PEDRO BERRIO ATEGORTUA: "INPOSIZIOAREN MONUMENTUA IZANGO DA BOROA"


2021eko uztailaren 19an
Apirileko hilabete honetan, urtea beteko da herritarrak ziklo konbinatuko zentrala instalatzearen kontra mobilizatzen hasi zirela. Irlandako ESB enpresak eraiki nahi du Zornotzako Boroa auzoan, baina horretarako EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren onespen osoa du. Auzoek mobilizatzen segitzen dute, eta aldiro-aldiro udaletxearen aurrean biltzen dira, Udalak ez baitu errespetatu herritarrek hainbat aldiz eta hainbat eratan (mobilizazioak eta kontzentrazioak, baita erreferendum herrikoia ere) erakutsi duten nahia.

Pedro Berrio Ategortua udalerri horretako auzoa izan da, besteak beste, proiektuaren eboluzioa zorrotz jarraitu eta herritarren zentral energetikoaren kontrako hainbat eratako mobilizazioetan parte hartu duenetako bat. Erretiratua da, pertsona herrikoia eta ezaguna Zornotzan, eta, Boroako proiektu energetikoa jakitera eman zutenez geroztik, honelako eta bestelako liburuak eta dokumentuak biltzen ahalegindu da, zertan datzan jakiteko. Horrela, gure gizartean, gure ingurumenean zentral termikoa funtzionamenduan jartzeak zer ondorio izango lituzkeen ikertu du, baita gizarteko zein sektoretan den arriskutsuen ere. Alde horretatik, haurrenganako, helduenganako... eragina aztertu du.
Zornotzako gainerako biztanleei bezala, Pedro Berrio Ategortuari ere alkatearen inposiziozko politika eta ez adituzko eginarena egokitu zaizkio, zeinek nahiago izan baitu alderdiaren interesen alde jartzea herriarekin dituen betebeharrei erantzutea baino. Proiektuaren arduradunek, bestalde, behin eta berriro goraipatu dituzte egitamuaren bertuteak eta behin eta behin eta berriro ukatu bete-betean herritarren oposizioak egindako salaketak.

Nola jakin duzu zer ondorio izan ditzakeen Boroako zentral termikoak?
Ez dut hango edo hemengo unibertsitateren batera joan beharrik izan. Aski gertatu zait herriko liburutegi munizipalera jotzea. Biblioteka horretako kimika liburuen artean, Amerikako Estatu Batuetako R. Chang irakasleak idatzitako bat aurkitu dut, eta lan horretan ageri dira zentral termikoa funtzionamenduan jarriz gero gure ingurumenean izango genituzkeen gasak.

Zein izango da gas ugariena?
Changek dioenez, zentralak tximinietatik ugarien botako digun gasa, baina ez arriskutsuena, karbono dioxidoa (CO2) da, toxikoa ez dena, baina efektu itogarrikoa bai. Negutegi efektua areagotzen du, eta horretatik klima aldaketa segitzen da. Erruzko kantitatea sortuko du karbono dioxidoetan: 7.400 tona eguneko. Gas horren efektu itogarriak ederki nabarituko ditugu, ezbairik gabe.

Botako du gas pozoitsurik?
Arras ardurakoa da gorabehera hori. Zentral termiko horrek beste 1,860 tona emitituko ditu eguneko karbono monoxidoetan (CO). Oraingo hau arras gas pozoitsua da, zeren oso erraz elkartzen da hemoglobinarekin, odoleko oxigeno garraiatzailearekin, eta eragotzi egiten du prozesu metabolikoetarako behar adina oxigeno garraiatzea.

Beste zer gas igorriko du zentral termikoak?
Boroako tximiniek beste lau tona eta erdi emitituko dituzte eguneko nitrogeno oxidoetan (NOx eta NO2). Nitrogeno dioxidoak (NO2), aireko H2Orekin erreakzionatzen du, eta orduan beste gas batzuen tanta korrosiboak produzitzen ditu. Horrez gainera, sufre dioxidoetan (SO2) ere beste 1,230 tona emitituko ditu eguneko, eta gas pozoitsua, korrosiboa eta usain narritagarrikoa da hori. Nahiz eta kantitate txikian izan, eztula eta narritadura produzitzen ditu sudurrean, eztarrian eta biriketan. Sufre-oxidoak urarekin erreakzionatzen du, eta euri arras azidoa sortzen du.

Horrelako proiektuak 2 km urrundu behar dira gutxienez zona populatuetatik. Errespetatu dute distantzia hori?
Jarduera Gogaikarrien, Osasun galgarrien, Kaltegarrien eta Arriskutsuen Araudiak distantzia minimo hori ezartzen du, hots, zona populatuetatik 2 km urrunago instalatu behar dira horrelakoak, baina kasu honetan ez dute bete araua. Zentraletik bi kilometro baino hurbilago dago Zornotzako nukleoa, eta Larrea inguruko urbanizazioak, berriz, kilometro laurdenera bakarrik. Beraz, are errealagoa eta kezkagarriagoa da arriskua eremu horretan dauden eskola publikoko eta ikastolako haurrentzat. Nolanahi ere, arriskua 20,40 km-ra hedatzen da, baita gehiagora ere.

ARRISKUKO TALDEAK

Zein pertsona talde dira arrisku handienekoak?
Haurrak, lehenik eta behin, eta bi arrazoirengatik da horrela: batetik, airetan nagusiek baino %50 gehiago arnasten dute kiloko; bestetik, heldutasun gutxiagoko arnasteko sistema daukate, garatzen ari zaiena. Hortaz, haien biriken kapazitatea hipotekatzen ari gara eta prozesu asmatikoetan titulatzeko diplomak prestatzen. Hurrena, berriz, pertsona nagusiak eta bihotzeko eta biriketako arazoak dituzten gaixoak: Galdakaoko ospitalea 5 km-ra dago, eta, herrian bertan, urtez eta ajez aberatsak garenok ere argi dugu guztiz! Hirugarrenik, esfortzu fisiko handia egiten dutenak, hots, oxigenazio handia behar dutenak, hala nola, nekazaritzako eta obretako langileak, kirolariak eta abar. Bada, adi Jauregiberrian eta Uritxen. Athletic bera ere kontuz, 7 km-ra besterik ez baitago Lezama! Lagun txarra da karbono monoxidoa, CO delakoa!

Euskal agintari politikoek eta foralek ingurumena defendatzen dutela diote.
Bai, Ibarretxe lehendakaria eta Ingurumeneko sailburua, Intxaurraga, Johannesburgora joan ziren ingurumenaren degradazioari aurre egitera, eta Solabarrieta andreak, diputaziokoak, aitzindari internazionala izan nahi du ingurumena giza eskubide aitor diezaguten. Ez da txantxa, alajaina! Ordea, hitza pitz, gobernuko jarduna gauzatzeko garaian: zer erabakiko, eta onuragarriagoa dela gure lurra eta gure osasuna arriskatzea neoliberalismoari aukerak murriztea baino, pairatzaileentzat ere zerbait geratuko delakoan.

Agintariek diote, halaber, irabazi egingo dugula ongizatean eta bizimoduko mailan.
Badakite zer egiten ari diren, eta justifikatzen ahalegintzen dira. Lehenbizi, ongizatean eta bizimoduan aurreratzeko promesa egiten digute, gu guztion nahiarekin eta irrikarekin bat datozelako uste osoz. Ondoren, garapen ekonomiko liberalaren alde egiten dute horretara iristeko. Era horretako aurrerakuntzak garapen teknologikoa du eskakizun, besteak beste; garapen teknologikoak, berriz, energia horni gero eta handiagoa. Funtsean, energia gehiago behar da, eta, horrenbestez, justifikatu egiten dute Boroako zentral termikoa, nahiz eta haien hitzetik hortzerako ongizatearen, kalitatezko bizimoduaren, osasunaren eta ingurumenaren kontrako emisio kutsagarriak igorri. Ekintzekin jaten dute hitza, bistan denez.

Batzuen iritziz, aurrerakuntza da Boroa; beste zenbaitentzat, aldiz, atzerakuntza. Nork du egia?
Mehatxu dugun aire kutsagarrizko ekaitz honek gogoeta sakona eskatzen digu guztioi. Denoi diot, baina bereziki politikoei eta, esan dezagun honela, ekonomia «aurreratuaren» gizon-emakumeei. Ez dute balio zientzia eta teknika baztertzeko alternatiba sinplistek, ez horixe. Egin egin behar ditugu, ordea, kontrol gabeko garapenari buruzko galderak, baita ezein preziotako aterabideen gainekoak ere. Ingurumenaren suntsitzea ekonomia negatibo moduan bakarrik ebalua daiteke. Berriro aztertu behar da zentral horren legitimitatea, zeren gure garapen humanoa eta soziala edo gure hemoglobina ezin dira izan makina tekniko-zientifikoaren gainean kontrol gabeko lasterketan zoratutako interes ekonomikoen morroi eta aginduko. Izan ere, zapaltzea eta garatzea inoiz ez dira bat eta bera.

"HERRITARREN OPOSIZIO IRMOA"

Nola ebaluatzen duzu Zornotzako proiektuaren kontrako herritarren oposizio sendoa?
Printzipio batek dio denoi dagokiguna denok tratatu behar dugula, hau da, ados jarri behar dela afektatuekin. Alde horretatik, ondorioztatu behar dugu horrenbeste alegaziok, herritarren manifestazioek eta herriko erreferendumeko ezezko emaitza garbiak erabat deslegitimatu dutela zentralaren proiektua. Eta, auzoei bizkarra emanda jardunez muntatzen dena inposizioaren monumentua izango da, zein kasu honetan, ez baita izango bizigabea eta estatikoa, txoriak pausatzekoa eta zirintzekoa, Francoren zaldizko estatuen gisakoa, baizik eta erupzioko gas toxikoen sumendia. Hortaz, bihar ez, baizik eta gaur planteatu behar da berriro gorabehera, hots, erremedioa duen bitartean

NAZIOARTEKO BANKUEK FINANTZATUKO DUTE PROIEKTUA
Nazioarteko bankuek finantzatuko dute Boroako zentral termikoaren eraikuntza, 690 milioi euroko kreditu sindikatu baten bidez. Royal Bank Of Scottland eta Bank Of Tokyo-Mitsubishi banketxeak dira aliantza finantzarioaren buru. Horiekin batera, berriz, BBVA, Banesto eta Irlandako, Alemaniako, Holandako eta Belgikako bankuak ageri dira. Irlandako ESB enpresa publikoak dihardu Bizkaia Energia izendatu duten proiektu hori garatzen. Diotenez, 2005eko azarorako bukatuko dute instalazioa, eta 755 megawatt generatuko ditu. General Electric, ACS eta Sener enpresen aldi bateko elkartea arduratuko da planta gauzatzeaz.

Bizkaia Energia plantak gasaren konbustioko teknologia berriena baliatuko du energia elektrikoa generatzeko. Horretarako, hitzartua dute jada Shell enpresarekin hornitzeko kontratua. Plantak Bizkaiko Badiatik ere lor dezake gasa, zeren antzina ez dela inauguratu baitute entitate horren Zierbenako instalazioa, edota gasoduktutik, hori ere baimendua baitute Padraig McManus ESB enpresako zuzendari nagusiak adierazi zuenez


Azkenak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Bridgestonek 335 langile kaleratu nahi ditu Basauriko plantatik

Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


Eguneraketa berriak daude