BERGARAKO EHUN BAKEROAK AMERIKAREN KONKISTAN


2021eko uztailaren 19an
Dagoeneko mendea gailendua duen Tavex kotoi enpresa euskaldunak, ehun bakeroa edo "denim-a" produzitzen duen Bergarako enpresak, gaur egun merkatuan Europako liderra denak, aurrera jarraitzen du internazionalizatzeko prozesuan, eta, antzina ez dela, Atlantikoa igaro du, aspalditik desiratutako arras eremu garrantzizko batera zabaldu nahirik. Hau da, Nafta eremura heldu da, AEB, Mexiko eta Kanada biltzen dituen areara, alegia. Horretarako, lehenbizi enpresa misto bat ("joint-venture» bat) sortu du hango sozio batekin, eta, urrats horren ondotik, oraindik haratago iritsi da: sozio lokalarekin batera sortutako elkarteko kapitala handitu du, hots, Industria Textil de Puebla elkarteko kapitala, eta beste instalazio batzuk bereganatu ditu Mexikoko Puebla herrian. Horrenbestez, 2003-2006 Plan Estrategikoa egitamuko helburuetako bat bete du.

Ehungintzako enpresa hori, 1846. urtean Bergaran sortua, urratsez urrats joan da nazioartera hedatzeko filosofia aplikatzen eta etorkizuneko garaietara egokitzeko bidea egiten. Horrela, Tavex kotoi enpresa Valentziara, Gironara eta Marokoko Settara hedatu zen lehenbizi Gipuzkoako herri horretatik, eta azkenik Mexikora iritsi da. Prozesuak segitu egiten du, eta ez da harritzekoa izango etorkizunean Ipar Amerikako edo Kanadako elkarteren batekin aliatzea, sektorea berregituratzeko beharra sumatzen baita inguru hartan. Egungo egunean, 2.000 lagun inguruko plantilla dauka Tavexek, eta, itxura denez, 13.000 milioi euroko irabazia izan du 2002ko ekitaldian. Bestalde, badira hainbat urte burtsan kotizatzen ari dela.


LIDERRA EHUN BAKEROAN

Mexikon instalatzeko garaian, kanpora hedatzea deliberatu zueneko filosofia bera aplikatu du Tavexek. Hau da, Marokon egin zuen bezala, sozio lokal bat aurkitu du, elkarte konbinatu bat sortzeko ("joint-venture" bat sortzeko). Horrela, Mexikon ere pixkanaka eman ditu urratsak. Lehenik eta behin, Tamevex izeneko filial komertzial bat muntatu zuen, haren kapitalaren %51 berea zuela. Osterantzeko %49, berriz, hango sozio batena zen; hain zuzen ere, Industria Textil de Puebla (ITP) enpresaren jabeena. Duela zenbait aste, aurreko operazioa egin zuenetik urtebetera, beste urrats bat ematea deliberatu zuen Bergarako enpresak, bere negozioa Nafta eremura hedatzeko nahikundea betetze aldera. Horretarako, kapitalaren egitura bera mantenduta eta Tavemex enpresaren kapitala zabalduta, ITPren kontrola eskuratu zuten. Euskadiko enpresak zazpi milioi euro ipini zituen; hango sozioek, berriz, instalazio industrialak.

Bergarako enpresa Europako liderra da ehun bakeroaren merkatuan, eta nagusi izan nahi du, halaber, beste eremu horretan. Ehun bakeroetan, Mexiko da AEBen hornitzaile handiena, eta datu hori ez da hutsala. Oraingo operazio hori zeinen ardurakoa izan den jabetzeko eta ehungintzako euskal enpresari etorkizuneko zer ate zabaldu zaizkion ikusteko, hona hemen zifra bakar bat: oihal bakeroetan, 300.000 metro kontsumitzen dira Europan urteko; AEBetan, ordea, 600.000 metro gastatzen dira. Nolanahi ere, argibidetxo bat eman beharra dago: tradizioz, oihal bakeroarekin erlazionatu izan da denim-a; ordea, askotariko kalitateak daude ehun horren barruan. Euskal enpresa balio erantsiko produktua ekoizten espezializatu da, halako erakoa non zaila baita Asian produzitzea. Tavexen produktua moda-etxe handien esanekoa da, eta partida txikietan banatzen da, bezeroen beharrizanen funtzioan.

Enrique Garran da Tavex enpresako kontseilari ordezkaria, besteak beste, Papelera Española enpresan ibilitakoa. Arduradun horren eta beste batzuen iritziz, Mexikoko operazio horrek emaitza onak ekarriko dizkie. Iazko urtean, 13 milioi euro inguruko salmenta-edo izan zuen ITP enpresak, eta urte honetan 20 milioi eurora heltzeko asmotan dabiltza. Bestalde, eta ezbairik gabe, Bergarako Tavex Algodonera enpresa nagusiak azken urte hauetan izan duen eboluzio ona bera suertatu da erabakigarria Tavexek Atlantikoa igarotzeko ekinaldian. Izan ere, aspaldian ehun urte beteak dituen enpresa horrek uste du hamahiru milioi euro inguruko irabazia izan duela iazko ekitaldian, eta, kontuak horrela badira, %20ren batean gaindituko ditu 2001eko mozkinak. Bestalde, inbertsioen aurreikuspena ere ez da batere makala: 85 milioi euro ditu izendatuak 2003-2006 plan estrategikoan.


ASIAREN KONKURRENTZIARI AURRE EGIN BEHARRA

Elkartearen zuzendaritzako taldearen esku dago Tavexen akzioen pakete nagusia: %18, hain zuzen. Enpresako arduradunek, bestalde, konpromiso jakin bat dute: aurre egin behar diote Asiako konkurrentziari. Asiarrek erruzko produkzioak egiten dituzte oso prezio merkean; Tavexekoak, kontrara, nekez imita daitekeen oihala ekoizten saiatzen dira, balio erantsi handiagokoa, eta kalitate hobeko zerbitzuaren bidez banatzen ahalegintzen dira. Helburu horren agindura, modaren azken tendentzietara eta diseinatzaile nagusien beharretara egokitzen saiatzen dira. Eskakizun beraren esanera, produktuen akaberak lantzen edota sofistikatuagoak egiten ere jarduten dute. Azkenik, ez dute baztertu ehun teknikoak ekoizten hastea. Horrelako produktuek balio dezakete automobilentzat, eta, horrenbestez, posible da sukontrako oihalak produzitzen hastea.


HARRITZEKO POSIZIOA BURTSAN

Bergarako enpresak burtsan kotizatzen du. Adituek diotenez, haren balioa ez da normal jokatzen ari, beti dagokion balio errealetik behera omen dago eta. Artikulu honi erantsi diogun taulan ikus daitekeen moduan, onak dira enpresaren datuak. Gainera, azken lau urtekoak dira onenak, progresiboki gora egin dute eta. Dioguna frogatzeko, bistara dezagun aldi horretako daturen bat: 1999an, bost milioi eta erdi euroko irabazia izan zuen Tavexek; 2002an, aldiz, 13 milioi euroko etekina izan duela aurreikusi dute. Burtsako balioa, ordea, ez da nabarmentzen. Diotenez, kontularitzako balioa baino %20 bat beherago dago.
Tavexek bere kapitalaren %43,4 dauka burtsan. Osterantzekoa, berriz, honela dago banatua: %18 daukate enpresako zuzendaritzakoek, %19,5 beste zenbait enpresek eta pertsona pribatuk (Iberfomento, Rilafe, Errotalde eta beste batzuk) eta %19,1 aurrezki kutxek

Duela 157 urte Bergaran jaio zen enpresa
Tavex Algodonera enpresa 1846. urtean jaio zen Bergaran, eta, hortaz, 157 urteko historia du aldean. Garai hartan, ia Katalunian bakarrik zegoen ehungintzako industria. Hala, enpresaburu katalan batek eta beste bi merkatari ausartek Bergara jo zuten begiz, ehungintzako fabrika bat altxatzeko. Zergatik Bergara, ordea? Bada, hona hemen arrazoi bakarra: enpresaburu katalan horietako bat, Jose Julian Blanc, Beasaingo Martina Maiz andrearekin esposatua zegoen, eta, emakume horren jatorria ohoratzeko, Bergara hautatu zuten kotoizko ehungintzako enpresa moderno bat eraikitzeko. Emakume horrek garrantzi handia izan zuen enpresan senarra zendu eta gero, zeren zuzendaritzako kargua hartu baitzuen, nahiz eta orduan emakumea etxeko eta familiako lanetara mugatua bizi.

Tavex enpresa harritzeko moduan hazi zen. Sortu eta lau urtera, 1850ean, brontzezko domina eman zioten Madrilgo Feria Industrialean, bere kotoizko ehunen merezimenduagatik eta nagusitasunagatik. 1860an, jada, 501 langileko plantilla zeukan. 1891. urtean zendu zen Blancen alarguna, eta ordurako enpresa finkatua zegoen kotoizko ehunkien eta irunkien Gipuzkoako fabrika nagusi gisa. Garai hartan, bost soziok erosi zuten: Etxaide izeneko bat izan zuten buru, ekintzaile eta pragmatiko handi gisa ezagutua izan zena. Handik hamar urtera, 1901ean, elkarte anonimo egin zuten enpresa lehenbizikoz.

Euskal enpresa horren historia dakitenen iritziz, behin eta berriro asmatu omen zuen egoera politikoetara eta merkatuko beharretara moldatzen. Hala, Espainiako Gerra Zibilaren garaian, aldatu egin zuen produkzioko kolorea, ordura arte urdina izan zena, eta uniforme militarren kaki kolorea jarri zuen indarrean. Ondoren, harik eta 1950. urtea heldu arte, ez zuen produkzioa dibertsifikatu. Urte hura garapen industrialaren hastapen legez markatzen dute; Tavex moldatu egin zen egoera hartara, eta produkzioa dibertsifikatu zuen: kotoizko sarga kaki kolorekoak, urdinak eta grisak; laneko jantziak eta guardia zibilentzako uniformeak; hainbat erabileratako lonak; izarentzako oihalak eta burukoentzako azalak; eta Espainiako Marinako Ministerioarentzako beste oihal batzuk.

Hala eta guztiz, enpresaren historian 1970. urtea da erabakigarriena, zeren orduan bermatu baitzuen nolabait etorkizuna, baita gaur egunera arteko hedapena ere. Tavex enpresako Administrazio Kontseiluak "denim" ehuna fabrikatzen hastea deliberatu zuen, hots, oro har bakeroa esaten zaion oihala egiten hastea. Erabaki horrek bost urte geroago lortu zuen produkzioko abala, hain zuzen ere Levi Straussek 1975ean Espainiako Estatuan instalatzea deliberatu zuenean eta ehun bakeroaren hornitzaile bakar Tavex hautatu zuenean. Handik aurrera, kotoizko enpresa euskaldunak, pixkanaka, beste hainbat kontratu bikain lortu zituen, gainerako "jeans" firmak eta goi mailako joskintzakoak hornitzeko.

90eko hamarkadatik aurrera, beste produktu batzuk lantzera bultzatu du dibertsifikazioko politikak, hala nola, etxeko eta dekorazioko oihalak, eta, horrez gainera, atzerrian hedatzeko apustua egin du. Lehenbizi, Gironako eta Valentziako instalazioak gehitu zizkien Bergarakoei; hurrena, berriz, Marokoko Setta herrikoak, non instalazio modernoak baititu instalatuak. Oraingoz Mexikokoa da azken operazioa, hedatzeko politikaren barruan. Hala ere, geroan etorriko dira beste batzuk Estatu Batuetan eta Kanadan


Azkenak
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude