ARNASA HARTZEA AL DA BIZIRIK EGOTEA?


2021eko uztailaren 16an
Evohe, bakarrik utzi nauzu saguzarrekin. Mugaz bestalde ere maiteko ninduzula esan zenidan, larrua joko genuela... eta bakarrik utzi nauzu". Yuri Sam 2000. urteko neguan hil zen bihotz haustura eta zorotasuna diagnostikatuta. Bizidunon pribilegioak galdu zituen orduan. Hala ere, bere izpiritu shamanikoak kosmosetik bidaiatzeko aukera ematen dio, eta bidenabar, mugaz bestalde gauden gizakiak bisitatzeko ere bai. Yuri Samek bere munduan barrena gidatuko gaitu, errito-buru gisa. Baina heriotza ez da ederra, eta ez da sekula izango. Bizitzaren meandro bitxiak goza ditzagun eskatzen digu Yuri Samek, izaki izateko, bekatari izateko. Eta aspaldi fedea galdu bazuen ere, otoi egiten du.

1998an sortu zenetik jorratutako bideari eutsi dio Antzerkiola Imaginarioak lan berri honetan, jatorrizko obrak sortuz eta antzezpen bide berriak ikertuz, alegia. Ander Lipusek zuzendu du antzezlana eta baita protagonista gorpuztu ere. Alboan ditu Miren Gaztañaga eta Veronica Fernandez aktoreak, ilargi eta eguzkiaren izpirituei forma ematen.

Jon Gerediaga taldekideak Txiletik bidali zien antzezlanerako testua, Maputxeen inguruan antropologia tesia ari baita osatzen bertan. Testu ederra da, poetikoa batzuetan, garratza bestetan. Hainbat esaldi errepikatu egiten dira behin eta berriz, Lipusen hitzetan antzezpenari letania kutsua emate aldera: "Erritoaren eta antzerkiaren ezaugarri komunetako bat horixe da: errepikapena". Euskaraz gain, mapudungu eta maputxe hizkuntzak ere erabiltzen dituzte pertsonaiek.

Hasieran testua bakarrizketa gisa idatzita bazegoen ere, taula gainera beste bi pertsonaia eramatea erabaki zuen taldeak. Ilargiaren eta eguzkiaren izpirituak, Kurma eta Kumalen. Yuri Samen bidelagun dira biak, otoitzak iraun bitarte aurpegia estalirik duten pertsonaia misteriotsuak. "Aurpegia estalita dugunez, energiak eta mugimenduak ondo kodifikatu behar izan ditugu", dio Miren Gaztañaga aktoreak.

Antzezlan honetan ez dago pertsonaien arteko konfliktorik, horixe ekiditen saiatzen baita Ander Lipus bere muntaietan. Pertsonaiek, euren izatearekin dituzte gatazkak: "Obra bat publikoa aretora sartzen denean hasten da, eta irtetean, berriz, amaitu. Pertsonaiak horren kontra errebelatzen dira, existitzen jarraitu nahi baitute". Baina Yuri Samek badu beste barne min bat, Argiaren printze den Evohek eta berak heriotza ezberdinak hautatu dituztelako. "Horrek tentsio dramatiko bat ematen dio antzezlanari" zuzendariaren iritziz.


Arrazionaltasunetik ihesi

Zoriontasuna bera ekuazio baten bidez neur daitekeela uste dugun garai honetan, Antzerkiola Imaginarioak irrazionaltasunaren trena hartzeko proposamena egiten digu. Yuri Sam pertsonaia bitxia da, kaotikoa, kontraesanez betetakoa, eta zer? "Pertsonaia hau arrazionalki identifikatu nahi izatea guztiz absurdoa da", gaineratzen du Lipusek. "Jendea zergatien bila etortzen da teatrora, eta ez badizkiozu ematen arraroa zarela esaten dute. Obrak ekialdeko kutsua duela diote batzuek, espirituala dela... bada Euskal Herrian betidanik izan dugu guk halakorik. Gauza da yankiak etorri zirela eta mundu arrazionalista bat ezarri digutela: ez bada X + A = F, ez da existitzen".

Miren Lore Garmendiak eta Azegiñe Urigoitik sortutako jantziek, Beatriz Lopezen makillajeak, Jose Pablo Arriagaren egurrezko eszenografiak, Karmele Lizundiak eginiko bordatuek eta Oier Bengoetxeak diseinatutako argiek Yuri Samen errealitatera gerturatzen dute ikuslea. Kolaborazio berezi bat ere izan dute, Mikel Laboarena. Haren ahotsean entzuten dugu antzezlanari hasiera ematen dion poema.

Aitor Agiriano, Paola Ruizen biolinaren laguntzaz, unibertsalak diren doinuak sortzen saiatu da, erreferente kultural asko uztartuz: "Antzezlanean erabilitako musikak maputxeak, euskaldunak, zeltak, indioak...izan daitezke. Horiek guztiek oinarrian duten musika hori aurkitzea izan da zailena", dio Agirianok. Izan ere, mundu guztiko kulturatan aurki daitezkeen elementu komunak biltzen ahalegindu dira lan honekin. Horretarako energiak lanabes bilakatu dituzte. Indiako Khatakali antzerki-dantzak aukera asko ematen ditu arlo honetan. "Nik energia kodifikatu batzuk sartzen ditut obran", azaltzen du Lipusek, "batzuk Khatakaliaren bidez ikasitakoak, baina Arratiako jotan edo Baliko dantzetan erabiltzen diren energiak ere baliatzen ditut. Azken batean, muina berbera da, formak dira aldatzen direnak. Tira, lan egiteko metodoa bat da, batzuk galaiarenak egiteko Humphrey Bogarten fijatzen dira, ni, aldiz, dantzetan".


Oinarriak ez ahazteko

"Munduko indigenak gara eta ez gaituzte akabatuko!" oihu egiten du Yuri Samek. Txileko erreserbetan bizi diren maputxeekin bezala gertatzen da gurean ere: gizarte matematiko honetan parte hartu nahi ez dutenak zokoratu egiten dira. Edo erotzat jo. Ander Lipusen ustez, aktoreak egoera honen aurrean badu zeresanik: "Aktorearen lanbidea shamanetan ere badago, sorreratik existitu da. Nik aktore konprometituan sinesten dut. Aktoreak eszenan lan egiten du eta energia batzuk transmititzen ditu, fisikoki. Horixe da gure funtzioa eta lantzen saiatzen garena".

Maiatzean gaztelerazko bertsioa estreinatzeko asmoa du taldeak. Gainera, antzezlanaren izaera dela-eta, Hego Ameriketara eraman ahal izatea gustatuko litzaieke: "Nahiz eta antzinako hizkuntza izan, maputxeek erabiltzen ditugun hitzak ulertuko lituzketela esan zigun antropologo batek. Gainera badaude kointzidentzia kuriosoak ere. Mari hitzak, adibidez, ongi etorria esan nahi du maputxez, eta guretzako ere esanahi handia du. Halako gauza asko daude".
Estreinaldiaren ostean, Euskal Herrian emanaldi ugari egingo ditu Antzerkiola Imaginarioa taldeak euskaraz. Martxoaren 28an eta 30ean Durangoko eta Bilboko Kafe Antzokietan eskainiko dituzte emanaldiak, hurrenez hurren

Lapikoa borborka
Antzerkiola Imaginarioa etengabeko sormen prozesuan dabilen taldea da. «Yuri Sam» estreinatu berri dutela, jada badituzte beste bi egitasmo mahai gainean. "Arrevoire triunfadoreak" izeneko muntaia ari dira prestatzen dagoeneko. Gabriel Ocinak zuzenduko duen komedia surrealista zubi batera beren buruaz beste egitera joandako lau pertsonaia absurdo izango ditu protagonista. Eugene Ionesco eta Samuel Beckett antzerkigileek jorratutako Absurduaren Antzerkia landuko dute honetan.

Bestalde, aspalditik buruan bueltaka dabilkion muntaia gauzatu nahi du Ander Lipusek: "Makari, azkeneko ama" izeneko antzezlana. "Jada nahiko egituratuta dago. Indiako nire guruak pertsonaia bat gorpuztuko du, eta bera da koreografiaz arduratuko dena. Ekoizpen aldetik esfortzu handiko egitasmoa da", dio

Aitor Agiriano: «Musikan ere makinen esklabo gara»
Antzerkiola Imaginarioa taldearen sortzaileetako bat da Aitor Agiriano bilbotarra. Sortu zenetik taldeak egin dituen ekoizpen guztien musikak egin ditu. Drama Laborategiko eta Peace Monkyes musika taldeko partaide ere bada gaur egun.

Teknologia berriek musika sortzeko aukerak zabaldu al dituzte?
a sekulako tresna da, baina dudarik gabe ezin zara horretan erabat oinarritu, makinak ez ditu mirariak egiten. Zuk zentzua eta muina eman behar diozu. Jakina da 120 pultsazio minutuko jarrita, eta soinu grabe bat jarri eta gero kontra-denboran beste bat agudoa ipiniz erritmo bat sortzean ari zarela, eta modu determinatuan funtzionatzen duela, baina horri guztiari muina jarri behar zaio. Gaur egun makinen esklabo garela uste dut. Entzuten diren musika elektroniko asko oso antzekoak dira, muin gutxi eta erabilera bera ematen zaiolako makinari etengabe.

Zein da antzerkirako sortzen den musika baten funtzioa?
Nik antzerkirako musikaren baitan bi sailkapen egiten ditut: batetik, antzerki laneko energia edo abiadurei laguntzeko sortutakoa, musika funtzionala, alegia. Honek metodologia konkretua du. Bigarrena, aldiz, dramaturgia bat sortzen duena da, aberastu egiten du testua, narratiba propioa du. Musika hori gidoiarengandik independente ere izan daiteke. Antzerki lan bateko musikak bi ezaugarriak uztartu behar ditu.

Musikan konbentzio asko dago, beharrezkoak al dira?
Musikak ondorio fisiko oso argiak ditu. Disonantzia bat beti akzioarekin lotzen dugu eta kontsonantzia, aldiz, lasaitasunarekin. Hori fisikoa da eta ezin da horren kontra borrokatu. Gure alde erabili behar dugu. Musikaren historiak erakusten diguna da, era berean, sortzaile gehienen obsesioa izan dela disonantzia hori menderatzea, efektu fisiko hori ezagutzea. Autoreari disonantzia kenduz gero, dena kentzen diozu, dena oso aspergarria litzateke.

Nola ikusten duzu musika sorkuntzaren egoera antzerkian?
Oso garestia da musika egitea, musikariari ordaindu egin behar zaio. Gainera, badago beste musika industria bat, diskoena, eta hortik edaten da askotan, askoz merkeagoa delako. Logikoa da. Oso etekin gutxi ematen duen jarduera da, gainera


Azkenak
PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Eguneraketa berriak daude