IÑAKI IRAZABALBEITIA: "MARKOAREN ERABILGARRITASUNAK BEREIZTEN GAITU BATASUNETIK"


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Trantsizio garaia gogoratuz hasi dugu elkarrizketa Iñaki Irazabalbeitiarekin, orduan ere politikan ibili baitzen:«EEko militantea izan nintzen 1970eko bukaeran eta 80ko hasieran. EEn Estatutuaren eztabaida nola eraman zen ikusita, egitura nahiko estalinista eta itxia zenez, alderdi hura eta politika utzi nituen». Kultura munduan jardutea erabaki zuen eta arlo horretan aritu da harrezkero: «Euskalgintzan aritu naiz, UEUn besteak beste, baina gizarte mugimenduetan ere parte hartu dut, militante-laguntzaile moduan batez ere: Lurraldea koordinakundean eta Elkarri mugimenduan, kasu», azaldu digu Irazabalbeitiak.

Zergatik politikara jauzi hau? Zerk bultzatu zaitu Gipuzkoako foru hauteskundeetan zerrendaburu gisa aurkeztera?
Beti izan dut politikaren kezka, politikak arduratzen nau, eta bereziki herri honek azken 25 urteotan izan duen bilakaerak. Politikara etortze honen abiapuntua Lizarra-Garaziko Akordioa eta ETAren su-etenaren garai ilusionagarrian kokatu behar da. Garai hura 20 urteko tunel ilun honen bestaldean argia ikusten hastea izan zen niretzat. Ilusio horrek ordea bukaera zapuzgarria izan zuen, gizarteak porrot ikaragarria bizi izan zuen. Lizarra-Garaziko Akordioaren prozeduran akats asko egon zen, baina tunel luze honetatik ateratzeko oso bide egokia izan zen.

Zergatik Aralarren izenean?
Lizarra-Garaziko garaiaz gero, politikari buruzko gogoetak eta iritzi artikuluak plazaratzen hasi nintzen. Semeak koskortzen hasiak dira eta nire buruari esan nion: «ez dut semeentzako nik ezagutu dudan egoera politikoa nahi. Egoera normalizatuago bat nahi dut beraientzako, beste parametroetan lan egin ahal izatea. Borroka armatuak eta gatazka nazionalak ez dezala dena estali, beste bideak sortu behar dira...» eta, bien bitartean, Aralar sortu izan zen. Aralarrek beste aukera bat eskaini du. Aralar hutsetik hasitako mugimendu bat da, bi gauza oso garbi dauzkana: une honetan biolentzia politikoak Euskal Herrian ez duela tokirik eta gatazkaren irtenbidea denon arteko elkarrizketaren ondoren iritsiko dela, aro berria guztion adostasunarekin abiatu behar dugula.

Historikoki, eta oso atzera eginez ANV-EAE, HB, EE, EH eta Batasuna izan dira ezker abertzalearen aukera politikoak. Oraingoan, Aralar eta AuBren aukerak agertu dira.
Ezker abertzaleak espresio bat baino gehiago izan du bere historian. Gerra zibilaren garaitik datozenak, ANV-EAE, esaterako, nahiz aukera politiko bezala ez den aurkeztu izan. Baina beste batzuk ere izan dira azken 25 urteetan. EE ezker abertzalea izan zen, ESB ere bai. EE eta zehazkiago EUE desagertu zenez geroztik, HBk hartu zuen ezker abertzalearen monopolioa, bai kontzeptuarena zein aukera politikoarena. Baina une honetan, adibidez, Zutik eta Batzarre ere ezker abertzalearen parte dira.

Aro berri baten aurrean al gaude?
Bai, argi eta garbi. Uneon, ezkerrak eta ezker abertzaleak agertzeko beste modu batzuk behar ditu, politika egiteko beste moduak. Garai batean ezker abertzalean izan zen aniztasuna berreskuratu behar dugu. Ezker abertzalea ez da mugimendu monolitikoa, ezkerra ez den bezala. Hortaz, beste aukera politikoak aurkeztu behar dira, horietako bat Aralar izaki. Beste batzuk badaude eta gehiago ere egon litezke. Honek ezker abertzalearen aukeren berdefinizio bat ekarriko du.

Zer aldatu da politikagintzan Aralar bezalako aukera bat sortzeko?
Lizarra-Garaziko Akordioa herri honetako politikagintzan inflexio puntu bat izan zen. Akordioak politika egiteko beste molde batzuk erakutsi zizkion herri honi, ilusioa eta arnasa eman zizkion gizarteari, baina arnasa hori etenda geratu zen ETAren su-etena bertan behera geratzean. ETAk bere tregoa eteteak ordea, ez zuen aurreko egoerara itzultzea ekarri, hori ez da ziklo politikoetan inoiz gertatzen. Lizarra-Garazik beste ziklo bat ekarri zuen eta jende askok orduan ikusi zituen bideak ez ditu moztu nahi. Herritar askok bide horretan sakondu nahi du, eta nahi horretatik sortu da hain zuzen ere Aralar bezalako mugimendua edota honen beharra.

Bien bitartean Batasuna legez kanpo utzi dute.
Batasunaren ilegalizazioa Alderdi Politikoen lege antidemokratikoaren ondorio da, ad hoc egindako lege baten barnean burutua. Aralarrek lege hori salatu du. Batasunaren ilegalizazioa estrategia orokor baten barruan sartzen da: helburua ez da Batasunaren legez kanporatzea edo ETArekin bukatzea, bere azken helburua herri honen autonomia, autogobernua eta antolakuntzarekin bukatzea da. Baina Batasunaren ilegalizazioak, halaber, egoera are gehiago larriagotzea ekarri du, sor daitezkeen beste aukerei oztopoak jartzen dizkie, Aralarri esaterako. Ilegalizazioak Batasunaren mundua trinkotzera eta defentsibara jokatzera eramaten du. Egoera honetan askoz zailagoa da gogoeta egitea eta irtenbidearen bilatze horretan beste borroka molde batzuk erabil ahal izatea.

Legeak Batasuna utzi du legez kanpo, ez Aralar.
Bai. Baina hori oraingoz, Aralar mugimendu txikia delako eta ez dakitelako hauteskundeetan zein neurri emango duen. Mementoz ez da Estatuaren etsaia. Baina Aralar indartzen baldin bada eta Estatuari Aralarren aurka jotzea komeni bazaio, berdin joko du, inolako bereizkuntzarik gabe.

AuB da beste aukera. Batasunak protokolo bat sinatu du AuBrekin. Zuek?
Guk Batasunarekin protokolo bat sinatu genuen, ez Batasunak proposatzen zuen protokoloa, ESK sindikatuak aurkeztu zion protokoloa bazik. Berean gure atxikimendua eman diogu Batasunari, harremanak zehazten dira bertan. Testuinguru horretan Aralarrek begi onez ikusten du AuBren sorrera. Gure jendeari sinadura ematea eskatu diogu AuBren aukera posible izan dadin. Baina, halaber, guk gauza bat garbi daukagu, herri honetan dauden pertsona, ideia eta proiektu guztiek adierazteko modua izan behar dutela. Beste batzuek ere beren hautagaiak aurkezteko arazoak dituzte. Hau da, konstituzionalistek beren hautagaiak aurkezteko eskubidea dute eta guk zerrendetan doazen pertsona hauek jasotzen ari diren mehatxuak gaitzesten ditugu.

AuB legez kanpo utziko balute zein izango litzateke Aralarren jarrera?
Aralarrek garbi dauka hauteskundeetan aurkeztuko dela, militanteen batzarrak horrela erabaki zuelako. Baina egoera politikoak aginduko digu azken mementoan zer egin, izan ere, egoera konkretu batean militanteek erabaki dezakete kandidaturak erretiratzea.

«EAJk zuzenbidezko estatu batean bagina jokatu nahi du» esan du Joseba Permachek orriotan. Zer deritzozu?
Zuzenbidezko estatu batean bizi gara, baina gero eta estatu mugatu eta kamutsago batean. Adibidez, Europaren testuingurutik begiratuta zuzenbidezko estu batean bizi gara eta zuzenbidezko estatu horrek dauzkan baliabide guztiak erabili behar dira aurrera egiteko. Horrek ez du esan nahi egoera hau aldatzeko estatu mugatu eta kamuts hori kritikatu behar ez denik.

1988tik aurrera Estatutua eta egungo markoa gainditzeko beharra azkartu da Batasunaren ustez. Aralarrek nola ikusten du markoaren eztabaida?
Aralarrek markoa agortuta ikusten du. Besteak beste, marko honek ez dituelako asebetetzen gure azken helburuak: independentzia eta sozialismoa. Baina Estatutua eta Foru Hobekuntza ere baliagarritzat jotzen ditugu. Batasunetik bereizten gaituena ez da markoa gainditua egotea edo ez, bere erabilgarritasuna baizik. Gure ustez herri honek ezin die esku artean dituen autonomia tresna horiei uko egin, besteak beste, herri honek duen ongizate maila eman diotelako. Ongizate maila hau begi bistakoa da lan esparruan, ikerketa eta garapenaren eremuan, hezkuntza eta osasun sisteman nahiz euskararen alorrean. Eta hau ez da soilik esparru instituzionaletik lortu, herriaren ekimenari esker ere lortu baita. Guk marko honetatik abiatu nahi dugu beste marko batera joateko, baina, beti ere, baldin eta euskal gizarteak markoa aldatu nahi badu.

Azkenik, Aralarrek ba al du EAJ-EAren eta Batasunaren arteko tokirik?
Aralarren tokia garbi dago. Euskal Herria ez da bakarrik autonomia, subiranotasuna, autodeterminazioa edota independentziaren diskurtsoaren inguruan eraiki behar, diskurtso sozial baten inguruan ere eraiki behar da. EAJk eskuin-zentroko eredu bat ordezkatzen du. Guk ezkerreko eredua eraiki nahi dugu, eta horretarako ezker ikuspegitik demokrazian sakondu, baina ez bakarrik demokrazia formalean, demokrazia parte hartzailean ere sakondu nahi dugu. Adibidez, garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu eta ez bakarrik ingurumen ikuspegitik, ikuspegi sozial eta ekonomikotik baizik.
Bestalde, Batasunetik bereizten gaituzten beste elementu funtsezkoak biolentzia politikoaren balorazioa eta kultura politikoa dira. Gizarte mugimenduen bidez garatzen diren ekimenak bideratzeko moldeak ezberdintzen gaitu. Gu politika egiteko jaioak gara, gobernatzeko bokazioarekin, gizarte borroka eta borroka instituzionala uztartzeko borondatearekin. Gizarte demokratiko bat aldarrikatzen dugu, baina gure erakunde barruan ere demokrazia handiena aldarrikatzen dugu. Aralarren militanteok hartzen ditugu erabakiak eta berauek nor garen badakigu. Hori ez da ezker abertzalearen kultura politikoan jakin orain arte

ZIENTZIAREN KOSMOSETIK POLITIKAREN KAOSERA
Donostian jaioa 1957an. Bi semeen aita: Eñaut eta Manex. Zientzia Kimikoetan doktorea. Elhuyar Fundazioko lehendakaria izana, egun zuzendari nagusia da. Euskaltzain urgazlea. Zientzi dibulgatzailea eta idazlea. Ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera ere badakizki. Mugimendu, elkarte eta talde askotako kidea da. Aralar alderdiari toki egin dio bere bizitzan.

"MAILA POLITIKOAN NAHIZ PERTSONALEAN SINTONIA ONA LORTU DUGU ZUTIK-EKIN"
Eusko Jaurlaritzaren inkestak bi biltzarkide eman dizkio Aralarri Gipuzkoako Foru hauteskundeetan. Zerrenda burua zaren aldetik, zer balorazioa egiten duzu datu horretaz?
Balorazio oso positiboa. Batetik, Aralar alderdi sortu berria delako, egitura txikiarekin. Ez daukagu gure inguruko komunikabide bat eta hortaz gizarteak ez gaitu ia-ia ezagutzen. Bestetik, egoera politikoa ez da egokiena alderdi bat sortzeko, hauteskunde hauek ez dira egokienak gurea bezalako mugimendu bat abian jartzeko. Orduan, Gipuzkoan %4 ematea hasiera ona da.

Zein dira Aralarren erronkak kanpainari begira?
Bi nagusiki. Lehen erronka gizarteari Aralar existitzen eta bere programa egokia dela helaraztea da. Gure gizartea abertzalea, ezkerrekoa eta biolentzia politikoaren aurkakoa da, herritar askok bat egin dezake Aralarren ideiekin, eta eremu hori landu nahi dugu. Bigarrena, gizarteari gure botoa baliagarria izango dela ohartaraztea da, botoak gure udal eta foru instituzio hauetan gobernatzeko balioko duela instituzioak ahal den neurrian aldatzeko eta gure herriaren etorkizun hobeago bat lantzen hasteko.

Batasunaren iritziz, Aralarrentzako hauteskundeak botere eta kargu instituzionalak bereganatzeko bitarteko bat besterik ez dira. Zergatik ez zarete iritsi akordio batera, adibidez, EHko parte izan ziren Batzarre eta Zutik-ekin?
Bi alderdi hauekin lanean hasi ginen Euskal Herri mailan akordio batera iristeko. Akordioak bi hanka zeuzkan: bat Nafarroan (Batzarre) eta bestea EAEn (Zutik). Nafarroako hankak krak egin zuen eta ondorioz EAEkoak ere bai. Bi lurraldeetan egoera ezberdinak eman izan dira. Nafarroan hainbat arrazoirengatik ez da akordiorik lortu: esparru berdintsuan aritu izan arren bi kultura politiko ezberdinak osatzen ditugulako eta metodologia ere berandu lantzen hasi ginelako. Denok uste genuen lanketa naturala izango zela baina prozesu luzeagoa baten beharra dugula ohartu gara. Denborarekin aliantza hori gauzatuko delakoan gaude, ordea.
Zutik-ekin harremana bestelakoa izan da, harremanek oso ondorio onak utzi dituzte, maila politikoan nahiz pertsonalean sintonia ona lortu dugu. Ordea, akordioaren helburua bi indar hauekin batera joatea zenez gero, Zutik-ekin lortutako adostasuna bertan behera utzi behar izan dugu. Neronek dezepzio pixka bat izan dut, oso proiektu ilusionagarria zelako, ezker abertzaleko bi indarren arteko konbergentzia lortu dugulako. Epe motzera elkarlanean aritzea espero dut eta ez bakarrik hauteskunde mailan, baizik eta gizarte esparruko lanetan ere. Guk gure aliantzak ez ditugu soilik hauteskundeetara mugatu nahi, askoz zabalagoak izan behar dute. Guretzat, maila instituzionaleko nahiz gizarte mailako lanek maila bereko garrantzia daukate


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude