BEREN BALIOAZ OHARTZEN HASI GARA


2021eko uztailaren 19an

Erreportaje hau argitaratzean, martxoaren erdialde honetan, Atzegi elkartearen urteko kanpaina izanen da kalean. Eskuarki maiatz aldean izaten bada ere, aurten, udal hauteskundeei aurrea hartu nahi izan diete Atzegiko arduradunek. Kany Peñalvak 35 urte daramatza Atzegiko gizarte zerbitzuaren buru gisa. Atzegik burutu ohi duen kanpainaren filosofia azaldu digu:«Kanpainak ez du sostengu ekonomikoa bilatzen, zeregin honek administrazioaren ardura izan behar du. Administrazioari dirua kudeatzea dagokio, denon dirua baita. Beraz, kanpainak bereziki gizartea gogoetatzera deitzen du».

Azken urteotako kanpainak Atzegirekiko zaletasuna sustatzeko burutuak izan dira. «Eta zu, ez al zara atzegizalea?» leloa zabaldu du elkarte honek. Kanpainak gizartea ahalmen gutxikoengana hurbiltzea bilatzen du, pertsona hauekiko elkartasuna bilatzen du, jarrera baikorrak eta irekiak. Atzegiren logoa -bi esku bostekoa eman nahian- oso grafikoa da. Pertsona normalak kontsideratuak garenok eskua zabaltzen eta hartzen badiegu, pertsona hauek leku izango dute gure artean, gizartean parte hartuko dute, dituzten ahalmen guztiak erabiltzen ikasiko dute.


ELKARTASUNA OINARRI

Atzegi Gipuzkoan, Gorabide Bizkaian, Apdema Araban, Anfas Nafarroan. Hegoaldeko elkarteak dira hauek. Lan munduan hamaika zentro eta enpresen sortzaileak. Ahalmen urriko senideek sortuak izan dira, gurasoak izan dira aitzindari. Orain berrogei urte luze, gurasoak bere seme-alabak marjinatuak izaten zirela oharturik, lema-kolpe moduko bat eman zuten. Seme-alaben eskubideen aldeko borrokan hasi ziren. Lehen urratsa elkartzea izan zen, bigarrena hitz egitea eta hirugarrena, bidean bide indartzen joatea: «Arazo bat onartzeko gakoa bere ezagutzan datza. Hau da, arazoa ez badugu ezagutzen ez dugu onartzen. Berrogei urteko esperientzia honetan gurasoek elkar ezagutzeko leku bat eraiki dute. Elkartasunean oinarria harturik, tokian tokiko taldeak antolatuz, talde hauek indarra bereganatu dute gizartea aldatzen joateko», diosku Kany Peñalvak.

Gizarte ekimenaz aritu gara berarekin, orokorrean eta hurbiletik ezagutzen dituen Gipuzkoako gurasoez partikularki. Bere iritziz, Atzegi bultzatu zuten pertsona haiek itzelak izan ziren. «Chapeau» bat merezi dute. Gizarte erabat ezkor bati aurre egin zioten. Ahalmen urrikoak eta hauen gurasoak markatuak bizi ziren orduan. Jainkoak zigortuak ziren. Guraso haiek, alabaina, oldartzeko adore izan zuten beren seme-alaben alde borrokatzeko. Esaldi honetan laburbiltzen du Peñalvak guraso haien kemena:«Balio dutena erakutsiko dugu».
Ordura arte, haur hauei garbitasuna eta elikadura baino ez zitzaizkien bermatzen. Gipuzkoako guraso haiek -beste eskualdekoek bezalaxe, noski- lehen eskola ireki zuten eta pertsona hauei irakastea bazegoela frogatu ere, baita berauek ikasteko ahalmena zutela frogatu digute ere. Orain normala iruditzen zaigu, orduan ez.

Atzegi -Gipuzkoa osorako Donostian finkatua- Espainiako Estatuko lehen zentroa izan zen. Valentzian ere hasia zen zerbait eratzen ordurako. 1960ko abenduaren 28an, Inuzenteen egunean, inauguratu zen elkartea:«Orduan esaten zenarekin kontrastean-edo. Bekatuaren seme-alabak zirelakoan, inuzenteak zirela esaten zen, eta ez bekatariak. Bekatu egiteko ezgauza zirelako», Kany Peñalvak bizitzaren paradoxa gisa azaldu digu inaugurazioaren data egun hura.


ERRONKATIK ERRONKARA

Erronka hitza oso da egokia Atzegi elkartearen bilakabidea definitzeko. Erronkatik erronkara gauzatuz joan da, baita eskualdez eskualde osatu ere. Eskualde bakoitzak bere nortasuna dauka. Talde bakoitzak bere baliabideak garatu ditu eta beste taldeekin konpartitzen ditu. Eskualde bakoitzean familien ordezkari bat dago, tokian tokiko gizartean elkarteen proiektuak zabaltzeko. Talde bakoitzak tokian tokiko elkartearen kudeaketa egiten du, autonomoa eta libreagoa. Horren lekuko, elkarteak Gipuzkoako komunitatearen barnean duen ezarpena.
Atzegik, lau hamarkadetan zehar, lehen eskola sortu zuenez geroztik, arazo sakonagoa dutenentzako zentroak, lan zentroak, etxebizitzak eta aisialdirako zentroak sortu ditu. Pertsona hauek gurasoak ondoan izango ez dituztenerako, zurkaitza edo babesa ere antolatua du, hots, pertsona hauek sortu eta hil bitartean artatuak izanen diren ziurtasuna dute dagoeneko. Zentro hauei guztiei izaera juridiko ezberdin bat eman zaie, Atzegi elkarte nagusiarengandik aparte.

Erronka nagusia nolanahi ere, pertsona hauek bakarrik ez izatea da. Horixe da gurasoen lehen helburua eta hori gauzatzeko gizartearen aldetiko konpromisoa bilatzen dute gurasoek. Hau da, oraindik ere gizarteak pertsona hauekiko jarrera ezkorra agertzen du batzuetan, oraindik badago zer eginik. Alegia, gizartean parte hartzen lagundu behar zaie eta gizarteak berak ere parte hartuz.


AHALMEN URRIKOAK, ATZERATUAK

Ahalmen urrikoak gaitasun intelektual gutxiagoa duten pertsonak dira. Hitz batean esana: atzeratuak. Berrogei urte luze hauetan izen ezberdinak erabili izan dira pertsona hauek izendatzeko. Kany Peñalvaren iritzirako, izenak aldatzea oso erraza da. Frankismoan, diktaduraren garaian, -eta kontserbadorismoaren menpeko gizarteetan orobat- «anormalak» deitzen zieten pertsona hauei. Hau da, ez normalak. Definizio doilorra eta zitala.
Lehen guraso haiek «subnormalak» izendatu zituzten, ordea. Demokrazia garai honetara iritsitakoan, berriz, lege dekretu bat ezarri zen. Lege honen arabera pertsona hauek ezin dira «subnormalak» izendatu. Hau da, normaren azpikoak:«Niri lege edo erabaki hau tontakeria bat iruditzen zait. Orain ‘ahalmen urrikoak’ deitu behar zaie. Baina gu ere ahalmen urrikoak gara hainbat aspektuetan. Nire ustez 'subnormalak' deitzea, normaren azpian daudela esatea da, besterik ez».

Aditu honen ustez «subnormala» arauaren azpian dago. Kontua da kontzeptua gaizki erabilia dela. Sozialki gaizki ikusia dago eta orduan jendeak irain bezala darabil. Modu horretara, pertsona hauek gizartean parte hartu ezin izango balute bezala tratatu ohi dira. Peñalvaren hitzetan, arauaren edo normaren azpian dagoena ez da berez gutxiagotzat hartu behar. Gizarteak gaizki darabilen kontzeptua aldatzea da kontua. Aitzitik, beste kontzeptuak okerrak iruditzen zaizkio:«Orain 'ezindu psikikoa', 'elbarri edo minusbaliatu psikikoa' erabiltzen da hitzetik hortzera. Oso ondo geratzen dira. Edota oso ondo geratzen gara, lasai eta gure buruarekin kontent. Baina pertsona hauek gutxiesten ari gara. Minusbaliatuak, ezinduak edo elbarriak gutxiago balio dutela esan nahi du, aldiz, ‘subnormal’ esatean normaren azpian dagoela esaten dugu, baina kalitate kategoriarik gabe». Zentzu honetan badago zer hobetua. Pertsona hauek izendatzeko erabilpenari dagokionean ardiek bezala jokatzen dugu oraindik ere. Dirudienez, pertsona «normalok» nahiko lerdoak gara.


ATZEGIKOEN EZAUGARRIAK

Normaren azpiko izatea, beraz, printzipioz, minusbaliatu psikikoari edota atzeratuaren izateari dagokio. Definizio hau AEBetako gizartean erabiltzen da, eta mendebaldeko kulturan darabilgu orobat. Pertsona hauek gure gizarteko batez besteko pertsonen eduki intelektualaren azpitik daude, gizartean aritzeko gaitasun eskasa dutela diogu. Bizpahiru aspektu hauetan agertzen da beren gaitasun eskasa: bere buruaz kargu egiteko ezgauza izatea, besteekiko harremanetan motzagoak izatea, eta beren gorputza artatzeko arazoak izatea.
Atzegiko pertsonen ezaugarriak horrelakoak dira. Bertan -edota beste edozein elkartetan- gehien nabaritzen diren pertsonak Down sindrome dutenak dira, beren hazpegiengatik katalogatuta daude. Gainontzekoei ez zaie beren atzerapen intelektuala hainbeste nabaritzen, edo gehienei behintzat. Ordea, hauetako batzuen koefiziente mentala Down sindrome dutenena baino apalagoa izaten da askotan.

Dudarik gabe, beren hazpegiek salatzen dituzte. Pertsona hauetako zenbaiten garapena paradigmatiko izaten da. Hau da, Down sindromea dutenen gurasoek haurraren izaera onartu beharra daukate ezinbestean, aldiz, adimen urriko beste haurren gurasoek ez dute aise onartzen:«Haurrari nabaritzen ez zaionez, eta modu batez edo bestez gurasoak ez dakion nabaritu ahalegintzen direnez gero -nahiz eta ama edo aita konturatzen diren- gure antzeko hazpegiek duten haur hauek haurtzaroa beste modu batez pasatzen dute», azaldu digu Peñalvak. Areago, batzuetan osasun eta heziketa zentroetako arduradunak ez dira gurasoei ezer esaten ausartzen. Haurrak «zailtasunak» dituela esaten diete.
Haur hauen gurasoek osasun nahiz eskola zentroetan aurkitzen duten jarreraren ondorioz, haur kolektibo honen aldeko borroka atzeratu egiten da. Familia batzuen kasuan, seme-alabek hamabost urte betetzen duten arte ez dira Atzegira hurbiltzen. Eskolako ohiko lagunekin bere harremanak hausten dituenean, bere antzekoak bilatzen hasten denean, orduan hurbiltzen dira guregana:«Gurasoak orduan ohartzen dira badagoela zerbait haurren baitan, zerbait ezberdin dutela. Baina, apurka-apurka onartzen dute». Zoritxarrez, arazoa nerabezaroa pasatzean azaltzen zaie, gordinki, batzuetan beranduegi denean.

Down sindromeko kasuetan, gurasoek denbora hori guztia irabazia dute, arazoari lehen unetik heldu behar baitiote. Inpaktua izugarria da eta eutsi egin behar diote. Familia hautsi ez dadin beren nortasuna landu behar dute gogor, baita elkartasuna lantzen ikasi ere. Beste kasuetan, esperientzia poliki-poliki doa, eta gurasoek ez dute lehen urratsa erabat konbentzituak ematen.
Bi kasu dira: hazpegiek salatzen dituztenak eta besteak. Desiratzen ez dugun errealitate bat onartzea zaila da. Eta onartu ezean borroka are zailagoa

Egungo gurasoek honela diote: «Arazo bat daukagu eta ez desgrazia bat»
Atzegi elkartea (Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkartea) 1960. urtean sortu zen. Ordura bitartean bere sorreraren aurreko aroa bizi zuen, eta harrezkero, hiru aldi ezberdin ezagutu ditu. 1960a arte, haur atzeratua zuen familiak larritasuna, lotsa eta bekatuaren ondorioa jasaten zituen. Zerbitzurik ez zegoen, pertsona hauek ezkutaturik edota etxean izaten ziren. Gizartean, berriz, haur hauekiko ezjakintasuna, gaitzespena eta axolarik eza zen nagusi. 1960tik 1980ra, familiak elkartu ziren, premiak ezagutarazi eta irtenbideak bilatu zituzten. Zerbitzu mailan premien azterketa egin zen, kasu bakoitzari erantzun bat emanez. Aro honetan, gizarteak ezagutza eta sinpatia beraganatu zuen. Karitate jarrera moduko bat zabaldu zen gizartean.

1979an, Atzegik Zarauzko Biltzar historikoa burutu zuen. Espainiako Estatua diktaduratik demokraziara iragan zen garaiaren ostekoa zen. 1980tik 2000ra bitartean, gurasoek beren haurrentzeko programak landu zituzten. Gizartea gehiago sentiberatu zen. Zerbitzuak eskualdeka egituratuz hasi eta elkartea modu orokor eta anitz batez antolatu zen. Honen ondorioz-edo, gizartea pertsona hauen integrazio bidean sartu zen. Karitatezko ekintzetatik beren eskubideak onartzera pasa zen gizartea.
2000tik aurrera garai berri bati heldu dio Atzegik. Gurasoek hiritarren lankidetzaren beharra somatu dute, laguntzaileak, boluntarioak eta «atzegizaleak» bilatu dituzte horretarako. Zerbitzuen alorrean, pertsona hauen ingurune naturala sendotu du beren partaidetza sustatu aldera, beren ahalmenak eta gaitasunak indartzeko asmoz. Hau da, beren bizitza pertsonala egituratzeko proiektu bat gauzatzen ari da zerbitzu guneetatik. Gizarteak, berriz, partaidetza hau gauzatzen laguntzeko konpromisoa eta inbertsioa bere gain hartu du.

Atzegin 1.800 elkartekide edo familia biltzen dira. 3.000 bazkide eta kolaboratzaile dira, eta hauek kuota bat pagatzen dute. Azken hiru urtetan 1.500 «atzegizale» bildu dira elkartean. Bere inguruan 150 zentro edo abegi-etxe lanean ari dira. Tailerrak eta eskolak ere badaude, bakoitzaren beharraren arabera atendituak izateko. Atzegiren funtsa ez datza soilik erantzunaren beharretan, ordea, baizik eta adimen urriko haurra duen familiak gizartearekin bat egitean.
Ahalmen urrikoen gurasoek Atzegira hurbiltzeko urte bete behar omen zuten lehen. Bi urte negar malkoetan ematen zuten. Orain lehen astean hurbiltzen omen dira eta bigarren bileran ez dute negarrik egiten. Zergatik? Bada, nahiz eta inpaktua berdina izan, gizarteak haur hauek hobekiago hartzen dituelako. Baina, gurasoek ez badute arazoa onartzen haurra ez da gizarteratzen. Hortxe dago gakoa. Atzegik giza balorea lantzen du. Gurasoak premisa honetaz jabetzen joan dira eta honela diote:«Arazo bat daukagu eta ez desgrazia bat». Hots, lehen desgrazia bat zen, orain arazo bat da


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude