MIREN AZKARATE: "EUSKALDUNON EGUNKARIAK AHULDADEAK IZAN DITU"

  • Joan Mari Larrartek, Jon Sudupek eta Luis Alberto Aranbarri "Amatiño"k bere iritzia eman digute gertatutakoari buruz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkarate elkarrizketatu dugu. Martxoaren 11n elkarrizketatu genuen Miren Azkarate. Solasaldiaren bukaerako bere hitzak paratu ditugu hasieran: «Nahita ere ez dut politikaz hitz egin nahi».

2021eko uztailaren 19an
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua zaren aldetik, zein testuinguruan kokatzen duzu Espainiako Auzitegi Nazionalak «Egunkaria» ixteko hartu duen erabakia?
Ni ez naiz nor «Egunkaria»ren itxiera testuinguru batean kokatzeko. Hasieratik adierazi dut -Jaurlaritzaren izenean eta neure izenean ere bai- zenbait erabakik sortzen duen harridura. Badakizu botere judizialaren erabakiak errespetatu behar direla, zuzenbidezko estatu bati dagokion bezala. Hortik aurrera, bada, ni eta beste asko harrituta eta gauzak nondik nora doazen ez dakigula gaude.

Espainiako PPren Gobernuaren estrategia politiko baten barruan kokatzen ausartuko al zinateke?
(Harridura aurpegia) Ez dakit.

Euskalgintzn jarrera, lan molde eta iritzi desberdinak daude. Batzuen esanetan, Euskaldunon «Egunkaria»ren inguruan ez zen proiektu guztiz homogeneo bat gauzatu. Espainiako Gobernuak ere horiek guztiak ezagutzen ditu edo badaki euskalgintzaren ahuleziez...
(Isilune luzea). Ez dakit zer erantzun. Zer nahi duzu esatea?

Prentsako zure azken artikuluetan, 1982ko Euskararen Legeak eta Espainiako Konstituzioak euskarazko prentsa izateko ematen duten eskubidea aipatu izan duzu. Espainiako legeak berma dezake euskarazko prentsa?
Legeak, berez, ez du bermatzen. Legeak euskarazko prentsa izateko eskubidea dugula esaten du. Espainiako Konstituzioak euskara eta espainola, biak, hemen hizkuntza ofizialak direla onartzen du. Hortik aurrera, erakundeei, gizarte eragileei, hiritarrei eta azkenean gizarte osoari dagokion eskubide hori bermatuko duten proiektuak eraikitzea dagokigu herritarroi. Alde horretatik zuhurrak izan behar dugu eta gertatu denaz ondo jabetu. Hau da, neurri batean behintzat zergatik gertatu den ondo jakin behar dugu eta berriro ere horrelakoetan ez erortzeko puntu ahulak non dauzkagun ezagutu. Proiektu sendo bat eraikitzen asmatu behar da eta orain arteko ahuleziak non izan diren ondo aztertu.

Euskalgintzan harreman kaskarrak ere badirela ezaguna da. Ez dakit Espainiako Gobernua horretaz jabetu den, baina adostasun bat ez dagoenean errazagoa da handik edo hemendik erasotuak izatea eta «Egunkaria» bezalako proiektu bat kolokan jartzea.
Alde horretatik, ez da nik esana, «Egunkaria» itxi eta batez ere «Egunero»n, ez «Egunero»n bakarrik, beste hedabide batzuetan ere, jendeak idatzi du horri buruz. «Egunero»n atera diren artikuluetan bat baino gehiago proiektu zabalago baten aldekoa izan da, hitzarmen estrategiko baten beharra ikusi dutenak ere izan dira, hala nola orobat indarrak batzea eskatu duten artikuluak ere bai. Orduan, zenbat eta indartsuagoa eta talde gehiago beregana biltzeko gaitasuna izan, orduan eta proiektu sendoagoa izango da. Hori da aurkitu behar dena.

Gizarteak oihu argia eta indartsua bota zuen erasoaren ondoren. Martxelo Otamendik egunkari berria, Ave Fenixa bezala, indarberriturik atera beharko litzatekeela esan zuen. Berak torturatu izana salatu du halaber. Zuk sinesten diozu Martxelori? Beste askok sinetsi izan dioten bezala, funtsean.
Galdera bera egin didate beste kazetariek eta haiei bezala erantzuten dizut: kargu politikoei ez dagokigu bati edo besteri sinestea, kargu politikooi dagokigu salaketak egoten direnean iker daitezela eta azken muturrera eraman eta argituak izan daitezela ziurtatzea.

Espainiako barne ministro Angel Acebesen kereilaren aurrean «Nork demonio defendatuko gaitu» galdetu dute «Egunkaria»ren langileek. Torturaren gaian zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak?
Orain arte behin eta berriro esan dudana diot: horretan ahalegindu behar du eta legearen esparrutik apartatzen diren jokabideak salatu behar ditu Jaurlaritzak.

«Egunkaria» «epel»tzat joa izan da batzuen aldetik. Zure idatzietan zuk zeuk «guztion» beharra azpimarratu duzu proiektu berrian inplikazio sakonago bat izateko. «Helburua ez da euskarazko egunkari bat izatea bakarrik, baizik eta buruaren jabe izango den egunkaria izatea», idatzi duzu. Asmo horretan ez al zaio «arrazoi» inplizitu bat ematen PPri? Alegia, itxi duten «Egunkaria» ez zen bere buruaren jabe nonbait.
Nik ez dut eztabaidatu nahi bere buruaren jabe zen edo ez zen, horretaz hitz egin dugu lehenago. «Egunkaria»k ahuldadeak izan ditu eta ahalegina egin beharko dugu berriro ere horrelakorik gerta ez dadin. Eta hori idatzi nuenean ez nekien Juan del Olmo epailearen erabakia zein izango zen, eta gaur badakigu epaileak sei hilabeterako itxi duela «Egunkaria» eta beste egunkari bat beharko dugula. Horretarako, ez dut uste erakundeok bermea eman dezakegunik, bermea proiektuak berak eman beharko du. Eta horregatik orain arteko bideak eta puntu ahulak non izan dituen aztertu egin beharko da.

EAEko instituzioak hizpide ditugula, instituzioak ideologia ezberdineko alderdiek gobernatuak daude. Batzuen ustez, nazionalistek gobernatuak diren instituzioetatik euskarazko hedabideekiko atxikimendua izaten da, baina praktikan erdarazko komunikabideak dira balio dutenak, baita zenbaitetan negozio modura ere.
(Harridura) Zer nahi duzu esatea? Diruz lagundu izan den bakarra «Euskaldunon Egunkaria» izan da.

Dena dela ere, ikuspegi honetatik beretik, batzuen ustez, euskaldunok eskizofrenikoak gara gai honetan. Jartzen diren jomugak ez bide dira eguneroko errealitatearekin ezkontzen. «Euskaldunon Egunkaria»k 15.000 ale saltzen zituen egunero eta bere itxieraren biharamunean 75.000 saldu ziren. Horrek zer adierazten dizu zuri?
Niri horrek bereziki ez dit gauza handiegirik adierazten. Horretan eta beste hamaika gauzetan, halako astinaldi bat dagoenean, gizartearen mementoko erantzuna horrelakoa izaten da, uholdearen parekoa da, baina gero ura poliki-poliki bere onera etortzen da. Egia esan, ez dakit kasu honetan bere onera etortzea moduko kasurik den ere. Orduan, egun batetik bestera, 75.000 ale saltzeak adierazten du, oso modu argian gainera, zenbaterainoko astindua sentitu duen euskal gizarteak eta euskaldunek «Egunkaria» itxi dutenean, eta atxilotu izan diren pertsonak atxilotuak ikusi dituztenean.

Esango nuke, euskalgintzan ari den sektore handi batek euskarazko egunkari bat eros lezakeela baina ez duela erosten. Arrazoiak arrazoi, bere burua erosoago sentitzen du erdarazko prentsan.
Ez dakit erosoago sentitzen delako edo ez dakit zergatik, baina begi-bistakoa da, askoz jende gehiagok eros lezake euskarazko egunkari bat, baina praktikan ez du egiten. Zergatik egia esan, ez dakit.

«Egunero» egunkarian «Errautsak Zimentarri» izenburuko artikulua idatzi zenuen martxoaren 6an. Biharamunean, antzekoa edo bera «El Diario Vasco»n «El vuelo del Ave Fenix» izenburukoa...
... bera zen bai. Ez zen hitzez hitzezko itzulpena, artikulu bera zen.

Bada, alegia, berriz ere, esango nuke euskalgintzan ari den sektore handi batek «El vuelo del Ave Fenix» delakoaren berri izan zuela aurrekoa baino lehenago eta artikuluak oihartzun gehiago izan zuela gizartean orobat «Errautsak Zimentarri» delakoak baino. Oraindik ere, euskaldunok «El Diario Vasco»k hegaldatzen gaitu, antza denez.
Hori horrela da, errealitate bat da. Eta Gipuzkoan behintzat badakigu zein den gehien saltzen duen egunkaria: «El Diario Vasco». Hori horrela da.

Joan Mari Larrartek, «Egunkaria»ren langileen bozeramaileak, honako oinarriak aipatu ditu egunkari berria gauzatzeko: euskalduna eta euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea alderdi politikoengandik, independentea erdarazko komunikabideengandik, ez instituzionala, diruz lagundua, militantea, profesionala eta berria. Bat al zatoz asmo honekin?
Niri ez dagokit bat etortzea edo ez. Hasieratik esan dut Jaurlaritzak eta instituzioek ez dutela egunkariarik egiten, ez dutela zentzu horretan sustatzen behintzat. Sortuz gero aurrera atera dadin laguntzea dagokio, gizarte ekimenak bultzatzeko gaude, beraz, niri ez dagokit proiektua definitzea.

Jaurlaritza aurrerantzean herrigintzatik etor daitekeen egunkaria laguntzeko prest dago, hala ere.
(Irriak) Euskarazko prentsa egunero egon dadin konpromisoa behin eta berriro adierazi dugu, eta orain arte kalean egon den proiektua, gizarteak gauzatu duen proiektu bakarra «Euskaldunon Egunkaria» izan da. Hori izan da diruz lagundu dena, hemendik aurrera ikusiko dugu zer proiektu dagoen eta hori izango da lagunduko dena

«Bakoitzak bere balorazioa egin beharko du, jokatzen asmatu behar dugu»
Euskararen Aholku Batzorde-Atal Iraunkorraren bileraren ostean aritu ginen Miren Azkaraterekin. Batzorde honek «Egunkaria»ren itxiera eta atxilotuen egoera baloratzeko ez ohiko bilkura egin zuen otsailaren 27an. Juan del Olmo epaileak «Egunkaria» sei hilabetez ixteko berria izan bezain laster bigarren bilera egin zuen batzorde honek, martxoaren 11n:«Batzorde Atal Iraunkorrak instituzioei eta gizarte eragileei euskarazko egunkari baten alde indarrak batu ditzaten deitu die», adierazi zigun Kultura sailburuak

Zimentarriak ipintzeko moduko harriak al daude batzordean? Agertu daiteke Fenix hegaztiaren espiritua?
Nola esango nuke... Azken finean egunkari bat martxan jartzeko enpresako proiektu bat behar da. Administrazio Batzorde bat beharko da azkenean eta honek enpresa modura proiektu berri bat eratu beharko du. Gizartearen edo jende askoren iritzia badago proiektu honen ondoan, eta horien artean Batzorde Atal Iraunkorra osatzen dutenen iritzia dago. Ekimen horretan, guztiak proiektu indartsu bat gauzatzearen alde azaldu dira, elkarrekin lan egitearen alde.

«Egunkaria»ko langileek itxi dieten egunkariaren irizpide berdineko egunkari berri bat eratzea aipatu dute. Espainiako barne ministroak asmo honen aurrean «epaileak eta Zuzenbidezko Estatuak hartuko dituzten erabakiak kontuan hartuko direla» berretsi du. Alegia, geroago ere, nahi badute, euskarazko hurrengo egunkaria ixtea badute. Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta bada ere.
Berriro ere esango dut. Edozein dela ere aurrera aterako den proiektua, bada, garbi dago proiektua oso zorrotz begiratuko dutela. Angel Acebesen adierazpenetan argi ikusten denez, proiektua oso zorrotz begiratuko dute: orain itxi duten proiektuarekin zenbaterainoko lotura dagoen, horren jarraipena den edo ez den.... Ez hori bakarrik, baten batek aldez aurretik pentsa dezake, etorriko dena aurrekoaren jarraipena dela. Eta horregatik diotsut, jakin beharko dugula aurrekoaren ahuldadea non dagoen edo non egon den eta berriaren indar guneek zein izan beharko luketen. Alde horretatik proiektu berria defendatzerakoan asmatu behar da, jakinda ere segimendu hori gainean egongo dela eta oso zorrotz begiratuko dutela. Proiektua begiratuko dute eta Jaurlaritzak eman dezakeen diru laguntza ere bai. Juan del Olmok Euskaldunon «Egunkaria»ri eman gabe dugun 2002ko diru laguntza (ehuneko 15a falta zen emateko) bertan behera uzteko jakinarazi dit, bestelako jokabideak erantzukizun penalak ekarriko lizkidakeela esanez. Hori horrela da, eta ikaragarria irudituko zaigu, baina bakoitzak bere balorazioa egin beharko du, horrela dela jakinda jokatzen asmatu behar dugu. Horregatik bihotzari erantzun bai, baina buruarekin jokatu behar dugu.

Zure ustez, euskaldunok nahi dugun euskarazko egunkariaren nolakoa ez dagokizu zuri erabakitzea. Baina zein aholku emango zenieke egunkari berria eratuko dutenei?
Aholkua ez, nik gehienez ere, nire ustea azal dezaket. Nik uste, egunkaria zenbat eta zabalagoa izan hobe. Eta hori, adibidez, Administrazio Kontseiluaren osaeran adierazi beharko da. Administrazio Kontseiluan hartzen diren erabakietan indartu behar da egunkari berria. Baina hori nire iritzia da.

«Euskaldunon Egunkaria» ohiaren Administrazio Kontseiluko kideak ezagutu dituzu, pertsonalki ezagutu dituzu...
... nola ez ditut ezagutuko, bai Joan Mari Torrealdai, bai Txema Auzmendi, bai Iñaki Uria, bai Pello Zubiria, bai.... nola ez ditut ezagutuko. Nik hasieratik esan nuen, Jaurlaritzaren izenean egin nuen balorazioan, zenbaterainoko mindura sortu zuen euskaldun askorengan euskal munduan erreferente izan direnak atxilotuak ikusteak. Hortik aurrera, behin eta berriro aldarrikatu dugu denok garela errugabe besterik frogatzen ez den bitartean. Beraz, horiek guztiak errugabeak dira, eta epaileari dagokio nahikoa froga baldin badu errudunak direla frogatzea


Azkenak
2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Eguneraketa berriak daude