AGUSTIN MARKAIDE: "MERKATARITZA LEGEAK EZ DIZKIGU DENOI ARMA BERAK EMATEN"

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kasualitatez al zaude Eroskin, edo zure jaio lekuak eta inguruak izan du eraginik zure ibilbidean?

Bai. Ni Oleaga baserrian jaio eta bizi naiz, eta nire aita Lana kooperatibako bazkide zen. Arrasateko giroak eraginda, unibertsitateko ikasketak hasterako banekien kooperatiben munduan lan egin nahi nuela. Kurtso denetako lanak ere kooperatiben ingurukoak egiten nituen. Beraz, sustraiek asko baldintzatu naute.

Nola hasi zinen kooperatibetan?
Euskadiko Kutxan beka bat eskuratuta. Jakin zutenean baserritarra nintzela, Lana kooperatiban ateak zabaldu zizkidaten. Eta horrela sartu nintzen pixkanaka.

Egun Eroskiko zuzendari orokorra zara. Zein dira Eroskiren ezaugarriak?
Ezaugarri nagusia da ez garela denda klase batean espezialistak. Denda txiki eta handiak ditugu, eta mota ezberdinetakoak ere bai. Perfumeriak, hipermerkatuak, gasolindegiak, finantza zerbitzuak... Oso esparru zabala lantzen dugu, eta hau ez da ohikoa izan, besteak espezialistagoak dira.

Maxi, Consum, Eroski... Zergatik egin duzue neurri ezberdinetako denden aldeko aukera?
Estrategia puntu bat badago, baina jaiotzeko arrazoia ere bada. Gu denda txikiekin jaio ginen. Hasierako kooperatibak elkartuta osatu zuten Eroski. Eta ehunka denda txikiri eutsi diegu, hori zelako egiten genekiena. Baina denborarekin ikusi genuen konpetentzia etorri eta denda handien tokia beteko zuela, eta pixkanaka ikasi genuen denda handiagoak ere egiten. Duela 22 urte zabaldu genuen Gasteizko hipermerkatua, eta garai hartan ahalegin ikaragarria izan zen, oso ezberdin gestionatzen baitira denda txiki eta handiak. Ondoren, ertainak zabaldu genituen, eta ikusi genuen horiek ere ongi egiten genituela.
Kanpoan egindako prozesua alderantzizkoa izan da. Duela 12 urte erabaki genuen Euskal Herritik denda handiekin aterako ginela, eta horiek izan ziren kanpoan zabaldutako lehen dendak. Ondoren zabaldu genituen ertainak eta azkenik txikiak.

Nola bururatu zaizue bidaia, lurrin, eta finantza dendak jartzea?
Guk Espainiako estatua aukeratu dugu merkatu jomuga bakartzat. Etorkizunean elikaduraren merkatua mugatua izango da. Zenbat biztanle, eta biztanleko hainbesteko kontsumoa, hori izango da salduko den guztia. Ez da elektronikaren merkatuan bezalako hazkunderik aurreikusten. Horregatik aukeratu dugu elikaduraz kanpo beste negozio batzuk ere jartzea, etorkizunean hazkunde hori mantentzeko.

Non dago elikaduraren merkatuaren muga?
Elikaduran egiten den gastua ez da urtetik urtera aldatzen. Inflazioarekin hazten da zerbait, eta gustuen arabera ere bai. Lehen jogurt arruntak jaten ziren, ondoren zaporedunak, ondoren fruitu puskak zituztenak, eta orain «actimel»ak. «Actimel»a askoz garestiagoa da, eta bide horretatik merkatua zerbait handitzen da, baina ez asko. Askoz gehiago hazten gara merkatu barruko enpresa batzuk, merkatua bera baino. Horrek esan nahi du, noizbait merkatu horrek muga jarriko diela enpresei. Banatzaile batzuk desagertu egingo dira, eta besteek iraungo dute. Hori da lehia.

Nola joan dira aldatzen kontsumitzaileen ohiturak?
Hipermerkatua planteatu genuenean, Hego Euskal Herrian ohitura handia zegoen erosketak egitera Iparraldera joateko. Kontsumitzaile horrentzat kontua ez zen erosketak egitea bakarrik, denbora-pasaren zentzua ere bazegoen. Gainera, merkeagoa ez ezik, Iparraldeko eskaintza aberatsagoa ere bazen. Guk beti aztertu dugu kontsumitzailea nola joan den bere ohiturak eta familiako printzipioak aldatzen, eta gu ere horietara egokitu gara. Iparraldean bilatzen zen eskaintza hori betetzen saiatu gara. Eta aldaketa handia gertatu da, gaur askoz jende gutxiago joaten da Iparraldera erosketak egitera. Egun, prezioa dela eta, gehiago izango dira handik hona datozenak.

Nola joan da aldatzen familien kontsumoa?
Ikerketek esaten dute lehen familiek euren errentako 100 pezetatik 28-29 elikaduran gastatzen zutela. Egun, 22 pezeta gastatzen dute. Urtero, gutxi gora behera, puntu bat jaisten da elikaduran gastatzen dugun errenta kopurua. Aldiz, gero eta errenta altuagoa dugu. Beraz, errentarekiko gutxiago gastatzen da, baina guztira diru gehiago. Izan ere, errenta askoz azkarrago hazten da. Egun hobeto jaten dugu, baina errenta ez diogu elikadurari eskaintzen, beste gauza batzuei baizik: etxea apaindu, edo bidaiatzeari...

Elikatzeari lehen adina garrantzi ematen diogu?
Euskal Herriak berezitasun batzuk baditu. Hemengo kontsumitzaileak askoz informazio eta irizpide gehiago ditu elikatzerakoan. Egia da, elikadura zeharo aldatu da. Ez dugu lehen bezala jaten. Gaur inoiz baino hobeto jaten dugu. Sekula ez baita produktua gaur bezalako kalitate mailarekin etorri. Eta gainera gaur gehiago dakigu jaten dugunak gure osasunean duen eraginaz.

Behi eroen kontuak, edo transgenikoek nola eragiten die supermerkatuei?
Oraindik ez da arazo handiegia, baina izan daiteke. Hemendik kanpo gero eta produkzio transgeniko gehiago egiten da, eta hona dator. Kontsumitzaileak nola jakin zer kontsumitzen duen? Hori arazo handia da.
Guk aspaldi definitu genuen transgenikoekiko gure politika. Babes neurri gisa, Europak bezala, ez dugu produktu transgenikorik merkaturatzen gure Consumer izenarekin. ADN frogak egiten ditugu, hori kontrolatzeko. Eta produkturen batek elikagai transgenikoak baditu, horren berri etiketan ematera behartzen ditugu.

Hemengo produktuekiko zer politika darabilzue?
Erantzukizun soziala dela-eta, eta baita merkatu arrazoiengatik ere, leku bakoitzean bertako produktuak saltzen ditugu. Produktu freskoetan arrazoi materialak daude, urrutira eramanez gero bidean galtzen baitute freskotasuna. Ahal denetan, bertakoa saltzen dugu, baina beti ez dugu lortzen.
Kontserbatan ere zaintzen dugu bertakotasuna. Hipermerkatu handietan, esaterako, txoko bat daukagu lurralde horretako produktuak biltzeko. Hipermerkatu barruko denda finkoak dira, Bizkaian Bizkaikoa eta Caceresen Cacereskoa saltzen dutenak.
Urtean behin edo bitan, denda hori Espainiako estatuko beste denda denetara ateratzen da, bere produktuak erakusteko. Produkturen bat ondo saltzen bada, geratu egiten da. Leiho bat zabaldu nahi dugu, lurralde bakoitzeko produktuentzat.
Artisau eta enpresa txiki askok ikasi dute, denda handi baten nola saldu. Bere zirkuituak normalean oso bereziak izan dira, eta askotan ez dituzte garbi eduki beren lizentziak, osasun arauak, txartel eta ontzien diseinuak... Gure denda berezi horietan egoteko hori dena zaintzen ikasi dute.

Banatzaile eta hornitzaileen harremana nolakoa da?
Banaketa enpresarekin bere hornitzaileak datoz. Enpresa valentziarra bada, Valentziako hornitzaile asko datoz berarekin. Gu kanpora atera garenean, hemengo ekoizleak joan dira gurekin. Nafarroako ekoizpena ere gurekin batera hazi da. Euren merkatua txikia zen, eta elkarrekin egin dugu kanpora ateratzeko bidaia. Andaluzian esaten dute, gure dendetan bezalako zainzuri eta pikillo piperrik ez dutela beste dendetan. Eta ez da kasualitatea.
Nahiz eta kanpoan ere hango ekoizpena bultzatzea den helburua, errealitatea zurekin daramazuna da.

Nekazarien kooperatiban lan egina zara. Nekazarien egungo buruhaustea da ganaduari makinen erritmoa eskatzea...
Kezkak beti daude, gauzak ez daudelako geldi, beti mugimenduan baizik. Nik ere nahiago nuke, gauzak polikiago joango balira. Baina ez daude geldi. Baserritarrak bide luzea du aurretik, baina duela 30 urtetik hona jadanik egin duena ez da makala. Merkataritzak egin duen aldaketa bezain handia da. Merkataritzan bezala, baserritar gutxiago geratzen dira, eta geratzen direnek behi gehiago dituzte. Ziur etorkizunean abiada bera eramango dutela.
Lehen osasun arazoak zituzten. Esneak ez zuen gaurko estandarrek duten kalitaterik. Gaurko esneak kalitate handia du, hasieratik gordetzen da hotz, prozesu osoa da garbia... Produktu sanoak egitea, eta behiak gizentzeko bide motzak ez erabiltzea, printzipio zentzudunak dira, etorkizunekoak. Ez doaz bide txarretik.

Atzerriko banatzaileekin lehian zer moduz moldatzen zarete?
Orain 12 urte erabaki genuen Valentziako taldearekin bat Eroski taldea osatu, eta hemendik kanpora ateratzea. Erabaki hori konpetentziak bultzatuta hartu genuen. Ikusten genuen konpetentzia bazetorrela eta indartu egingo zela. Valentziarrak konturatu ziren horretaz, han Frantziako enpresak hemen baino lehenago eta indartsuago sartu zirelako. Sortu ginen jakinda tamaina garrantzizkoa zela (ez zela berdin hamar ale edo ehun saltzea), eta esperientzia behar genuela beste batzuekin lehiatzeko. Horregatik atera ginen kanpora, kanpokoekin lehiatzera, gero eurak hona zetozenean nola lehiatu jakiteko.

Aliantzak egin dituzue Frantziako «Mosketeroak» kooperatibarekin. Zertarako?
Aspaldidanik genbiltzan horrelako aliantza baten bila. Ez dugu asmorik Espainiako estatutik kanpora zabaltzeko. Estatu barruan gauza asko dauzkagu hobetzeko oraindik, eta baliabide guztiak behar ditugu horretarako. Gainera, gaur beste merkatu batean sartzeko oso baldintza zailak daude. Enpresa handi bat erosiz sartu behar da merkatu berrietan, gutxieneko kuota edukitzeko.
Guk puntu ahul bat badugu. Gure lehiakide nagusienak hamar edo hogei aldiz handiagoak dira. Ezin gara beste estatuetan finkatu, horregatik jotzen dugu aliantzetara. Aliantza egiteko gure antzeko kooperatiba baten bila genbiltzan. Horrela, elkarlana emankorragoa izango da. Esaterako, Iparraldeko Europako estatuekin harreman historikoak dauzkagu. Baina hango janariak ez du hemengoarekin zer ikusirik, eta beraz lagun erlazioak eduki arren, praktikan ezin dugu elkarrekin elikagairik erosi.
«Mosketeroak» katea elikadura munduan oso indartsua da, Frantzian bigarrena. Portugalen ere indartsu dabiltza, baita Polonian eta Alemanian ere... Bi kateon indarrak elkartu ditugu.
Gure lehiakideek harreman handiak dituzte elikadurako mundu mailako enpresa handiekin. Banaketa enpresak oso handiak gara, baina kontzentrazioa askoz handiagoa da produkzioan, eta salbuespen gutxi batzuk ezik, denak multinazionalak dira. Multinazionalekin negoziatzeko Europan leku bat izatea garrantzitsua da. Enpresa txikiekin Genevara negoziatzera joateak ez du zentzurik. Baina, «Coca-Cola»rekin negoziatzera joateak garrantzia handia du.

Internet bidezko erosketak jarri zenituzten martxan Gasteizen eta Bilbon. Gaur egun horrek funtzionatzen al du?
Gure dendek elikagaiak saltzen dituzte, eta oraindik elikagaien merkatua ez dago on-line saltzeko moduan. Pixka bat saltzen da Internetez, baina ez enpresa bat justifikatzeko adina. Proiektu tailer gisa ditugu Gasteiz eta Bilboko hipermerkatuak. Teknika eta zerbitzua landuz goaz, eta merkatua garatzen den ikusteko zain gaude. Baina ez dugu uste epe laburrean on-line erosketak izugarri ugarituko direnik. Gauzak poliki doaz.

Zergatik ez da Internet bidez erosten?
Ez delako hain bide erosoa erosketak egiteko. On-linez kanpo eskaintzen den zerbitzua nahiko ona da. Gaur egun etxe inguruan dauzkazu hipermerkatuak. Eta produktua berdin-berdin eramaten da etxera telefonoz, edo dendan bertan hala eskatzen bada. Bestalde, elikadura etxera eramatea bakarrik garestia izango da. Eta gainera norbaitek bete behar badu erosketa saskia zure ordez, are garestiagoa. Uste dut oso jende gutxi egongo dela prezio hori ordaintzeko prest.
Ez da berdin Internetez liburu edo disko bat erostea. Akaso produktu horiek ez dituzu edozein dendatan izango. Beraz, ez daukazun aukera ematen du kasu horietan Internetek. On-line erosketek etorkizun handiagoa dute lehendik katalogo bidez saltzen diren produktuetan.

Inbertsio handiak egin dituzue azken urteotan, eta hala ere burtsan ez sartzea erabaki duzue. Nondik atera duzue, orduan dirua?
Sektoreko inbertsiorik handienak egiten ditugu, bost urtean 1.658 milioi euro. Urteroko irabaziak dira gure finantzaketa iturri nagusiak. Sektoreko besteekin konparatuta, diru asko genuen aurreztuta, eta hori ere erabili dugu. Maileguak ere hartu ditugu.
Baina horretaz guztiaz gain, gure baliabide propioak indartu beharra sentitu genuen. Burtsara ateratzeko proiektuak aztertu genituen. Guk ez genuen kooperatiban akzioak egoterik nahi, eta gainera lege aldetik ere ez da posible. Sozietate anonimo bat atera behar genuen burtsara, bitartekari lana egingo zuena. Baina aukera hori atzera bota genuen. Adituek esaten baitzuten, merkatuak ez zuela kooperatibek bultzatutako finantza produktua ongi hartuko, ez zuela ulertuko. Jendeak ez zuen bitarteko enpresa baten akzionista izan nahiko.
Menpeko Finantza Ekarpenak direlakoak atera genituen. Eskubide politikorik gabeko diru ekarpenak dira, eta ordain sari handia ematen dutenak. Espero baino erantzun hobea jaso genuen. Beraz, etorkizunerako ere formula erraz eta oso eraginkorra aurkitu genuen.

EAEko Merkataritza Legearekin ez omen zaudete oso gustura.
Beste sektore denak liberalizazioaren bidetik doaz. Inork ez du erregulatzen automobilen sektorea, edo prentsarena... Inork ez daki enpresa horiek hemengoak edo Taiwangoak diren. Eta nola ez diren ikusten, ez dira arautzen.
Baina merkataritzak kontrako bidea darama. Estatuek merkataritza kontrolatzeko legeak jartzen dituzte. Merkataritzan lehiakideak itxuraz herrian bertan daude. Baina azkenean, lehia ez da denda baten eta bestearen artekoa, antolakuntza oso baten eta beste antolakuntza oso baten kontrakoa baizik. Eta non dago lehia hori? Euskal Herrian ez, mundu osoan jokatzen da. Euskal Herria eszenategi bat da.
Frantziako estatuak merkataritza legean egiten duena, handik hilabete batzuetara egiten du Espainiako estatuak. EAEko erregulazio legeak dio kuotarik handiena duenak ez duela gehiago zabaldu behar. Guk, alegia. Beste autonomietako legeak, berriz, agintzen du inork ez duela zabaldu behar. Beraz, guk kuotarik gehien dugun leku honetan ezin dugu gehiago zabaldu, eta txikiagoa dutenek bai. Eta aldiz, guk kuota txikiagoa dugun lurraldeetan ere ez dugu zabaltzeko aukerarik. Hori da gure kexa. Arauak ez dizkigula denoi arma berak ematen.

Kooperatibak zertan aldatu dira euren sorreratik?
Enpresa gisa gauzak izugarri aldatu dira. Egun kooperatibak enpresa gisa oso lehiakorrak dira. Kooperatiba gisa, izaeraz, printzipioak ez dira hainbeste aldatu. Moldatu bai.
Lau urtero egiten dugu kongresu bat MCC barruan, eta orain lau urte gaurkotu ziren balore nagusiak, baina gorde egin ziren funtsezko baloreak: kooperazioa, erantzukizun soziala, berrikuntza eta partaidetza. Kooperatiben sorreran balio horiek jendeak bizi zituen. Gaur egun, balio horien atzean erremintak daude, gestionatzeko. Balio horiek zaintzea profesionalizatu egin da. Enpresako gestio eredua eraman da balioetara ere.

Eroskik kanpoan sortzen dituen sozietate anonimoek zaintzen dituzte kooperatiben oinarri eta balio berak?
Gure lehen sozietate anonimoak orain 10 urte sortu ziren, eta kooperatiben printzipio berak landu ditugu elkarte horietan. Eroski talde osoan 30.000 langile gara, eta kooperatibistak ez direnak Gesparen bazkide dira. Gespa, sozietate anonimoetan kooperatibetan bezala lan egiteko asmatu zen. Estatutu berdin-berdinak ditu.
Euskal Herritik kanpo dendak zabaltzean kezka genuen, ea hango jendea prest egongo zen hemen bezala parte hartzeko. Esperientzia ikusita, garbi dugu berdin-berdin inplikatzen direla. Jendeak aukera emanez gero, parte hartzen du.

Zein da Eroski Fundazioaren egitekoa?
Eroski kontsumo kooperatiba bat da. Batzar erdia kontsumitzaileez osatua dago eta beste erdia langileez. Kontseilu errektorea berdin. Lehendakaria, berriz, kontsumitzailea da. Irabaziak langileentzat doaz, ez bazkide kontsumitzaileentzat. Horren ordez, irabazien %10 kontsumitzaileen zerbitzurako da, eta Eroski Fundazioa da horretarako erreminta bat. Ingurumena, erantzukizun soziala, eta horrelako helburuetarako erabiltzen da. «Consumer» aldizkaria da gehien ikusten den lana. Kontsumitzaileentzako aldizkarietan gehien irakurtzen dena da

- Jaio: Arrasaten, 1957an.
- Eroskiko zuzendari orokorra.
- Ikasketak: Enpresen zientzian lizentziatua eta Zuzenbidean lizentziatua.
- Lana:
+Lana izeneko, nekazal kooperatibako zuzendari izan zen.
+Eroskin: zortzi urtez aritu zen Kontsumitzaileen Kontseilu Errektorean.

Doinua: Aita izena
Baserritarra sartu denean
supermerkatu batera,
esnea dela, berdura dela,
ez da gustora atera.
Garesti dela berari merke
ordaindutako berbera,
zeinek makurtu beharko luke
merkatuaren legera,
eta zu nola moldatzen zera
bi aldeetan batera?

Eroski Fundazioak solidaritate atalean urtero ematen dio beka bat, aurrera ateratzen den proiektu bati. Iaz Vicente Ferrer Fundazioari eman genion, eta Vicente Ferrer valentziarra hona etorri zen, eskertzera. Entzuna neukan Indian miseriatik ateratzeko zer gauza egiten dituzten, eta zenbat jenderi ematen dioten irtenbide bat. Baina jendea ezagututa ematen diozu zentzua Gobernuz Kanpoko Erakunde bati. Orduan ulertzen da zerk mugitzen duen erakunde osoa, eta zergatik izan konfiantza GKE horretan. Ni harrituta geratu nintzen. Pertsona izugarria da.


Azkenak
2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil ahoan, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute ostegun honetakoa. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso eta etekin milioidunak izan arren... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


Eguneraketa berriak daude