JOSEBA PERMACH: "EAJ-K ZUZENBIDEZKO ESTATU BATEAN BAGINA BEZALA JOKATU NAHI DU"


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Batasunaren ilegalizazioa ezagutu eta aste batera hitz egin genuen Joseba Permachekin. Bestalde, Herria 2000 Elizako Jexuxmari Zalakain eta Elkarriko Inesa Ariztimuño kideek iritzi artikulu bana idatzi dute.

Batasuna iazko ekainean debekatu zuten eta irailean bere egoitzak ixten hasi zen Ertzaintza. Harrezkero gertatuaz mintzatu gara abiapuntuan Espainiako Estatuaren legaltasunetik kanpo dagoen Batasuneko koordinatzailearekin: «PPk eta PSOEk Alderdi Politikoen Legea iragarri zutenetik aurreikusi zitekeen guztia bete da. Gainera, ilegalizazioaren epaia publikoa egin bada ere, guri oraindik ez digute honen berri eman. Honek prozesuaren lotsagarria erakutsi du, finean, prozesua balizko justiziaren esku utzi ondoren, politikoek hartutako erabaki bat izan da», esan digu Permachek. Bere esanetan, ordea, legaltasuna eta zilegitasuna ez dizkie Espainiako Estatuak ematen eta lanean tinko jarraitzeko konpromisoa berretsi digu:«Azken aste hauetan herritarrek nahiz gizarte eragile ezberdinek onartu digute zilegitasuna eta indar politiko bezala aintzat hartzen gaituztela azpimarratu nahi dugu».

Harreman horiek eraginkorrak izan daitezke, esaterako, EA, AB, Batzarre, Aralar eta Zutik alderdiekin harremanak lantzeko.
Gu beti mintzatu gara indar politiko hauekin nahiz gainontzekoekin eta orain ere irekiak gaude harremanak landu ahal izateko. ABren eta EAren kasuan harreman iraunkorrak izan ditugu azken hilabeteetan. Jakina denez, alderdi guztiei Protokolo ekimena aurkeztu genien, eta AB kenduta, gainontzeko alderdiek ezezkoa eman ziguten, bakoitzak arrazoi ezberdinak dituelarik. Hala ere, gizarte eragileek ematen diguten zilegitasuna ezagutzen dute alderdi hauek eta beraiek ere badakite zilegitasuna ezinbestean eman behar digutela. Une honetan, ordea, indar politiko hauek badakite ere datozen udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartzeko zailtasun handiak dituela eta interes elektoralak nagusi dira haien baitan. Guk, interes elektoral horien gainetik, gaur egun eragile politiko guztiekin daukaguna baino askoz harreman handiagoa eta iraunkorragoa izatea nahiko genuke, herri honek dituen arazoei aurre egiteko.

EAJrekin harremana dago bestalde. Batasunaren iritziz ilegalizazioari aurre egiteko gakoa ez da judiziala, politikoa baizik. Xabier Arzalluzek Estrasburgoko Auzitegiak legearen aurkako epai bat ematea oso garrantzizkotzat jotzen du. Zeregin horretan EAJrekin dituzuen diferentziak agerikoak dira.
Guk eraso politiko bati erantzun politikoa eman behar diogula esaten dugu. Eta egoera honi aurre egiteko bai gure aldetik zein alderdi politiko guztien aldetik eman beharreko erantzuna nolako izan behar den azaldu diegu gizarte eragileei. Horrek ez du kentzen bestelako ekimenak burutu ahal izatea eta ekimen juridikoak ere aurrera eraman behar ez direnik. Guk ere Estrasburgora joko dugu, baina jakitun gara urteak pasa beharko direla ilegalizazioari buruzko epai bat jaso ahal izateko. Bien bitartean, ordea, Euskal Herrian milaka herritarren eskubideak urratuak izango dira. Horregatik ekimen hori bigarren maila batean kokatzen dugu, gure eta EAJren arteko ezberdintasuna horretan datza. EAJk egoera larri honetan oraindik ere demokrazia eta zuzenbidezko estatu batean bagina bezala jokatu nahi du. Ez du zuzenbidezko estatu baten oinarrizko zutabeak erori direla guztiz onartu nahi. Guk, aldiz, jasaten ari garen eraso politiko honi erantzun politiko bat eman behar zaiola diogu.

Zer erantzun politiko mota eman nahi dio Batasunak egoera honi?
Guk eskaintza publikoa egina diogu EAJri harreman iraunkorrak zabaltzeko, baina, hasteko, Batasunaren eta EAJren artean ez dago inolako harremanik. Horrek EAJren aldetik dagoen borondatea agerian uzten du. Nekez jakin dezakegu zein motako erantzuna eman diezaiokegu egoera honi, aldez aurretik hitz egiteko borondaterik ez baldin badago. Batasunak beste alderdiekin batera erantzun politiko bateratu bat adosteko prest dago. Baina, beste alderdi politikoei buruz esan dudan bezala, une honetan EAJ-EA koalizioa hauteskundeetarako perspektiba batean ikusten dugu soil-soilik, emaitza oparoenak nola bildu besterik ez dute buruan. Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez badu ea bozka horiek nola bereganatu ditzaketen besterik ez dute buruan orain.

Erantzun hori zein perspektiban koka daiteke zure ustez?
Berriki, «Egunkaria»ren itxieraren aurrean, eragile politikoak eta sozialak gai izan gara horrelako eraso bati erantzuteko. Denok ados jarri gara «Egunkaria»ren inguruan proiektu berri bat abian jartzeko. Beraz, Batasunaren ilegalizazioaren auzia ere, «Egunkaria»ren aldeko erantzunaren perspektiban bezala jarri behar dugula uste dugu, eraikuntzaren perspektiban. Indar politiko baten legez kanporatzeari aurre egiteko burutu behar diren ekimenak zehazteko egokiena alderdi guztien artean hitz egitea litzateke, baina zoritxarrez ez dugu borondaterik ikusten.

Bien bitartean, Pernando Barrenak honela esan du berriki: «Edo ados jartzen gara gutxieneko baldintzetan, edo Euskal Herriak jai du». Egungo egoerak gutxieneko baldintzetara hurbiltzen edo aldentzen laguntzen zaituzte?
Gure ikuspuntutik, egungo egoeran inoiz baino garbiagoa azaltzen ari da egungo marko juridiko eta politikoa gainditu behar dugula, azken 25 urteren ondoren marko demokratiko bat gauzatzeko gure lanak azkartu behar ditugula. 1998tik aurrera asko hitz egin da Estatutua eta oraingo marko politikoa gainditzearen beharraz, zorionez, azken asteotan errealitate hori agertu da berriz ere. Hau da, egungo markoak ez ditu inondik inora euskal herritarren eskubideak bermatzen. Euskarazko egunkariaren itxiera, indar politiko baten ilegalizazioa edota hauteskundeetara eskubide osoz aurkeztu ezin izatea ditugu horren froga.

Xabier Arzalluzek, berriz, Ibarretxeren planaren hasierak autodeterminazioa daukala esan du. Batasunak autodeterminazioa gakoa dela dio.
Ibarretxe planak inondik ere soluziobide bat planteatzen baldin badu, guk hitz egin dugu horretaz eta egoera berri honetan hauxe berresten dugu: plan horrek egungo markoaren baitan burutu nahi duen aldaketa bideraezina da. Planak ez dio guk eraiki nahi dugun marko demokratiko eta nazionalaren baitako planteamenduari heltzen. Adibidez, bere planak lau herrialde kanpo uzten ditu eta lau herrialde horietan euskal herritarrek bizi duten eskubideen urraketa, eskubide linguistikoa, kasu, ez du aintzat hartzen. Gure iritziz, Euskal Herri osoan ematen ari den eztabaidari heldu beharko genioke denen artean. Eta horren barnean autodeterminazioaren eskubidea dago, Xabier Arzalluzek dioen bezala. Baina ezin da esan autodeterminazioa dela gakoa eta autodeterminazioaren eskubidea existituko ez balitz bezala hiru herrialdeentzako ez dakigu zein motako prozesua muntatu.

«Euskal gizarteari etorkizuneko proiektu bat eskaintzeko gai bagara, orduan eraso hau egoera onuragarria bilaka daiteke», esan zenuen orrialde hauetan joan den ekainean.
Zaila eta gogorra da esatea egoera lazgarrietan onurak egon daitekeenik. Guk, ordea, une honetan aldaketa politikoaren beharra eta aukera ikusten ditugu. Autodeterminazioaren alde dauden herri sektoreen aurrean eskaintza politiko sendo bat eta norabide finko bat jartzen baldin bada, une honetatik ere indartuta atera gaitezkeela uste dugu. Herri honek tamaina honetako erasoei aurre egiteko gai dela erakutsi du eta Batasunaren ilegalizazioaren ondoren ere indartuak aterako gara.

Etorkizuneko proiektu bat aipatu zenuen. Zertan da Batasunaren proiektu hori?
Batasuna oso denbora gutxi duen erakunde bat da, eta jaio eta berehala bi proposamen egin zituen. Bat, konponbide demokratiko bat bilatzearen ildoan eta bestea, marko berri bati begira, «Euskal Herria eraikitzen» proposamena. Bi proposamen horietaz gain, une honetan estrategia zehatz bat planteatzen dugu. Lehenik, erasoei erantzun zehatz bat ematea, eta bigarrenik, marko demokratiko bati begira, herri honetako eragile guztien arteko estrategia bateratu bat definitzea proposatzen dugu. Proiektu hau euskara eta irakaskuntzaren alorrean gauzatu beharko litzateke hasteko, eta eremu sindikalean eta instituzionalean ondoren. Norabide honetan lanean ari gara gizarte eragile ezberdinekin.
Azken 25 urteen ondoren oraingo markoa krisian baldin badago, ezinbestekoa da eragile sozio politiko abertzaleen arteko estrategia bateratu bat planteatzea minimo demokratikoetan oinarritutakoa. Ezker abertzaleak proposamen zehatzak egin ditu. Beste alderdiek, ordea, berriz ere, beren planteamenduak mahai gainean jarri beharrean, emaitza elektoralei begira ari dira. Alderdi abertzaleak mahai baten inguruan biltzeko unea da.

Zein planteamenduren inguruan, adibidez?
Udalbiltzak planteatu duen nazio eztabaidaren inguruan hausnarketa komun bat egin liteke, minimo demokratikoak adostu eta horiek lortzeko bidean denon artean zein estrategia finka dezakegun aztertu.

Hauteskundeak batetik eta ETAk bere jarduera segituko duela pentsatuta bestetik, zaila dirudi hori bideratzea.
Herri honek badauka esperientzia bat buruan. 1998ko udaz geroztik zabaldutako garaia hor dago. Garai itxaropentsua izateaz gain aurrera pauso nabarmenak eman genituen herri bezala. 1998ko udan lortu ziren akordioak lortzeko mahai azpiko lan handia egin behar izan zen, harreman ugari izan zen borroka armatua zegoen bitartean. Uda hartan, EAJrekin bilkura genuen egun berean, Ertzaintzak ETAko Iñaxi Zeberio militantea hil zuen Gernikan. Horregatik EAJren eta gure arteko harremana ez zen bertan behera gelditu. Gure iritziz, ezberdintasuna horretan datza. 1998ko uda baino lehen indar politikoen aldetik borondate politiko bat izan zen, nolabaiteko adostasun politikoetara iristeko nahia eta une honetan zoritxarrez ez dago. Borroka armatua ez da aitzakia bezala erabili behar. Borroka armatua, batzuen mugak ikusita, alor mailako zenbait akordio bat sinatzeko oztopo izan daiteke, baina inondik inora ez harremanak lantzeko eta denok norabide batean lanean hasteko.

Egoera larria izan arren, ez gaude une horretan, antza.
Ez. Baina, egoera larria izan arren, itxaropentsuak egoteko arrazoiak baditugu. 25 urteren ondoren nekez defendatu daiteke Euskal Herrian demokrazia dagoela, egungo markoa baliagarria dela, ez dela aldaketa politikorik behar. Une honetan hori guztia inoiz baino ageriago gelditu da. Eragile sozialak eta sindikalak horren aldeko apustua egiten ari dira, egiten ari garen hausnarketa horretatik ekimen zehatzak aterako direlakoan gaude. Betiere, baldin eta hauteskundeei begira eginiko planteamenduak bertan behera uzten badira, bestela herri honek jai du.

Nolako hausnarketa egiten duzue Batasunean hauteskundeen aurrean?
Batasunak aurkezteko eskubiderik ez duen une beretik hauteskunde hauen legaltasun demokratikoa edo balizko demokrazia hori erabat ukituta gelditzen da. Guri debekatu egin zaigu aurkeztea, baina, zorionez, AuBren bitartez eta herriz herriko plataformen bitartez, herriko hainbat sektore autodeterminazioaren eta aldaketa politikoaren alde antolatzen ari da. AuB hitzarmen minimo eta akordio baten alde ari da, benetako eskaintza politiko bat gauzatu duelakoan gaude, baikor gara.

Historikoki, HB, EH eta Batasuna izan dira ezker abertzalearen aukera politikoak. Gaur egun, AuB dago eta Aralar ere bai.
Gure ustez, egoera larri eta garrantzitsu honen aurrean, ezkerreko eta abertzale garenok, ezberdintasunak ezberdintasun, indar guztiak biltzeko apustua egin beharko genuke. Kasu honetan, Aralar bezalako erakunde bat sortu da, Batasunaren prozesutik kanpo gelditzeaz aparte, une honetan hauteskundeei bere kabuz aurre egitea erabaki du. Erabaki horretaz beraiek erantzun beharko dute. Baina, berriki, Batzarre eta Zutik-ekin bat egiteko izan dituzten ezadostasunek botere eta kargu instituzionalak bereganatzeko beren nahia erakutsi dute. Bizi dugun egoerari erantzun bateratu bat emateko asmoa ez dute erakusten behintzat.

Aro berri baten aurrean al gaude?
Bai. Ezker abertzalean edo herritar batasunaren baitan egon diren herritar batzuek erabaki dute beren aldetik aurkeztea eta hori ezberdintasun bat da.

Azkenik, zer iradokiko zenuke AuB legez kanpo utziko balute?
Nire ustez ez dago inolako arrazoirik AuB legez kanpo uzteko. Hipotesia horren aurrean, hori gertatu ez dadin, ongi litzateke zer-nolako ekimenak gara ditzakegun gogoetatzea. Gertatu aurretik eragile politiko eta sozialei eskatu beharko litzaiguke zer-nolako ekimenak garatzeko prest gauden hori gertatu ez dadin, Batasunari barne. AuBk gurekin hitz egin du dagoneko hori gertatu ez dadin

Lepoan hartu ta segi aurrera
Iskeriako otso beltzek aurrera egin beharra daukate, herri modura iraungo badute, Errusiar inperioaren kontra. Palestinako ekintzaile armatuek eta armarik gabeek aurrera segitu beharra daukate, temoso eta tinko, Elohin edo JHWHk -arabiarren lepotik, jakina- beretzat aukeratutako herritik libratuko badira. Irakeko soldaduek aurrera segitu beharra daukate baptista petroliozaleek eta putre zuriek odolustu eta arpilatzea nahi ez badute. Kurdistango «pesh merga» adoretsuek ezker-eskuin aurrera segitu beharra daukate batzuen eta besteen artean -direla Baath partiduko klanek, hegoaldeko ayatolah beltzek edo otomanoen kastakoek- suntsitzea nahi ez badute. Eroritakoa «lepoan hartu ta segi aurrera», ez dago beste biderik. Moduak, tankerak, bitarteak eta enparauak egoera bakoitzean egokituak izango dira, baina segitu beharra daukagu, kosta ahala kosta.

PPko kaio otzan eta bakezalea Euskal Herria bonbaz betetzen ari da, «Gara» egunkariko Tasio komikilari jenialak erakutsi digunez. Eta irudia errealitate bihurturik, B-52 hegazkin bonbardatzaileek Bilbo eta Iruñea gainean hornitu dituzte motoreak airean doazela, eta Bardeetan entrenatzen dira amerikarren bestelako txori harrapakariak, urkoaren soroan mokoka sartu aurretik. Badaezpada ere gure herriko zeruan, ikus dezagun hemen nork agintzen duen -guardia zibilak, Martxelo!-; senti dezagun buru gainean dauzkagula bonbak, tonaka, pasadan bakan bat jausiko ote den, bihotza bizi gaitezen -total espainola izan nahi ez duen euskaldun mozolo bat gutxiago nori inporta zaio-.

Gure lurra ez da gure lurra, itsasoa galipotez zikindu digu herri zeltiarrak gaita jotzen dabiltzan itsaslabarretan hondoratutako itsasontzi batek, eta auskalo zer ekarriko duten erraietan aurtengo kosterako berdelek; zerua, berriz, ebatsi egin nahi digute, oraindik duintasuna galdu ez duten herrien bizitza infernu bihurtu nahirik. Baina segitu beharra dago, hala ere, nahiz eta itsasoko zikinkeria Urrobiko ur gezetan garbitzerik ez daukagun.
«Territorio komantxea» omen da gurea, Mayor Orejak dioenez, benetako iparramerikarren oroitzapena lohitu guran, eta, bide batez, gogora dezagun, haien modura desager gaitezkeela, gizakion bizitza edozeren gainetik errespetatzen duten erpeen artean. Ez dira konturatzen, guk libre bizi nahi dugula guk geuk ondutako lurrean, eta ez direla apatxeak izango euskal herritarrok desagerraraziko gaituztenak. Ez dute ikasi oraindik, desagertzekotan, guk geuk erabakiko dugula holakorik, usoak txorimaloekin nahasiko ditugunean, etxeko atarian paraturik atezuan egon ordez, aldamenekoen korta-usaina amesten hasten garenean.

Paraguayko jesuiten «misioan» herria nola defenditu diskutitzen aritu ziren fraideak -armak eskutan ala baketsu-, Elizaren baimenez portugaldarrak jo eta su, kanoikadaz eta iskiluz sartu zirenean. Baina denak garbitu zituzten konkistatzaileek. Beno, denak ez; neska-mutiko bana salbatu ziren, eroritakoak omendurik, herria berriro eraikitzen hasteko. Segitu beharra haiek ere! Eroritakoak omentzen ere ez digute guri uzten, konkistatzaileek noizbait utzitako armak eskutan harturik, konkistatzaile berrien kontra oldartu direnean. Eta trenbidea baketsu gurutzatzen ere ez, euskara ofiziala izan dadin eskatzen dugunean. Eta Nafarroako arranoari hegoak ebaki zizkion errege faltsutzailearen ondorengoei putz egitea ere ez. Egin genuen «Egunkaria», «Egunero» lasai irakurtzeko eskubidea ere ez dugu Ardi beltza buru-galduok! Kale gorrian utzi dituzte gure gazteak, herria beren modura moldatzeko ezinean. Eta batzeko behingoz esaten digute. Baina nola batuko gara, Batasuna bera legez kanpoko jo dutenean? «Lepoan hartu ta segi aurrera» hala ere

Salbuespenik gabeko pluralismoaren alde
Giza eskubideen defentsan pluralismoaren defentsan bezala, ez dago salbuespenetarako lekurik». Printzipioen marko honetan oinarrituta baloratu du Elkarrik ilegalizazio-estrategia hasiera-hasieratik. Estrategia honi Batasuna legez kanporatzea erabaki duen Auzitegi Goreneko epaiari dagokionez, lau ikuspuntutan oinarrituta baloratu daiteke prozesu hau: printzipio demokratikoak, prozedura demokratikoak, indarkeria eta bizikidetasun arazoen konponbideak, eta egoera berriaren aurrean erantzunak.

1. Printzipioak. Ilegalizazio-prozesuak eta buru eman dion sententziak demokraziaren oinarrizko printzipioak urratu ditu. Hiritarren zati bat adierazpen politiko eta hauteskunde-adierazpen askatasunik gabe utzi du. Euskal hautesleen %10ak baino gehiagok bere erreferentzia politikoa klandestinitatean edukiko du, errotuta dagoen taldea desagerrarazi nahi delako. Honek guztiak, ondorioz eta muinean, printzipio demokratikoetan, pluralismoaren printzipioan, ideologia, adierazpena, elkartze eta hiritarren partehartze-askatasunean eragiten du.

2. Prozedurak. Ilegalizazio-estrategiak, Alderdien Legeak eta honi jarraitu dion prozesu judizialak -ezagutu berri dugun epaia arte- prozedura demokratikoen mugak zitalki bortxatu ditu eta ondorioz, euskal gizartearen parte batentzat demokrazia ezagutezina izaten hasi da. Egoera eta alderdi zehatz bati zegokion legea egin dute eta ez alderdi politikoei, orokorrean, zegokion legea. Ikusi dugu lege bat «ad hoc» nola idatzi den, ustezko zehatz batzuetan oinarrituta nola egin den legea. Egiaztatu dugu legeen atzera eraginik ezaren irizpidea interesen arabera eta anbiguotasunez nola erabili den. Ikusi dugu delitua subjektu kolektiboei nola leporatzen zaien, uste moraletan oinarrituta gainera eta ez frogetan. Hauteman dugu botereek -betearazlea, legegilea eta judiziala- aho batez eta nahastuta jardun dutela, berme eta kontrol demokratikoen galera larriarekin. Azkenik, konfirmatu da sententzia iragarri baten kronikaren aurrean geundela, aurreikus zitekeen bezala epaia presaka idatzi eta epaiaren berria Irakeko ultimatumarekin batera eman dutelako.

3. Konponbideak. Ilegalizazioa itxaropen faltsua da. Historia hurbilaren analisiak eta gatazken konponbide-prozesuen ikasketak honakoa esatea ahalbidetzen dute: bazterketa bakearen eta bizikidetasunaren normalizazioa helburu duen bidearen aurkakoa dela. Bake-prozesu baterako bidea indarkeriaren aurkako jarreran, printzipio demokratikoetan, elkarrizketan eta sentikortasun politiko desberdinak aintzat hartzean oinarritzen da. Ezin da ahaztu ilegalizazioaren aurka dagoen errealitate sozial batean aplikatuz inposatuko dela. Euskal gizartearen gehiengoa Batasunaren ilegalizazioaren aurka dago, talde politiko honekin bat egin ala ez. Ilegalizazioak bizikidetasunaren aurkako ondorioak ekarriko ditu, eta konponbidera hurbildu ezean, urrundu egingo gaitu. Tentsioaren eta krispazioaren gorakada ekarriko du. Behin betiko konponbide prozesu batek gure herriko tradizio politiko guztien parte hartzea ezinbestekoa du.

4. Erantzunak. Hasieratik bukaera arte prozesu honek irudikatzen duen larritasunagatik, ilegalizazioak gizartearen erantzun sakona, demokratikoa, hiritarra, plurala eta iraunkorra behar du. Horregatik, joan den ekainaren 15ean gauzatu zen mobilizazioaren leloak biltzen zuen izpiritua berreskuratu behar da: «proiektu guztiak, ideia guztiak, pertsona guztiak». Hasieran nioen bezala, giza eskubideen defentsan pluralismoaren defentsan bezala, ez baitago salbuespenetarako lekurik


Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude