ARTISTAREN HUTSUNEA

  • Oteiza eskultore handiak utzi gaitu, baina baita poetak, polemistak, pentsalariak,errebeldeak... ere. Jenio biziko jenioa joan da. Bere lagunengana jo dugu oriotarraren inguruan aritzeko. Haren lanaz, izaeraz, poetikaz, pentsaeraz, haserrealdiez,eskuzabaltasunaz eta umoreaz jardun dute eta, besteak beste, polemikak bizirik dirauela gogorarazi digute. Jorge Oteiza Fundazio Museoaren gorabeherak ezbaitira itzalifundatzailearekin batera. Jorge Oteizak hutsunea utzi digu. Baina berak erakutsi zigun hutsa ez dela ezereza, hutsa betea dagoela. Jorge Oteizak hutsune betea utzi digu.
Abangoardiako artista plastiko handia zen Oteiza, XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetakoa. Ezaguna denez, eskultura erabat hustutzera iritsi zen eta, horri esker, eskultura ez da gehiago materia, hutsik dagoena bera bihurtu da eskultura. Joxe Anjel Irigarai Oteiza Fundazioko patronatukidearen esanetan, «bizitzaren zergatiez kezkatuta hutsaren bila ibili zen, Wittgenstein eta Heideger filosofian bezala, bera esperimentazioan eta artean». Oteizaren masa eta espazioaren kontzeptu berri horretaz eskultura zein arkitektura elikatu dira.


Artista baino gehiago.

Oteizaren lanak, dena den, artearen esparrua gainditzen du. Poeta ere bazen, «gure herriko poetarik handienetakoa», Irigarairen iritziz. «Gutxitan ematen den dohain bat zuen gainera: oso kultoa zen, erreferentzia ugari zituen, baina bera hain zen oldarkorra eta bizia, bere poesia ez zela akademikoegia. Alderantziz, kultoa da eta era berean grinatsua. Nik James Joycerengandik hurbil ikusten dut».
Juan Antonio Urbeltz ere Patronatuko kidea da. Dantzaren zentzuak, sinboloak aztertzen lan handia egin du eta Oteizak «dantza metafora ederrez beteta zegoela» ikusten lagundu ziola dio. «Gerra ondoko belaunaldiarentzat estimulu ikaragarria izan zen Oteiza». Gogora ekar dezagun, esaterako, Ez Dok Amairu izena berak proposatua izan zela.

Euskara ere Oteizaren kezka nagusietako bat izan da. Gazteleraz halako maila altua zuen pertsonari, bere hizkuntzan mutu izatea egokitu zitzaion, ordea. «Oteizaren obra bere ariman integratzeko desioa da» dio Urbeltzek, «baina bere hizkuntza ukatzen zitzaiolako, eten handi bat zuen hor Jorgek. Horregatik bilatu zituen beste hizkuntza batzuk; burdinaren, harriaren bidez, euskaraz hitz egin nahi zuen». Oteizarentzat euskara hizkuntza osoa zen, eta horrela, oso-osorik, jaio zela zioen. Beste hizkuntza batzuk garatuz joan diren bezala, Historiaurretik osorik iritsi zaigun hizkuntza omen da euskara.

Gehienbat eskultore gisa ezaguna bada ere, aportazioak hainbat esparrutan egin zituela esan genezake, beraz. Eta, hala ere, Oteizaren inguruan esparrutaz hitz egitea ez dirudi egokiena denik. Irigaraik azaldu digunez, «berarentzat dena bat zen, ez zituen gauzak konpartimenduetan bereizten». Oteizari bere eskulturak, materialki baino, haiek sortzeko esperimentazio gisa interesatzen zitzaizkion. Sarri esan izan zuen «lau burdin zati besterik» ez zirela, bera ez zela dekoradorea, berari interesatzen zitzaiona bizitzaren artea zela. «Arteak ekarri nau berriro bizitzara» zioen.

Horregatik, ingurukoek bere obra baino bere jarreraren garrantzia aldarrikatzen dute, esperimentaziorako, sormenerako grina.


Tradizioa eta abangoardia.

Hizkuntzarekin bezala, euskal izaera historiaurretik hona bizia izan dela zioen Oteizak. Lascaux-eko kobazuloko zaldiak Goiaren obrekin lotzen zituen eta gu zibilizazio horren ondorengo garela aldarrikatu. Tradizioa gaurko begiz zekusan, tradizio hori abangoardia bihurtuz. «Euskal arimaren, euskal estiloaren bilatzailea izan da», dio Urbeltzek, «baina jendeak gaizki ulertu du; Historiaurretik honako gure kultura erreibindikatzeak ez du esan nahi jendeak kobazulora itzuli behar duenik». Oteizaren ustez, gainera, Historiaurreko mundu hori ez zen hain mundu urruna, Santimamiñetik 18.000 urtek bereizten gaituztela zioen, eta hori 100 urteko 180 amona besterik ez direla. Eta esan bezala, ez zuen hara itzultzeko asmorik agertzen, kultura hori munduan gure kokapena lortzeko oinarritzat hartzeko beharra baizik. «Italiako hiri estatuek 1200etik 1600era jenialtasunez beteriko 400 urte bizi izan zituzten eta herri zoragarria dute orain. Hori da Oteizak guretzat nahi zuena, gurea Arkadia txiki bat izatea zen haren ametsa».

Oteizaren bilaketa hori, tradizio eta abangoardiaren arteko lotura hori, horrela azaldu du Xabier Morras patronatukide eta artista nafarrak: «Bertsolariak, artzainak, aizkolariak... finean gure tradizioa gaur egungo artearen eta zientziaren bitartez landu zuen. Gure kultura nazionalaren oinarriak sortu zituen. Kultura hori beti hor egon da, baina euskaldunok ez dugu sinetsi».


Oteiza gizartearenzat.

Oteizaren inguruan solaskide izan ditugunak gizarteak bere garrantziaz jabetu behar duela diote. Horrelakoak herri bati oso gutxitan egokitzen zaizkiola, eta agian bere modukorik ez zaigula berriro etorriko. Morrasen hitzetan: «Ez dut jenioengan sinesten. Baina existitzen badira, ziur Jorgeren antza dutela». Eta gizarteak bere aportazioa onartzen jakin ez duela ere badiote.

Oteizaren lanaren eragina hor dago. Estetikari dagokionez, duela 40 urte Arantzazuko apostoluek polemika sortu zuten. Egun, belaunaldi berriari apostolu horien buruak ikusi eta klasikoak iruditzen zaizkio. «Espazioaren eta masaren kontzeptu berriaz eskultura eta arkitektura elikatu diren bezala, gizartea bera ere elikatu da inkontzienteki», Morrasen iritziz. Baina oro har, gaizki ulertua eta baztertua izan omen da.

Espiritu kritiko zorrotza izan du beti Oteizak. Oldarkorra, urratzailea, polemista handia izan da eta boterea eta kultur makinariaren aurka jo du. Juan Antonio Urbeltzen aburuz, «gizartea baino aurrerago joan da, eta tradizioaz gizarteak beti jakintsua, eroa eta santuaren aurka jo izan du».

Oteizaren ondarea oso zabala da: eskulturak, poemak, idatziak, film grabatuak... «Gizartea harritu egingo da hori dena ikusten duenean» dio Morrasek. «Hor lan handia dago egiteko, Jorgeren aportazio guztia gizarteari aurkeztu behar zaio apurka». Oteizarentzat berarentzat bere lana gizartean zabaltzeak, artearen pedagogiak berebiziko garrantzia zuen. Pertsona bakoitzak barruan sortzaile bat duela zioen eta sormen hori azaleratu eta lantzea izan zen bere kezka nagusienetakoa.


Haserrearen atzean.

Gizarteak Oteiza haserre irudikatu izan du, beti denen aurka, polemikaren zurrunbiloan gehienetan. Oteizaren pertsonaiak indar handia izan du eta horrek, agian, irudiaren atzean dagoena ikustea oztopatu izan du. Xabier Morrasen hitzetan «Biologikoki horrelako sormen ahalmena duen pertsonarik ez dut ezagutu. Eguneko 24 ordutan eta edozein gairen inguruan zen sortzaile». Politikaz, historiaz, antropologiaz, arkitekturaz, arteaz... edozein gairen inguruan hitz egitean Oteizarekin topikoek ez omen zuten balio. Bere ikuspegiak berritzaileak omen ziren beti, orijinalak eta sakonak. «Ordura arte eraikita zeneukan guztiak ez zuen balio berarekin, zerotik hasi behar zenuen».

Xabier Morrasek 18 urte zituen Oteizaren etxera lehenengoz bisitan joan zenean. Ez omen zitzaion bisita gustatu: «Esaten zuen guztia hain zen berria eta indartsua, beldurtu egin nintzela. Ez nuen defentsa intelektualik Oteizari aurre egiteko. Bisita hartatik ez zen pertsona bera atera, tximistak jota bezala irten nintzen». Pertsonalki oriotarra ezagutu dutenak bat datoz Oteizak liluratu egiten zintuela esatean. «Bere mundua oso erakargarria zen, baina berea zen eta horregatik, arriskutsua. Garbi izan behar zenuen hori ez zela zure mundua». Horregatik urte hauetan guztietan bisita eta bisita artean denbora pasatzen utzi duela dio Morrasek: «Bion arteko komunikazioa posible izan da, ez maila berean noski. Eta, hala ere, oraintsu arte lehen aldian sentitu nuenaren antzekoa sentitu izan dut bisita guztietan, gainditu egiten nauela».

Oteizarenetik milaka eta milaka pertsona pasa dira. Bere etxea kontsultorio kultural moduko bat zela diote bere ingurukoek. «Niri kontuak ez zaizkit ateratzen»azaldu du Xabier Morrasek. «Azken 40 urtetan ez dut lanean ikusi, beti bisitaren bat baitzeukan. Ez al zuen lorik egiten? Nola lortu du halako ondare ikaragarria uztea?».

Eskuzabala ere bazen Jorge eta norbaitek proiektu interesgarri bat aurkezten zion guztietan bere laguntza eskaintzen omen zuen, proiektua bere diruz lagunduz edo, dirurik ez zenean, bere harreman eta eraginak baliatuz.

Bat-bateko haserrealdi gogorrak ohikoak zituen, baina baita umore zorrotza ere. «Jorgerekin algaratik negarrera eta negarretik algarara pasatzen zinen, beti ezustean», esan digu Morrasek.

Bere arazorik handienetakoa, ordea, lan taldean aritzen ez zuela asmatu izan zen. Bere lagunek diotenez, lan taldeak sortzea bere obsesioetako bat izan zen eta ez zuen inoiz hori burutzerik lortu.

Lan taldean asmatu ez, baina bikotekidearekin asmatu zuela diote Oteizaren lagunek, Itziar Carreñorekin ezkontzea modu nahiko bitxian erabaki arren. Buenos Airesko pentsio bateko azken solairuko gelan sartuta zegoen Oteiza. Pentsioa ordaintzeko sosik ez omen zuen eta, harreratik pasa ezin zitekeenez, gelatik ezin zuen irten. Itziar joaten zitzaion janaria ematera eta azkenean dirua ere lortu zuen Jorgek zorra ordain zezan. Gelatik ateratzea lortu eta nola ordainduko zion Itziarri? «Nik ez nuen emakume horri ordaintzeko ezertxo ere eta neure burua eskaini nion». Hala kontatu izan du Oteizak berak, behintzat. Bikotea ezagutu zutenek Jorgerekin bizitzea ez zela batere erraza izango diote eta Itziarrek pazientzia handia erakutsi zuela.

Artista, poeta, pentsalaria, eskuzabala, polemikoa, jenio bizikoa, zaila, langilea, umoretsua, errebeldea... Bizitza luze eta bete baten ondoren, ondare zabala utzi du Jorge Oteizak. Asmatuko al dugu berak utzitako hutsunea bere edukiz betetzen?

Urtez urte
1908: Urriaren 21ean jaio zen Orion, Gipuzkoan.
1931: Bere lehen saria jaso zuen Gipuzkoako Artista Berrien IX. Lehiaketan.
1935: Hego Amerikara joan zen.
1938: Itziar Carreñorekin ezkondu zen.
1950: Arantzazuko eskulturak egiteko lehiaketa irabazi zuen.
1951: Milango IX. Hirurtekoan Ohorezko Diploma eskuratu zuen.
1954: Arantzazuko eskulturak zentsuratu zizkioten. Gero 1969an amaituko zituen.
1957: Nazioarteko Eskulturako Sari Nagusia Sao Pauloko IV. Biurtekoan.
1959: Eskulturak egiteari uztea erabaki zuen.
1963: «Quosque Tandem...! Interpretación estética del alma vasca» argitaratu zen.
1965: «Para una tipología de las relaciones del vasco con Dios y con la muerte» argitaratu zen.
1968: «Estética del huevo. Mentalidad vasca y laberinto» argitaratu zen.
1973: «Un módelo de hombre para el niño en cada país» argitaratu zen.
1984: «Ejercicios espirituales en un túnel» argitaratu zen.
1985: Espainiako Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen.
1988: Asturiaseko Printzea saria jaso eta Espainia ordezkatu zuen Vienako Biurtekoan.
1990: «Existe Dios al Noroeste» argitaratu zen.
1992: «Itziar. Elegía y otros poemas» argitaratu zen. Bere obra Nafarroari uztea erabaki zuen. Nafarroako Urrezko Domina jaso zuen.
1996: Jorge Oteiza Fundazio-Museoaren estatutuak sinatu zituen.
1997: EHUko Honoris Causa doktorea izendatu zuten. Eusko Jaurlaritzaren Euskaldun Unibertsalaren saria jaso zuen eta Gipuzkoako Urrezko domina.
2003: Apirilaren 9an zendu zen


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude