Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren sekretua.
1.200. urtean Gipuzkoa Nafarroako Erresuma zaharretik atera ondoren, Legazpiko lurrak muga izanik, bi herrialdeen liskarrak pairatu zituen herriak, nafartarren lapurketak eta erasoak batez ere. Arazo hauek zirela medio, Legazpik babesa eskatu zion Segurari, herri honek harresia eta armada zituelako eta modu horretan 1384.ean Segurarekin bat egin zuen. Hala ere, legazpiarrak berehala konturatu ziren tratua ez zela hoberako izango, Segurak sekulako zergak eta debekuak ezarri zizkielako, herri honen kontrako auzietan eroriz etengabe. Harreman kaxkar eta giro txar honek Seguratik banatzeko gogoa piztu zuen, saiakera luzeen ondoren 1608an lortu zena.
Burdinaren lanketa eta horren inguruan mendetan zehar sortutako ekonomia eta industria motek markatu dituzte bailara honen historia eta bizitza. Bailarako lehenengo biztanleak olagizonak ziren, Antzin eta Erdi Aroko mendeetan zehar burdinolaz lan egiten zutenak. Hasieran haizeoletan eta XIV. mendetik aurrera, uraren indarra erabiliz, ibaiaren ondoan kokatu ziren burdinola modernoetan, Mirandaola kasu. XV. mendean Legazpin martxan zeuden 20 burdinoletatik, 200 urte geroago laupabost besterik ez ziren gelditzen, XIX.ean azken burdinola itxi zelarik. Europatik zetorren burdinaren kalitatea eta prezio onaren ondorioz burdingintzaren industriaren gainbehera gertatu zen. Legazpi gainera fisikoki baztertuta gelditu zen Madril-Irun errepidea bertatik igaroko ez zela erabaki ondoren, baina burdinaren industrian izandako garrantzia berriro berreskuratu zuen XX. mendearen hasieran Norteko trenbidearen eraikuntzarekin batera.
Patricio Echeverriaren garaia da. 1908.ean 12 langilerekin enpresa bat sortu zuen eta herriko industria garrantzitsuena bilakatu zen, Gipuzkoan langile gehien izan dituen enpresetako bat izan da. Fabrika honek Legazpiko paisaia eta bizitza aldatu zuen, kanpotik etorritako langile etorkin andana bat erakarri zuelako, Legazpiren garapena eta hazkundea bultzatuz.
Beste Jarduerak
Orain arte aipatutako ibilbideaz aparte Legazpik beste hainbat eskaintza gordetzen du bisitariarentzat. Aizkorriko maldetako bere kokapen bereziarengatik, era guztietako mendi ibilaldiak egiteko toki aproposa da, Aizkorri aldeko ibilbide gogorretatik Gorostiaga edo Oamendi aldeko txango lasaiagoetara.
Ibilaldi hauetan baso sakonak zeharkatuko ditugu eta mendien gainaldetan antzinako artzainen hilobiak topatuko ditugu bideen alboetan, Neolitiko eta Brontze Garaietako trikuharri eta tumulu erraldoiak alegia, gaur egun harripileta besterik ez direnak eta aurri egoeran tamalgarrian daudenak. Hala ere, iaz Aranzadi zientzi elkarteak udalerriko megalito guztiak seinalizatu zituen bisitari mendizaleak bereiz ditzan. Monumentu hauek Arrolamendi-Gorostiaga mendilerroan, Barrendiola urtegiaren inguruko muinoetan eta Oamendi-Irumugarrieta aldean kokatzen dira.
Praktika daitekeen beste kirola mendi bizikleta da. Horretarako oso aproposak dira Gorostiaga mendiko antenaraino igotzen den pista edota Kimu Berri aterpetik pasa ondoren Arrolamendi aldera doana. Gain horietatik ikuspegi aparta izango dugu Aizkorriko mendizerraren gain.
Legazpik Gabiriarekin muga egiten duen Aztiria izeneko auzoa ibilaldi lasaien abiapuntua izaten da, bai oinez, bizikletaz edota zaldiz ere. Auzo hau asteburuetan oso girotua egoten da eta bertako entsaladak famatuak dira inguru honetan, hornitzen dituzten tomateen kalitatearengatik.
Barrendiolako urtegiari txango lasaian buelta ematea merezi du, bertako amuarrain irrikatuak harrapatzeko asmoz joandako arrantzaleen trebeziaren lekuko bilakatzen garen bitartean.
Barrendiola Aizkorriko malda igotzera ausartuko diren mendizaleen abiapuntua izaten da. Bizkorniako lepoa iragan ondoren Arantzazu, Urbia edo Aizkorri bera izango dute helburu.
Legazpiko punturik garaiena den Burrunkurutze izeneko gandorrari dagokionez, ez dago adostasunik bere benetako altuerari buruz, mapek 1.433 metro ematen baitiote eta mendiko buzoiak 1.300 metro markatzen ditu eta
LANGILEEN IBILBIDEA: PATRICIO ETXEBERRIAREN UNIBERTSOA
50eko hamarkadako langile bizitza eta giroa erakutsiko dizkigun ibilbide hau 15 puntu interesgarriz osatuta dago, herrian barna 50 minututako txango lasaia oinez egiteko modukoa eskainiz, puntu bakoitzaren azalpenak espreski prestatutako paneletan jarraitzen ditugun bitartean.
Ibilaldia Azpiko-Etxean abiatzen da, lehengo paper fabrika eta Legazpiko industrializazioaren hasieraren adibide gisa har daitekeena. XIX. mendeko paper, zemento edo teilen fabrika hauek aurreko burdinolen eta XX. mendeko fabrika handien tarteko espazioa bete zuten.
Urola kaletik jarraituz Echeverria-Aguirre etxearen aurretik pasako gara, Patricio Echeverria bizi zen etxea, 1924an eraiki zena.
Metro batzuk aurrerago Economatoarekin topo egingo dugu, 1939an irekitakoa. Bertan etxeko andreek ilara luzeak egiten zituzten eguneroko elikagaiak berreskuratzeko kartillen bidez. Zigilua eraman zuen azkeneko kartilla 1991koa da.
Economatoaren ondoan Etxe-Alai dago, 1922an eraikita kanpotik etorritako langileei aterpea emateko.
Hurrengo puntua fabrika bera da, Patricio Echeverria S.A., 1908an fundatua eta edozein lanbidetarako tresnak egiten zituena. 1931. urtean bere altzairu propioa ekoizten hasi zen, tresnen ekoizle integrala bilakatuz. Barruak Fritz Langen «Metropolis» filman irudikatutako paisaia ematen zuen, hiri handi bat bezala, tren batek zeharkatutako kaleekin, autobusen barne zerbitzuekin eta bizikleta horiz gora eta behera zebiltzan langileekin.
Lanaren hiribidetik gora Santa Krutz pentsioa topatuko dugu, langile ezkongabeei aterpe emateko sortutakoa. Gehiago igoz, langileen auzoetara iritsiko gara, 20ko eta 40ko hamarkada bitartean Legazpira iritsi ziren langileen familiei etxebizitza emateko xedez eraiki zirenak. Garai hartan Legazpiko populazioa % 48 inguruan igo zen. San Inazio auzoan langileen etxebizitza bat barrutik ezagutzeko parada izango dugu, 50eko hamarkadako dekorazio guztiarekin: sukaldea, apopiloen gela, komuna eta abar.
San Inazio auzotik apur bat gorago Santa Teresa de Jesus ikastetxea dago, enpresak berak sortutakoa. Jaitsiera hasiz eta San Inazio kaletik, Kaperauaren etxera iritsiko gara. Zonalde honetan bilduta ibilaldiko beste eraikin batzuk badaude, Mediku kontsultategia adibidez, Patricio Echeverriak eraikitako izaera soziala zuen lehenengo zerbitzua. Kalearen bestaldean Ostatua dago, fabrika bisitatzen zuten kanpoko pertsonalitateentzat hotel partikular bezala asmatua. Santa Krutz kaletik segituz, Kapera aurkituko dugu, honen jarraian Buen Pastor ikastetxea eta azkenik Legazpi herria bera, hemen eliza, udala eta Bikuña jauregi ederrarekin. Jauregia XVII. mendeko oinplano karratuko oinetxea da. Zurezko galeria bikaina dauka aldeetako batean eta gainontzekoa harrizkoa eta adreiluzkoa da. Bertan, bikuñatarren leinu ospetsua bizi zen.
BURDINOLEN IBILBIDEA, BURDINAREN OROIMENA
Legazpi igaro ondoren Oñatirako bidean berehala aurkituko dugu ezkerrean Mirandaolako parkea, bisitariak une atsegina pasa dezan osagai guztiekin: turismo bulegoa, ikus-entzunezko zerbitzua eta Mirandaolako burdinola arlo didaktikoaren aldetik eta denda, kafetegia, frontoia, erretegiak eta haur parkea arlo ludikoaren aldetik. Dena ingurune lasai eta paregabean kokaturik.
Ikus-entzunezko zerbitzuan Legazpiko haraneko burdinaren bilakabidea erakusten zaigu, mendiko aztarna arkeologikoetatik hasi eta gaurko garairaino.
Aurrera jarraituz, Mirandaolako burdinolarekin eta ondoan dagoen ermitarekin egingo dugu topo.
Mirandaola burdinolaren erreprodukzio zuzena da, burdina lortzeko fabrika, alegia. 1400. urtean dagoeneko abian zegoen burdinola honek 400 urtean zehar ekoitzi zuen burdina. Gertakari ospetsua eta xelebrea ere gertatu zen: Mirandaolako miraria. 1580. urteko maiatzean olagizon batzuk lanean ari ziren igandean. Labean 250 kiloko galdaketa egiteko adina mineral eta ikatz sartu ondoren eta bost orduz lan egin ondoren, sei kiloko burdina zati bat baino ez zuten atera, gurutze formakoa. 1633an Iruñeko gotzainak gertaera miraria izan zela adierazi zuen.
Gertaera honen oroitzapen gisa Patricio Echeverriak Mirandaola berreraiki zuen 1952an.
Gaur egun, XIV. mendean burdina lantzen zen modua zuzenean jarraitzeko aukera eskaintzen da burdinola honetan, horretarako garai hartako olagizonek artisau lan hutsean egin ohi zuten moduan prestatutako erakustaldiaren bidez.
LEGAZPI AURREINDUSTRIALETIK TXANGOA
Mirandaolatik aurrera jarrituz gero Oñati aldera Telleriarte eta Brinkola auzoetara iritsiko gara. Hemen igartzen da industrializazio aurreko garaian Legazpi nolakoa zen, auzo hauen giroa guztiz baserritarra baita.
Telleriarten, Urola ibaian prestatutako ur jauzi eta presa baten ondoan Elorregi Jauregia ikus dezakegu eta apur bat aurrerago jarraituz, Igaraldeko errotara iritsiko gara.
Oñatirako bidetik Barrendiolako urtegira doana hartuko dugu, horrela Brinkolara iritsiz. Aterpetxeaz aparte, Legazpiko auzo honetan beste bi toki guztiz interesgarriak aurkituko ditugu bisitatzeko moduan: Ogiaren Txokoa eta Artzaintzaren Ekomuseoa.
Lehenengoa Igaralde-Goena baserrian kokatzen da, baserri honetan gaur egun ogia artisau eran egiten baita. Txokoak ogia egiten ikas eta ikus dezagun eskaintzen digu, baita jaki honi lotutako alderdi mitologiko eta erlijiosoei buruzko erakusketa finkoa.
Artzaintzaren Ekomuseoa aldiz, Erraizabal baserrian topatuko dugu. Bertan, Idiazabal gazta artisau erara egiteaz aparte, ikus-entzunezko baten bidez eta erakusketa finkoan, artzaintzaren inguruko alor guztiak biltzen dira: paisaia, abereen zainketa, larre aldatzea, bizilekuak, ardien arrazak, hots, mendetan zehar Euskal Herrian guztiz garrantzitsua izan den lanbide eta bizimodu bati buruzko informazio guztia.