Otsailaren 19tik 20ra bitarteko gauean hasi zen amaiera urrun duen amesgaizto hau. Etxea inguratu ostean, ateak kolpatuz eta metrailetak eskuetan zituztela, tropeletan sartu zitzaizkien etxean, gerra egoeran balira bezala. Familia osoa jaikiarazi eta sukaldean biltzeko agindua jaso zuten denek. Bazterrak goitik behera hiru ordu luzez miatu ostean, gure lankidea hartu eta Hernanitik ARGIAk Lasarte-Orian duen egoitzara ekarri zuten, bertan ere miaketekin jarraitzeko. Goizeko seiak aldera, Pello Zubiria bera, bi ordenagailu eta hamar bat mila argazki furgoian sartuta, inongo azalpenik eman gabe eta bertaratutako ARGIAko arduradunei hurbiltzen ere utzi gabe alde egin zuten bertatik. Alferrikakoak izan ziren egindako galderak, ez miaketari buruzko arrazoirik, ez eramandako gauzen berririk, ez deusik jakinarazita desagertu ziren. ARGIAko arduradunak miaketa lanak gidatzen zituen ustezko epaitegiko ordezkariarekin hitz egiten ere saiatu ziren behin eta berriz, baina beste horrenbeste jaso zuten. Esan gabe doa, ordurako Pellok asteak zeramatzala ondoezak jota, gaitzak eragindako makalaldi baten ondorioz lanera etorri ezinik bajan, eta miaketek iraun zuten bitarteko bost bat orduko epe horrek dagoeneko leher eginda utzi zuela.
Orduan hasi eta hilaren 27ko eguerdiko ordu bat eta erdiak arte, alegia zazpi egunez, Pello Zubiria Camino gure lankide eta laguna inkomunikatuta eduki dute. Tartean, eginahalak eginahal, urriak eta eskasak izan dira familiari eman zaizkion azalpenak.
Kronika beltz honen berri lazgarrienak, euskalgintzak eta euskal gizarteak aspaldian ezagututako mobilizaziorik hunkigarrienaren beroan eta etorriko zirenak oraindik ere asimilatu gabe zeudela heldu ziren.
Gezurrak eta zikinak
Astelehenean, hilak 24, arratsaldeko hiruak aldean, Pello Zubiria bere buruaz beste egiten saiatu zela zabaldu zuten hedabideek -gerora jakin ahal izan denez, Entzutegi Nazionalak berak filtratutako datuak ziren- eta horren ondorioz Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean zegoela. Handik aurrera, gure lankideak jasaten duen gaitz kronikoa aitzakiatzat hartuta, era guztietako zurrumurruak eta berri distortsionatuak eman ziren argitara, batez ere Espainiako hedabideetan. Esan beharra dago horietarik asko eta asko, nahasmena sortzeko eta Pello Zubiriaren beraren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko asmatutako gezur interesatu hutsak zirela, bere gaixotasuna azaltzen duten agiri medikoak hasiera-hasieratik helarazi baitzitzaizkien. Hala, «ABC» egunkariak "euforia eta depresio gorabeherak eragiten dituen buruko gaixotasun kronikoa" sufritzen duela aipatzen zuen, besteak beste, astearteko bertsio digitalean; "Gregorio Marañon ospitaleko gela zaintzen zuten guardia zibilei esker salbatu ahal izan zuela bizia". Bere buruaz beste egiteko metodoari buruzko datu kontraesankorrak eta kontrastatu gabeak ere erruz zabaldu ziren.
Pello Zubiria antsietate atake batek jota eta egoera larrian heldu zen Gregorio Marañon ospitalera. Tarte horretan Malores Etxeberria defentsaren akreditazioak lortzeko epailearekin egona zen Entzutegi Nazionalean, baina ez zitzaion txintik ere esan. Ospitalean ere ezin izan zuten senideek gauza handirik ikasi. Ezer ez esateko agindua zutela eta Pello Zubiriaren gela Entzutegi Nazionalaren luzapen moduko zerbait zela adierazi zitzaien senideei. Pello Zubiriari, 72 orduko inkomunikazio judiziala ezarri zion astelehenean, hilak 24, Juan del Olmo epaileak.
Behin eta berriz galdetzearen poderioz eta ederki kostata, ospitaleko zuzendari Francisco Serranoren ahotik entzun ahal izan zuten, erreanimazio unitatean zegoela eta kontziente zegoela, kezkaren kezkaz "bizirik ote zegoen" galdetu ostean. Suizidio zurrumurruak egiak ote ziren ere itaundu zioten, baina hark, "ez zuela konfirmatzerik ez ezeztatzerik ere" ihardetsi zien, azalpen horiek forentseari eskatu beharko zizkiotela.
Juan del Olmo epaileak autoa plazaratu zuen arte, zirrikiturik gabeko inkomunikazio hertsiaren eraginez eta "habeas corpus" delakoaren ukazioa jaso ostean, ospitale inguruko iturri ofiziosoetatik helarazitako datuak izan dira senideek jasotako informazio bakarra, kontuan hartzeko modukoa, bederen. Luis Fernandezek Madrilgo internet foro batean laguntza eske igorritako mezu baten haritik, Pello Zubiriak ospitalera iristean "burua kolpatuta eta belauna zaurituta zituela" helarazi zitzaigun. Halaber, "ospitaleko erregistroan haren izenaren arrastorik ere ez zela". Bestalde, Marañon Ospitaleko arduradun batek Estatuko Barne Ministerioko goi kargu bati esandakoa jakin zuen ARGIAko erredakzioak. Alegia, "Eskerrak pasatutakoa ospitalean pasatu dela, bestela...".
Tortura eta tratu txarren salaketak
Heldu zen, azkenik, deklarazioak hartzeko unea. Heldu ziren jasandako tortura, tratu txar, umiliazio eta irainen salaketak. Heldu ere, atxilotuen inguruan epaileak hartutako erabakiak ere. Baina Pelloren berririk ez, inondik ere. Epaileak deklarazioak hartzen ari zela tarte bat egin eta ospitalera jo ote zuen ere zabaldu zen astelehenean, hilak 24, iluntzean, baina ordu laurden eskas baterako eta "habeas corpus" delakoaren tramitazio kontuetarako izango zela uste da.
Afera honetan atxilotutako gehienek berresten duten kontua da. "Hil nazazue behingoz!", "utz nazazue bakean!" edo "epailearen aurrera eraman nazazue!" bezalako garrasiak eta are lazgarriagoak entzuten zituzten ziegetan zeudela. Inma Gomilak eta Luis Goiak, esate baterako, horietarik batzuk Pello Zubiriaren ahotsarekin identifikatu zituzten.
Asteazken gauean hartu zioten deklarazioa Pello Zubiriari ospitalean. Iñaki Esnaola bere abokatuak asteazken eguerdian jakin ahal izan zuenez, epailea bera lehenagotik ere presatua zen baina, antza, Gregorio Marañon ospitaleko sendagileek, osasun egoera larria zela eta, ez zioten horretarako baimenik lehenago eman.
Epaileak ostegunean, hilak 27, goizaldean inkomunikazioa altxa eta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua emanez geroztik hasi ziren gertatutakoak tantaka argitzen. Pello Zubiria igandean eraman zuten Gregorio Marañon ospitalera. Zainketa Intentsiboetako Unitatean eduki behar izan zuten neumoniak jota, oso egoera larrian heldu zelako. Malores Etxeberria Pello Zubiriaren emazteak ohean etzanda "mugitzen ez zela, oso nekatuta, triste eta lehen baino askoz argalago" aurkitu zuen eguerdi aldean, aste luze horretan izandako lehen bisitaldian.
Gainerako atxilotuen kasuak ahantzi gabe, Pellori egokitu zaion kronika beltz honetan gauza asko dago oraindik argitzeke. Esate baterako, atxilotu zutenetik igandera arte, komisaldegitik ospitalerako joan-etorria zenbat bider egin behar izan ote zuen. Antza, behin baino gehiagotan ibili zuten atzera eta aurrera. Argitzeke, bestalde, ARGIAtik eraman eta Madrilera heldu bitartekoak, zergatik eman zion antsietate atakeak, bere buruaz beste egiteko saioak egia ote diren, eta hala balitz zerk behartu zuen horretara, non gertatu ote zen edota zeren eraginez harrapatu zuen neumonia.
Inpotentzia
Pello erraietan, Luis, Martxelo, Fermin eta Inma buruan eta Txema, Xabier biak, Iñaki eta Joan Mari bihotzean ditudala, sentitzen dudana hitzez adierazteko gauza izango ote naizen beldur, ekiten diot zeregin honi. Eta barka biezait Maloresek ez baldin badut menderatzen ez dudan ofizio honekin asmatzen, gorputza hitzatan baino musika sonante batean baitabilkit traboka. Torturatua izan denak, nekez asmatzen du esaldika torturaren berri ematen. Bere gogoz kontra bortxatua, hego haizetearen haizalpeko orri zuria da, bortxatzaileek lerdea dariela bere gainean ubel idatzi, kaka eginez zikindu, aihotz - marrauzaz txikitu eta ostikoz zanpagailura botea. Torturatuak pubela du helburu, tortura prozesutik libratuko duen zakarrontzia, nahiz badakien bizitzetik deus ez duela honek. Zeren tortura bizipena da, bizipen bortxatua, ihesbiderik uzten ez duena. Torturatzaileen mendeko, bat zernahi sinesteko gauza da. Ezagutzen ditudan kasuen artean, beldurgarriena, Manzanas torturatzailearen hiltzailea bera zela etsita zegoenarena da. Atxiloketaren hirugarren eguna zuen eta hobenduntzat jo zuen bere burua. Torturatzaileek torturatu bai, baina ez zioten tamainako izugarrikeria sinarazi, bai baitzekiten guztiz ezinezkoa zela Jainkoa izan ezean, hiru bat lekutan batera egoteko gauza behar baitzuen. Denbora luzean, bururatzen zitzaion oro komisaldegian entzuten zutela etsita bizi izan zen.
Ezagutu dut neure haragitan, egurra ematearekin mehatxatu zidan epaile militarra, berak sinarazi nahi zidan hura ukatu niolarik. Ezagutu dut, eta identifikatu pasa ondoan zakarrontzian geundela, Guardia Zibiletako kuartelilloko ondoko gelatik era beldurgarri basatian marruka ari zena, oraindik orain bizi-bizi gogoan dudana. Eta ezagutzen dut, etxekoa bortxaz eraman eta bere berri izan ezak sortzen digun infernua, irudika baitezaket nire erosoan pasatzen ari den nolakoa. Izan ere, denak egin dizkidate etxekoago, etxeko-etxekoa aspalditik egina daukadan Pellorenak baldin banauka ni neu, Prestige bezain hondoratuta ere. Hitzak eskas, inpunitatea flakotzat jotzen dut triparena adierazteko garaian, eta nire ezinean hondoa jota ez nuke nahi Pello ordezkatu dagoen egoeran, nire burua hain koldar eta miserable sentiarazten didatenei diedan gorrotoak, ezer gutxi adierazteaz gain, ez du inolaz ere parea jotzen esan nahi dudanarekin. "Tiroa eskatu nien", "arratoiak baino okerrago tratatzen gaituzte", esan du Martxelok, eta horrek bai, horrek biltzen du hobekiago neurea ere
Zer da Espondilitis Ankilopoietikoa?
Ez zaitu hilko, baina gorriak ikusteko zaude» esan zion Pellori 1987an, espondilitis ankilopoietikoa izeneko artritis mota diagnostikatu zion traumatologoak. Orduz geroztik, ahalik eta ongien bere burua zaintzen saiatu da Pello (berak hala dio izorrategi.org web gunean. Dena den, lankideok etenik gabeko lanean ezagutu dugu Pello). Hasieratik, Indometacina botika hartzen zuen eta igeriketa eta ariketa fisikoak zituen lagun. 1995erako ordea, lepoa kaltetuta zuen eta laster eskuineko belaunarekin arazoak izaten hasi zen. Erremedio gehiagoren bila ahalegindu zen: gimnasia eta antigimnasia ikastaroak, magnetoterapia, osteopatia, kiropraxia, akupuntura...
ARGIAk Interneten duen Sareko ARGIAren sortzailea ordea, gaixotasunari buruzko informazioa eskuratzeko irrikitan zen eta Interneterako zaletasuna aprobetxatuz nabigatzeari ekin zion. 2000. urteaz geroztik informazio asko bildu zuen gaitzari buruz eta web gunea sortzea ere buruan zerabilen. Ez zegoen aseta ordea zuen informazioarekin eta bila jarraitu zuen.
Pellok, berak sortutako izorrategi.org web gunean, espondilitis ankilopoietikoaren sortzaile gisa bi faktore aipatzen ditu. Lehenengo teoriaren arabera, gaixotasun kroniko hau dutenek HLA-B27 marka genetikoa dute. Bigarren teoriaren arabera, bakterioak dira gaitzaren eragile. Pellok bigarren teoria hau ezagutu zuenean, zera galdetu zion bere buruari: «Egunen batean aurkitzen bada bakterio bat zela denaren errudun eta urteak alferrik galdu ditugula ohiko tratamenduarekin?». Kezka hori zuela, 2001eko udaberrian bere egoera fisikoa ahultzen zihoala nabaritu zuen. Bost urte lehenago kortisona hartzen hasi zen, baina kopuru txiki hura jada ez zuen nahikoa. Gaitza ez dago sendatzerik, baina mina arintzeko asmoz eta mugikortasuna ahalik eta gehien mantendu asmoz, Pellok bigarren teoria hau hobeto ezagutzea erabaki zuen.
Bila ari zela Londreseko klinika batean Ebringer izeneko medikuak gaitz hau Klebsiella Pneumoniae bakterioarekin lotzen zuela jakin zuen. Bakterio hau kolonean bizi da eta almidoiak jartzen omen du martxan. Bakterio hau «berotzen» denean izaten dira espondilitis broteak. Horrela ezagutu zituen Pellok Almidoi Gutxiko Dieta eta Almidoirik Gabeko Dieta. 2001eko ekainean almidoiak bere organismoan zuen eragina frogatzen hasia zen.
Botikak hartu eta ariketa fisikoak egiteaz gain, dieta bereziari ekin zion. Bere web gunean esaten duenez, etxekoak aspertu zituen bere esperimentuekin; almidoi gutxi edo batere ez zuten jakiak deskubritzen aritzen baitzen. ARGIAn ere poliki-poliki dietaren nondik-norakoez jabetzen hasi ginen: ez zuen ogirik jaten, zerealak eta lekak alboratu zituen; pasta, irina, lentejak, babarrunak, patata... Goiz erdian bere hamaiketakoarekin agertzen zen: txokolate pixka bat, intxaur batzuk... Haragi kontuak utziak zituen Pellok eta dieta berriarekin hasi zenean berriz, haragia, arraina, arrautzak eta batez ere entsaladak jaten hasi zen.
Urtebete igaro ondoren, 2002ko udan beste dieta mota bat ezagutu zuen Jean Seignalet Monpellier inmunologoaren eskutik. Antzinako Dieta, Desintoxikazio Dieta edo Dieta Hipotoxikoa deitzen zaio erregimen honi. Zerealak eta esnea debekatzen ditu erregimenak, beste makina bat baldintzaren artean. Pellok, almidoirik gabeko dieta eta azkena aipatu dugun dietaren arteko konbinaketa egitea erabaki zuen. Gaixotasuna arintzeko bide berezi honek onurak ekarri dizkiola nabarmentzen du Pellok eta horretarako neurgailu batzuk aipatzen ditu adibidetzat. 2001eko abuztuan VSG edo ESRa 83an zeukan eta PCRa 70ean. 2002ko urrian 42an eta 19an zeuden. Berak atera zituen kalkuluen arabera, aurtengo udan inflamazio tasa normaltzera heltzea espero du.
GAIXOTASUN KRONIKOA.
Espondilitis ankilopoietikoa artritis mota bat da, gaixotasun inflamatorioa. Sistema inmunologikoaren alterazio bat dela esan daiteke. Ohikoena bizkarrezurrean eragitea da eta mina eta gogortasuna eragiten du. Bizkarrezurraz gain artikulazio periferikoak deitutakoak ere erasan ditzake, hala nola, belaunak eta orkatilak (ikus marrazkiak). Bestelako ondorioak ere jasan daitezke gaitz hau dela-eta. Begiak sumintzen zaizkie batzuei, besteek balbulopatia kardiakoak izaten dituzte, alterazio neurologikoak ere sufri daitezke.
Aipatu ditugun sintoma hauek guztiak ez ditu gaixo bakar batek izaten, noski. Larritasun maila desberdinak izaten dira. Badira gaitza izan arren eguneroko bizitza egiteko oztopo handiegirik ez dutenak eta badira bizitza kalitatea nahiko kaxkarra dutenak. Pelloren kasua larritasun maila handikoa dela esan dezakegu. Gaitz honek broteak eragiten ditu eta brote hauek areagotu egiten dira gaixoaren egoeraren arabera. Lanak, estres egoerek, senideren baten heriotzak... eragina dute. Egoera larri batek eragin ditzakeen ondorioak intuitiboak dira, baina kontuan hartu behar da ohiko egoeran sufritzen ari badira, Pellok jasan behar izan duen egoerak nola eragin dezakeen, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere.
Tratamenduei dagokienez, aipatu dugu lehen gaixotasunak sendabiderik ez duela eta medikuntza ofizialak botiken bidezko tratamendua aholkatzen du, batetik, mina arintzeko eta bestetik, mugikortasuna ahalik eta gutxien galtzeko. Pellok bide berriak jorratu zituen ordea, 2000. urteko ekainaz geroztik. Botikak, ariketa fisikoa eta dieta berezia metodikoki betetzen zituen atxilotu eta kartzelarako agindua eman bitartean
«Atxiloketak eta kartzelaratzeak Pelloren bizi kalitatea hipoteka dezakete»
Martxi Perez aretxabaletarra da eta Pellok bezalaxe espondilitis ankilopoietikoa izeneko gaixotasuna dauka. Gaitz hori dela-eta elkar ezagutu zuten duela hilabete batzuk, bakoitzaren esperientziak trukatzeko asmoz.
Noiz eta nola ezagutu zenuen Pello Zubiria?
Gaitzari aurre egiteko erleen ziztaden sistema, apiterapia, probatu nuen eta Xabier Letonak, ARGIAko zuzendariak, gaztetatik ezaguna dudanez, deitu zidan Pelloren kasua azalduz. Pellok ere sistema horri buruzko informazioa jakin nahi zuen. Egun batean deitu zidan eta asteburu batean berarekin egon nintzen esperientzia trukaketa egin genuelarik. Gerora, bai Internetez eta baita telefonoz ere harremana mantendu dugu.
Nolakoa izan zen lehen kontaktu hura?
Euskal kulturaren munduan Pello pertsona publikoa da eta nik argazki bidez ezagutzen nuen. Bera ikusteak asko inpresionatu ninduen, bere gaixotasun graduak eta agertzen zuen gabezia fisiko mailak inpaktatu ninduten. Belaunak, orkatilak, zerbikalak... kaltetuta zituen. Bera ezagutzeak alde positiboa izan zuen, noski. Baina, errealitatera itzultzeko modua ere izan zen. Uste nuen gaixotasuna ezagutzen nuela, baina ohartu nintzen nik baino gradu handiagoan gaixotasuna bizi dutenak badirela, Pello adibidez. Bera ezagutzea inpakto handia izan bazen, berak gaixotasunari buruz duen ezagutzak eta jarrerak ere harritu ninduten. Gaitzari buruzko informazio asko dauka eta oso barneratuta dauzka gaitzari dagozkion alderdi kliniko-mediko guztiak. Informazio hori mundu mailan gure gaixotasunari buruz dauden azken ikerketa, joera eta esperientzietatik bildu du eta hori guztia, gehi bere esperientzia pertsonala konpartitzeko web gune sinpatiko eta oso interesgarria eraiki du euskaraz eta gazteleraz, bere penak, kezkak eta minak elkarjarri nahi duen edonorentzat. Meritu handiko pertsona iruditu zitzaidan, gaixotasunari modu erabat aktibo eta eraikitzailean aurre egiten zion pertsona, bere talantea gustatu zitzaidan.
Atxiloketa egoera eta kartzelaratzea nola jasan ditzake espondilitis ankilopoietikoa daukanak?
Gaixotasunak garapen maila desberdinak ditu. Gaixotasunaren maila neurtzeko baremo batzuk daude eta horietako bat odolaren sedimentazio abiadura da. Nik adibidez, abiadura goienean, 39an eduki dut. Pellok berak esan zidan berak abiadura 109an eduki duela. Nik abiadura 39an izan dudanean, minak jota egon naiz, ezin mugitu, ezin hitz egin... Gaixotasun honek artikulazio eta giharreak erasotzen ditu eta gaixotasun erreumatikoetan, maila batzuetatik aurrera behintzat, minkorrenetakoa da. Pazientzia jan diezazuke, mina konstantea baita. Egia esan asko arduratzen nau bere egoerak.
Egoera berezietan gaixotasun honek broteak izaten ditu.
Estres egoerak, lanak, gertuko baten heriotzak gaixotasun honen broteak eragin ditzake. Bada, pentsa ezazu zer gerta daitekeen atxilotuta bazaude edo kartzelaratua bazara. Ni oso-oso urruti nago bere gaixotasun mailatik, eta hala ere, esan dezaket maila konkretu batetik aurrera dauden gaixoek zenbat sufri dezaketen, mina itzela da eta batzutan desesperazio maila ere bai.
Ospitalean medikuen eskuetan dago.
Valentziar batek ederki definitu zuen gaitza: "Ez du inor hiltzen, baina ez du bizitzen uzten". Medikuek badakite gaixotasun honek ez duela hiltzen, gaixotasunaren garapena eta agresibitate maila batetik bestera desberdina izan daitekeela, baina hain nabarmena da Pelloren egoera fisikoa... Gaixo batzuk ezagutzen ditut eta Pelloren gabezia fisikoarekin ez dut inor ezagutu. Bestalde, Pellok oso metodikoa behar du izan gaixotasunaren zaintzan eta oso zaila iruditzen zait ospitalean kontu guztiak ondo eramatea: elikadura, botiken tratamendua, analisi klinikoak... Pellok baldintza guztiak betetzen ditu kalean egoteko.
Nola eragin diezaioke atxiloketak eta kartzelaratzeak?
Bizi kalitatea hipoteka dezakete. Kontuan izan behar da gaixotasun honetatik beste kalte batzuk sor daitezkeela organismoan. Hesteetako, bihotzeko edo giltzurrunetako arazoak sortzea posible da. Dena dela, komunikabide batean baino gehiagotan Pellok arazo mentalak dituela esaten aritu dira eta hori dena gezur hutsa da. Gaixotasun honek ez du burura jotzen. Hori bai, bere baldintza fisikoak hain dira tamalgarriak kartzelak bere osasun egoera limitean jar dezakeela