Otsailaren 21etik goizero kalean da Egunero, 16 orrialdeko zuri-beltzezko egunkaria. Otsailaren 21eko lehen ale hura monografikoa izan zen, Egunkaria-ren itxiera operazioaren inguruan. Baita bigarrena ere, eta hirugarrena, laugarrena, bosgarrena... egunetik egunera, gaiaren larritasunak hala eskatu duelako, zoritxarrez.
«Egunkaria» prezintatu eta berehala bertako langileek garbi zuten hurrengo goizean euskarazko egunkari batek kalean egon behar zuela. Andres Gostin kazetariaren hitzetan, «berdin zitzaigun fotokopiatutako orri bakarra bazen ere». Hori baino gehiago izan zen eta erronka berarekin jarraitzen dute: Egunero egunero ateratzea. Aurrera begira ordea egunkari «konbentzionalagoa» egiten hasi nahi dute, beste gai batzuek jorratuz, produktua hobetuz. Xabin Makazagaren esanetan, «oraingoz produktua sakrifikatzen ari gara zabalkundearen mesedetan, jendeak hala eskatzen duelako». Eta egoeraren larriak ere jorratu beharreko gaiak mugatu ditu.
Baina, horrez gain, Egunero egiteko baldintza eta azpiegiturak ez dira egokiak. 12-15 kazetari lokal txiki batean ari dira, denentzako ordenagailurik gabe. Ordutegia ere oso mugatua dute, eguerdiko 13:00 edo 14:00ak arte ezin baitute lanean hasi, eta 21:30etarako itxi behar baitute alea. Makazagaren hitzetan, «hemen ezin dugu jarraitu egunkari normala, produktu duina, egin nahi badugu». Diru arazoa ere hor da: Egunkaria-ko kontu guztiak blokeatuta daude eta ahal den neurrian egiten dugu aurrera», dio Makazagak.
Egunkari gero eta osatuago bat lortzeko oraingo baldintzek aldatu behar dute. «Delegazioak oraindik ez daude martxan, sare handi bat behar dugu, konexio telefonikoak...» dio Gostinek. Eta beste egoitza batera joateko hainbat eskaintza jaso dute dagoeneko. «Eta eskertzekoa da, baina ondo pentsatu behar dugu zein den gure beharretara egokitzen dena. Gauzak ez dira poliki egin behar, hori egia da, baina ez dugu korrika eta presaka ere ibili behar, azkar baina pauso sendoak emanez egin behar dugu aurrera».
Eta aurrera egiteko oinarri ekonomikoa behar dute. Orain harpidetzetan ahalegin berezia egiten ari dira eta oraingoz oso erantzun ona jaso dute horretan. Hainbatek ere dirua emateko prest dagoela adierazi die, baina oraindik ez dute zehaztu diru bilketa kanpaina bat egingo ote duten.
Instituzioetatik ere dirua espero dute, orain arte bezala. «Diru laguntza publikoa behar dugu» dio Gostinek, «eta merezi dugu» gaineratu du Makazagak. Duela 13 urte sortu zenean, oinarrietako bat zen «Egunkaria»k independentea, ez instituzionala, baina diruz lagundua izan behar zuela. «Oraingoan ere herriak izan behar du oinarria eta motorea. Ez gara erakundeen mende egongo».
Joseba Azkarraga justizia sailburuak berak esana da, euskarazko egunkari berriak «Euskaldunon Egunkaria»ren 11 oinarri berberekin, zuzendari eta lantalde berdinekin eta hark zuen lerro editorialarekin egin behar duela aurrera. Andres Gostinen esanetan, «Hasierako proiektua ona zen eta horri eutsiko diogu. 11 oinarri horiek gaurkotasuna dute, etorkizunerako balio dute».
Egunero egiten duten kazetariei oso gertutik ukitzen dituen gertakizun latzaz idaztea egokitu zaie. Makazagak esan digunez, Egunero sortu genuenean, produktu probisionala eta, neurri batean, erreibindikatiboa zela jakinda, gure artean hitz egin eta Egunkaria -n erabilitako hizkuntza bera mantenduko genuela erabaki genuen». Andres Gostinek Egunkaria-k hiru aldiz estilo liburua atera zuela gogorarazi du eta «estilo liburu hori Euskal Herritik kanpo ere eredugarria» dela gaineratu. «Eta hala ere», jarraitu du Makazagak, «ziur nago gure notiziak kutsatuta daudela, hori kontrolaezina da». «Baina irakurlea ere bai» erantzun dio Gostinek, «hartzaileak badaki zer ari den hartzen».
Makazagak dio idazkera pautak jarraitzeko baino, edukiak idazteko arazoak izan dituela berak. «Hainbeste ukitzen gaituzten gauzak izaki, pantaila aurrean jarri eta ezin idatzi ibili naiz».
Egunero 12-15 pertsonak egiten dutela esan dugu, Egunkaria-ko plantillaren hamarrena gutxi gorabehera. Baina gainontzekoak ere badute oraingoz nahikoa lan. Ainhoa Oiartzabal eta Idurre Eskisabel kazetariak dira, Egunkaria-ren erredakzioko kideak. Orain ordea bata langileen egoeraren inguruan diharduen batzordean ari da, bestea komunikazio batzordean.
«Egunkaria»ren aurkako operazioaren berri jakin zutenean, amorrua eta haserrea sentitu zutela diote, «baina, baita haserreak berak sortzen dizun ausardia ere». Lehen unetik denek lehentasun bat izan zuten buruan: hurrengo egunean euskarazko egunkaria kaleratzea. Itxieraren ostegunean bertan batzarra inprobisatu zuten, batzuk berehala hasi ziren egunkari berria prestatzen, beste batzuk prentsa oharrak-eta bidaltzen, pankartak egiten...
Otsailak 21 ostiralean, antolaketa gehiago zehaztu zuten. Lehenik dena koordinatuko zuen batzorde bat sortu eta ondoren gainerakoak: komunikazio batzordea, elkartasun batzordea, herrietako batzordeak koordinatzeko batzorde orokor bat, langileen egoeraren inguruan diharduen batzordea, nazioarteko harremanen batzordea... Oraingoz Egunkaria-n ziharduten langile guztiek (150 inguru) badute zereginik. «Lanposturik gabe geratu gara, baina lanik gabe ez» dio Ainhoa Oiartzabalek. «Hasieratik oso ondo antolatu garela esango nuke; amorrua egon da, baina ez ditugu nerbioak galdu». Andres Gostinek ere berdin pentsatzen du: «Asko poztu nau jendeak lehen egunetik egoera larri horretan antolatzeko eta dena bidean jartzeko erakutsi duen gaitasunak. Beti pentsatu izan dut oso jende ona daukagula».
Xabin Makazagak dio, erasoak 13 urteko lana kolokan jarri badu ere, urte horietan kapital humano handia bildu dela Egunkaria-n. «Hori izan da beti Egunkaria -ren baliorik handiena».
«Gauzak noiz lasaituko zain gaude. Gauzak errutinarioago bihurtzeko gogoa dut, zentratzeko gogoa» dio Idurre Eskisabelek. Gertakizunek ez diete horretarako aukerarik eman. Andres Gostinen hitzetan: «Hilaren 20an itxi egin zuten, aurrerago Martin Ugalderen kontua blokeatu zuten, Zumalabe eta Jaka ere ez zituzten errespetatu, gero Martxelok irtetean esandakoak, atxilotuekin gertatutakoa, Pellorena... Krudeltasun tasak egunetik egunera gora egin du». Ainhoa Oiartzabalek aitortu du lehen astea oso gogorra izan zela eta nekea ere nabaritzen hasi direla. Makazagak dioenez, «emozionalki gorabehera handiak ditugu baina zein bide egin behar dugun garbi dugunez, bakoitza bere gorabeherekin, lanean ari gara. Eta botika onena lan egitea da, asko laguntzen du horrek».
Egunkaria-ko langileek gertatutako guztiaz hitz egiten dute, aurrean duten erronkaz, baina euren lan egoeraz, bakoitzaren arazoaz, ez digute ezer esan. «Kezka hori hor dago, baina ez dut uste gure lehentasuna une honetan hori denik» dio Oiartzabalek. Oraindik gertakizunen zurrunbilotik ateratzeke, ez omen diete horretan pentsatzeko aukerarik eman. Gainera horretarako batzorde bat badute eta konfiantza osoa dute haien lanean. «Niri loa beste gauza batzuk kendu didate» aitortu du Idurre Eskisabelek.
Loa kendu diete, lantokia itxi, lankideak atxilotu, torturatu eta batzuk espetxeratu. Lehen erretzaile zirenek bikoitza erretzen omen dute orain, eta utzi ziotenak berriro hasi omen dira. Jaso duten elkartasun guztia eskertuz, hautsontziak gainezka, begiak oraindik gorrituta, lanean utzi ditugu «Euskaldunon Egunkaria»ko langileak.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.