ANDONI AIZPURU: "TELEBISTAN KAMERA ZEHARKATU ETA ETXERAINO SARTU BEHARRA DAGO"



Gabiria herri txikian jaio eta hazia zara. Nola gogoratzen duzu Gabiriako bizimodua, zure ume garaian?
Izugarri gustura bizi nintzela ni. Bestetik ikaragarri buru txarra daukat eta detaileekin gogoratzen naiz, flashak dauzkat. Gogoratzen dut, esaterako, hortzak puskatu nituela. Hamar bat urte izango nituen. Gabiriako plazan, eliz atarian, tailoketan ibiltzen ginen, harrapaketan alegia. Eliz atarian petrila dago, gainetik salto egin, eta harri zabal batzuen gainera muturrez erorita, hantxe puskatu nituen hortzak.
Mugitua nintzen oso. Goiztxori izan naiz beti gainera. Urte sasoi honetan goizeko zazpietan jaiki, eta, eskolara joan aurretik, ziza bila joaten nintzen. Elurrarekin erotuta beti (orain ere berdin jarraitzen dut), eta jolasean pasatzen nuen denbora pilo bat.
Eskola ere ez daukat ahazteko. Gure maisua Don Alvaro Suarez zen, Leongoa, eta guk erdaraz ikasi genuen. Seigarren mailan Urretxuko ikastolara joan nintzen. Gogoan dut nola trenean joaten ginen Urretxura, orain Gabiriako geltokian trena ez da gelditu ere egiten baina. Herrian lagunekin geratu eta bi kilometro oinez joaten ginen mendian barrena, elurra egin edo sargori egin, geltokiraino. Bidean beti erne, perretxikoak zirela, marrubiak zirela... beste mundu bat zen. Orduan nik uste gogortu egiten gintuela orduko bizimoduak eta giroak. Heldutasun bat ematen zizun, oraingo umeek beste gauza askotan guk baino heldutasun gehiago dute baina.

Larunbatetan amarekin Zumarragako feriara joaten zinen. Saltzaile ona al zinen?
Oraindik ere badaukat marketing puntu hori, plaza-gizon izate hori, feriak asko erakusten duena. Txikitan amorratzen joaten nintzen feriara. Gainera guk perretxikoak edo karakolak bildu, edo zozoak eta birigarroak zepoarekin harrapatu, eta feriara joan eta saldu egiten genituen. Larre motzean hazitakoak gara.
Orduan saltsa asko egoten zen ferian, orain asko jaitsi dira. Gaurko Hiper, Super eta Maxi merkatu horiek gorrotatu egiten ditut. Hau esatea dezente primitiboa izango da, baina ez naiz sekula izan zentro komertzial batean. Jendea arratsalde pasa joaten da halakoetara. Hori baino nahiago dut (eta esaldi hau gure koadrilakoa da) simaur zabaltzen aritu bi ordu!

Euskaltegietan irakasle izateak lagunduko zizun jende aurrean hitz egiten ikasten...
Bai, eta asko gainera. Badut bizitzan gertatzen diren kasualitate kurioso horietako bat ere: Gabirian, modernizazio honekin, mozorro gaua ospatzen hasi ginen. Orduan ETB sortzen ari zen, beraz, 20 urte baino gehiago izango dira hartatik. Festa hartan sekulako showa egin genuen herrian (tira, Gabiria mailan): kamerak eta fokuak ere bagenituen. Eta ni aurkezlea nintzen. Orduan ez nuen susmatu ere egingo urte batzuetara non bukatuko nuen!
Irakasle lanetan jende aurrean hitz egiteko gaitasuna hartzen duzu, nik uste plaza ona dela hori. Bestalde, irakasle eskolan Fermin Leizaola eduki nuen lehenengo irakasle, eta asko markatu ninduen, oso irakasle ona zen, izugarri sentitzen zuen. Nik garai hartan 16-19 urte inguru nituen, eta hori paso egiteko bolada izaten da, beste gauza batzuk ikustea nahiago duzun bolada. Baina hark erakutsi zigun guri gertukoa eta hain arrunta zitzaigun hori dena baloratzen. Nik artzainak-eta egunero ikusi izan ditut, baserritar giroa ere bizi izan dut, baina hark erakutsi zigun hori dena pixka bat baloratzen. Eta tesina bat egin nuen Urbiako artzaintzari buruz, Lazkaon Gerriko saria irabazi zuena. Fermin Leizaola zela-eta hasi nintzen pixka bat kazetaritza munduan. Orduko «Zabalik»en aritzen zen, eta bere bidez artikulutxo batzuk idatzi nituen. Gero, kolaborazio horiek medio, «Habe» aldizkaritik deitu zidaten, eta han hasi nintzen elkarrizketak eta erreportajeak egiten. Eta hori zela eta etorri zen telebistako deia.

Eguraldia ematen hasi zinen ETBn. Hizkuntza aldetik ahalegin berri bat egin zenuen...
Eguraldian gabiltzanok Pello Zabala izan dugu eredu. Aurkezten beti zure ukitua eman nahi izaten diozu, eta hizkera aldetik saiatu nintzen neure hitzak erabiltzen, gure artean oso arruntak ziren hitzak, baina telebistan erabiltzen ez zirenak. Bestalde, beti saiatu naiz eguraldia ematerakoan Euskal Herri osoko hitzak, esaerak biltzen. Hori garai hartan nobedade txiki bat izan zen. Gauza bera aipatzeko bizpahiru hitz ezberdin sartzen nituen, hala jendeak ikas zitzan.

Gaur egunean zer iturri erabiltzen dituzue eguraldia iragartzeko?
Metereologia zentroetatik biltzen dugu informazioa. Madriletik bidaltzen digute parte bat, baina hain da orokorra! Gainera Iparraldearen berri ez dute bidaltzen, noski. Beraz, Ingalaterrako, Alemaniako edo AEBetako maparekin egiten dugu lan, askoz ere hobeak baitira, eta gero Madrildik bidalitakoarekin egiaztatuta, geure aurreikuspen propioa egiten dugu.
Iparraldeko baserritar eta laborariek askotan esan izan didatena da, eta gainera sinestea komeni zaidana, ETBn eguraldia oso ondo iragartzen dugula. Meteo France-k beti fama handia izan du, eta asko pozten nau Iparraldeko baserritarrentzat erreferentzia gu izateak.

Telebistan, azalpenak argi ematea baino zerbait gehiago bilatzen duzu. Azal ezazu zer den bilatzen duzuna.
Komunikatzea da inporta zaidana. Telebistan, nahiz eta oso jakintsua izan, kamera zeharkatu beharra dago, eta etxeraino sartu. Arrakasta zeharkatze horretan dago. Ikuslearen eta zure artean hesirik ez dagoela transmititu behar diozu jendeari, zeren, berez, hesi hori egon badago. Jendeari sinestarazi behar diozu zu bere etxean zaudela, hesi hori ez dagoela.
Jendeak esaten didanean: "Zu jada gure etxekoa zara", edo "Atzo ez zinen azaldu, baina esaten nuen bai nik, hau eta hau pasako zitzaion-eta…", hurbiltasun hori ikustea, sari handi edo audientzia altua lortzea baino gehiago axola zait. Jendeak ez zaitu ikusten "famatu" urrunekoa bezala, etxeko bat gehiago bezala baizik, gertukoa. Eta hori izugarri estimatzen da, hau bestela oso hotza baita: egunero-egunero lantokian sartuta egonda jendearekin oso harreman gutxi dut.

Jendearentzat «etxeko bat gehiago» izateak bere alde txarrak ere izango ditu...
Egia da ezaguna izateak bizimodua pixka bat aldatzen dizula. Adibidez, jende asko pilatzen den toki horietara joateko nagia sartzen zait: Kilometroak, Ibilaldia… eta joan izan naizenetan lata ederra. Kalean, tira, jendeak «aupa» esan eta lau hitz izaten dira. Baina jada festa denean eta jendea mingainetik bizi-bizi dabilenean, nekatzen zaituzte. Eta normalean modu onean datoz, jendeak ondo hitz egiten dizu, baina azkenerako kokoteraino bukatzen duzu. Askotan kalearen beharrik batere sentitzen ez dudanez eta betitik mendizalea izan naizenez, aitzakia polita da bake bila alde egiteko.

Zergatik funtzionatzen du «Bertatik Bertara»k?
«Bertatik Bertara»k zer edo zer ez badu, kopia izate hori DA. Horrek ez du esan nahi beste programatatik ideiak hartzen ez ditugunik: besteen gauza onak guretzat baliagarri izan daitezkeela iruditzen zaigunean gurera ekartzen ditugu, eta erreta gelditu zaigun horren lekuan jartzen dugu, etengabe berritzen joateko. Hori bai, beti egokitu egin behar da. Kopiatu, azkar eta ondo egin behar da! Zerbaitek funtzionatu badu, funtzionatzen duen momentu horretan hartu behar duzu zuretzat, eta zurera egokitu.
Bestetik izenean dago koxka, hain zuzen lehenengo izena erabaki baikenuen, eta gero izanaren xehetasun guztiak. Urrutira joan gabe, eguneroko gauzak kontatzea zen egin nahi genuena. Japoniara joan gabe, gertatzen diren gauza xelebre eta kuriosoak hemen aurkitzea, alegia. Hemen egiten diren kultur adierazpen guztiak, gertuko gauzak. Orain ez dakit gauzak askoz hobeto dauden, baina orduan ere euskal mundua nahiko zatituta zegoen, eta gure filosofia oso garbi genuen: zerk batzen gaitu? Pixka bat ihes egiten genien banatzen gintuzten gauzei. Eta nik uste ikusleak ere eskertzen duela hori. Badago albistegi bat, gertatzen diren gauzak bere gordintasunean botatzen dituena, eta saio honek beste izaera bat behar zuen, atseginagoa, gertatzen den guztia ez dela txarra eta herri honetan gauza asko egiten direla erakutsiko zuena.

Gertutasuna aipatu duzu. Zuek hasieratik ikusi zenuten herri bateko pertsona baten kontuak beste punta batean eduki zezakeen interesa?
Hori oso garbi izan dugu beti, eta gainera uste dut gai asko eta asko Euskal Herri barruan unibertsalak direla. Altzürüküko baserritar batek esaten duenak, edo herri horretako arazo batek edo ekimen batek interesa izan dezake Mungiako batentzat. Gainera guk txikitasun hori unibertsalera eramateko ikuspegia izan dugu beti, eta beti saiatu gara aurpegi ezagunaren joera hori apurtzen, alegia, pertsona anonimoak izanagatik erakusteko zerbait polita badute, horixe azaltzen dugu.

Gai aldetik, hasieratik pentsatzen zenuten egunero programa bat osatzeko adina gai bazeudela?
Ez dago sinesterik herri honek zenbat sortzen duen. Kultura mailan zenbat musika talde dauden, zenbat liburu, herri aldizkari, zenbat hitzaldi, erakusketa, mahai-inguru… Nik ez dakit munduan (eta benetan ez dakit, ezagutzen ez dudalako) beste herri asko izango den halako hizkuntza gutxitu batean hainbeste sortzen duenik. Hemen izugarri sortzen da, eta hortik edaten dugu guk. Bestalde, «Bertatik Bertara»k gauza on bat badu: edozein gai azaldu daitekeela (gai polemikoak alde batera utzita). Zaku irekia da.

Zein muga dituzue, esaterako, zer kontatu asko duten emakumeak detektatzeko, edo ezagunak ez diren pertsonak detektatzeko...
«Bertatik Bertara»n gizartea bera islatzen da, eta seguru nago gizonezko gehiago ateratzen dugula, eta seguru nago Gipuzkoa gehiago ateratzen dugula, eta idazleetan ere ezagunak beti gehiago ateratzen ditugula… Gurpil zoro bat da azkenean, gizartean gertatzen den hori islatzen dugu, baina aldi berean gizarteari telebistatik ikusten dituen aurpegiak bihurtzen zaizkio erreferentzia. Orain, beste gauza bat da hori hausten saiatzen garen ala ez. Aurpegi ezagunen kasuan, askotan nahita esan izan dugu lan taldean: «Aste honetako pertsonaia ezagunak emakumea behar du izan». Eta harrien azpian begiratu behar emakume bat ateratzeko. Lurraldetasunarekin gauza berbera. Iparraldeak sortzen du eta ateratzen dugu. Baina beste gauza bat da ez dagoen lekutik ere ateratzen saiatu izan garela, propio pentsatzen jarrita: »Ea Iparraldeko zer atera dezakegun, gaur arte egin gabe dagoena, iruditan emateko ere egokia dena eta Euskal Herri osoarentzat ikusgarria izan daitekeena».
Azkenean beti egin beharreko ahalegin plus bat da. Horretan gizartearekin bateratsu goaz. Guk gizarteko dinamika hori aldatzea oso zaila da, Bertatik Bertaran egunero ordu erdiko tartea bakarrik baitaukagu. Baina saiatu izan gara, bereziki emakumezkoen eta lurraldetasunaren kasuan. Zaila da. Gainera, lurraldetasunaren kasuan euskal hiztunak ere behar ditugu guk.

Programan euskal hiztunak behar dituzue. Zortzi urteotan aldaketarik ikusi duzue hiztunen aldetik, euskalkiei dagokienean, jarrera aldetik...
Alde batetik, hiriak euskaraz garai batean baino askoz gehiago ematen du gaur. Bai euskal hiztun kopuruari dagokionean, eta bai euskaraz sortzen denari dagokionean ere. Erreakzio aldetik ere, euskaldunok kamera aurrean hitz egitera ohitzen joan gara; oraindik ere uzkur xamarrak gara, baina denetik dago.
Euskalkiei dagokienean, jada orain dela urte dezente hain modan zegoen jarrera hura puskatzen saiatu ginen, alegia dena euskara batuan egin behar zela zioena. Orain, bai herri komunikabide edo aldizkarietan hori hausten hasi da. Guri tokian tokiko hiztunaren hizkera interesatzen zaigu, eta bertara doan kazetariak ere bertako hizkera baldin badaki, hobe. Herrietako elkarrizketatu askok esaten zigun: "Nik ez dakit zuen euskara horretan hitz egiten, nire hizkera traketsa da…", eta ez, ezta pentsatu ere, eurena gutxiesteko konplexu hori kendu egin nahi dugu. Nik izugarri ikasi dut Bertatik Bertarari esker, eta nik uste jendeak ere horri eta beste gauza askori esker ikasi duela euskaldunok elkar ulertzen. Hemen ez gara denok filologoak, baina belarria jarri eta ikasi!

Zertan aldatu da «Bertatik Bertara» zortzi urteotan?
Gure hasierako filosofia ez da askorik aldatu. Programa estiloa pixka bat aldatu da. Adibidez, orain platoan sartu eta jendeak txalo jotzen du, eta askok esan didanaren arabera, horrekin pixka bat galdu egiten da lehengo hurbiltasun hura, «lehen etxekoagoa-edo» zela esaten dit askok. Orain "globalizazioa" oso modan dagoen hitza da, eta ez dakit horren eragina den platoan jendea eta txaloak sartzearena. Hor ere modak daude. Dena den, pixkanaka aldaketa horietara ohitzen da jendea.
Bestalde, telebista asko aldatu da zortzi urteotan. Audientziaren zurrunbilo horretan sartu gara pixka bat. Eta ez da egia «Bertatik Bertara»k ez dakit zein audientzia lortzen ez badu kenduko dutenik, beste telebista batzuetan egiten duten bezala. Baina egia da «Bertatik Bertara»ri ere eskatzen zaiola audientzia ona izatea, eta gainera nik uste eskatu egin behar zaiola: saioa ikusi egin behar du jendeak. Berdin gertatzen da beste edozein komunikabiderekin ere: edozein aldizkari edo egunkari ez bada batere saltzen, erosten edo ikusten, kontxo... Nik hori garbi esan izan dut beti, baita zuzendari izan naizenean ere, gu ikusi egin behar gaituztela, ezin dugula egin gure ustez oso saio ona baina inork ikusten ez duena

- Jaio: Gabirian, 1964an.
- «Bertatik Bertara» telebista programako aurkezlea.
- Ikasketak: Magisteritza.
- Irakasle: Pasaian 3 urtez aritu zen euskara irakasten, eta Oreretako Udal Euskaltegian beste 4 urtez.
- Telebistan:
+Eguraldi iragarle aritu da 1993tik 2002ra.
+«Euskadi Zuzenean» programa aurkeztu zuen 1994-1995 denboraldian.
+«Bertatik Bertara» saioko aurkezle 1995etik.
- Sariak: «Bertatik Bertara» telebista programak, ARGIA Sariaz gain, «La candileja y el laurel de Oro» saria jaso zuen Madrilen 1999an. Andoni Aizpuruk 2000. urteko Rikardo Arregi kazetari saria jaso zuen.

Soldadutzara joatea tokatu zitzaidan. Orain 20 urteko kontuez ari naiz, eta orduan ere intsumiso eta objetoreak izango ziren, baina oso gutxi. Trintxerpeko euskaltegitik ezagutzen nuen mediku bat, Patxi Arantzabal, eta hark lagundu zidan trikimailuetan: azido urikoa altua nuen, 6’5, eta muga 7an zegoenez, igotzen lagundu behar zidan. Pastilla diuretiko batzuk eman zizkidan, eta esan: "dieta egin behar duzu: jan odolkiak, espinakak, langostinoak...». Ni aste erdiz langostino dozena erdi bat plantxan jaten, sagardotegira joan eta txuletak jan eta jan, pastillak hartu behar gainera… Joan nintzen soldadutzara, eta hango medikua harrituta nire analisiekin. Aurrez Patxi Arantzabalekin prestatutako bertsioa kontatu nion: gaztetatik minez egoten nintzela, ez nuela kirolik egiten eta dieta berezia behar nuela. Patxik liburu bat ere utzia zidan azido urikoari buruz, eta handik ikasitako sintoma denak bota nizkion. Behintzat, libratu egin nintzen. Baina latza izan zen: sagardoa edan behar, langostinoak jan…

Doinua: Agur sagar beltzaran
Gu zerura begira
arren edo herren
zuk gaur igartzen duzu
biharkoa zer den.
Barealdia omen
trumoiaren hurren,
baina hemen ekaitzak
gogotik jo harren
nola jakin ondoren
zer giro datorren?


Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude