Unai, «Van't Hoffen ilea» zure lan berriaz eta beste gai batzuetaz hitz egiten hasi baino lehen, zelan zaude?
Ondo. Hitzaldirik hitzaldi, elkarrizketarik elkarrizketa..., baina beti literaturaren inguruan. Eguna ematen dut literaturaren inguruan, eta hori txar-txarra ere ez da.
Euskalgintzaren kontrako azken erasoak zuri ere erasan dizu, jakina...
«Euskaldunon Egunkaria»ren prozesuaren inguruan esan zitekeen guztia esanda dago dagoeneko eta ez dut nik, ahalegin handia eginda ere, datu berririk aportatuko. Alde positiboari begiratu nahiko nioke, baina: ederra iruditu zait «Egunkaria»ren eta kulturaren alde egin den erantzuna. Euskal kultura maite duten guztiek erantzun dute ondo: herriak, Jaurlaritzak, kultura arloko egileek, enpresek, eta abar. Eta gauza dotorea da hori. Eta kulturak aurrera egin badu eta egingo badu, horrela jokatu delako eta jokatuko delako izango da. Gertatu den guztia pizgarria izango dela sinetsi nahiko nuke.
Ia urte erdi Espainiako narratiba saria eman zizutenetik. Horrek gauza asko aldatu ditu zure bizitzan, ezta?
Jakina, nire eguneroko bizimodua goitik behera aldatu da. Eszedentzia hartu dut lanean, Labayru Ikastegian, eta gauza berri asko egiteko aukera ematen du horrek. Bidaiak ere batzuk egin ditut, lehen egiten ez nituenak. Literaturarako beti ere.
Hala ere, lehengo bera dirudizu: lasaia, oinak lurrean... Esan liteke zu zeu ez zaituela asko aldatu, ala zer?
Egia esan zorte apur bat izan dut. Berehala konturatu nintzen saria eta sariaren ingurukoa ez zela errealitatea; ez, behintzat, luzarorako errealitatea. Konturatu nintzen gehiago zela piroteknia eta luze baino lehen amatatuko zela. Sumatu nuen urak bere bidera egingo zuela bihar-etzi, eta erabaki nuen zain egon behar nuela zalaparta guztia amaitu arte.
Sariaren osteko zalaparta ez da egokiena izango zerbait idazteko. Eskerrak bigarren liburua ordurako ia amaiturik zeneukala ezta?
Bai, lauzpabost orri falta zitzaizkidan liburua amaitzeko. Indar guztia bildu eta zurrunbiloan idazten jarraitzea deliberatu nuen. Tematu egin nintzen. Erraza izan zen, ordea, urte bi baineramatzan ordurako idatzi, idatzi eta idatzi. Nire neuronek ez zekiten besterik egiten.
Hitz egin dezagun «Van't Hoffen ilea»z. Hasieran, Igartza beka eskuratu zenuenean, beste izenburu bat zeukan...
Bai: «Hiztegiak eta hilerriak», edota «Hilerriak eta hiztegiak». Kontua da ez nengoela konbentzituta. Eta idazten dudanean zerbaitek ez banau konbentzitzen, aldatu beste erremediorik ez daukat. Amesgaiztoak izaten ditut bestela. Eta burua lausotu egiten zait. Eta idatzitako letrek aurpegira egiten didate salto, eta kilimak egiten dizkidate, sudurrean batez ere. Kilima desatseginak. Izenburuarekin berdin. Horregatik egon nintzen beste bat pentsatzen. Egunak eta egunak. Eta asteak. Eta beharbada urtebete ere. Azkenean dutxan okurritu zitzaidan «Van't Hoffen» ilea izenburua, beste asko kontuan izan eta gero. Egun haietan hitzaldi bat neukan herrian eta botoa emateko eskatu nien hara bildutakoei, izenburu bien artean. Aho batez aukeratu zuten «Van't Hoff».
Esan liteke izenburu enigmatiko samarrak gustatzen zaizkizula: «SP», «Van't Hoff»... Zer da: musikaltasuna bilatu nahia, irakurleari jakin-mina pizteko estrategia, jolas hutsa, badute esanahi ezkutu bat?
Oso ondo ezagutzen nauzuen seinale da galdera hori; izan ere, eman dituzuen lau arrazoiak egon ziren izenburu horiek bilatu nituen orduan. Musikaltasuna zer esanik ez: izenburuak irakurri besterik ez da egin behar horretaz jabetzeko. Bestetik, irakurlearen jakin-mina beti bilatu behar da, hori baita, apur bat, literatura; jakin-minik gabe ez legoke literaturarik (azaleko irudia ere gauza bera lortzeko baliabidea izan daiteke). Jolasa ere bada, jakina: literaturan orain arte egin dudan guztiak gehiago dauka jolasetik beste edozein gauzatik baino. Eta esanahiak badauzkate izenburuek; ez dakit ezkutukoak edo agerikoak, baina esanahiak zenbat-nahi. Eta horrezaz guztiaz gainera, badira beste lau edo bost arrazoi.
Izenak utzi eta gatozen nobelaren mamira. Matias Malanda da protagonista nagusia: funtzionario lotsati eta maniatiko bat. Nondik nora sortu duzu pertsonaia hau?
Asko dago niretik pertsonaia horretan. Esango nuke idazten dituen gauza gehienetan islatzen dela egilea. «SPrako tranbia»ko Lucasek ere asko zuen nire nortasunetik, bestela bazirudien ere. Matias Malanda nire nortasunaren zatia da; beharbada agerian ez dagoen nortasunaren zatia. Eta horixe da, beharbada, interesgarriena. Edo beharbada ez.
Funtzionarioak antipatiaz ikusi izan dira literaturaren historian; zu zeu ere ez zara inoiz administrazioko langile izan, eta hala ere maitasunez tratatu duzu.
Funtzionarioak, epaile batek kontrakoa esan arte, pertsonak dira. Eta pertsona guztiak tratatu behar dira errespetuz. Are gehiago: ahalegin handiagoa egiten dut nik eta kariñoz tratatzen saiatzen naiz. Pertsona guztiak. Zaila da askotan, baina ahaleginik ez badago, ez dago saririk. Horrezaz gainera, Matias neuk sortutako pertsonaia da eta kariñotik harago joatea beste erremediorik ez dago: maitatu ere maitatzen ditugu sortzen ditugun pertsonaiak.
Matias Malandak ageriko zeregin bat du Idus delako herri horretan: adinekoei elkarrizketak grabatzea, jenderik bitxienaren bizitzak grabatzeko; horren atzean, baina, beste helburu batzuk daude, apurka argituz joango direnak. Nola eraiki duzu nobela, edo zein izan da tramaren sortze prozesua?
Nobelan ageriko hari bi daude eta sasi-ezkutuan geratzen den beste bat. Lehenengo haria zeuk aipatu duzu: biografia bitxiak grabatzera joan den funtzionario baten istorioa. Baina pertsonaia horrek beste zeregin bat dauka herri horretan (ez dut azalduko, irakurketa ez zapuzteko). Eta irakurleak hasieran ez du jakingo zein den pertsonaiaren benetako zeregina. Azkenean, ostera, ohartuko da irakurlea beste zeregin ezkutuago bat daukala funtzionarioak, bi horietaz aparte. Eta hortxe dago nobela (nobela osoa) borobiltzen duen haria. Hiru hariak dira garrantzitsuak, baina espero dut jendea (kritikoak batez ere) anekdota hutsean ez geratzea eta idatzita dagoenaz haratago joateko pausoa ematea.
Biografia bitxi horien bitartez hainbat istorio eta ipuin txiki tartekatu dituzu; ezagun duzu, gainera, gustura zabiltzala genero horretan. Nola bizi duzu ipuin/eleberri banaketa zure obran, zure lanean?
Oso gustuko ditut ipuinak, jakina. «SPrako tranbia» idatzi nuenetik, ordea, ideia asko izan dut bai, baina beti nobela idazteko. Ideia heltzen denean mundu guztiak daki zer egin dezakeen ideia horrekin: nobela bat, poema bat, ipuin bat, teatro lan bat. Niri nobela ideiak baino ez zaizkit okurritzen. Tarteka izaten ditut beste ideia txikiago batzuk, baina ipuinera ere ez dira heltzen. Beharbada mota horretakoak dira «Van't Hoffen ilea»n agertzen direnak. Edo beharbada ez: izan ere, ideia batzuk garatzen joan eta ipuin izatera heldu dira. Baliteke ipuinak liburu batean sartzeko beste bide bat izatea «Van't Hoff», sugandilarik txikienak ere ez baitu sinesten generoak existitzen direnik.
Bitxikeriekin jarraituz: zomorro eta piztiek leku nabarmena dute Matiasen buruan eta nobela honetan: igelak, sugandilak, erleak... Ba al du honek azalpenen bat?
Bai: sentimendu txikiz eraikitako nobela bat da «Van't Hoffen ilea». Matias Malandak sentimendu txikiak maite ditu, eta txikitasunean bizi da eta bizi nahi du. Zomorroek, pizti txikiek eta abarrek Matiasen nahi hori, sentimendu hori berresten dute, indartzen dute. Gauza eta sentimendu txikien artean bizi da eta gero eta zoriontsuago ikusten dugu. Eta, gezurra badirudi ere, zomorro txiki horiek ere kariñoa ematen diote Matiasi, edo hala sentitzen du berak, behintzat.
«SPrako tranbia», leku zehatz batean kokatu ez arren, hura zuretzat Algorta zela esan izan duzu. Nobela honetako toponimia, berriz, nahita da misteriotsu samarra: Idus, Eldas, Arbidas... Hauek denak ere Algortaren irudiak dira ala geografia imajinarioetara jo duzu?
Gauza bitxi bat gertatzen zitzaidan liburu honetako geografia imajinatzen nuenean: alde batetik, Algortako lekuak dira Iduseko guztiak (Arbidas Getxo da eta Arbidas barrukoak Getxoko auzoak, nobelan herriak diren arren). Bestetik, baina, bidaia egin du Matias Malandak eta etxetik zazpi-zortzi ordura dagoen eskualde batera heldu da, ezezaguna baina erakargarria egiten zaion eskualde batera. Ezezaguna da baina hurbileko egiten zaio. Nire buruan ere ezezaguna baina hurbila zen. Ez da azaltzeko kontu samurra.
Zure ohiko idazkerarekin jarraitzen duzu: irakurlea ustekabean harrapatu, elipsi handiak egin, ñabardura txikiei erreparatu, absurdo ukituak han-hemen... Topikotik eta kostunbrismotik alde egitea aldarrikatu nahi duzu, edo besterik gabe hau da zuri ateratzen zaizun estiloa?
Nahiko nuke, bai, estilo hori berez ateratzea. Baina asko kostata ateratzen den estiloa da. Esan zuen Gómez de la Sernak: «íQué difícil es trabajar para que todo resulte un poco ‘deshecho’!». Ahalegin handia egiten dut idazten dudan bezala idazteko, kontrakoa dirudien arren. Ez dakit aukerarik onena den edo kale egiten ari naizen, baina hori da maite dudan kontatzeko modua eta horri eutsiko diot oraingoz. Auskalo bihar-etzi zer planteatuko diodan neure buruari. Gozatzen dut horrela idazten eta horrelako gauzak irakurtzen.
Lehen liburuaren osteko elkarrizketetan askotan azpimarratu zenuen Cortázar eta Rulforen eragina, edo haienganako mirespena. Haien lekuan edo ondoan beste idazle batzuk jarriko zenituzke orain?
Jarriko nituzke beste asko bai (Faulkner, Pessoa, Baricco eta beste hamar mila gehiago), baina ez dut aurrekoan gertatu zena errepikatzerik nahi. Hau da, behin edo birritan aipatu nituen idazle horiek eta beste egunkari batzuetako kazetariak hasi ziren aurreko elkarrizketetan esan nuena kopiatzen (badakizu, Internetetik xurgatzen da informazio asko). Eta behin edo birritan, gogoz kontra, esandakoa (alegia, kazetariek "maisuen" izenak nahi zituzten eta gogotsu galdetzen zidaten) biderkatuta irakurtzen nuen beste egunkari guztietan. Hirukoiztu egiten zen gero. Laukoiztu ondoren. Amesgaiztoa ematen zuen.
Ez dugu argituko amaiera, baina hunkigarria da, zinez. Hala ere, bukaerara iritsi arte ihes egin diozu sentimendu sakon horiek azaltzeari; «SP» sentimentalagoa zen alde horretatik. Zergatik eboluzio hori?
Nik ez nuen «SP» sentimental bat egin nahi. Esan nahi dut ez nuela hori bilatu. Hala izan bada, ondo, baina ez nintzen horren bila aritu. Istorio bakoitzak bere kontatzeko modua dauka. Hala ere, «SP»n ere giroa sentimentalegia zenean, giro hori hausteko ahalegina egiten nuen, ironiaren bidez, surrealismoaren bidez, kaosaren bidez, umore bitxi baten bidez, absurdoaren bidez, eta abar. «Van't Hoffen ilea»n ere asko erabili dut umorea, ironia eta, gehiago, absurdoa. Guzti-guztia literaturarekin jolasean ibiltzeko.
«SP» gaztelaniaz aterako da berehala. «Van't Hoff» itzultzeko eskatu dizute. Eta hirugarren nobela buruan omen duzu: aurreratuko al diguzu zerbait?
Aspaldi daukat hirugarren nobela buruan. «Van`t Hoff» amaitzeko ia urtebete falta zitzaidanetik. Izan ere, argi daukat nobela bat oso landuta izan behar duela egileak idazten hasi baino lehen. Ume bat izango da nobelako protagonista eta umeak berak kontatuko du nola bihurtu zen munduko pertsonarik jakintsuena. Ume horrek, bestetik, osaba bat izango du, kategoria handiko selekzio biren arteko errugbi partidua epaitu nahi duena (Irlanda, Australia, Gales, Hegoafrika...). Ume horrek, horrezaz gainera, lehengusu bat izango du, aititeren bizitza ikertzen ari dena (aitite Europako ebanistarik onenetakoa izan zela deskubrituko du halako batean). Eta, amaitzeko, umearen etxera bisitan doan andre bat agertuko da, etengabe arkitekto famatu bati buruz hitz egiten duena. Liburu zoroa izango da, jakina, eta azaleko irudia ere imajinatzen hasita nago. Izena ere zoroa izango da: «Vredaman»