu zen Duncan Dhu taldea.
- Diskoak:
+Bakarka: «Naufragios» (1992); «El abrazo del erizo» (1996); «Acróbatas» (1998); «Te dejas ver» (2000); «Ciudades de paso» (2003).
+Duncan Dhu taldearekin: «Por tierras Escocesas» (1985); «Canciones» (1986); «El Grito del Tiempo» (1988); «Grabaciones Olvidadas» (1989); «Autobiografía» (1989); «Supernova» (1991); «Piedras» (1994); «Teatro Victoria Eugenia» (1995); «Colección 1985-1998); «Crepúsculo» (2001).
- Sariak: 17 platinozko disko irabazi ditu eta 2 urrezko disko (50.000 ale saltzeagatik).

Doinua: Mutil koxkor bat
Aldea dago Donostiako
hasiera oroitzean
orain baduzu pisua eta
nortasuna ahotsean
taldean eta bakarka ere
hainbat lan zure atzean
arrakasta bat lortuaz beti
zure disko bakoitzean
eskatu gabe doai bat jaso
al zenuen jaiotzean?


Azkenak
2024-12-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?

Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-12-04 | Julene Flamarique
Autonomo faltsuen lan eredua aldatuko duela esan du Glovok, jabea epaitua izan baino egun bat lehenago

Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean... [+]


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Teknologia
Mundu digital bortitza

Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]


Materialismo histerikoa
Beteta

Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]


2024-12-04 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Sir

Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]


Euskara mailu bat da

Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]


Ikusezin

Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


2024-12-04 | Karmelo Landa
Durangok dakarrena

Egotea egitea da. Hala dio aurten Durangoko Azokak, eta egia da, azokaren beraren kasuan behintzat eta Euskal Herria aintzat hartuta. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko... [+]


Cristina Osés. Euskararen demokratizaziorantz
“Jakin nahi dut nola deseraiki daitekeen euskararen aurreko indiferentzia”

2022an egin nuen topo Cristinarekin lehen aldiz, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan proiektuaren baitan. Nafarroa Garaiko errealitate soziopolitikoaren ordezkari-edo ginen zortzi gazte elkartu eta batzen eta bereizten gaituzten aferez... [+]


Eguneraketa berriak daude